Inkesta egin diegu 25 eta 69 urte bitarteko 2.000 laguni 9 autonomia erkidegotan, eta krisiak zer-nolako eragina izan duen galdetu diegu familiako elikadura-ohituretan

Krisia etxeetan: familiek elikagai gutxiago eta kalitate apalagokoak erosten dituzte orain

Erosketa horiek egiteko ardura duten herritarren %24k uste dute, krisia hasi zenetik, beren dieta ez dela lehen bezain osasungarria, eta erosteko ahalmena urritu zaielako eta elikagaiak garestiagoak direlako gertatzen dela nabarmendu dute
1 urria de 2014
Img tema de portada listado 121

Krisia etxeetan: familiek elikagai gutxiago eta kalitate apalagokoak erosten dituzte orain

Behera eta behera doa erosteko ahalmena Espainiako Estatuko etxe eta familietan. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (INE), etxe bakoitzeko diru sarrerak 26.775 eurokoak izan ziren, batez beste, 2012. urtean, 2008koak baino %11 txikiagoak. Langile bakoitzak, batez beste, 22.726 euro gordin irabazi zituen 2012. urtean, 2011n baino %0,8 gutxiago. Zifrek ez dute gezurrik esaten, eta langabeziaren igoerak (%24tik gorakoa da) eta lanean ari direnen soldatak apaldu izanak kalte handia egin diote familien ekonomiari.

Gastuak, berriz, ugaritzen ari dira, eta familiei aukera bakarra gelditzen zaie: neurriak hartu eta murrizketak egitea. Eta elikadurak ere, etxeko aurrekontuko bigarren atalik garrantzitsuenak, jasan du berea. Familien Aurrekontuei buruzko Inkestak erakusten duen bezala (INEk egina da), Estatuko familiek 4.141 euro eskainiki zizkioten 2012. urtean elikadurari, lau urte lehenago baino %9,5 gutxiago.

Nutrizio arloko arduradunak beldur dira aurrekontu mugatuen ondorioz jendeak ez ote dituen aukerarik txarrenak egingo eta nutrizio arloko desorekak sortuko ote diren gerrikoa estutu beharraren beharrez. EROSKI CONSUMERek gai hori landu nahi izan du, eta jakin nahi izan du krisi ekonomikoak nolabait aldarazi ote dizkion jendeari nutrizio arloko ohiturak eta elikagaiak erostekoak. Horretarako, inkesta bat egin du Internet bidez abuztuan eta irailean, eta 25 eta 69 urte arteko hainbat pertsonari galdetu die 9 autonomia erkidego hauetan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela eta Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa. Azterketak baieztatu du Estatuko familiek neurriak hartu dituztela elikadura arloko gastuari eusteko: adibidez, erosteko unean, %92k gehiago alderatzen dituzte prezioak eta %85 inguruk saihestu egiten dituzte alferreko gastuak eta arreta gehiago jartzen diete eskaintzei.

Horrekin batera, inkestan parte hartu duten herritarren %83k elikagai batzuen ordez merkeagoak iruditzen zaizkien beste batzuk hartzen dituzte, eta bitik batek produktu gutxiago eta kalitate apalagokoak erosten ditu orain. Bakanago hartzen dituzten elikagaien artean, honako hauek ageri dira, nagusiki: opilak eta galletak, txokolatea, hestebeteak eta abelgorri haragia (behikia eta txahalkia). Sarriago erosten dituztenen artean, berriz, hegazti haragia dago. Eta %22k orain ez dute erosten itsaskirik, moluskurik eta krustazeorik.

Dietan egin dituzten aldaketa horiek ez dira oharkabean gelditzen kontsumitzaileentzat, eta, hala, lautik batek uste du, krisia hasi zenetik, bere dieta ez dela hain osasungarria (gehienbat Gaztela eta Mantxan eta Valentziako Erkidegoan), eta erosteko ahalmena urritu zaielako eta produktuak gero eta garestiagoak direlako gertatu zaiela adierazi dute.

Inkestari erantzun diotenak

Erdiak emakumeak izan dira eta gizonak beste erdiak; herritarren batez besteko adina, berriz, 43 urtekoa izan da. Gehien-gehienak, hain zuzen, 30 eta 49 urte artekoak izan dira.

Galdekatu ditugun kontsumitzaile guztiak arduratzen dira etxerako zer-nolako elikagaiak erosiko dituzten aukeratzeaz. Horien artean, %44k beste norbaitekin partekatzen dute ardura hori, eta %56 bakar-bakarrik arduratzen dira horretaz.

Inkesta honetan parte hartu duten familia moten artean, bikoteak eta seme-alabek osatua izan da ohikoena (erantzun duten guztien %46). Ugariak izan dira, halaber, seme-alabarik gabeko bikoteak (%29) eta bakarrik bizi diren pertsonak (%12). Hiru etxetatik batean, gainera, adingabeak bizi dira. Familien diru iturri nagusia galderei erantzun dien kidearen lana izan da %46tan, eta gehien-gehienek (%67) besteren kontura lan egiten dute. 2008. urtean krisi ekonomikoa lehertu zenetik, etxeen %24 diru iturri nagusi hori gabe gelditu dira uneren batean (%33 guraso bakarreko familietan), batez beste 15 hilabetez. Eta %19k egoera horretan jarraitzen dute egun.

Zenbat gastatzen dugun, noiz eta non

Elikagaien hileroko gastua

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen familiek diotenez 343 euro gastatzen dituzte hilero elikagaietan. Galizian, 368 eurora iristen dira, eta Nafarroan, berriz, 295 euroan dabiltza. Elikagaiak erosteko ardura 60 eta 69 urte arteko norbaitena denean, hileroko gastua 441 eurokoa izaten da (batez bestekoa baino %29 handiagoa). Aldiz, 25 eta 29 urte arteko gazte baten ardura denean, 273 euroan ibili ohi da gastua. Familia mota aintzat hartuta, bistakoa da kide kopurua zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta aurrekontu handiagoa beharko dela: bakarrik bizi direnek, adibidez, batez beste 208 euro behar dituzte hilero, eta seme-alabak eta beste senitartekoren bat duten bikote edo guraso bakarrek 425 euro.

Gure inkesta erantzuterakoan hiritarrek egin dituzten kalkuluak eta Familia Aurrekontuen Inkestarenak nahiko antzekoak dira. INEk dioenez, 2013. urtean Espainiako Estatuko familiek 4.100 euro inguru gastatu zituzten etxean, batez-beste, eta 2008an krisia hasi zenetik, kopuru hori %10,5 jeitsi da.

Hala ere, EROSKI CONSUMERek elkarrizketatu dituen herritar batzuek bestelako iritzia daukate. %64k adierazi dute handitu egin dela familia elikatzeko darabilten aurrekontua; hala uste dute, bereziki, 30 eta 39 urte arteko gazteek, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan galdekatu ditugunek, eta seme-alabak eta beste senitarteko bat duten guraso bakarreko familia eta bikoteek. Zehazki, aurrekontua batez beste 100 euroan handitu zaiela adierazi dute.

Bestalde, inkestari erantzun dioten herritarren %20k jakinarazi dute murriztu egin dela elikadurari eskaintzen dioten aurrekontua. Uste hori gailendu bat, bereziki, Valentziako Erkidegoan eta Andaluzian, eta guraso bakarreko familietan. Batez beste, 154 euro apaldu zaiela diote, nahiz eta INEk esan hileroko gastua 40 eurokoa dela.

Erosketak krisi garaian

Elikagaiak erostea oso gauza ohikoa da. Kontsumitzaileen %71k astero egiten dutela adierazi dute, %22k egunero eta %7k are maizago. Denbora gehien dutenek, 60 urtetik 69ra bitarteko pertsonek, joera handiagoa dute erosketak egunero egiteko (%31 dira talde horretan).

Edonola ere, krisiak izan du eragina erosketa egiteko moduan ere. Alde batetik, inkestan parte hartu duten herritarren %54k adierazi dute aldatu egin dutela ohiko erosketak egiteko lekua, produktuak merkeago aurkitzeko asmoz. Orain, %63k supermerkatuan egiten dute eta %29k hipermerkatuan.

Gainera, azken 5 edo sei urteetan, erantzun duten herritarren %92k joera handiagoa du erosi nahi dituen elikagaien prezioak alderatzeko, eta %83k arreta handiagoa jartzen diete eskaintzei. Jokabide horiek gazteenen artean ageri dira batez ere (25 eta 29 urte artekoetan) eta seme-alabak eta beste senitarteko bat duten guraso bakarreko familietan eta bikoteetan.

Era berean, %84k saihestu egiten dituzte alferrikako gastuak edo gutiziak, gastuak murrizteko helburuz betiere, eta %77k onartzen dute marka zuriko produktu gehiago erosten dituztela orain, batez ere Andaluzian, Gaztela Mantxan eta Valentziako Erkidegoan.

Zer erosten dugu eta zenbat balio du?

Erosketa saskia ere aldatu da

Inkestan parte hartu duten kontsumitzaileek orain gehiago alderatzen dituzte produktuak, eta atzeraldi garaiak behartuta, produktu batzuk erosteari utzi eta merkeagoak iruditzen zaizkien beste batzuk hautatzen dituzte. Galdekatu ditugunen artean, %83k egiten dute hori, batez ere 25 eta 39 urte arteko gazteek eta seme-alabak eta beste senitarteko bat dituzten guraso bakar edo bikoteek. Garestienen sailean sartzen dituzten elikagaien artean, hauek ageri dira: abelgorri haragia, itsaskiak eta krustazeoak, arrain zuriak, eta ardi eta ahuntz haragiak. Merkeenen sailean, berriz, pasta, hegazti haragiak eta arroza.

Horrekin batera, bi kontsumitzailetatik batek adierazi du lehen baino kantitate txikiagoak erosten dituela. Gehienbat 50 eta 59 urte arteko pertsonek egiten dute hori, bakarrik bizi direnek, eta seme-alabak eta beste senitarteko bat duten guraso bakarrek edo bikoteek.

Horrela, inkestan parte hartu duten herritarren %40k baino gehiagok gutxiago erosten dute abelgorri haragia (behikia edo txahalkia), hestebeteak, eta galletak, opilak, pastelak, gozoak eta txokolateak. Beste hainbatek (herritarren %31 eta %38 artean dira), halaber, urriago erosten du arraina eta itsaskia, gazta, esnekiak (irabiakiak eta esne-postreak); fruitu lehorrak, zorroko patata frijituak, gominolak eta bestelako litxarreriak; azukrea, konfiturak eta eztia; saltsak eta edari freskagarriak eta zukuak; eta ardoa eta garagardoa. Aitzitik, %35ek gehiago erosten dituzte hegazti haragiak (oilaskoa, oiloa edo galeperra), eta %20 inguruk berdurak, barazkiak, fruta freskoa eta pasta.

Beste kontsumitzaile batzuek, berriz, utzi egin diote elikagai batzuk erosteari, luxuzko jakiak iruditzen zaizkielako. Elkarrizketatuen %22k, adibidez, itsaskiak, moluskuak eta krustazeoak erosteari utzi diote, baita zenbait edari alkoholdun ere (likoreak).

Beste %15 inguruk honako hauek baztertzea erabaki dute: abelgorri haragia eta ardikia (arkumea, ardia edo ahuntza), aurrez prestatuta dauden produktuak, saltsak, zorroko patata frijituak, gominolak eta antzeko litxarreriak. Eta beste hainbestek txokolatea eta fruitu lehorrak ere bazter utzi dituzte.

Baina ez da aldatu kantitatea bakarrik, kalitateak ere sumatu du aldaketa. Erantzun duten herritarren %51k onartu dute krisi ekonomikoak behartu egin dituela kalitate gutxiagoko produktuak erostera, batez ere seme-alabak eta beste senitarteko bat duten guraso bakarrek edo bikoteek.

Garestiagoa al da guztia?

Gure inkestan parte hartu duten herritarren %86 sinetsita daude elikagaiak, oro har, garestitu egin direla krisia hasi zenetik. Uste horretakoak dira, bereziki, emakumeak, 25 eta 39 urte artekoak, Gaztela Mantxako herritarrak eta guraso bakarreko familiak.

Eta ez dabiltza erabat oker. INEk emandako datuen arabera, 2010. urtetik 2013ra, elikagaiak garestitu egin dira urtetik urtera: %0,8 2010ean, %2 2011n, %2,8 2012an eta %0,8 2013an. Aurten, ordea, elikaduraren KPIa zenbaki negatiboetan sartu da, eta %-1,5ekoa izan da bilakaera 2009. urtetik hona.

Murriztu bai, desorekatu ez

Krisi garaian ere zaindu egin behar da elikadura. Nahiz eta etxeko aurrekontua murriztu eta elikaduran egiten den gastua ere apaldu behar izan, saiatu egin behar da dieta ez dadin bihurtu gantz saturatuak eta kaloriak erruz hartzeko bidea, horrek desorekatu egingo luke-eta gure nutrizioa, eta, ondorioz, osasuna okertu. Hona hemen zenbait aholku, halakorik gerta ez dadin:

Erosi aurretik:

  • Kontuak egin, elikagaietan astean zenbat gastatzen den jakiteko.
  • Antolatu aste osoko menuak.
  • Planifikatu erosketak eta ez erosi elikagaiak modu inprobisatuan, gerta liteke gero ez ateratzea erabateko probetxua.
  • Ez joan erosketak egitera baraurik edo gose handiena izaten den garaian.

Erosketa egiteko unean:

  • Etxetik dakargun erosketa zerrendan ageri dena bakarrik hartu (elikadura arloko beharrizanei erantzun behar die).
  • Hautatu sasoiko produktuak eta tokian tokikoak.
  • Alderatu elikagaien prezioak eta identifikatu eskaintza onak.
  • Saihestu gutizia garestiak eta alferrekoak.

Etxean:

  • Hartu ohitura otorduak etxean prestatzeko, etxean eginda murriztu egiten baitira kostuak eta hobeki zaindu daitezke plateren osagaiek dituzten mantenugaiak eta kalitatea.
  • Plater nagusia prestatzeko, erabili arroza, pasta eta lekaleak; oinarrizko elikagaiak dira eta modu onekoak.
  • Prestatu eltzekari on bat. Haragiak eta arrainak beti dira garestiagoak arroza, pasta eta lekaleak baino. Horregatik, bi elikagai mota horiek konbinatzen dituzten errezetekin, plater sendo, gustagarri eta elikagarriak presta daitezke.
  • Utzi freskagarriak eta edan ura; askoz merkeagoa da, eta ez du ez kaloriarik eta ez azukrerik (bi horiek desorekatu egin dezakete dieta).
  • Elikatzeko ohitura arrazionalak hartu, eta ez konpultsiboak: mantso eta ongi murtxikatuz, hobeki digeritzen da eta gutxiago jaten. Otorduetatik kanpo, ez jan gozokirik eta azukrerik neurriz kanpo.
  • Atera probetxua janari hondarrei beste plater batzuk prestatzeko: kroketak, lasagnak, ogi-mamiak…
  • Ongi kontserbatu elikagaiak. Izoztu kontsumo-data pasatzeko arriskua izan dezaketenak.

Aldatu egin da gure dieta krisiarekin?

Dieta

Inkestari erantzun dioten herritarren %70ek onartu dute dieta aldatu egin zaiela krisia hasi zenetik (batez ere gazteek eta guraso bakarreko familiek erantzun dute hori). Horien artean, %35ek esan dute gaur egungo dieta ez dela lehengoa bezain osasungarria. Aitortza hori egin dutenak, batez ere, emakumeak izan dira, 30 eta 39 urte arteko gazteak, guraso bakarreko familiak eta Gaztela Mantxan bizi direnak. Guztiek ere bi arrazoi eman dituzte hori gertatu izateko: erosteko ahalmena urritu egin zaiela eta prezioak garestitu egin direla.

Eta zer du, bada, oraingo dietak, hain osasungarria ez izateko? Alde batetik, elkarrizketatu ditugun pertsonen %19k adierazi dute ugariago jaten dituztela opil eta gozo industrial merkeak, nutrizioaren ikuspegitik kalitate gutxi dutenak. Horrez gain, %16k jakinarazi dute orain maizago jaten dituztela aurrez prestatuta dauden jakiak (kroketak, saltxitxak, pizzak…), irin ugari izaten dutenak, eta berdin gantz saturatuak, gatza eta kaloriak ere. Otordu betegarria egin liteke horiekin, baina ez batere osasungarria. Bestalde, herritarren %20 inguruk orain bakanago jaten dute fruta eta berdura eta barazki freskoak, zeinak ugari ematen baitituzte mantenugai erregulatzaileak (bitaminak, mineralak, zuntza, herdoilaren aurkakoak…).

Egia da aurrekontu mugatuarekin beti ez daitekeela asmatu elikadura osasungarriak eskatuko lukeen moduko erosketa egiten, baina aipatu berri ditugun hautu okerrek kalte egin diezaiokete osasunari, desorekatu egin ditzakete-eta kolesterolaren maila, triglizeridoena eta azido urikoarena, eta gizentzeko bidean jar gaitzakete, gainera. Ildo horretan, %21ek onartu dute beren familiako kideek pisua hartu dutela.

Beharra

Platerak jakiz betetzeko orduan ere zorrotzago dabil orain jendea: %79k kontrolatu egiten du, beti edo batzuetan, plater bakoitzean jartzen duen elikagai kantitatea. Zehazki, honako elikagai hauekin izaten dute tentu gehien: haragia, txokolatea eta bestelako gozoak, olioak eta gantzak, arraina, itsaskia eta hestebeteak. Era berean, %45ek murriztu egin dituzte errazioak eta %55ek sekula ez dituzte prestatzen (edo oso bakan egiten dituzte) plater batzuk, nahi baino garestiagoa ateratzen zaielako. Gehienean, itsaskia izaten da errezeta horren osagai nagusia.

Zorionez, ez da familia askotan gertatu kideren bat otorduren bat egin gabe gelditzea arazo ekonomikoengatik: %13k utzi behar izan diote askaria jateari, %10ek hamaiketakoa, %6k gosaria, %5ek afaria eta %3k bazkaria.