Espainiako 18 hiritako 133 igerileku estali aztertu dira

Kopuruz, eskas; erabiltzailearentzako informazioa, dezente hobetu beharrekoa

Maila orokorra ona bada ere, lau igerilekutako batean ez zaio igerilariari jakinarazten uraren egoera eta kalitatearen berri
1 otsaila de 2007
Img temap 271

Kopuruz, eskas; erabiltzailearentzako informazioa, dezente hobetu beharrekoa

/imgs/20070201/img.afondo.01.jpg Bi espainiarretik batek astean hirutan gutxienez kirola praktikatzen duela dio eta hori praktikatzen dutenetatik erdiek titulartasun publikoko kirol instalazioak darabiltzate, Ikerkuntza Soziologikoen Zentro espainiarrak 2005 urtean argitara emaniko datuen arabera. Datu horiek agertzen dutenez, lehiaketatik kanpoko igeriketa da Estatuan gehien praktikatzen den modalitatea (kirola egiten duten hiru pertsonatik ia batek igeri egin ohi duela dio). Geroz eta zaletu gehiago dituen diziplina honetan funtsezkoa da behar bezalako eta behar bezainbeste instalazio izatea.

Horregatik, CONSUMER EROSKI-k Espainian dauden titulartasun publiko (udalarenak, gehienbat) zein pribatuko erabilera publikoko igerileku estaliak aztertu nahi izan du. Horretarako (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) 133 igerileku estalitako ekipamendua aztertu da eta, horrez gainera, aldizkari honetako teknikariek bertatik bertara eginiko ikuskaritza eginez, beste hainbat alderdi ere aztertu dira, hala nola erabiltzaileei eskaintzen zaizkien informazioa eta zerbitzuak, instalazioen eta igerilekuen kontserbatze eta garbitasun egoera, ezinduek bertara iristeko dituzten erraztasun eta oztopoak eta instalazioen zaintza, besteak beste.

/imgs/20070201/img.afondo.02.jpg Azterketak, orokorki, Espainiako igerileku estalien egoera ona dela agertzen badu ere, horrelakoen kopurua urria da. Igeriketa Espainian lehiaketaz kanpo praktikatzen den kirolik hedatuena bada ere, igeri egiteko instalazioen kopurua ez da aski: bildutako datuak aintzat harturik, 59.000 biztanleko igerileku estali publiko bakar bat dagoelako. Azpiegituren eskasia horri, instalazio horien funtsezko aspektuez erabiltzaileari eman beharreko informazioaren gabezia gehitzen zaio: uraren kalitateaz, igerilekua erabiltzeko arau eta baldintzak (toki batetik bestera erabat aldatzen direnak), etc. Dena dela, igerilekuen kalitatea, oro har, asetzeko modukoa dela frogatu du ikerketak: hiru instalaziotik bitan azken balorazioa “oso ongi” edo “bikain” da, garbitasun eta segurtasun atalei dagokienez, bereziki. Horiek ez ezik, azpimarratzekoa da instalazio horiek erabiltzeko ordutegien zabala ere: egunean 14 ordu, batez beste.

Instalazio urriak

Igerileku estaliek negute hotzean igeriketa praktikatzeko eskaintzen duten hornidura ez da aski, inondik ere: 59.000 biztanleko, batez beste, titulartasun publikoko igerileku estali bakar bat dago (helduentzako igerilekuak bakarrik aintzat hartuta, hots, umeentzako jolastokiak bazterturik), hiri batetik bestera panorama erruz aldatzen bada ere: Gasteiz azpimarratzeko eredua da (sartze publikoko igerileku bat du 28.000 biztanleko), ondotik A Coruña, Oviedo eta Donostia datozkiola: horrelako igerileku bat 37.000 biztanleko. Zerrendaz beste muturrean datoz Malaga (igerileku bakar bat 137.000 biztanleko), Zaragoza (titulartasun publikoko sei igerileku estali baizik ez, 600.000 biztanleentzat) eta Madril (75.000 gizaki, batez beste, igerileku bakoitzeko). Iruñean eta Bartzelonan igerileku bat daukate 65.000 biztanleko baina nafar hiriburuan, Udalak dioenez, kirol instalazio pribatuak ugariak dira (Iruñean 15 dira igerilekua daukaten elkarteak eta populazioaren %41 horietakoren bateko bazkide da).

Urriak izan arren, instalazio horien balantze orokorrak datu onak agertzen ditu. Dena dela, hiri batetik besterako aldeak latzak dira: azterturiko hiru igerilekutik bi “oso onak” edo “bikainak” dira baina hobetzeko aukera handia da oraino, 133 igerileku horietatik %7k ez baitu proba gainditu eta %8k gainditu bai, baina ozta-ozta agertu delako. Nota global okerrena erakutsi duen atala erabiltzaileari emaniko informazioari eta zerbitzuen aniztasunari dagokio: horietan, igerilekuen %20 kale egin dute: lau igerilekutik batean, izan ere, erabiltzaileari ez zaio informaziorik ematen uraren egoeraz eta kalitateaz eta lautik hirutan zenbat erabiltzaile sar daitezkeen ere ez da jakinarazten.

Bisitatu diren igerileku estali gehien-gehientsuenen garbitasun eta kontserbazioa, aldiz, alderdi hoberenetako bat izan da (proba hau igerilekuen %4k bakarrik utzi dute gainditzeke): aldagelen %2 higiene eta garbitasun egoera kaskarrean zegoen. Beste aldetik, ordea, aldagelen %8tan eta komunen %10etan ez zegoen paperontzi edo zakarrontzirik; komunen %14,3tan ez zegoen xaboirik (%57 Oviedokoetan, %43 Bilbokoetan eta %37 Sevillakoetan) eta aldagelen %16tan ez zegoen arropa eskegitzeko pertxarik (Alacanteko %70etan eta Valladolideko %30etan). Hamar komunetatik lautan ez dago ile-lehorgailurik, %15etan ez zegoen komuneko erratzik eta %42tan bakarrik ikusi zen haurtxoei arropa aldatzeko elementua.

Instalazioak, ongi kontserbatuta

/imgs/20070201/img.afondo.03.jpg Bisitaturiko instalazioen kontserbazio egoera ere ona da: horietakoen %4tan bakarrik atzeman ziren gabezia nabarmenak (plastikozko ontziak itoginetan, pintura falta, obra-lanak zona batzuetan, ekipamendu zaharkituak edo egoera txarrean daudenak, gorabehera larriak dituzten zoruak, baldosa hautsiak, etc.); eta %2tan igerilekuko ura zikin edo utzia zegoela egiaztatu zen: ileak, tiritak, etc.. Hamar igerilekutatik batean kirats edo usain txarrak aditu ziren (A Coruña eta Malagan horrelakoak igerilekuen %30etik gora doaz), aldagela edota komunek aireztatze eskasa dutelako.

Instalazioen segurtasunaz ari garela, 133 igerileku estalietako bakar batek ez du proba gainditu gabe utzi baina %8k “onargarri” arrunt batekin aski dute. Gabezia behinenak: instalazioen %37k bakarrik jakinarazten dute edo daukate larrialdietarako ebakuazio-gidarik eta hirutik bitan bakarrik dago ezbehar edo larrialdirik gertatzekotan zer egin behar den jakiteko informazioa agerian.

Hauteman den segurtasun maila handia bada ere, instalazioen ia %16tan daude erabiltzaileen segurtasuna arriskutan ezar dezaketen elementuak (aldageletan eta igerilekuetarako sarreretan zoru eta eskailera labaingarriak). Hamarretik batean ez zen ikusi instalazioen funtzionamenduaz arduratuko zen pertsonalik eta %8tan ez dago larrialdi-irteera seinaleztaturik.

Sorosleen presentzia funtsezkoa izaki, gehien-gehienetan dira horrelakoak baina %11,5etan gabeziak atzeman ziren: igerilekuen %4,5etan uretan zebiltzan erabiltzaileak inork ez zituen zaintzen edo begiratzen eta %7tan sorosleek ez zeukaten bereizteko moduko arropa adierazgarririk.

Hamar igerilekutik seitako eskailerek zeuzkaten esku-barandak maila desberdinetan (asimetrikoak): horixe da adituek gehien aholkatzen duten segurtasun neurrietako bat, indar gutxien daukaten pertsonen (haurrak eta pertsona zaharrak) igoera errazten dutelako.

Igerilekuetan dutxa gutxi

/imgs/20070201/img.afondo.04.jpg Igerilekuaren ertzean edo oso gertu, uretara sartzeko eskailera bezainbeste dutxa, gutxienez, ipin daitezen aholkatzen dute adituek baina, halaz ere, hirutik batean ez da horrela gertatzen eta, are eta okerrago, igerilekuen %12tan dutxa bakar bat ez dagoenez, erabiltzaileek aldagelan dutxatu behar dute, uretara aurretik. Gabezia hori, batik bat, Oviedo, Murtzia (ez batean ez betean, igerilekuen %57tan ez dago dutxarik) eta Malagako (erdietan ez dago horrelakorik) igerilekuetan atzeman da. Bainatu aurretik derrigorrez dutxatu behar izatea, higiene eta segurtasun neurri gisa sustatzen den arren, hamarretik hirutan bakarrik behartzen zaio erabiltzaileari, uretan sartu aurretik, dutxapetik pasatzera (instalazio hauek, normalean, pedilubioa ee izaten dute).

Lautik batean tarte bakoitzeko sakonera adierazten ez denez, erabiltzaileak ez daki zein den alderdi sakona eta zeinetan jar daitekeen zutik. Gabezia hori Kordobako igerileku gehienetan eta Bilbo eta Valladolideko hamarretik ia seitan atzeman da.

Uraren kalitateaz ere, informazio urria

Erabiltzaileari eman beharreko informazioaz ari garela, gabezia larrienak oinarrizko alderdietan agertzen dira, uraren kalitateaz eta antzeko aspektuez, alegia, horiexek baitira sartze publikoko igerileku batera doan erabiltzaile orok ezagutu beharko lituzkeenak: lautik batean ez da jakinarazten uraren tenperatura, kloro-portzentajea, pH faktorea, giroko tenperatura, bertako hezetasun erlatiboa, etc.

Arautegi guztiek xedatua dute igerilekuaren gehieneko edukieraren berri emateko beharra (eskuarki, tamainaren araberakoa). Halaz ere, horien %75etan ez zegoen horrelakorik agerian.

Igerilekuen %23k ez du behar bezalako seinaleztatzerik (ezin jakin dependentziak non dauden edo korridoreak nora doazen), hirutik bik ez dute kokapen-planorik eta kasuen %18tan kartel adierazleak eskasak dira; lautik hirutan ez dago instalazioetako ekipamenduen ezaugarrien gaineko informaziorik eta lautik bakar batean ematen da aforoaren eta antzekoen berri. Alderdi hoberena: lautik hirutan, bertara sartzeko prezio eta tarifen informazioa ematen da eta %86tan igerilekua erabiltzeko arauak agertzen dira (txanoa eta behar bezalako oinetakoak jartzeko, uretan sartu aurretik dutxa hartzeko obligazioa, etc.). Bestetik, igerilekuen %46tan ez zegoen iradokizunen postontzirik eta %58k ez zeukan agerian erreklamazio orririk.

Sei igerilekutik batean, igerilari gehiegi

/imgs/20070201/img.afondo.05.jpg Azpimarra dezagun, era berean, igerilari gehiegi edo uretan ziren igerilari haientzat espazio gutxiegi atzeman zela (igerilekuko tarte bat, eskuarki, entrenamenduak egin edo ikastaroak emateko, gorde egiten delako) igerilekuen %17tan: horretan nabarmendu ziren Madril (%58tan jende gehiegi zebilen uretan), Malaga (%38tan) eta Zaragoza (hamarretik hirutan).

Bestetik, instalazioetarako sarbidea ona da, oro har, ñabardurak egin behar diren arren: hamar instalaziorik batek ez du proba gainditu (askoz ere gehiago titulartasun pribatukoek publikoek baino) hainbat gabeziagatik, hala nola hamar igerilekutik bitan ezinduak uretan sartzeko garabirik edo antzeko ekipamendurik (aulki altxatzaileak) ez daukatelako. Igerilekuren batean esan zutenez, horrelakoetan sorosleak laguntzen zuen. Eta %14tan ez dago pertsona horientzat egokituriko komunik.

Egunean, batez beste, hamalau orduz zabalik

Adierazi bezala, tokian tokiko igerileku publikoen gaineko informazio zabala (instalazio kopurua, tarifak, uraren kalitatearen kontrola, etab.) eskatuz galdetegia igorri zuen CONSUMER EROSKI-k hamazortzi udaletara. Aldizkari honek behin eta biritan eskatu arren, lau udalek nahiago izan dute eskaturiko datuak ez ematea: Alacant, Bilbo, Kordoba eta Bartzelonakoa (honek datu bakanen bat baizik ez du eman).

Udal instalazio horien ordutegi zabala ere nabarmentzekoa da: udalek berretsi dutenez, igerilekuak egunean 14 orduz daude irekita (gehientsuenak, goizeko zortzietatik gaueko hamarrak edo hamaikak arte). Granadako igerilekuak eguerdian ordubetez ixten dira astegunetan.

/imgs/20070201/img.afondo.06.jpg Burgos, Granada, Valladolid eta Gasteizen, udal titulartasuneko igerileku estali denak asteburu osoan zabalik daude. Bestetik, Sevilla, Iruñea eta A Coruñako igerilekuek urtean zehar ixten ez dute baina hiri gehienetakoek astebete edo pare batez, mantenu lanak direla medio, atea ixten dute, instalazioen itxierak txandakatuz. Madril, Murtzia eta Gasteizen, aldiz, hilabete osoa daude hertsirik eta Zaragozakoak bi hilabete ere bai.

Arautegiak, hirian hirikoa

Ur kalitatearen parametroak aldatzen dira hiri batetik bestera, autonomi erkidego bakoitzean eta udal bakoitzean indarrean dauden arauen arabera: horrek ederki erakusten du igerileku estaliko urak nolako ezaugarriak agertu behar dituen nekez jakin dezakeela erabiltzaileak. Horra, lagin gisa, igerilekuetako uraren tenperaturari dagokionez, irizpideen aniztasuna: Oviedo, Iruñea eta Gasteizen 27º eta 28º artekoa; Madril, Valentzia eta Zaragozan, 24º eta 28º artekoa; Granada eta A Coruñan, 28º eta 30º artekoa; Murtzia eta Donostian, 28º eta 30º artekoa. Uraren tenperatura egokiaren tarterik zabalena Sevillak eskaintzen du: 24º eta 30º artekoa; Burgosen, aldiz, igerilekuetako uraren tenperaturak 28º izan behar du, doi-doi.

Esparruko giroko tenperaturari dagokiola, arautegiak uniformeago agertzen dira: gehientsuenek xedatua dutenez, igerilekuko uraren tenperatura baino 2 ? 4 gradu handiagoa behar du izan.

Igerilekuetako uraren kalitatea eta gainerako aspektuetan ere (pH faktorea, giroko hezetasuna, ur-berriztatzearen proportzioa, birzirkulatze-periodoak, uraren laborategietako kontrola, etc.) aldak egotea ohikoa denez, azterturiko hamazortzi hirietan arautegi berdinik ez dagoela ondorioztatu dugu.

Arautegien arteko aldeak, igerilekuen edukierari dagokionez ere, nabarmenak dira: denetan zorrotzenak A Coruña, Granada, Malaga, Oviedo, Sevilla eta Valentziakoak dira, ur-azaleraren hiru metro karratuko erabiltzaile bat onartzen dutenak. Gasteiz, Valladolid, Donostia, Murtzia eta Burgosen, aldiz, arautegiek metro karratu bakoitzeko erabiltzaile bat izatea onartzen dute: hori, punta-puntako ordutegietan, erabiltzaileen kalterakoa izango da, dudarik gabe. Gainerako hirietakoetan (Madril, Iruñea eta Zaragozan) er4dibidean gelditu da arauteria: igerilari bat bi metro karratuko.

Tarifak: Sevilla eta Malaga, gainerakoetatik urrun

Hiri guztietako -Malaga eta Sevillakoak izan ezik- titulartasun publikoko igerileku estalkietarako erabilera bakarreko txartela dute. Horren prezioa, ordea, biziki eskuragarria ez denez (lau euro kostatzen da, batez beste), merkeago gertatzen da erabilera-abonuak hartzea (eguneko sartze edo bainu kopuruaren araberakoak). Eguneko sarreren prezioaz ari garela, igerileku ekonomikoenak Oviedo, Valentzia eta Gasteizkoak dira (txartelaren prezioa hiru eurotik beherakoa da). Bartzelonan, aldiz, udal igerilekuetarako eguneko sarreren batez besteko prezioa 8 euroraino doa (horrelaxe kostatu zitzaien CONSUMER EROSKI-ko kolaboratzaileei, erabiltzaile gisa, bisitaturiko hamar udal igerilekuetara sartzea).

Hileko bonoak (30 erabilerakoak) ohikoagoak direnez, erabiltzaileari ia 50 euroko aurrezkia eragiten diote, batez beste: hortaz, eguneko bainua 1,7 euro inguru kostatzen da. Aldeak doaz 83,3 (Valladolid), 80 (Granada) eta ia 60 euroetatik (Valentzia) 27,5 euro eskasetaraino (Murtzia).

Oinarrizko higienea igerilekuan
  • Bai igerilekuan bertan, bai aldagelan ere, erabil itzazu beti gomazko zapatila edo txankletak, birus eta onddoen bidezko infekzioak edota larruazaleko alterazioak prebenitzeko.
  • Erabil ezazu beti bainu-txanoa, ile luzea baldin badaukazu, batik bat (toki askotan erabiltzea derrigorrezkoa da). Konjuntibitisik ez nozitzeko, egokiena uretan betaurrekoak erabiltzea.
  • Bainatu aurretik eta ondoren dutxa hartzeak germenak eta partikulak (kremak, ileak, izerdia, etab.) suntsitzen laguntzen du. Horiek horrela, organismoa tenperatura berrira egokitu behar dugu. Bainatu aurretik dutxatzea arautegi gehientsuenek xedatua dute; bainu ondoan dutxa askotxok aholkatzen dute.
  • Uretatik irtetean saia zaitez ongi lehortzen, behatzen arteko tarteak eta larruazalaren tolesturak bereziki zainduz. Otitisik ez izateko, berriz, lehortu ongi-ongi belarriak bainatu ondoren.
  • Txankletak, toallak eta bainu-txanoa pertsonal-pertsonalak direnez, nork berea bakarrik baliatu behar du beti.
  • Igerilekuan zorabioak eta digestio-etenak maiz nozitzen direnez, zerbait jan ondoren edo ariketa bizi-bizian jardun ondotik hobe da tarte bat egotea uretan sartu gabe eta zuhurtziaz jokatzea.
  • Ez irentsi igerilekuko urik, ezta ahoan daukazuna ere.
  • Azkenik, ez ahaztu: igerilekuetako baldintza higieniko-sanitarioak bertako erabiltzaileek baldintzatzen dituzte. Hortaz, izan zaitez arduratsu, bete itzazu arauak.

Seguruago senti zaitez…

  • Argi ibili pulunpekin:</ egiaztatu, pulunpa egin aurretik, toki horretako sakonera eta uretan beste norbait dabilen.
  • Ez utzi behin ere umeak bakarrik, ez galdu bistatik, igerian badakite ere. Igerian ez badakite, beren adinera egokitutako dispositiboa (flotagailua, mahukak, etc.) eduki behar dute, segurtasun neurriak betetzen dituena. Ez utzi korrika ibiltzen ur ertzean, eror edo labain ez daitezen.
  • Igerian ongi ez badakizu ez zaitez sar gerritik goragoko uretan. Bete zorrotz neurri guztiak.
  • Umeentzako igerilekuak eta helduentzakoak bereiz egon behar dute, toki desberdinetan, umeak helduen igerilekuan nahita edo ezustean sar ez daitezen.
  • Kontuz umeei gerrian ipintzen zaizkien “ahate” moduko flotagailuekin: baliteke irauli eta umeak buelta ematen ez asmatzea. Egiazta ezazu material guztia Batasun Europarrak homologatua dagoela eta umearen adinari egokitua.
  • Izan zaitez zorrotz igerilekuko egoera higieniko-sanitarioarekin: atzeman dezakezun zeinahi anomalia jakinaraz iezaiezu arduradunei.
  • Bete itzazu igerilekua erabiltzeko arauak, obeditu sorosleen aginduak.

Zer exiji dezakegun eta konparaketako taula

  • Informazioa funtsezkoa da noiznahi. Igerilekuan oinarrizko hainbat informazio -hala nola erabiltzeko arauak (bainu-txanoa jartzeko obligazioa, dutxa hartzea nahitaezkoa den, etc.), uraren kalitatea (azken pH eta kloro-neurketen emaitzak, etc.)-, denek ikusteko toki eta moduan adierazi behar dira.
  • Igerilekuek, uretan sartzeko derrigorrez zeharkatu beharreko dutxa eta pedilubioak eduki behar dituzte.
  • Esparru horietan hainbat ekipamendu ezinbestekoak dira: lehen sorospenetarako botikina, igerilarientzako aldagela independenteak, komunak, ezinduentzako sarbideak, telefono publikoa, etab.
  • Igerilekuaren kanpo aldean, tartez tarte uraren sakonera agerian adierazi beharra dago.
  • Segurtasuna bermatzeko behar bezainbeste sorosle ezarri behar dira, igerilekuaren tamaina, neurriak, edukiera, diseinua eta gainerakoak aintzat hartuta. Sorosleek, eginkizun horiek betetzeko ezinbestekoa den titulazioa edukiko dute. Flotagailuak segurtasun-elementu behinenak direnez, agerian eta toki irisgarrietan instalaturik egon behar dute. Ezbeharra jasan duen igerilaria urertzeraino ekartzeko bezain luzea izango den sokari loturik egongo da flotagailu bakoitza.
  • Igerileku denek eduki behar dute Ur kalitatearen kontrol eta erregistro liburua, eskatzen duten erabiltzaile guzti-guztien eskura. Egunero-egunero, igerilekua irekitzean eta jende gehien dabilen unean, gutxienez, uraren egoera higieniko-sanitario ona bermatzeko premiazkoak diren parametroak aztertu eta liburu horretan jasoko dira.
  • Orokorki, igerilekuetara kristalezko edalontzi, botila nahiz bestelako ontziak eramatea debekatua dago. Horrez gainera, galarazita dago bertan jan, edan eta erretzea.
  • Kasu asko-askotan bainu-txanoa jartzea derrigorrezkoa da eta kaleko arropa edo oinetakoekin igerilekura iristea debekatua dago.
  • Gaixotasun kutsakor edo infekziozkorik nozitzen duten pertsonak ezin sar daitezke instalazioetan.
  • Igerilekuetara ezin sar daiteke animaliarik, itsuentzako txakur gidariak izan ezik.