Azterketa dokumentala egin dugu jaiotza kopurua nazioartean eta Espainiako Estatuan nola dagoen jakiteko

Jaiotzak jaitsi eta jaitsi ari dira. Espainiako Estatuan 18,7 haur jaio ziren 1.000 pertsonako 1976. urtean, eta 2014an, aldiz, 9 baino ez.

Adituek behin eta berriz nabarmendu dute ugalkortasuna laguntzeko politikak jarri behar direla abian lehenbailehen; besteak beste, seme-alaben kostuak birbanatzea proposatzen dute, lanaldia berrantolatzea eta aitatasun eta amatasun baimenak emateko politikak berrikustea
1 urria de 2015
Img tema de portada listado 165

Jaiotzak jaitsi eta jaitsi ari dira. Espainiako Estatuan 18,7 haur jaio ziren 1.000 pertsonako 1976. urtean, eta 2014an, aldiz, 9 baino ez.

Jaiotza tasa kezka iturri handia da gaur egun herrialde askotan, eta Espainiako Estatuan ere halaxe da. Hamarkada batzuk badira ordezkatze tasara iristen ez dela; tasa hori 2,1 haurrekoa da emakume bakoitzeko, eta horixe da gutxieneko ugalkortasun indizea populazioak denboran iraun dezan bolumenik galdu gabe.

Ugalkortasun tasa egokiari esker, gizarteek eutsi egin diezaiokete ongizate mailari eta hazkunde ekonomikoari. Paul Wallace ekonomialariaren arabera, “gizarte baten inbertsio nagusia bere buruari segida ematea izan behar du”. Izan ere, ugalkortasun indizeak modu jarraituan jaisten badira, populazioa zahartzeak eragin kaltegarria izan dezake BPGaren hazkundean. Espainiako Estatuan muturrekoa da egoera, jaiotza tasak jaitsi eta jaitsi ari direlako; kalkuluen arabera, adineko herritarrenganako mendekotasun ratioa %140 handituko da 2050. urterako.

Bestalde, jaiotzen auzia funtsezkoa da gizakiarentzat, ez baita ahaztu behar haurrak izatea bizitza honetako desiretako bat dela herritar askorentzat. Hain zuzen, herrialde aurreratuetako gizon-emakumeek bi haur edo gehiago edukitzeko asmoa agertzen dute. Baina alde handiak ari dira sortzen herritarrek izaten duten haur kopuruaren eta izan nahi luketenaren artean. Espainian, adibidez, emakumeen %30ek haur bakarrarekin etsi behar izaten dute.

Egoera horren aurreran, EROSKI CONSUMERek lehen eskutik aztertu nahi izan ditu datu estatistikoak, ugalkortasunaren egoera nola dagoen jakiteko bai munduan eta bai Espainiako Estatuan ere. Datu horiekin, jaiotza tasaren arazoak zer-nolako bilakaera izan duen ikus daiteke. Horretarako, nazioarteko erakundeek berriki argitaratu dituzten zenbait ikerketa berrikusi ditugu (Nazio Batuak eta Datuen Munduko Bankuak), baita Espainiako erakundeek egindakoak ere (INE Estatistika Institutuak emandako datuak, besteak beste).

Ondorio nagusia da herrialde aurreratuak galtzen ari direla ugalkortasuna, eta Espainia ere horien artean dago. Europako herrialde batzuk hasi dira neurriak hartzen joera hori iraultzeko, eta lortu ere egin dute ugalkortasun tasa orekatuari eustea.

Espainian ez da neurririk hartu, eta joerak lehengo bera izaten jarraitzen du: jaiotza tasak behera eginez jarraitzen du. Hori dela eta, adituek behin eta berriro diote ugalkortasuna laguntzeko politikak jarri behar direla abian, horrela jarraituz gero etorkizuna ez baita izango batere itxaropentsua.

Ugalkortasuna munduan

Munduan

Ugalkortasuna nabarmen apaldu da munduan 60ko hamarkadatik hona; zehazki, 1964. urtetik aurrera, ordu arte emakume bakoitzak, batez beste, 5 haur izaten zituen eta. Zifra horretara iristerik ez da lortu geroztik, eta, gaur egun, ugalkortasunaren batez besteko indizea 2,5 haurrekoa da emakume bakoitzeko.

Azken mende erdian, munduko eremu guztietan jaitsi da ugalkortasuna, baina ez erritmo berean: Ekialdeko Asian eta Pazifikoan %70 jaitsi da eta Saharaz hegoaldeko Afrikan %24.

Edonola ere, 60ko hamarkada hartan eremu bakoitzak ugalkortasun maila jakin bat zuen, ez guztiek berbera. Esaterako, Ekialde hurbilean, Afrikan, Hegoaldeko Asian, Ekialdeko Asian, Pazifikoan, Latinoamerikan eta Karibean oso handia zen ugalkortasun tasa (6 haur baino gehiagokoa emakume bakoitzeko); Europan, Erdialdeko Asian eta Ipar Amerikan, berriz, apalagoa zen (3,5 haurrekoa emakume bakoitzeko).

Handik 50 urtera, Saharaz hegoaldeko Afrikak baino ez du ugalkortasun tasa handia (5,1 haurrekoa emakume bakoitzeko). Latinoamerikan, Karibean, Ekialde Hurbilean, Afrika iparraldean eta Hegoaldeko Asian moderatua da indizea (2,5 haur ingurukoa emakume bakoitzeko), eta Europan, Erdialdeko eta Ekialdeko Asian, Pazifikoan eta Ipar Amerikan, txikia (2 haur baino gutxiagokoa emakume bakoitzeko).

Nazio Batuen Erakundeak 2014. urtean egindako txosten baten arabera, ugalkortasuna zertxobait handitu zen Europako zenbait herrialdetan, baina ez da aski izan ordezkapen tasara iristeko (2,1ekoa da emakume bakoitzeko, eta horixe da gutxieneko ugalkortasun maila populazio batek bolumenik galdu gabe iraun dezan denboran, migrazioak kontuan hartu gabe).

Horrela, Europa mendebaldeko herrialdeetan (Austrian eta Alemanian, adibidez) eta Europa Ekialdeko eta Hegoaldeko ia herrialde guztietan, emakume bakoitzak 1,5 haur baino gutxiago izan zituen 2014. urtean; hau da, ugalkortasun maila aski apaletan dabiltza horiek guztiak.

Oro har, lehenbiziko haurra izaten duten emakumeen batez besteko adina igo egin da bai ugalkortasun txikia duten herrialdeetan eta bai handia dutenetan. Azken horietan, dena den, oraindik ere oso gazteak dira emakumeak, batez ere Saharaz hegoaldeko Afrikan, non 9 herrialdetan 19 urtez beherakoa den adin hori. Ugalkortasun handiko herrialdeetan, hala ere, nabarmen igo da antisorgailuen erabilera, batez ere Ekialdeko Afrikan.

Ugalkortasun txikia duten herrialdeetan, berriz, oso ohikoa da lehenbiziko haurra izateko adina atzeratzea. Adibidez, Grezian, Italian, Luxenburgon eta Suitzan emakumeek 30 urterekin izaten dute lehenbiziko haurra.

Espainiaren kasu berezia

Espainiako Estatuan

Espainiako Estatuan ere inguruko herrialdeetako joera bera ageri dute jaiotza tasek. INEren arabera, 2014. urtean, guztira 426.303 haur jaio ziren Estatuan (behin-behineko datuak dira). Azken sei urteetan lehen aldiz, handitu egin da jaiotza kopurua, baina %0,1 besterik ez 2013. urtearekin alderatuta (588 haur gehiago). 2008. urtean izan zen jaiotza gehien (519.779 haur) eta ordudanik, jaiotza kopurua jaitsiz joan da eta ez du hartu lehengo biderik.

Azken urtean gorakadatxoa izan arren, adituek diote joera ez dela aldatu. Haien esanetan, 2012ko mailara heldu da berriz ere, 2008. urteaz geroztik beherantz egin ondoren krisiak eragindako beldurraren eraginez, batez ere 2009. eta 2013. urteetan.

Hortaz, azken urteko ilusio hori gorabehera, datuak ez dira pozteko modukoak. Emakume bakoitzak gaur egun batez beste 1,3 haur dauzka Espainian, eta zifra hori oso urruti dago 1976. urtekotik: orduan 2,8 haur izan zituen emakume bakoitzak. 1980. urteko jaiotza kopurua izan zen ordezkatze tasara iritsi zen azkena (urte hartan, batez beste 2,2 haur izan zituen emakume bakoitzak).

Atzera begiratuta, beraz, argi ikusten da jaiotza tasak izugarri apaldu direla Espainiako Estatuan: 1976. urtean, 18,7 haur jaiotzen ziren 1.000 pertsonako, eta gaur egun, 9 baino ez. Erdira jaitsi dira hortaz.

Bestalde, INEren arabera, 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen kopurua ere (ama izateko adinean daudenena) jaisten ari da 2009. urteaz geroztik. Urte hartan, 11,6 milioi emakume zeuden ugaltzeko adinean, eta orain 10,9 milioi dira.

Beherakada hori hiru arrazoik eragin dute. Lehenik, adin tarte horretara iristen ari direlako hain kopurutsuak ez diren belaunaldiak, 80ko urteetako eta 90eko lehen erdiko ugalkortasun krisian jaio zirenak. Bigarrenik, kanpo immigrazioak ekarpen txikiagoa egin duelako. Eta, hirugarrenik, azken urteetan handitu egin delako kanporako emigrazioa.

Ama izateko batez besteko adina, berriz, 31,8 urtekoa izan zen 2014an, aurreko urtean baino zertxobait handixeagoa (31,7koa izan zen). Ia 40 urtean, emakumeek hiru urtez atzeratu dute amatasuna (1975.urtean, batez beste 28,8 urterekin izaten ziren ama lehen aldiz).

Etorkizunean ere jaiotza kopuruak jaisten jarraituko duela aurreikusten dute adituek, ugalkortasun tasa oso apala delako eta ugaltzeko adinean dauden emakumeen kopurua ere beherantz doalako.

Jaitsiera “izugarria”

Anales de Pediatría aldizkarian berriki argitaratu den ikerlan batean (Jesus Maria Andresek koordinatu zuen, 2014an), 1941etik 2010a bitarte Espainian erregistratu diren 38 milioi jaiotzak aztertzen dira. Ondorio hauxe ateratzen dute egileek: jaiotza kopuruan “beherakada izugarria” gertatu da, eta ez dirudi joera hori irauliko denik.

Era berean, 2013. urtean egindako beste ikerlan batek dio Espainiako egoera deigarria dela (El déficit de natalidad en Europa izenekoa, Esping-Andersen adituak egina). Izan ere, ugalkortasun tasa herrialde aurreratu guztietan jaitsi da, baina Espainian beste inon baino handiagoa izan da beherakada hori.

Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Europako herrialde batzuk izan daitezke horren adibide (Erresuma Batua, Frantzia, Herbehereak eta Eskandinaviako herrialdeak): jaitsiera apalagoak gertatu ziren bere garaian, eta gerora berriz ere gora egin eta orain oreka egonkor samarra lortu dute ugalkortasunean (bi haur inguru emakume bakoitzeko).

Orduan, zein da Espainiaren arazoa? Espainiak ugalkortasun tasarik handiena izan zuen Europan 1970. urtean (2,9 haur emakume bakoitzeko) eta 1998. urtean, aldiz, munduko indizerik apalena ageri zuen (1,15 haur). Zer gertatu da hor?

Jesus Marua Andres pediatraren ikerlanean, beherakada horren atzean egon litezkeen faktore soziokultural batzuk aipatzen dira. Adibidez, emakume gehiago ari direla soldatapeko lanean, jende gehiagok dituela unibertsitateko ikasketak, familia-errenta handitu egin dela eta bizimodua aldatu egin dela Espainian.

Aldaketa horiek, ordea, berdin gertatu dira beste gizarte aurreratu batzuetan ere, eta horietan lortu dute ugalkortasun tasak orekatzea. Hortaz, zer gertatzen da Espainian?

Ze faktorek azaltzen dute egoera hau?

Enplegua eta berdintasuna

Esping-Andersen adituak egindako ikerlanean, gizarte ekintzak egindako ikerlanean, bi alderdiri erreparatzen zaie batez ere: lan baldintzei eta sexuen berdintasunari.

Espainian, gaur egun, langabezia tasa handiek ez dute segurtasunik ematen lan arloan (batez ere langile gazteen artean). Egoera horrek atzeratu egiten du enplegu egonkor bat lortzeko aukera eta independentzia ekonomikoa izatekoa. Ondorioz, familia osatzeko erabakia ere atzeratu egiten da. Gogoan hartu behar da haurrak izateko erabakia estu-estu lotua dagoela segurtasun ekonomikoarekin.

Horretaz gain, Espainiako emakumeek daukaten zailtasun nagusia ez da amatasuna bera, haur bat baino gehiago izateko aukera baizik. Eta hor sartzen da lan arloko malgutasuna, oso garrantzitsua baita lana eta amatasuna bateratu nahi direnean. Esping-Andersen ikerlanean ageri denez, denbora partzialean lan egiteko aukera izateak eta sektore publikoan aritzeak eragin onuragarria izaten du ugalkortasun mailan.

Sexuen arteko berdintasunari dagokionez, ikerlan horrek nabarmentzen du gizarteko arlo guztietan lortu behar dela berdintasuna (bai familiarekin izan beharreko harremanetan eta bai erakundeekin izan beharrekoetan), nahi den ugalkortasun tasa lortzeko.

Politika egokirik ez

Adituek nabarmentzen dutenez, jaiotza kopuruak handitzeko neurri politikorik hartu ez delako izan du halako gainbehera ugalkortasun tasak. Hori dela eta, premiazkotzat jotzen dute lehenbailehen neurriak hartzea. Ildo horretan, hiru lehentasun jartzen ditu Esping-Andersenen taldeak egindako azterlanak:

  1. Aitortza egin behar zaio eta egokitu egin behar gatzaizkio emakumeek heziketarekin eta beren lan ibilbidearekin duten konpromisoari. Prozesu atzeraezina da, eta gizarteak egokitu egin behar du egoera horretara (arlo guztietan).
  2. Seme-alaben kostuak birbanatu egin behar dira. Espainiak ez du sistema egokirik familiak eta seme-alabak laguntzeko, eta 3 urtez azpiko eskoletan izena eman nahi duten haurrak askoz gehiago dira eskaintzen diren lekuak baino. Gainera, aitona-amonek beti ez dute modurik izaten haurrak zaintzeko, eta haur eskola pribatuen prezioak ez dira eskuragarriak familia gehienentzat. Hortaz, jaiotza kopuru txikiei aurre egiteko neurririk eraginkorrena 0 eta 3 urte arteko eskoletan inbertitzea da.
  3. Lan merkatuak egokitu egin behar du. Guztiz premiazkoa da lanaldia erreformatzea (luzeegia da) eta berdin denbora partzialeko kontratazioak ere; horrekin batean, hobetu egin behar da emakume langileen lan babesa eta berraztertu egin behar da amatasun eta aitatasun baimenei dagokien politika (motzegiak dira eta aukera eman behar lukete bi gurasoak seme-alabak zaintzen gelditzeko).
Familia eta lana bateratzeko Espainiako legea

Martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako onartu zenak, neurri hauek ezartzen ditu besteren artean:

Baimen ordainduak

  1. Amatasuna: Hamasei asteko baimena, eta beste 2 gehiago jaio den haurrak, adopzioan hartu denak edo harreran hartu denak ezgaitasunen bat badu.
  2. Aitatasuna: Hamahiru egun etengabeko baimena haurra jaiotzeagatik, adopzioan hartzeagatik edo harreran hartzeagatik, eta beste bi egun lan hitzarmenak onartzen dituenak. Baimen hori autonomoa da amaren baimenarekiko.
  3. Edoskialdia: Egunean ordu bat; nahi izanez gero, egun libreetan pilatu daitezke edo egun osoetan. Bi gurasoak ari badira lanean, batak zein besteak har dezake.
  4. Oporrak: haurdunaldiak, erditzeak edo edoskialdiak aldi baterako eragindako ezgaitasunarekin bat egiten badu edo aitatasun edo amatasun baimenarekin, epe horietatik kanpo hartzeko eskubidea onartzen du.
  5. Beste batzuk: 2 egun gehiago izango dira honako egoera hauetan (joan-etorriren bat egin behar bada, 4 egun):
  • Bigarren gradurainoko ahaideen heriotza, istripu edo gaixotasun larriarengatik, izan ahaide horiek odol bidezkoak edo izan ezkontza bidezkoak.
  • Bigarren gradurainoko ahaideak ospitaleratzearengatik, edo ospitaleratzerik behar ez duen ebakuntza kirurgikoa egiteagatik, etxeko atsedena behar bada.

Baimen ez ordainduak

  1. Lanaldia murriztea: 8 urtez beherako adingabeak zaintzeko edo jarduera ordaindurik egiten ez duten pertsona ezgaituak zaintzeko, baita bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeko ere, izan odol bidezkoak edo izan ezkontza bidezkoak, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez dutenean eta jarduera ordaindurik egiten ez dutenean. Lanaldi murrizketa 1/8 eta lanaldi erdia artekoa izan daiteke, soldata ere murriztuta.
  2. Eszedentziak: bi motatakoak:
  • Borondatezkoa: gutxienez urtebeteko antzinatasuna behar da enpresan, eta iraupena 4 hilabetetik 5 urte bitartekoa izan dezake.
  • Legezko zaintza: ez da izango hiru urtekoa baino gehiagokoa haur bakoitza zaintzeko (izan haurra norberarena, adoptatua edo harreran hartua), jaiotza egunetik hasita.
  • Ahaideak zaintzea: bi urte baino gutxiago bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeko, izan odol bidezkoak edo izan ezkontza bidezkoak, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute adinarengatik, istripuarengatik, gaixotasunarengatik zein desgaitasunarengatik.

Legezko zaintza egiteko eta ahaideak zaintzeko, eskubidea izango dute lehenengo urtean euren postua erreserbatzeko. Gainera, eszedentziako lehen bi urteak Gizarte Segurantzan kotizatutzat jotzen dira haurrak zaintzeko hartu denean, eta berdin lehenbiziko eszedentzia urtea ere, ahaideak zaintzeko denean.