Udan ere, segurtasuna etxean

Lapurrak ez du oporrik

Etxeko lapurreten %40 uda partean gertatzen denez, behar bezalako neurriak hartzea komeni da, ezustekorik gabeko atsedenaz gozatzeko
1 uztaila de 2006

Lapurrak ez du oporrik

Uda iritsita, batzuk atseden hartzera doaz, besteak pagotxaren peskizan. Gaizkileak ez du oporik hartzen edo, bestela esateko, ez du uztail eta irailaren artean hartzen. /imgs/20060701/img.informe.01.jpgEspainian, Poliziak erregistratzen dituen krimen eta delitu guztien %84 lapurretak dira. Etxe alorrean bakarrik, minutu oro etxeko lapurreta bat jazotzen omen da. UNESPA aseguru enpresen patronalak egin berri duen txostenaren arabera, 2004 urtean Espainiako 425.000 etxebizitzatan egin zen lapurretarik; ebasketa horien %40 uda partean gertatu ziren, Assa Abloy Segurtasunaren Behatokiak adierazi bezala.

Lapurreta gehienak itsasertz mediterraneoan jazo ohi dira, Andaluzia, Katalunia eta Valentzia erkidegoetan: bertan gertatzen dira Espainia osoko ebasketen erdiak (berrehun bat mila). Hiriez ari garela, Madril eta Bartzelonan bakarrik biltzen dira etxebizitzen kontrako erasoen laurdenak.

Europako batez bestekoa baino lapurreta gutxiago

Hona TNS Demoscopia-k egin duen 2005eko Espainiako Etxebizitzako Segurtasunaren gaineko urteko azterketatik ondorioetako bat: Espainiako familien %16,4 (seitik bat) inoiz lapurreta edo lapurreta-saiakeraren biktima izan da. Datuak datu, etxebizitzako ebasketa kontuetan, europar batez bestekoaren azpitik dago Espainia: Batasunekoa %18 inguru dabilela, estatukoa ez da %15era iristen. Espainiako Segurtasunaren Behatokia kide duen Security Point segurtasunaren europar plataformak 2004 urtean Europa osoan eginiko inkesta batek agertzen duenez, etxeko ebasketa gehien nozitzen dituzten herrialdeak Erresuma Batua (%28), Holanda eta Suedia (%22) dira.

Doako biolentzia

Inkestek hedarazi dutenez, aspaldi honetan bizi dugun segurtasun eza goraka doa. Iaz Segurtasunaren Behatokiak eginiko ikerketan, espainiar familien %60k babesgabe sentitzen zuen bere burua; 2003 urtean hori ziotenak %51 ziren (iaz baino %10 gutxiago, kasik). Adituen aburuz, horretan berebiziko eragina izan du etxebizitzen aurkako erasoan espezializaturiko atzerriko mafia eskrupulu gabeak eta doako biolentzian ohikoak Espainian sartzeak.

Segurtasun indarrek hauteman dutenez, Espainian bostehunetik gora banda antolatuk dihardute, horietako asko luxuzko etxebizitzetan munta handiko lapurretak egitean espezialista izaki. Guardia Zibilaren kalkuluen arabera, bostehun bat dira /imgs/20060701/img.informe.02.jpgEspainian dabiltzan horrelako taldeak: bospasei lagunek osaturiko bandak, europar Ekialdeko herrialdeak edo Kolonbia jatorri dutenak, batik bat, biziki kualifikatuak, prestakuntza militarra jasotakoak, armak baliatzen adituak, oldarkortasun handikoak eta, kide horietako askok, gerran eskarmentua dutenak.

Gauzak horrela, Segurtasunaren Behatokiaren inkestari erantzun dutenek adierazi dutenez, etxean lapurreta jasatekotan, kezkagarriagoa dute ohoinekin aurrez aurre topatu eta erasoren bat jasatea, etxean hondamenak nozitzea edo balio sentimentaleko gauzak galtzea galera baino. Horrenbestez, segurtasun sistema elektroniko eta alarmak etxean instalatzea negozio oparo bilakatu da: 2000tik hona urtean %30 haziz etorri da. Sektoreak, kontzeptu horietan bakarrik, 615 milioi euro fakturatu zuen 2004an. Espainiarren erdiak baino gehiagok (%55,3) ate blindatu edo korazatua dauka etxean; %15,7ek, berriz, alarmaren bat.

Alarma, babes elektronikoa

Antolaturiko bandek Kataluniako urbanizazioetan bereziki egin dituzten eraso-oldearen aurrean alarmen eskakizuna izugarri ugaldu da aspaldion: babes sistemak eskatzeko xedez segurtasun konpainiei eginiko deien kopurua %50 – %80 ugaldu da joan den maiatzean.

/imgs/20060701/img.informe.03.jpg

Etxebizitza batean lapurreta egin asmo duten gaizkileei ideia burutik kentzen dieten elementu eraginkorrenetako bat, Zentral Alarma-Hartzaile (ZAH) batekin konektaturiko alarma sistemak dira. Etxebizitza jakinen ezaugarrietara egokitzen diren produktu asko daude salgai merkatuan. Lote estandarrek bizpahiru mugimendu-detektagailu u2014ate edo kristalen hausturen detektagailuez truka daitezkeenaku2014 dauzkate, higiezina nolakoa den. Kanpo-eranskina, Poliziarekin loturiko zentral hartzaile batekiko konexioa eta, telefono mugikorrak bezalatsu, irrati bidezko seinaleak emititzen dituen telefono-haria moztearen aurkako ekipamendua dira kit estandar horren osagarriak. Etxebizitzaren premien arabera aldatzen da prezioa, oinarrizko instalazioa 150 eta 600 euro arte (gehi 18 eta 30 euro bitarteko mantenu- kuotak) kostatzen delarik. Sistema horietako gehientsuenek zerbitzu gehigarriak eskaintzen dituzte, hala nola berehalako asistentzia: horrelakoa kontratatuz gero, alarma-seinalea piztu bezain laster eta Poliziari gertakaria jakinarazi ondoren, zaindaria azalduko da bezeroaren etxera.

Nahigabeko bisitariak ez izateko kontuan hartu beharreko neurriak

  • Denbora gutxirako bazoaz ere, hobe duzu eskura dauzkazun segurtasun neurri guzti-guztiez baliatzea.
  • Lorategia duten etxeetan, lapurrek etxean sartzeko ezkutaleku gisa erabil ditzaketen zuhaitz eta zuhaiño guztiei adar horiek erauzi behar zaizkie.
  • Etxeko ate nagusian, atea bera eta lurraren artean zirrikiturik ba ote dagoen egiaztatu behar da, lapurrek tartetxo horretan palanka egin ez dezaten.
  • Etxean jendea bizi deneko planta egitea komeni da: arropa zabaldua, pertsianak erdi jaitsita, argiak, telebista edota irratia konektatzen dituzten tenporizadoreak… horiek denek lapurrari ideia burutik kentzen lagunduko dute.
  • Balio handiko objektuak markatu, katalogatu eta argazkietan agertzeak, lapurtuak eta berreskuratuak izatekotan, identifikatzea errazten du, batetik, eta lapurrari galarazten dio, hein handi batean, ebatsitako materiala komertzializatzea.
  • Arkatz ultramorea lanabes merke eta eraginkorra da, zeinahi materialen gainean (metala, plastikoa, oihala, etc.) erraz aplikatzeko modukoa. Eragozpen bakarra du: denbora igaro ahala tinta hori ezabatu egiten denez, aldian behin berriro markatu behar dira objektuak.

/imgs/20060701/img.informe.04.jpg

  • Nortasun agiria edo automobileko matrikula biziki datu pertsonal eta egokiak dira baliodun objektuetan grabatzeko.
  • Atariko telefonotxoan, postontzian eta ate-markoan markarik (lerro horizontal edo bertikalik) egin ote duten tarteka begiratzea ere komeni izaten da: horrela egin ohi dituzte ohoinek, lapurreta egitera zein etxebizitzatan sar daitekeen adierazteko. Horrelako markarik topatzekotan, saiatu ezabatzen, lapurrei pista hori galarazteko.
Tomás del Hierro, Hiritarren Segurtasunaren eta Bilboko Udaltzaingoaren zuzendaria

Etxera iristean atea edo leiho bat beharturik ikusiz gero, zer egin behar dugu?
Lehendabizi, lapurreta izan dela egiaztatzea; gelak nola dauden eta zerbait falta den miatuko dugu. Ondoren Poliziari deitu behar zaio, 112 edo 092 zenbakira, gertatutakoaren berri emateko. Ez dugu ezer ukituko Polizia iritsi arte.

Etxean bertan lapurrekin aurrez aurre topatzen bagara, zer egin dezakegu?
Horrela egokitzekotan, lapurrari ez zaio aurre egin behar. Gaizkilearen janzkera edo ezaugarri fisikoei erreparatzen ahaleginduko gara, Poliziari datuak eman ahal izan diezazkiogun: orbainak, markak, tatuajeak, janzkera, estatura, ilearen kolorea eta tamaina, etc. Garrantzizkoena, errepika dezagun, ohoinari aurre inondik inora ez egitea da. Kontuan izan pertsona horiek, horrelako kinka larrietan tentsio handia jasaten ari direla eta, ondorioz, beren erreakzioak arriskutsuak izan daitezkeela. Aspaldi honetan, gainera, lapurreta mota batzuetan izugarrizko biolentzia agertzen da.

Zer egin, ordea, gu etxean garela, lapurrak sartu direla entzuten badugu?
Horrelakoetan ere, aholku berdintsuak ematen ditugu: norbait sartu den ala ez egiaztatu eta, sartu bada, Poliziari deitzea.

Ate-leihoak

  • Ipini etxean ate blindatua: badira horrelakoak salgai 700 eurotik aurrera. Horretara iristen ez bazara, jarri bi itxiera-guneko atea eta ahalegindu zaitez atea eta zoruaren artean zirrikiturik ez uzten.
  • Sarraila hautatzean, errepara iezaiezu A2P siglei (segurtasun bermea) eta izarei (batetik hirura): zenbat eta izar gehiago, orduan eta eraginkorragoa izango da ixte-sistema.
  • Eraginkorra izango bada, sarraila hainbat gunetan (hirutan, gutxienez: goialdean, behealdean eta alboan) kateatu behar zaio ate-markoari. Zenbat eta gune gehiago, orduan eta erresistentzia handiagokoa izango da.
  • Erne garajeko atearekin, etxebizitza eta aparkalekua zuzenean komunikatuak badaude: eduki beti itxita. /imgs/20060701/img.informe.05.jpg
  • PVC edo aluminiozko leihoek baino egurrezkoak hobeki egiten die aurre erasoei, aurrekoak errazkiago deformatzen baitira.
  • Erdialdeko tarte eta guzti, bi beiraz u2014kanpokoa laminarra delariku2014 osaturiko sistemak ere babes handia ematen du.
  • Instalatu pertsianak zure balkoi-leiho denetan eta berma itzazu, barrualdean morroiloa ezarriz. Hoberena, pertsiana auto-blokagarriak aukeratzea da: honelakoek pertsiana altxatzean behartzea ezinezko bihurtzen dute, tamaina desberdinetako lama-sistema batez osatuak baitaude (250 eurotik aurrera salgai).
  • Babes itzazu sarexka metaliko batez kanpotik sarbide erraza duten leihoak. Barroteen arteko tarteak ez du 12 cm baino handiagorik izan behar. Leiho bakoitza 180 euro ordainduta babes daiteke.

Alarma egokia aukeratzeko

  • Bi alarma mota daude: zentral alarma-hartzaile batekin konektatuak eta konektatu gabeak; aurrenekoak dira, adituen arabera, egokienak. Alarma-sistema identifikatzen duen plaka bera ere aski izaten da maiz lapurrak bertatik uxatzeko.
  • Familia bakarreko etxeetan edota elkarri itsatsikoetan hobe da irrati bidez konektaturiko elementuez osaturiko sistema ezartzea, era horretan elementu periferikoak haririk jarri behar izan gabe instala daitezke-eta.
  • Hoberena, handitzeko aukera ematen duen alarma sistema hautatzea da, gerora era askotako elementuak gehitu ahalko zaizkiolako.
  • Nahi izanez gero, etxebizitzako goialdera sartzeko elektroimanez hornituriko atea ipin daiteke: horrela, behealdean norbait sartzen ari dela atzematen bada, ate hori automatikoki blokatu egin dezake arduradunak, goialdean lapurrik sar ez dadin.
  • Etxe barruan gela korazatu bat eratzea prozesu sofistikatuagoa da: pertsonak babestea xede duen kutxa gotor horretako hormak hormigoizkoak dira, atea blindatu edo korazatua, etc. Neurriak, noski, babestu behar dituen pertsonen kopuruaren arabera aldatzen dira. Barruan dagoen telefono-hari seguruak edo beti erabilgarri dagoen mugikorrak osatuko dute soluzioa. Beren prezioak 6.000 eta 60.000 euro artean izanik, honelako u201cbeldur-gelaku201d dagoeneko ez dira bakanak Espainian, etxeko nagusiek eskaturiko konfidentzialtasuna dela medio, askorik ez dagoela pentsa dezakegun arren.