Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Espainiako 18 hiritako 133 igerileku estali aztertu dira : Kopuruz, eskas; erabiltzailearentzako informazioa, dezente hobetu beharrekoa
Maila orokorra ona bada ere, lau igerilekutako batean ez zaio igerilariari jakinarazten uraren egoera eta kalitatearen berri
Instalazioak, ongi kontserbatuta
Instalazioen segurtasunaz ari garela, 133 igerileku estalietako bakar batek ez du proba gainditu gabe utzi baina %8k “onargarri” arrunt batekin aski dute. Gabezia behinenak: instalazioen %37k bakarrik jakinarazten dute edo daukate larrialdietarako ebakuazio-gidarik eta hirutik bitan bakarrik dago ezbehar edo larrialdirik gertatzekotan zer egin behar den jakiteko informazioa agerian.
Hauteman den segurtasun maila handia bada ere, instalazioen ia %16tan daude erabiltzaileen segurtasuna arriskutan ezar dezaketen elementuak (aldageletan eta igerilekuetarako sarreretan zoru eta eskailera labaingarriak). Hamarretik batean ez zen ikusi instalazioen funtzionamenduaz arduratuko zen pertsonalik eta %8tan ez dago larrialdi-irteera seinaleztaturik.
Sorosleen presentzia funtsezkoa izaki, gehien-gehienetan dira horrelakoak baina %11,5etan gabeziak atzeman ziren: igerilekuen %4,5etan uretan zebiltzan erabiltzaileak inork ez zituen zaintzen edo begiratzen eta %7tan sorosleek ez zeukaten bereizteko moduko arropa adierazgarririk.
Hamar igerilekutik seitako eskailerek zeuzkaten esku-barandak maila desberdinetan (asimetrikoak): horixe da adituek gehien aholkatzen duten segurtasun neurrietako bat, indar gutxien daukaten pertsonen (haurrak eta pertsona zaharrak) igoera errazten dutelako.
Igerilekuetan dutxa gutxi
Lautik batean tarte bakoitzeko sakonera adierazten ez denez, erabiltzaileak ez daki zein den alderdi sakona eta zeinetan jar daitekeen zutik. Gabezia hori Kordobako igerileku gehienetan eta Bilbo eta Valladolideko hamarretik ia seitan atzeman da.
Uraren kalitateaz ere, informazio urria
Erabiltzaileari eman beharreko informazioaz ari garela, gabezia larrienak oinarrizko alderdietan agertzen dira, uraren kalitateaz eta antzeko aspektuez, alegia, horiexek baitira sartze publikoko igerileku batera doan erabiltzaile orok ezagutu beharko lituzkeenak: lautik batean ez da jakinarazten uraren tenperatura, kloro-portzentajea, pH faktorea, giroko tenperatura, bertako hezetasun erlatiboa, etc.
Arautegi guztiek xedatua dute igerilekuaren gehieneko edukieraren berri emateko beharra (eskuarki, tamainaren araberakoa). Halaz ere, horien %75etan ez zegoen horrelakorik agerian.
Igerilekuen %23k ez du behar bezalako seinaleztatzerik (ezin jakin dependentziak non dauden edo korridoreak nora doazen), hirutik bik ez dute kokapen-planorik eta kasuen %18tan kartel adierazleak eskasak dira; lautik hirutan ez dago instalazioetako ekipamenduen ezaugarrien gaineko informaziorik eta lautik bakar batean ematen da aforoaren eta antzekoen berri. Alderdi hoberena: lautik hirutan, bertara sartzeko prezio eta tarifen informazioa ematen da eta %86tan igerilekua erabiltzeko arauak agertzen dira (txanoa eta behar bezalako oinetakoak jartzeko, uretan sartu aurretik dutxa hartzeko obligazioa, etc.). Bestetik, igerilekuen %46tan ez zegoen iradokizunen postontzirik eta %58k ez zeukan agerian erreklamazio orririk.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Joan aurreko orrira: « Kopuruz, eskas; erabiltzailearentzako informazioa, dezente hobetu beharrekoa
- Orri honetan zaude: [Or. 2 de 5]
- Joan hurrengo orrialdera Sei igerilekutik batean, igerilari gehiegi »