Patata frijitu ontziratuak, ohikoak eta light motakoak

Kaloria eta gantz asko daukatenez, hobe inoiz edo behin tamainaz hartzea

Light motakoek "ohikoek" baino %40 gantz gutxiago daukaten arren, horiek baino %15 kaloria gutxiago dituzte. Horrez gain, gatz gehiago daukate eta %40 garestiago dira
1 urria de 2005

Kaloria eta gantz asko daukatenez, hobe inoiz edo behin tamainaz hartzea

Patata frijitu ontziratuen sei lagin aztertu dira; zazpigarren lagina (Celigüeta Light), “patata frijituak” izenekin datorren arren, egiaz eta indarreko arautegiaren arabera -lagin horrek urratzen duena, hain zuzen-, “aperitiboko produktu frijitua” da: patata xerrak baliatu ordez, irina eta patata-fekula erabili ditu. Zazpi lagin horietako bik (Celigüeta markako hori eta Lays markako beste bat) light gisa agertzen dute bere burua. Bai zorroen edukietan (125 gramotik -Celigüeta Light- 300 gramora arte -Santa Ana-), bai prezioetan ere (kiloko, 4,95 eurotik -Lays-13,2 eurora arte -Sarriegui-) alde handia dago, lagin batetik bestera. Light motakoak, batez beste, ohikoak baino %40 gehiago kostatzen dira; hauen prezioa (Sarriegui laginarena izan ezik) 4,95 eta 5,80 euro dabil, kiloko.

Kaloria, gatz eta gantz asko dutenez, hobe da maiz edo kopuru handiz ez kontsumitzea; pertsona gizen edo hipertentsioa nozitzen dutenek, berriz, ohiko dietatik zeharo baztertu beharko lituzkete patata frijitu industrialak, ohiko estiloan frijitutakoek baino lau aldiz kaloria gehiago dituztelako (askoz ere ur gutxiago baitaukate). Laborategiko azterketak erakutsi zuenez, ohiko patata frijituen 100 gramok 530 eta 600 kaloria dituzte baina light motakoek 470 kaloria baizik ez dute; patata horien edukiaren gantza %30 eta %43 tartean dabil (light motakoetan, %20) eta, gainera, gatz asko-asko daukate: ohikoen edukiaren %0,6 eta %2 bitartean eta light motakoen %2,5. Dena den, era bateko eta besteko patata frijituen batez bestekoaren aldean, light motakoek ohikoek baino bi halako gatz daukate.

Prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Lays eta Lays light laginek agertu dute. Bakoitza bere kategorian, biak dira merkeenak eta epai-mahaiko kideei gehien gustatu zaizkienak. Dastatze proban itxura, tamaina, zaporea eta bukaera, kraskatze-gradua eta gatz-puntua balioztatu ziren.

Ongi landuak, ongi samar etiketatuak

Kalitate-araua (gatza eta hezetasun gradua) lagin guztiek betetzen dute eta, gainera, higiene eta osasun aldetik egoki daude. Produktu horren nutriente nagusiak patatatik datozen karbohidratoak (produktuaren %43 eta %57 artean dabiltza) eta gantza (eduki osoaren %30 eta %43 artekoa) dira, bigarrena frijitzeko olioan datzana. Light motakoen bereizgarria karbohidrato gehiago (%67) eta gantz gutxiago (%20) edukitzea da. Proteina, patatarena soilik, urri agertzen da: produktuaren %4 eta %7 artean baizik ez. Hezetasuna ere txikia da: zazpi laginetatik seitan, produktuaren %1,5 baizik ez da ura. Hortik irteten den laginean ere, %3an baizik ez da agertzen. Ur-eduki urri hori da ontziratutako patata frijituen energia-ekarpen itzelaren arrazoi nagusietako bat.

Hiru lagin arauz kanpo uzten dituzten bi irregulartasun hauteman dira etiketetan: Celigüeta Light laginak ezin eraman lezake “patata frijituak” izendapena, patataren ordez “produktu aperitibo frijitua” baita; bestetik, Lays markako biek, izendapenean gatza aipatzen dute baina etiketan ez dute zehazten osagai horren kopururik. Sarriegui eta Santa Ana dira informazio nutrizionala ematen duten lagin bakarrak (argigarri hori, dena den, eskertzekoa da baina ez derrigorrezkoa, legez).

Kalitatea

Patata frijituen kalitatea epaitzeko, azterketa kimikoa egin eta produktua dastatzea ez da aski. Legeriak aintzat hartuak ez baditu ere, beste hainbat parametrok -hala nola ale akastun edo hautsien kopurua- produktuaren kalitatean eragin bizia dute eta kontsumitzaile askotxok garrantzi handia aitortzen diete. Sarriegui markako patata-aleen %57 akatsak dituzte (halakotzat jo dira patata oliotsuak, elkarri itsatsitakoak, hanpatutakoak, gaizki zuritutakoak, berdatsak, kanpo zein barrutik ilun edota xigortuegiak daudenak) baina gainerakoetan horrelako akastunak ez dira %25etik gorakoak. Akats gutxien dituena Lays (%16) da. Celigüeta Light laginak akatsik ez duen arren hori normala da: hauek ez dira, besteak bezala, patata-xerrak, itxura hori harturiko orezko xaflak baizik.

Produktuaren osotasunari dagokionez, hautsitako patatak -halakotzat jotzen dira jatorrizko xerraren erdia baino gutxiago agertzen dutenak eta 6 cm2 baino azalera handiagorik ez dutenak- %10 (Celigüeta Light) eta %54 (Celigüeta) artean dabiltza. Gainerakoetan, hautsitako aleak edukiaren %31 eta %20 artean daude.

Patata frijituak eta osasuna

Sarriegui laginean izan ezik (honek patatak frijitzeko oliba olioa baliatu baitu eta, kiloko, 13 eurotik gora doan bitartean, light ez diren gainerakoen prezioa ez da iristen 6 eurora), frijitzeko gantz edo koipea hazi-olioa da: ekilore-olioa bost laginetan eta artoa beste batean. Jakina denez, landarezko olioek ez dute kolesterolik; beraz, lagin guztien gantz-azidoen profila osasuntsua da, gantz-azido ez-saturatuak (guztien %90, batez beste) saturatuak (%10) baino askoz ere ugariago baitira; dena den, “ohiko” Lays patatak nabarmentzen dira, ez-saturatuen proportzioa %98,5eraino iristen baita. Sarriegui markakoak, oliba oliotan frijituak dauden arren, ez dira gainerakoak baino osasungarriagoak eta ez dira dastatze-proban bat ere nabarmendu. Bestetik, ikuspegi nutrizionaletik egiaztatu zen: patata-xerrak baliatzen dituztenak eta, legeria urratuta, irina eta patata-fekuladun orea erabiltzen dituztenen artean ez dago alderik.

/imgs/20051001/patatas.jpg Ahalmen asegarri apalagokoak badira ere (hortxetik datorkigu gehiegizko pisua areagotzea: ez dira janariaren osagai, aperitibo baizik) ehun gramo patata frijituk dieta orekatua osatzen duten sarrera gehienek (oreak, lekaleak, barazkiak, entsaladak) baino kaloria gehiago dituzte. Patata horien balio dietetikoa hutsaren pareko da: kaloria eta gantz asko, ia bitamina eta zuntzik ez, proteina gutxi eta aipatzeko moduko mineral bakarra gutxien komeni zaiguna da, sodioa, alegia. Horrek esan nahi du, nutrizioaren ikuspegitik, alferrikako jangaia dela. Horregatik ez da aholkatzen era askotako osasun-arazoak (obesitatea, diabetesa, hiperkolesterolemia, hipertriglizeridemia, trastorno hepatiko eta behazunekoak, digestio zailak, hipertentsio arteriala eta likido-atxikipenarekin lotura duten gaixotasunak) nozitzen dituzten pazienteen dietan sartzea.

Akrilamida ote da XXI. mendeko arriskua?

Potentzialki kantzerigenoa den substantzia hau, karbohidrato ugari duten elikagaiak -patata, adibidez- tenperatura handiz berotzean sortzen da. Akrilamida maiz kontsumitzea eta desoreka neurologikoak agertzea ere eskutik omen datoz. Substantzia hau ez da mintzagai bihurtu duela urte gutxi arte eta oraindik ere polemika zientifikoak bizirik dirau: aditu denak ez datoz bat akrilamidak gizakien osasunean izan ditzaken eraginez aritzean, animalientzat kaltegarria dela frogatu arren.

Patata frijituek duten akrilamida-edukia txikia da lagin guztietan, batetik bestera aldeak hautematen badira ere: Celigüeta Light eta Vicente Vidal laginek 0,1 miligramo daukate produktuaren kilo bakoitzeko (mg/kg); Celigüeta eta Sarriegui 0,25 eta 0,35 mg/kg tartean dabiltza eta Lays eta Santa Ana, berriz, 0,5 eta 0,6 mg/kg artean; eduki handienekoa, inondik ere, Lays Light da: 1,25 mg/kg. Eduki horiek apalak direla esateak ba omen du euskarririk: elikagaiek gehienez eduki izan dezaketen akrilamida kopurua ez Espainian eta ez Europar Batasunean xedatu ez den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) arriskugarritzat jo du egunean eta kontsumitzailearen kilo bakoitzeko 0,1 miligramo baino gehiago hartzea. Adibidez, 70 kiloko pertsona batentzat dosi kaltegarria 7 miligramotik gora luzaro hartzea litzateke; hau da, bestela esateko, gizaki horrek akrilamida gehien daukaten patata frijitu horietatik ia sei kilo kontsumitu beharko lituzke egunero.

Nolanahi ere, argi dago gauza bat: zenbat eta gutxiago kontsumitu, orduan eta hobe. Baina egunero zenbat irensten dugun kalkulatzeko eragiketa matematiko askotxo egin behar da, substantzia hori daukaten elikagaiak ugari dira eta. NBEko adituen batzorde batek substantzia hori elikagaietan murrizteko bidearen bila segi dezan eskatu dio oraindik orain elikagai-industriari. Iturri bibliografikoen arabera, akrilamida daukaten elikagaien batez besteko edukiak honela agertzen dira, goitik behera: gailetak, ogi xigortua eta cracker izenekoak (0,42 zm: zati milioiko hau neurri-unitatea da, mg/kg horren baliokidea), gosaltzeko laboreak (0,3 zm), kafea (0,2 zm), opil industrialak: 0,11 zm), ogia (0,05) zm eta kakao-hautsa (0,07 zm).

Aldizkari honek azterturiko patata frijituen akrilamida-edukiak Europako beste hainbat herrialdetako hedabide espezializatuetan argitara emanikoen parekoak dira eta, hortaz, ohikoak eta aurrikusteko modukoak, produktu honetaz ari garela. Horrek, ordea, aperitibo hori inoiz edo behin eta kopuru txikitan kontsumitzen bada ere, ez digu arreta desbideratu behar: akrilamida daukaten elikagaien zerrendan patata frijituak (azterketa honetan, eduki osoaren batez beste 0,46 zm eta laginetako batek kopuru horren ia hiru halako dituela) lehen postuan agertzen dira, ondotik gaileta, ogi xigortu, craker eta gosaltzeko laboreen aurretik.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Patata frijitu ontziratuen sei lagin aztertu dira; zazpigarren lagina (Celigüeta Light), “patata frijituak” izendaturik datorren arren, egiaz eta indarreko arautegiaren arabera -lagin horrek urratzen duena, hain zuzen-, “aperitiboko produktu frijitua” da, patata xerrak baliatu ordez, irina eta patata-fekula erabili dituelako. Bi laginek bere burua “light” agertzen dute.
  • Formatuak 125 gramotik (Celigüeta Light) 300 gramoetaraino (Santa Ana) doaz; prezioak, berriz, kiloko 4,95 eurotik (Lays) 13,20 eurora arte (Sarriegui: oliba olioa baliatzen duten bakarrak).
  • Gatz, kaloria eta gantz asko dauzkate denek. Ez da komeni maiz, ezta ugari hartzea ere.
  • Light motakoek %45 gantz gutxiago daukate eta %15 kaloria gutxiago, baina besteek baino gatz gehiago.
  • Celigüeta Light eta Lays markako biek (gatz proportziorik ez agertzearren) etiketaren gaineko arautegia urratzen dute.
  • Gantz-azidoen profila biziki osasungarria da lagin guztietan, gantz-azido ez-saturatuen proportzioa (%90) handiagoa baita, inondik ere, saturatuena baino (%10).
  • Lays eta Lays Light laginek ematen dute kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena: bakoitza bere kategorian, merkeenak dira biak eta dastatze-proban gehien gustatu zaizkienak epai-mahaikideei.
Lays Santa Ana Vicente Vidal Celigüeta Sarriegui Lays Celigüeta
Salmenta-izendapena Patata frijitu lauak Patata frijituak Patata frijituak Txurreriako patata frijituak Patata frijituak Patata frijitu lauak Light patatak
Prezioa (euro kiloko) 4,95 5,00 5,14 5,80 13,20 7,00 7,60
Etiketa Ez dago zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Ez dago zuzen Ez dago zuzen
Pisu garbia (g) 200 300 250 150 150 170 125
Hezetasuna (%) 1,4 1,4 1,7 1,1 1,5 1,4 3
Proteina (%) 4,3 6 7 5,5 3,8 6,9 4,6
Karbohidratoak (%) 57 54,4 56,8 48,6 43,3 66,6 67,4
Gantza (%) 33,2 33,5 30,5 41,8 43,4 19,6 20,8
Saturatua (%) 1,5 9 13,6 12,4 12,7 11 8,4
Ez-saturatua (%) 98,5 91 86,4 87,6 87,3 89 91,6
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 544 543 530 593 579 470 475
Olio mota Arto olioa Ekilore olio (oleiko garaia) Ekilore olioa Ekilore olioa Oliba olioa Ekilore olio (oleiko garaia) Ekilore olio (oleiko garaia)
Gatza (%) 1,8 1,9 0,8 0,6 0,8 2,5 2,6
Akrilamida (mg/kg)1 0,52 0,61 0,15 0,24 0,37 1,25 0,11
Akatsak (%) 2 16,1 22,2 18,5 22,6 56,6 24,7 0
Hautsitako aleak (%) 3 30,9 20,5 23,2 54,2 20,6 24,6 10,3
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Cata (de 1 a 9) 7,1 5,7 5,3 5,6 5,8 7,2 5,8

1.– Akrilamida: potentzialki kantzerigenoa den substantzia hau, karbohidrato ugari duten elikagaiak tenperatura handietan berotzean sortzen da

2.– Akatsak: halakotzat hartzen dira patata oliotsuak, elkarri itsatsitakoak, hanpatutakoak, azal asko dutenak, berdatsak, kanpo zein barrutik kolore ilunekoak eta xigortuegiak

3.– Hautsitako aleak: jatorrizko xerraren erdia baino gutxiago daukatenak eta 6 cm2 baino azalera handiagorik ez dutenak.

Zazpi laginak, banan-banan

Zazpi laginak, banan-banan

Lays "Patata frijitu lauak"

/imgs/20051001/lays.jpg 200 gramo. 4,95 euro kiloko. Arto-olioa. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Etiketa ez dago zuzen: ez du adierazten gatz kopururik (handia den arren), nahiz eta osagai hori ontzian nabarmentzen den. Ale akastun gutxi (%16). Light ez diren gainerako lagin gehienak baino gaziagoak (edukiaren %1,8 gatza da). Gantz-azidoen profilik osasungarriena (%98,5 gatz ez-saturatuak dira). Dastatze proban, 7,1 puntuz, hoberenak: gatz-puntua, kraskatsutasuna eta itxura goraipatu zaizkie.

Santa Ana "Patata frijituak"

/imgs/20051001/santa.jpg 300 gramo 5 euro kiloko. Ekilore olioa (oleiko garaia). Light ez diren denetan gazienak (%1,9, gatza). Dastatze proban, 5,7 puntu: kraskatsuak izatearren, itxuragatik eta olio-puntuan daudelako gustatu zaizkie epai-mahaikideei; zapore eskasa, gogortasuna eta tamaina txikia, ordea, kritikatu zaizkie.

Vicente Vidal "Patata frijituak"

/imgs/20051001/vicente.jpg 250 gramo.
5,14 euro kiloko. Ekilore olioa.
Aldea handia ez den arren, light ez direnetatik kaloria eta gantz gutxien dauzkatenak diraeta gatz gutxi dute (%0,8).
Dastatze proban, 5,3 puntu: olio-puntua, kraskatsuak izatea eta itxura gustatu zaizkie epai-mahaikideei; zapore eskasa, minduak egotea, oliotsuegiak egotea, txikiegiak izatea eta uzten duten zaporea, ordea, kritikatu zaizkie.

Celigüeta "Txurreriako patata frijituak"

/imgs/20051001/celigueta.jpg 150 gramo.
5,8 euro kiloko. Ekilore olioa.
Gantz asko, kaloria gehien (593 ehun gramoko) baina gatz gutxien daukatenak (%0,6). Hautsitako ale asko (%54).
Dastatze proban, 5,6 puntu: kraskatsuak izatea gustatu zaizkie epai-mahaikideei; oliotsuegiak egotea eta txikiegiak izatea, ordea, kritikatu zaizkie.

Sarriegui "Patata frijituak"

/imgs/20051001/sarriegui.jpg 150 gramo.
13,20 euro kiloko: denetan garestienak.
Oliba oliotan frijituriko bakarrak (gainerakoak hazi oliotan frijituak daude).

Gantz gehienekoak (%43) eta kalorie gahien dituztenen artekoak (579 kaloria ehun gramoko) baina, aldi berean, gatz gutxien dutenetakoak (0,8%). Ale akastun gehien dituen lagina (56%).
Dastatze proban, 5,8 puntu: gatz-puntua, ukitu kraskatsua eta kolorea gustatu zaizkie epai-mahaikideei; zaporerik eza, oliotsuegiak egotea eta txikiegiak izatea, ordea, kritikatu zaizkie.

Lays Light "Patata frijitu lauak"

/imgs/20051001/lays2.jpg 170 gramo.
7 euro kiloko.
Ekilore olioa (oleiko garaia).
Azterturiko light bietatik hoberena.
Etiketa ez dago zuzen: ez du adierazten gatz kopururik (handia den arren), nahiz eta osagai hori ontzian nabarmentzen den.
Lays “ohikoen” aldean, %40 gantz gutxiago, %14 kaloria gutxiago, %40 gatz gehiago.
Dastatze proban, 7,2 puntuz, hoberenak: gatz-puntua, kraskatsutasuna eta itxura goraipatu zaizkie, kontsumitzaile batzuek “gantzatsu samar” bilatu zituzten arren.

Celigüeta Light "Light patatak"

/imgs/20051001/celigueta2.jpg 125 gramo.
7,60 euro kiloko.
Ekilore olioa (oleiko garaia).
Patata-xerrak baliatu ordez, irina eta patata-fekulaz osaturiko orea darabilenez, etiketa ez dago zuzen: okerreko salmenta-izendapena da hori.
Celigüeta “ohikoen” aldean, %50 gantz gutxiago, %20 kaloria gutxiago, lau aldiz gaziagoak. Ale akastunik ez duen lagin bakarra eta hautsitako ale gutxien daukana (%10)
Dastatze proban, 5,8 puntuz, gatz-puntua, tamaina eta ukitu kraskatsua goraipatu zaizkie; kontrako alderdian, zapore eskasa eta kolore hitsa.