Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

EROSKI CONSUMER-ek Interneten lana bilatzeko lau web aztertu ditu : Lana bilatzeko web-ak: eskaintzen dituzten lau lanetatik bat ez zaio egokitzen erabiltzailearen ezaugarriei

Internet bidez lana bilatzeko atariak. 200 curriculum bidali ditugu Espainian jarduten duten lau atari garrantzitsuenetara: Infojobs, Infoempleo, Monster eta Trabajar.com

Informazio gutxi eman dute eskaini dituzten lanpostuei buruz

Lanbide baterako atea irekiko duen eskaintzan izena eman aurretik, hautagaiek zorrotz aztertzen duten zer informazio ageri den lanpostu horri buruz, eta enpresek zer baldintza jartzen dituzten hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko. 83 eskaintzetatik 59tan, antzeko lanpostuan arituak izan daitezen eskatu diete enpresek hautagaiei.

Lanpostu bakoitzean zer kontratu mota eskain-tzen duten, edo hilean edo urtean zer soldata izango den jakitea, argibide onak dira lanpostu baten edo bestearen alde egiteko. Lanpostua zer motatakoa den, zer ezaugarri dituen… Infoempleo atariak eman du era horretako informazio gutxien (12 lanpostutan, ez du inolako argibiderik eman); beste zazpitan, berriz, eman du informazioa (aldi baterako lanpostuak izan dira, etorkizunean kontratu mugagabea egiteko aukera ematen dutenak). Soldatari buruzko informazioa emateko orduan, are uzkurrago jokatzen dute atariek; hala, 45 eskaintzatan ez dute egin soldataren inguruko aipamenik (batik bat, Infojobs atarian agertu diren eskaintzetan). Datu ekonomikoak eman dituztenen artean, gehienek (21ek) urtean 18.000 eurotik beherako soldata agindu dute; beste 13 lan-eskaintzatan, 18.000 eta 24.000 euro arteko soldata eskaini dute, eta lautan baino ez da izan 24.000 eurotik gorakoa. Eskaintza ekonomikorik onena mediku bati egin diote, elkarrizketa egitera deitu duten horri berari: urtean 60.000 eta 68.000 euro artean jasotzeko aukera eman diote lana lortuz gero.

Zenbat eta prestakuntza handiagoa, orduan eta eskaintza gutxiago

Gure azterketak erakutsi digunez, curriculuma zenbat eta hobea eta hornituagoa eduki, orduan eta eskaintza gutxiago iristen zaizkio erabiltzaileari. Eta gauza bitxia da hori, orain artean, behintzat, nagusiki prestakuntza gehien daukaten pertsonek erabili izan baitituzte atari horiek (2008. urtean, esaterako, honako erabiltzaile mota hau ibili zen gehien atarietan barrena: 25 eta 34 urte artekoa, unibertsitate ikasketaduna, diru sarrera handiak zituena, eta lana aldatu eta lan-ibilbidean gora egin nahi zuena). Interneten hedapen handiak eta krisiak, itxuraz, bestelako erabiltzaileak ere erakarri ditu.

EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu duenez, lehen mailako ikasketak eduki eta prestakuntzarik ez daukatenek jaso dituzte eskaintza gehien (egunean 23,8 eskaintza iritsi zaizkio ezaugarri horiek eduki dituen bakoitzari, Lanbide Heziketako titulua dutenei baino % 69 gehiago eta unibertsitarioei baino % 44 gehiago). Dena den, Lanbide Heziketa egindakoek jaso dituzte euren ezaugarriei egokitu zaizkien eskaintza berri gehien (% 45); lehen mailako ikasketadunek ere dezente jaso dituzte (ia % 42), eta unibertsitarioek gutxixeago (% 38). Hain zuzen, prestakuntzarik gabeko pertsona batek jaso ditu haren ezaugarriekin bat etorri diren eskaintza berri gehien (eskaintza guztien % 83, behin baino gehiagotan etorri direnak kenduta).

Eskaintza errepikatu gehien unibertsitarioei iritsi zaizkie (egunero jaso dituzten guztien % 67 halakoak izan dira), eta, horrez gain, euren ezaugarriei egokitutako eskaintza gutxien ere eurek izan dituzte (% 38). Gainerako erabiltzaile taldeen eskaintzetan, berriz, erdiak baino gutxiago izan dira errepikatuak.

Adinekoek eskaintza gehiago

Internet gero eta gehiago erabiltzen dute 18 eta 24 urte arteko gazteek, baina horiena ez da izan eskaintza gehien hartu dituen taldea. Beste muturrean daudenengana askoz gehiago iritsi dira: 46 urtetik gorako bakoitzak 26,4 eskaintza jaso ditu egunean, 31 eta 24 urte artekoek baino % 82 gehiago eta 30 urtetik beherakoek baino % 35 gehiago. Eskaintza horien artean, dena den, bostetik bi izan dira haien ezaugarrietara egokituak (antzeko proportzioa eman dute 30 urtetik beherakoen eta 46 urtetik gorakoen eskaintzek ere). Emakumeak eta gizonak, antzera.

Emakumezkoek gehiago erabiltzen dute Internet lana bilatzeko, gizonezkoek baino. EROSKI CONSUMER-ek egin duen ikerketaren arabera, emakumeei eskaintza gehiago iritsi zaizkie gizonezkoei baino, nahiz eta aldea oso txikia izan: 19 eskaintza izan ditu emakume bakoitzak eguneko, eta 17,6 gizon bakoitzak. Hiru eskaintzatatik bi, ordea, ez zaizkie egokitu hautagaien ezaugarriei. Berriz ere, eskaintzarik gehienak (% 56) errepikatu egin dira egun batetik bestera.

10 eta 20 minutu artean curriculuma jartzeko

Lana bilatzea prozesu aktiboa da, lana eskatzen duena. Ohiko formulek denbora gehiago hartzen dute (curriculuma eta aurkezpen-gutuna bidaltzea, edo egunkarietako edo argitalpen espezializatuetako iragarkiei erantzutea), baina Interneten ere denbora eskaini behar zaio.

Gure aldizkariko teknikariak moldatzen dira Internetekin (erdi mailako erabiltzailetzat jo litezke), eta hamar eta hogei minutu artean behar izan dituzte curriculuma atari batean jartzeko (zenbat eta osatuagoa curriculuma eta lan-esperientzia, orduan eta gehiago). Infojobsek esaten du hiru minutu aski direla horretarako, baina dezente gehiago behar izan dute gure teknikariek.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak