Arrisku anitzetarako etxeko asegurua

Kontua da zer kontratatu den jakitea

1 otsaila de 2003
Img informe listado 215

Kontua da zer kontratatu den jakitea

Etxebizitza erostea da batez besteko hiritarrarentzat inbertsio nagusia eta etxea, berriz, bere ondarearen balio handieneko ondasuna. Baina ondasun hori arretaz zaindu eta babestu beharra dago, era askotako ezbeharrak jasan ditzakeelako, erraz jasan ere: 2000 urtean bertan, Espainian aseguratutako etxebizitzen %30ek ezbeharren bat deklaratu zuten. Kontrakotasun ohikoenei aurre egiteko arrisku anitzetako aseguruek estaldura-zerrenda luzea eskaintzen dute eta, horri esker, inork ez du auzitan jartzen beren baliagarritasuna. Hona ezarpen progresiboaren seinale: Espainian lau etxetik hiru aseguratuta daude eta, 2000 urtearen kondarrean, etxeko arrisku anitzetako 12 milioi poliza inguru izenpetu ziren (2.440 milioi euro).

Halaz ere, Espainiako etxebizitza guztiek berariazko asegurua duten arren, hauxe da kontsumitzaileak gutxien ezagutzen duen produktuetako bat, seguru aski polizak ulertzea benetan gauza zaila delako, hizkera tekniko kriptikoan idatzita daude eta. Izan ere, etxebizitzako asegurua duten pertsonen %17k bakarrik ulertzen du kontratuak zer dioen, Euskadiko Aseguru-Kontsumitzaileen Elkarteak eginiko inkestaren arabera. Norberak sinatzen duena ulertzeko zailtasun hori, batetik, eta erabiltzaile askok asegurua kontratatzean agertzen duten utzikeria -kontsumitzaileen %70ek aitortzen duenez, sekula ez du polizarik irakurtzen- bestetik, arrazoi nagusiak dira aseguru-sektorea erabiltzailearentzat ezezagun eta problematikoenetako bat izateko. Zalantzak era guztietakoak dira: ekonomiko hutsetatik -gure etxea zenbatean aseguratuko genuke?- semantikoetaraino -gauza bera ote da ebaspena eta lapurreta?- doazenez, sinatu aurretik informazio zehatza jasotzea komeni da. Beraz, konpainia aseguratzaileak eta eskainitako estaldurak elkarrekin konparatu behar dira beti.

Edukia eta edukitzailea

Arrisku anitzetako etxeko aseguruan hiru kapital xedatzen dira, horietako bakoitza polizan aseguratutako berariazko elementuei dagokiena: edukitzailea, edukia eta erantzukizun zibila. Edukitzailea etxeko euskailu fisikoari deritzo: zorua, sabaia, hormak, ate-leihoak, etab. Bertan beste hainbat elementu finko ere sartzen dira, hala nola antenak, paretan txertaturiko lanparak, etab. Edukian biltzen da etxe barnean dagoen guztia: arropa, altzariak, etxetresna elektrikoak eta era guztietako gauzak. Bi kapital hauek (edukitzaile eta edukia) suteak, leherketak edo tximistak, bandalismozko egintzak, jende-samaldak, grebak eta fenomeno meteorologikoek (euria, haizea, kazkabarra eta elurra) eraginiko kalteak estaltzen dituzte; baita etxebizitzaren alokairuen galerak eta bizigarritasunik eza, lapurreta, espoliazioa eta ebaspena, urak eragindako kalteak eta kristal hausturak ere.

Erantzukizun zibilarengatiko estaldurarekin, bestetik, hirugarrengoei eragindako kalteengatik egin dakizkiokeen erreklamazioen aurrean bere burua babestuko du aseguratuak. Oinarrizko estaldura horiei beste osagarri batzuek ere eransten zaizkie: etxeko animaliek eraginiko kalteak, etxean eraginiko kalteak, istripua, heriotza, etxez kanpoko atrakua, kreditu-txartelen iruzurrezko erabilera edota larrialdiko sarraila-konponketa estaliko dituzte hauek, besteak beste.

Edukitzailearen eta edukiaren balorazioa

Edukitzailea nolako kapitalean tasatuko den kalkulatzea zaila denez, eskuarki gutxi gorabeherako estimazioa egiten da (550 eta 700 euro bitarte, metro karratuko) berreraikuntzaren kostua kalkulatzeko. Edukia harik eta konplexuagoa da baloratzen, erabiltzaile bakoitzak bere zaletasunen arabera apaindu baitu etxebizitza, era askotako ondasunak ezarrita (bitxiak, koadroak, antzinako altzariak, arropa, baxerak, ordenagailuak, etxetresna elektrikoak, era askotako ekipamenduak). Horrek guztiak duen balorea adierazi egin behar da, ezbeharrik izatekotan, berriak ekarri edo zaharrak konpontzeko. Ohikoena da edukitzailearen %35 eta %50 bitarteko kapitala finkatzea, norberak dauzkan ondasunen arabera. Baina CONSUMER-ek kontsultatu dituen adituek aholkatzen dutenez, ez luze eta ez motz ez geratzeko, ondasunak berriro erostea zenbat kostatuko litzatekeen gelaz gela kalkulatzea da egokiena.

Horretaraz gero, kontsumitzaileak erreparatu behar dio indemnizazioa finkatu den moduari: ondasunak berriro ezartzeko ala merkatuko balioan. Indemnizazioa berriro ezartzearen araberakoa baldin bada, ezbeharrean galdutako telebista, hozkailua edo bideoaren ordez antzeko beste batzuk jarriko dituzte. Indemnizazioa merkatuko balioaren arabera finkatu bada, aseguratzaileak etxetresna elektrikoak, saltzekotan, izan zezaketen prezioaren parekoak ipiniko ditu, hau da, balio txikiagokoak.

Etxebizitzak berez daukan baliotik gertueneko kopuruaz aseguratzeak garrantzi handia du. Aseguru-priman sos batzuk aurreztearren behera jotzen bada (“azpi-asegurua”), noziturako kaltea baino txikiagoa izango da indemnizazioa. Esaterako, 200.000 euro balio duen etxea 150.000 eurotan aseguratzen bada, konpainiarentzat etxearen parte bat (hiru laurdenak) baizik ez da aseguratu. Ezbeharra izatekotan ere, proportzio horretan indemnizatuko zaio aseguratuari, bai kalteak erabatekoak direnean, bai partzialak direnean ere. Tasazioa egiazko balioz gainekoa bada (“gain-asegurua”), poliza garestiago izango da baina indemnizazioak higiezinaren eta altzarien egiazko balioa bakarrik estaliko du. Ez du merezi, beraz, behar baino gehiago ordaintzea.

Gutxien erabiltzen diren estaldurak

Maizegi, mundu hau ezezaguna dugulako, kobratzeko eskubidea dugun arren ez ditugu prestazio batzuk erreklamatzen. Hauek dira poliza batzuek jasotzen dituzten estalduretatik gutxien ezagutzen ditugunak:

  • Matxurarengatik elektrizitatea kendu eta, hotz-katea eten bada, hondatu diren elikagaien ordainketa.
  • Etxetik kanpo eta bortxakeria baliatuz jasaniko atrakuagatik (aseguruaren titularra edo bere senideak) indemnizatzea.
  • Konponketak egiten diren bitartean aseguratuak etxea utzi behar baldin badu, hotelaren gastuak konpentsatzea.
  • Puskatzekotan, beira, kristal, bainu gelako aparatuak eta bitrozeramikak ostera jartzea.
  • Kreditu txartela galdu edo lapurtu zaiolako, horren iruzurrezko erabilera egiten bada, aseguratzaileak bezeroa indemnizatuko du.
  • Ezbeharrean hondatu edo kalteturiko dokumentuak (gidatzeko baimena, pasaportea) berreskuratzeak sortarazitako gastuak ordaintzen dituzte aseguru etxe batzuek.
  • Oporretara doanean edo Espainia barnean bidaia egiten duenean gainean daraman guztia bermatu ahal izaten du.
Gutxi ezagutzen diren estalduren salbuespenak

“Huskeria” batzuk kontuan ez izateak prestazioak eta dirua galtzea ekar dezake.

  • Sutea denean, konpainia batzuek ezbeharra ez dute beregain hartzen, ardurarik ezagatik gertatu bada.
  • Aparatu elektrikoak kalteturik gertatzen direnean, hainbat aseguratzailek zeinahi zirkunstantziatan -tximista, sareko tentsioaren gorakada, zirkuitulaburra…- jazoriko kalteak estaltzen dituzte. Beste batzuek, kaltea estaltzen dute tximistak eragin badu edo hiru urte baino gehiago dituzten ordenagailuak nahiz bestelako aparatuak polizatik kanpo geratu badira.
  • Kontu semantikoetan zehatz-mehatz ibiltzen dira aseguratzaileak: ebaspena (bortxarik gabe denean) eta lapurreta (bortxaz) bereizten dituzte. Lehen kasua ez dute estali ohi polizek.
  • Aseguru batzuek ez dituzte estaltzen lapurreta, uholde edo suteak aseguratuak etxetik kanpo 72 ordu baino ehiago eman baditu.
  • Sarraila aldatzea beharrezkoa baldin bada, konpainia zenbaitek bakarrik ordaintzen dute sarraila bortxatua izan denean edo bezeroari giltzak lapurtu dizkiotenean. Beste batzuek, berriz, giltzak galdu direnean ere indemnizatzen dute.

Etxea ongi aseguratzeko klabeak

  • Eskatu informazioa hainbat konpainiatan eta konpara ezazu polizen “kalitatea-estaldura-prezioa” erlazioa, bakoitzaren aldeko eta kontrakoak haztatuz. Sinatu aurretik, aztertu arretaz kontratuko baldintza orokor eta bereziak eta irakurri ondo klausula guztiak.
  • Kexu-iturri izaten direnez, begira arretaz mugapenak eta salbuespenak, maiz horien berri berantegi ezagutzen dugulako: ezbeharra gertatu eta estaldura eskatzen dugunean.
  • Argi itzazu zalantzak sortarazten dizkizuten kontratuaren gorabeherak eta eskatu klausula bakoitzaren balizko interpretazioez xehekapenezko azalpenak. Ohiko dudak, ezbeharra gertatu denean arazo gehien sortarazten dituztenak hauek dira: estalita dagoen diru-kopurua, frankiziarik ba ote dagoen eta etxea utzi beharra bezalako kasu bereziak.
  • Eska ezazu aseguru-kontratuaren aldaketa eta eransketa guzti-guztiak idatziz. Kontratua sinatu ondoren, ez onartu aldebakarreko eraldaketarik hertsatzea, zure kalterako bada.
  • Egiazta ezazu ordainduko duzun priman erantzukizun zibila sartua dagoela (ondo merezi du kontratatzea). Argitu, ordainketa zatika egitekotan, gehiago ordaindu behar duzun; baita komisio, tasa edo zergarik ordaindu behar den ere.
  • Gorde aseguru-dokumentazio osoa: kontratua, klausulak, ordainagiria eta, areago, publizitatea ere: balizko erreklamazioa jazotzean baliagarri izango zaizkizu, agian.
  • Kontrata itzazu estaldurak zeure premien arabera: horiek ez dira berdinak etxea zurea denean edo errentan hartua duzunean. Alokairuan bizi bazara, asegura ezazu edukia bakarrik; edukitzailea jabearen kontua da. Etxea zurea duzunean, berriz, biak egitea komeni zaizu.
  • Azaldu kontratuan zure ondasun baliotsu guztiak: bitxiak, larruak, artelanak eta antzinako altzariak. Aipamen horrek poliza garestitu bai, baina, lapurreta edo bestelako ezbeharrik jazotzekotan, galdutakoa berreskuratzen lagunduko zaitu.
  • Pisuan bizi bazara, egiazta ezazu auzo-komunitateak daukan aseguruak, etxebizitzei komun zaien zonak estaltzeaz gainera, ezbeharra izatekotan “berriaren balioz” indemnizatzen duen. Horrela bada, asegura ezazu zure etxeko edukia, erantzukizun zibila barne. Edukitzailea, berriz, komunitatearen aseguruak estaltzen du.
  • Poliza sinatu ondoren balio bereziko ondasunik erosten baduzu, jakinaraz iezaiozu konpainiari, eskuratu berri hori ere aseguraturik egon dadin.
  • Gorde zure etxeko altzari eta bestelakoen faktura guztiak. Ezbeharrik gertatzen bada, ondasunak zureak direla eta hainbeste kostatu zaizkizula frogatzeko balioko dizute.
  • Begira arretaz kontserbazio txarraren ondoriozko kalteak. Ezbeharra zure utzikeriagatik gertatu bada, baliteke aseguratzaileak ordaintzeari uko egitea.
  • Bete itzazu aseguratzaileari ezbeharraren berri emateko epeak eta formak. Eman iezaiozu ezbeharrari buruz era guztietako informazioa.
  • Ezbeharra jazotzen bada, zazpi egun dituzu konpainiari kalteen berri emateko. Ez agindu hondatutakoa konpontzea aseguru-konpainiaren baimena hartu aurretik.
Arrisku anitzeko aseguru-tarifak*
ASEGURU ETXEA 90 m2-ko etxea
10 urte
90 m2-ko etxea
50 urte
60 m2-ko etxea
10 urte
60 m2-ko etxea
50 urte
OCASO HOGAR 162,33 euro 162,33 euro 141,83 euro 141,83 euro
ALLIANZ SEGUROS 166,67 euro 175,03 euro 130,94 euro 137,53 euro
AXA 163,30 euro 193,89 euro 130,43 euro 142,94 euro
MAPFRE 193,28 euro 183,30 euro 133,00 euro 117,90 euro
PELAYO 164,45 euro 157,12 euro 102,00 euro 110,19 euro
VITALICIO SEGUROS 154,00 euro 165,54 euro 126,00 euro 132,65 euro
GÉNESIS 191,18 euro 194,05 euro 106,00 euro
CATALANA OCCIDENTE 156,00 euro 167,82 euro 136,00 euro
AEGON 213,18 euro 213,18 euro 192,45 euro 192,45 euro
FÉNIX HOGAR 166,67 euro 175,03 euro 140,84 euro 147,95 euro

* Erantzukizun zibila barne duela, arrisku anitzetako aseguru baten gutxi gorabeherako prezioak. Pisua ertaina da, ez lehena eta ez atzena, ate blindatua daukana, eraikuntza-materialen kalitatea ertaina da, hirigunean dago eta 10 edo 50 urte ditu. Edukitzailearen balioa 90 metro karratuko etxebizitzan: 72.000 euro. Edukia, etxebizitza horretakoa: 18.000 euro. Edukitzailearen balioa 60 metro karratuko etxebizitzan: 48.000 euro. Edukia, etxebizitza horretakoa: 18.000 euro

Estalduraren araberako prezioak

Aseguratutako ondasunaren balioaz gainera, arrisku anitzeko poliza baten prima zenbat kostatzen den zehazteko unean, beste hainbat irizpide ere kontuan hartzen dira. Etxebizitzaren metro karratuak, kokapena -hirigunean, urbanizazioan edo mendian-, eraiki zen urtea, eraikuntza-mota -luxuzkoa, arrunta-, pisuaren altuera eta segurtasun neurriak -ate blindatua, segurtasun-kutxa-… Horiek denek garrantzi handia dute aseguruaren kostua finkatzeko garaian.

Kasu beraren aurrean aseguratzaileek oso prima desberdinak ezartzen dituzte. Etxebizitzak 90 metro karratu eta 10 urte baditu, urteko 154 euroetatik (Vitalicio Seguros) 213,18 euroetara (Aegón) doa prima. Pisuak 60 metro karratu baditu, polizaren kostua 102,00 euroetaraino jaitsiko da (Pelayo). Eraikinaren aspaldikotasuna astungarria da kasu gehienetan. Aegón eta Ocaso Hogar aseguratzaileek bakarrik mantentzen dituzte prezioak, urteak urte. Mapfre konpainiak, aitzitik, antzinakotasuna ez zamatzeaz gainera, prima merkeagoak ipintzen ditu eraikuntza aspaldikoa denean eta horretan bakarra da.

Nekez egin daiteke polizen ranking edo antzekorik preziora begiraturik bakarrik, aseguratzaile bakoitzak eskaintzen dituen estaldurak kontuan izan gabe. Fénix Hogar, Allianz eta Aegón konpainietako polizek indemnizaziorik onenak eskaintzen dituzte (1.800 euro inguru, birkonpontze estetikoa egiteko) eta Génesis-ek, berriz, gehienez ere 1.202,02 euro ematen ditu etxea ezbeharra gertatu aurretik zeukan itxurarekin uzteko.

Izan ere, aseguratzaile guztiek ez dituzte arrisku berberak estaltzen horrelako aseguruetan. Oinarrizko arriskuek, aseguratutako kapitalaren %100 estaltzen dute. Arrisku osagarriei bestelako portzentajeak edo kopuru finkoak aplikatzen zaizkie, ordaindu nahi den kuotaren arabera. Etxebizitza bizigarri ez izatea, alokairuak galtzea, elektrizitateak sortarazitako kalteak, bainugelako aparatuak, beirak edo bitrozeramikak haustea, hozkailu eta izozkailuetako elikagaiak galtzea dira poliza eta prezioen arteko aldeen zergati nagusiak.