Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Gehiegizko zorpetzea : Kredituak ordaintzeko zailtasunak

Espainiako familien zorrak beren finantza-aktiboak baino ia bi halako igo dira

Galdera ohikoenak

Zertan datza gehiegizko zorpetzea? Egoera horretan dago zor handiegi edo gehiegitan amildu den herritarra edo familia, denei edo denari aurre egin ezinik dabilenean. Bere pasiboa aktiboa baino handiagoa duenez, ezin du ordaindu eta kaudimen gabeko bihurtzen da horrela.

Nolako faktoreek sortarazten dute gehiegizko zorpetzea? Espainiako Bankuak dioenez, hiru faktore dira erabakigarriak: zoruaren eta etxebizitzaren prezioaren igoera -etxeko ekonomiek jasaten duten arrisku-maila biziaren arduradun behinena-, bankuko interes-tasen beherapena eta kontsumitzaileak bere etorkizun laboralarekin duen (okerreko) konfiantza handiegia.

Ba al da bestelako kausa eragilerik? Kontsumitzailearen gehiegizko zorpetzea eragiten duten berehalako kausak bi dira: zor handiegitan sartzea (gehiegizko zorpetze aktiboa) eta, ezusteko kausak direla bide, kredituei buru egiteko ezintasun etorria (gehiegizko zorpetze pasiboa). Kontuak oker gobernatzearren, ustekabeko gastuak sortzearren, kreditu-txartelaz burugabekeriaz erabiltzearren, aurretiaz, unean uneko edo kredituak iraungo zukeen bitarteko aldiko finantza-egoera aztertu gabe, kreditu bat edo gehiago hartzearren gerta daiteke gehiegizko zorpetze aktiboa. Pasiboa, berriz, diru-sarrerak jaisteagatik gertatu ohi da eta honek ere baditu bere arrazoiak, hala nola: ezkontideetako baten langabezia, gaixotasun edo heriotza, seme-alabak zaintzeko edo bestelakoengatik emazteak lanpostua uztea, zerga-zigorrak, etc. Langabezi tasa da, dudarik gabe, famili zorra ez ordaintzean eragin biziena duen aldaki makroekonomikoa: interes-tasak edota kredituaren munta baino areago. Gogoan izan munta hori Espainian 650.000 milioi eurokoa dela, hots, 1996an baino hiru aldiz handiagoa (errenta gordin eskuragarriaren %114, alegia, Euro-eskualdeko herrialdeetako batez bestekoa baino handiagoa, inondik ere).

Nola kalkula dezakegu geure zorpetze-muga? Adituen ustez, zorrak ordaintzera ez da bideratu behar diru-sarreren %20 baino gehiago. Portzentaje hori txikiagoa ere izan daiteke (%12 eta %15 bitartekoa, gehienez ere), kontsumitzailea bizi den tokiko bizimodu-mailaren, alogera prezioen, elikadura-gastuen eta bestelako gastu finkoen arabera. Horiez gainera, epe luzerako zorretan -etxebizitza erostea, adibidez- sartzekotan, zorretan sartu den uneko finantza egoera ez ezik mailegu horrek iraungo duen bitartekoa izango omen dena ere hartu behar da aintzat. Norbait gehiegizko zorpetzean amilduta dago bere zorraren munta errentaren hiru halakoa denean, zor osoa familiaren ondare garbiaren %75 baino handiagoa denean edota zor horren kargak urteko errentaren %40tik gorakoa denean.

Ongi babestua ote dago kontsumitzailea? Egun arte, ez 1995eko Kontsumorako Kredituaren Lege espainiarrak -Europako 1987ko Arteztarauaren egokipena- ez Europako proposamen berriek hartu dute kontuan gehiegizko zorpetzearen sendatze-tratamendua. Bertako hiritarren %72k inoiz krediturik hartu duten herrialde horretan oraindik ez dago familia gehiegizko zorpetzetik babesten duen berariazko legerik. Frantzian, adibidez, kontsumitzaileak zailtasunak izaten baditu, mailegua itzultzeko baldintzak epaitegiak alda ditzake.

Prebentziozko neurriak -kontratuei exiji dakiekeen edukiaz, kontratuen publizitateaz eta eskaintzaz, batez ere- Kontsumorako Kredituaren 7/95 Legeak bakarrik jotzen ditu aintzat. Ondasun Higigarrien Epekako Salmenten 28/98 Legeak, gainera, epaileei onartzen die bestelako epeak ezartzea edo hitzartutakoak aldatzea, ordainketa atzeratze horrek prezioan nolako errekarguak eragingo dituen zehaztuta. Nolanahi ere, epaileen aparteko ahalmen hori gauza dadin justiziazko kausa bat egokitu behar da, hala nola langabezia, gaixotasun luzea, familiaren ezbeharrak edo lan-istripuak.

Zorraren ondorioz ondasunen bahiketa gertatzen bada…? Auzipetze Zibilaren Legeak xedatua du gutxieneko errentak ezin bahituzkoak direla eta, hartara, lanbide arteko gutxieneko soldataz azpiko jornal, soldata eta pentsioen bahiketa debekatua du. Nolanahi ere, diru-sarrera horiek kontu korrontean sartuz gero, saldo positibo bihurtzen dira eta bahituak izan daitezke.

Soldataren zein portzentaje bahi daiteke? Lanbide arteko gutxieneko soldata (LAGS) baino handiagoak diren soldata eta pentsioak bahituak izan daitezke, hurrengo eskala aintzat hartuta:

  • LAGS-en bikotik gorako kopurua, %30ean
  • LAGS-en hirukotik gorako kopurura arte, %50ean
  • LAGS-en laukotik gorako kopurura arte, %60an
  • LAGS-en bostekotik gorako kopurura arte, %75ean
  • LAGS-en bostekotik gorako kopurutik gainerakoa, %90ean

Famili kargak kontuan hartuta, aurreko portzentaje horiek %10 – %15 jaitsi ahal izango dituzte epailek.

/imgs/20060101/informe.jpgHorrelakoetan zer gertatzen da atzerrian? Frantzian, adibidez, 1989an onetsi zen legeak gehiegizko zorrak dituen kontsumitzailearen zailtasunak aintzat jotzen ditu: kreditu-erakundeen hainbat jokabide galarazi eta debekatzeaz gainera, ez-ordaintze egoerari konponbidea bilatzeko prozesua jarri zuen indarrean, kiebra zibilaren tankerako bi prozedura ezarrita. Lehendabiziko konponbidea laguntza bidezkoa da: hartzekodunekin akordioetara ez iristekotan, epaiketa unibertsala sartzen da izaera subsidiarioz. Epaiketa horretan epaileak ahalmena du, besteak beste, bahiketak geldiarazteko eta, azken konponketa gisa, interes tasa jaitsi edo interesen -areago, printzipalaren- murrizketa egiteko edo ordaintzeko epe berriak ezartzeko.

Belgikan, epea bete duten edo betetzear dauden zorrak ezin ordain ditzaketen (eta merkatari ez diren) pertsona fisikoentzat berariazko prozedura dago; prozedura hori, era berean, dauzkaten zorrak direla medio, egoera horretara iritsiko omen diren pertsonei ere aplikatzen zaie. Belgikako kontsumitzaileak bere helbideko Bahiketa Epailearen aurrean eskakizuna aurkez dezake; orduan, zor-alorreko bitartekariaren laguntza jasoko du, teknikari horrek ordainketa hartzekodunekin negoziatuko baitu. Plana hartzekodun guztiek onartzen badute, bitartekariak plana epaileari aurkeztu eta honek alderdiek harturiko akordioaren akta jasoko du. Laguntzazko akordiorik ez erdiestekotan, epailak erabaki beharko du: interes tasak murriztea, zorra epetan zatikatzea, kopuru jakin baten ordainketa geroratzea, kontsumitzaileari etxebizitza merkeago batera joan dadin eskatzea…

Epaiketa aitzindaria

Espainian sektore sozial eta profesional asko daude gehiegizko zorpetze kontuetako lege-neurriak noiz plazaratuko zain. Horregatik seguru asko izan zuen oihartzun handia Bartzelonako Lehen Instantziako 3. Epaitegiak 2004ko abenduaren 29an emaniko sententziak, bertan kaudimen gabeko matrimonio baten ordaintze-etenaldia aldarrikatu baitzen, 2003ko Konkurtso Legeak xedatutakoari jota. Epaitegiak matrimonio haren hartzekodunei dei egin zien ordaingabe zeuden zorrak jakinaraz zitzaten eta, etenaldia administra zezan, ikuskaria izendatu zuen. Kontua zen zorrak zein epe eta muntatan ordainduko ziren zehazteko hitzarmena hartzekodunekin negoziatzea, matrimonioaren diru-sarreren zati bat elikagaiak erosteko erreserbatuta. Epaiketaren arabera, gainera, zordunen ondarearen kontra ezingo da egin premiamendu administratibo zein zergazkorik, ezta exekuzio edo bahiketarik ere.

Neurri horren antzekoa zailtasun ekonomikoak dituzten enpresei aplikatu ohi zaie, baina Epaitegiak ez zuen onartu zordunen ohiko etxebizitzaren kontrako hipoteka-prozedura judizialik egitea, ondasun hark jarduera profesionalekin lotura zuzena ez zuelako. Horregatik batzuen iritziz Lege hori konkurtsaturiko enpresari edo profesionalarekin onberagoa da kontsumitzailearekin baino.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak