Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Dokumentu azterketa egin dugu kalitate ziurtagiri bereziak (JIB eta AGB) dituzten nekazaritzako produktuen egoera zertan den jakiteko : JIBak eta AGBak: nortasun, tradizio eta aniztasun ikurrak

2013. urtean nekazaritzako 175 produktuk zeuzkaten Espainian Jatorri Izen eta Adierazpen Geografiko babestuen zigilua (ardoak eta beste edari alkoholdun batzuk kontatu gabe)

JIP e AGB: kopurua eta desberdintasunak

Aniztasun handia

2013. urtean, nekazaritzako 175 produktuk zeukaten Espainian kalitate zigiluren bat, MAGRAMAk emandako datuaren arabera (hor ez dira sartzen ardoak, sagardoa eta edari destilatuak, alkoholdunak baitira). 15 taldetan sailkatzen dira: gaztak, haragi freskoak, urdaiazpikoak eta besoak, oliba olio birjina, fruta freskoak, ogi, pastel eta gozoak, barazki freskoak, arrainak eta itsaskiak, arroza, hestebeteak eta beste haragi produktu batzuk, ongailuak eta espeziak, eztia, gurina, lekaleak eta ozpinak.

1988. urteaz geroztik (Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu eta urtebetera), handitu eta handitu joan da kalitate zigiluren bat (JIB edo AGB) duten produktuen kopurua, eta orduan halako 11 dira orain: 15 ziren garai hartan eta 2013. urtean, berriz, 175. Bereziki nabarmentzekoa da 90eko urteetan izan zen gorakada: %20ko igoera izan zuten 1990. urtean eta %56koa 2000. urtean (kalitate zigilua zuten nekazaritzako 78 produktu zeuden orduan).

2013. urtean, honako talde hauek zuten elikagai kopururik handiena kalitate zigilu berezi batekin: oliba olio birjina (29), gaztak (28), barazkiak (24) eta frutak (21). Lau talde horien artean, Espainian eman diren kalitate zigiluen bost herenak dauzkate.

Egungo egoera hori den arren, gauzak asko aldatu dira 25 urtean. 1988. urtean, JIBa eta AGBa zuten talde bakarrak gaztena, oliba olio birjinarena, urdaiazpikoena, barazkiena, arrozarena eta lekaleena ziren. Hiru hamarkadatan, beste elikagai talde batzuk gehitu zaizkie horiei: aztertu ditugun taldeen artean, gehienek 90eko hamarkadan lortu zuten zigilua, salbu eta arrainek eta itsaskiek, ozpinek, gurinak eta zereal eraldatuek; horiek 2000. urtea igarota egin zuten.

Autonomia erkidegoka, Andaluziak du JIB eta AGB zigilua daukaten produktu gehien, 29 hain zuzen, eta ondotik datoz Katalunia (20), Galizia (18), Gaztela eta Leon (17), Gaztela Mantxa (13), Valentzia (11) eta Extremadura (10). Zazpi lurralde horietan biltzen dira Espainiako Estatuan kalitate zigiluak dituzten produktuen %67. Horretaz gain, badira JIBa eta AGBa duten zortzi produktu erkidegoz gaindiko, hau da, erkidego batean baino gehiagotan lantzen direnak.

JIBa edo AGBa: non dago aldea?

Kalitate zigilua duten nekazaritzako 175 produktuetatik, JIBa daramate %55ek eta AGBa %45ek. Guztiek dute kalitate bereizgarri bat, Europako araudiak babestua (2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (UE) Araudia, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena), eta, hortaz, kalitate ezaugarri berezi batzuk betetzen dituzte guztiek (gainerako elikagaiei eskatzen zaizkien baldintzak baino zorrotzagoak bete behar izaten dituzte). Sail bat baino gehiago dago:

Jatorri Izen Babestua (JIB): produktu horien kalitateak edo ezaugarriek lotura dute ekoizten den inguru geografikoarekin eta naturako faktore eta giza faktoreekin. Izena ematen dien inguru geografiko horretan lortzen, eraldatzen eta elaboratzen dira beti. 2013. urtean, kalitate berezia zuten 175 produktuetatik 96 ziren sail horretakoak. Olioaren, arrozaren, gurinaren, ongailu eta espezien eta ozpinen taldean, sail horretakoak ziren produktu guztiak. Hona hemen adibide batzuk: Errioxako olioa, Ebroren Deltako arroza, Soriako gurina, Verako piperrautsa eta Jerezko ozpina.

Adierazpen Geografiko Babestua (AGB): jatorri geografiko bati atxiki dakiokeen tasun jakin bat, ospe bat edo bestelako ezaugarriren bat izaten dute produktu horiek. Izena ematen dien inguruan ekoizten, eraldatzen eta elaboratzen dira. 2013. urtean, kalitate berezia zuten 175 produktuetatik 79 ziren sail horretakoak. Sail horretakoak ziren haragi freskoen taldeko produktu guztiak eta berdin beste hauetakoak ere: hestebeteak eta haragi produktuak, zereal eraldatuak, eta ogiak eta gozoak. Adibide gisa jar daitezke Galiziako txahalkia, Bierzoko botilloa, Leongo zezina, Kanarietako gofioa edo Pas-eko sobaoa.

Espezialitate tradizional bermatuak (ETB). Sail bereko beste elikagai batzuekin alderatuta, ezaugarri espezifiko bereziak dituzten produktuak dira. Horrekin batean, lehengai tradizionalak erabiliz ekoitzi behar dira edo haien osaerak, ekoizteko moduak edo eraldatzekoak tradiziozkoa edo artisau erakoa izan behar du. Espainiako Estatuan 4 bakarrik daude: urdaiazpikoa, etxaldeko esnea, panellet direlakoak eta Castilleja de la Cuestako olio opilak.

Azkenik, ekoizpen ekologikoa dago. Nekazaritzako eta abeltzaintzako teknika multzo bati jarraituz ekoitzitako produktuak biltzen ditu; teknika horietan, baztertu egiten da produktu kimikoen erabilera, ingurumena zaintzeko helburuz, zoruaren emankortasuna mantentzeko eta handitzeko helburuz eta beren ezaugarri natural guztiak atxikiko dituzten produktuak eskaintzeko helburuz. Sail horretako adibideetan, arrautza ekologikoak aipa daitezke, fruta biologikoa eta gazta ekologikoak.

Komeni da sailak ongi bereiztea eta bakoitzak zer esan nahi duen jakitea. Hauxe da horren arrazoia: Origen España erakundeak egindako kalkuluen arabera, 2013. urtean 90 milioi euro galdu ziren iruzur bidez, hau da, produktu generikoak kalitate berezikoak balira bezala saldu zituztelako (erakunde horri lotutako 42 JIBen eta AGBen izena beretzat hartu zuten produktu horiek). Erakunde horrek dioenez, kasuen %15etan, produktua ez dator bat JIBaren edo AGBaren zigiluek babesten dituzten horiekin. Kalitate zigilu horien atzean Kontseilu Arautzaileak daude, horien ardura da araudia zorrotz betetzen dela egiaztatzea, baina, hala ere, iruzurrak gertatzen dira hainbatetan.

Ardoa: kalitate zigiluen jatorria

Ez daiteke jatorri izenez eta adierazpen geografikoez hitz egin ardoa alde batera utzita. Edari horiek, izan ere, kalitate zigilu bereizgarrien historiaren zati dira. Mercasaren arabera, Espainiako Estatuan (Frantzian eta Italian bezala), ardoak babesteko sortu ziren jatorri izenak.

Era honetako izena duten ardoek leku handia hartzen dute Espainiako Estatuko merkatuan. 2013. urtean MAGRAMAk, guztira, Jatorri Izen Babestua duten 102 ardo zenbatu zituen eta Adierazpen Geografiko Babestua zuten beste 41. Hauek dira ardo kalitatez berezi gehien dituzten lurraldeak: Jatorri izen babestua dutenen artean Gaztela Mantxa (17), Gaztela eta Leon (12), Katalunia (12) eta Kanariar Uharteak (11) eta Adierazpen Geografiko Babestua dutenen artean, Andaluzia (16).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak