Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Arrisku anitzetarako etxeko asegurua : Kontua da zer kontratatu den jakitea

Edukia eta edukitzailea

Arrisku anitzetako etxeko aseguruan hiru kapital xedatzen dira, horietako bakoitza polizan aseguratutako berariazko elementuei dagokiena: edukitzailea, edukia eta erantzukizun zibila. Edukitzailea etxeko euskailu fisikoari deritzo: zorua, sabaia, hormak, ate-leihoak, etab. Bertan beste hainbat elementu finko ere sartzen dira, hala nola antenak, paretan txertaturiko lanparak, etab. Edukian biltzen da etxe barnean dagoen guztia: arropa, altzariak, etxetresna elektrikoak eta era guztietako gauzak. Bi kapital hauek (edukitzaile eta edukia) suteak, leherketak edo tximistak, bandalismozko egintzak, jende-samaldak, grebak eta fenomeno meteorologikoek (euria, haizea, kazkabarra eta elurra) eraginiko kalteak estaltzen dituzte; baita etxebizitzaren alokairuen galerak eta bizigarritasunik eza, lapurreta, espoliazioa eta ebaspena, urak eragindako kalteak eta kristal hausturak ere.

Erantzukizun zibilarengatiko estaldurarekin, bestetik, hirugarrengoei eragindako kalteengatik egin dakizkiokeen erreklamazioen aurrean bere burua babestuko du aseguratuak. Oinarrizko estaldura horiei beste osagarri batzuek ere eransten zaizkie: etxeko animaliek eraginiko kalteak, etxean eraginiko kalteak, istripua, heriotza, etxez kanpoko atrakua, kreditu-txartelen iruzurrezko erabilera edota larrialdiko sarraila-konponketa estaliko dituzte hauek, besteak beste.

Edukitzailearen eta edukiaren balorazioa

Edukitzailea nolako kapitalean tasatuko den kalkulatzea zaila denez, eskuarki gutxi gorabeherako estimazioa egiten da (550 eta 700 euro bitarte, metro karratuko) berreraikuntzaren kostua kalkulatzeko. Edukia harik eta konplexuagoa da baloratzen, erabiltzaile bakoitzak bere zaletasunen arabera apaindu baitu etxebizitza, era askotako ondasunak ezarrita (bitxiak, koadroak, antzinako altzariak, arropa, baxerak, ordenagailuak, etxetresna elektrikoak, era askotako ekipamenduak). Horrek guztiak duen balorea adierazi egin behar da, ezbeharrik izatekotan, berriak ekarri edo zaharrak konpontzeko. Ohikoena da edukitzailearen %35 eta %50 bitarteko kapitala finkatzea, norberak dauzkan ondasunen arabera. Baina CONSUMER-ek kontsultatu dituen adituek aholkatzen dutenez, ez luze eta ez motz ez geratzeko, ondasunak berriro erostea zenbat kostatuko litzatekeen gelaz gela kalkulatzea da egokiena.

Horretaraz gero, kontsumitzaileak erreparatu behar dio indemnizazioa finkatu den moduari: ondasunak berriro ezartzeko ala merkatuko balioan. Indemnizazioa berriro ezartzearen araberakoa baldin bada, ezbeharrean galdutako telebista, hozkailua edo bideoaren ordez antzeko beste batzuk jarriko dituzte. Indemnizazioa merkatuko balioaren arabera finkatu bada, aseguratzaileak etxetresna elektrikoak, saltzekotan, izan zezaketen prezioaren parekoak ipiniko ditu, hau da, balio txikiagokoak.

Etxebizitzak berez daukan baliotik gertueneko kopuruaz aseguratzeak garrantzi handia du. Aseguru-priman sos batzuk aurreztearren behera jotzen bada (“azpi-asegurua”), noziturako kaltea baino txikiagoa izango da indemnizazioa. Esaterako, 200.000 euro balio duen etxea 150.000 eurotan aseguratzen bada, konpainiarentzat etxearen parte bat (hiru laurdenak) baizik ez da aseguratu. Ezbeharra izatekotan ere, proportzio horretan indemnizatuko zaio aseguratuari, bai kalteak erabatekoak direnean, bai partzialak direnean ere. Tasazioa egiazko balioz gainekoa bada (“gain-asegurua”), poliza garestiago izango da baina indemnizazioak higiezinaren eta altzarien egiazko balioa bakarrik estaliko du. Ez du merezi, beraz, behar baino gehiago ordaintzea.

Gutxien erabiltzen diren estaldurak

Maizegi, mundu hau ezezaguna dugulako, kobratzeko eskubidea dugun arren ez ditugu prestazio batzuk erreklamatzen. Hauek dira poliza batzuek jasotzen dituzten estalduretatik gutxien ezagutzen ditugunak:

  • Matxurarengatik elektrizitatea kendu eta, hotz-katea eten bada, hondatu diren elikagaien ordainketa.
  • Etxetik kanpo eta bortxakeria baliatuz jasaniko atrakuagatik (aseguruaren titularra edo bere senideak) indemnizatzea.
  • Konponketak egiten diren bitartean aseguratuak etxea utzi behar baldin badu, hotelaren gastuak konpentsatzea.
  • Puskatzekotan, beira, kristal, bainu gelako aparatuak eta bitrozeramikak ostera jartzea.
  • Kreditu txartela galdu edo lapurtu zaiolako, horren iruzurrezko erabilera egiten bada, aseguratzaileak bezeroa indemnizatuko du.
  • Ezbeharrean hondatu edo kalteturiko dokumentuak (gidatzeko baimena, pasaportea) berreskuratzeak sortarazitako gastuak ordaintzen dituzte aseguru etxe batzuek.
  • Oporretara doanean edo Espainia barnean bidaia egiten duenean gainean daraman guztia bermatu ahal izaten du.

Gutxi ezagutzen diren estalduren salbuespenak

“Huskeria” batzuk kontuan ez izateak prestazioak eta dirua galtzea ekar dezake.

  • Sutea denean, konpainia batzuek ezbeharra ez dute beregain hartzen, ardurarik ezagatik gertatu bada.
  • Aparatu elektrikoak kalteturik gertatzen direnean, hainbat aseguratzailek zeinahi zirkunstantziatan -tximista, sareko tentsioaren gorakada, zirkuitulaburra…- jazoriko kalteak estaltzen dituzte. Beste batzuek, kaltea estaltzen dute tximistak eragin badu edo hiru urte baino gehiago dituzten ordenagailuak nahiz bestelako aparatuak polizatik kanpo geratu badira.
  • Kontu semantikoetan zehatz-mehatz ibiltzen dira aseguratzaileak: ebaspena (bortxarik gabe denean) eta lapurreta (bortxaz) bereizten dituzte. Lehen kasua ez dute estali ohi polizek.
  • Aseguru batzuek ez dituzte estaltzen lapurreta, uholde edo suteak aseguratuak etxetik kanpo 72 ordu baino ehiago eman baditu.
  • Sarraila aldatzea beharrezkoa baldin bada, konpainia zenbaitek bakarrik ordaintzen dute sarraila bortxatua izan denean edo bezeroari giltzak lapurtu dizkiotenean. Beste batzuek, berriz, giltzak galdu direnean ere indemnizatzen dute.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak