Ganba zuritu ultraizoztuak

Izotz gehiegi eta adierazitakoa baino ganba gutxiago

Azterturiko zazpi laginetatik seitan, benetako ganba kopurua dezente txikiagoa da etiketan adierazitakoa baino
1 apirila de 2004

Izotz gehiegi eta adierazitakoa baino ganba gutxiago

Izoztu edo ultraizoztutako ganba zurituak aztertu dira oraingoan. Zazpi laginak 200 gramotik kilo batera bitarteko formatuetan daude salgai eta berorien prezioan batetik bestera alde handiak daude (produktu xukatuaren egiazko pisuan): kiloko 13,5 eurotik gertu (Elmar eta Froxá) eta 23,09 euro (Frudesa) artekoak.

Itsaski guztien modura ganba ere biziki galkorra denez, tenperatura hotz-hotza eskatzen du kontsumitu arte egoera onean mantenduko bada.

Ganba izoztuek, ebakitzean, mami trinkoa agertu behar dute, izotz kristal edo orratzik gabea. Hobe dugu elikagai izoztuari berez dagozkion gogortasun eta trinkotasunik gabekoak zokoratzea. Ontziak, era berean, egoera onean egon behar du, jela edo izotzik gabe. Hotz katea ez hausteko, itsaski hauek erosi direnetik izozkailuan sartu arte ordubete gehienez pasa daiteke. Desizoztutako ganbek freskoek bezalako itxura, trinkotasun eta usaina izan behar dituzte. Desizoztuz gero hobe da gordinik berriro ez izoztea.

Hainbat irregulartasun atzeman dira: Elmar eta Frudesa laginek ez dute zuzen adierazten pisu garbia eta pisu xukatua eta, Pescanova laginak izan ezik, adierazten dutena baino dezente ganba gutxiago daukate denek; izan ere, Pescanovak izan ezik, produktua babesteko glaseatu edo izotz geruza lodiegia ipini dute guztiek: pisuaren %28tik (Frudesa) %35 arte (Riazor). Beste aldetik, Froxá, Riazor eta Compesca laginek ganben egiazkoa kalibrea (tamaina) baino handiagoa adierazten dute etiketan.

Elmar markako ganbek ez dute gainditu freskotasun proba, horri buruz Espainian araurik ez badago ere. Egoera higieniko-sanitarioari dagokionez, denak zuzen daude, Riazor (erdipurdi) izan ezik.

Dastaketak hala-moduzko emaitzak, berdintsuak, erakutsi ditu: zazpi laginetatik bakar bat ere ez da 6 puntura iritsi. Denetan okerrena Delfín izan da: 4,6 puntu baino ez.

Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Pescanovak eskaini du: dastaketan hoberenak bezain onak izaki, aditibo gutxien dauzkatenak eta denetan freskoenak dira. Egiazko prezioa (glaseatua kontuan hartu gabe) gainerako laginena baino garestixeagoa bada ere, beste bi lagin daude hori baino garestiagoak.

Etiketa

Elmar eta Frudesa laginek arautegia urratu dute. Elmar laginak kopurua “pisu garbi” (ganba gehi glaseatua) eta “pisu garbi xukatu” (ganba hutsa) gisa adierazi ordez, arauak xedatua duen bezala, “pisu gordina” eta “pisu garbia” iragartzen ditu. Izendapen hori ez da zuzena, pisu gordinean ganba, glaseatua eta ontzia ere sartzen direlako eta pisu garbian ganba eta glaseatua. Glaseatua duten produktuetan “pisu garbi xukatua” adierazi beharra xedatua du arauak.

Frudesak pisu bakarra adierazi du (200 gramo), zeini dagokion argitu gabe.

Elikagaia ontzi barruan lagin guzti-guztietan ikusten ez denez, hobe litzateke fabrikatzaileak ganben kalibrea edo tamaina adieraziko balu. Informazio hori, ordea, Froxá, Riazor eta Compesca laginek bakarrik eman dute. Bestetik, ganba aleen kopurua kiloko adieraztea komeniko litzateke, librako egin ordez, libra (0,454 kilogramo) ez baita ohiko unitatea hemen. Nutrizio alorreko informazioa ere agertzea komeniko litzateke baina Delfín, Pescanova, Froxá eta Frudesa laginek bakarrik daukate hori.

Froxá da nabarmentzekoa: derrigorrezko datuak ez ezik, kalibrea eta informazio nutrizionala agertzen ditu ontzian.

Ganba eta nutrizioa

Lagin guztiak Ozeano Indiar eta Barean “erauzpen arrantza” bidez lortu dira. Zazpi laginetako sei ultraizoztuak izan ziren itsasontzian eta Compesca lagineko ganbak izoztuak dira. Elikagaiak izozte hutsa baino azkarrago den ultraizozketari esker ganben egiturak eta nutrizio elementuek alterazio txikiagoak nozitzen dituzte.

Laborategiak ez du aztertu nutrizio alorreko osaketa: fabrikatzaile batzuek gatza gehitzen dutela kontuan izaki, osagaiak denetan berdinak dira: ganbak, izotza eta aditiboak. Kopuruz ari garela, osagai nagusia ura da (%80) eta kalorien ekarpena, berriz, apala: 96 kaloria ehun gramoko. Gantza ere, gutxi daukate: 1,3 – 1,5 gramo 100 gramoko, azido asegabe edo insaturatuak ugariago izaki saturatuak (aseak) baino: hortaz, lipido osaketa osasuntsua dutela esan daiteke. Balio biologiko handiko proteina ugari ere dauka ganbak (21 gramo ehun gramoko), funtsezko aminoazido guztiak dauzkatelarik. Beste muturrean kolesterolen (200 miligramo 100 gramoko) eta purinen eduki handia da (gure organismoan azido uriko bihurtzen diren osagai proteikoak). Mineralez ari garela, fosforo, iodo eta sodioaren ekarpena azpimarratzekoa da. Bitaminetan, berriz, urri: eragin antioxidatzailea duen E bitamina bakarrik aipatuko dugu.

Etxe gehienetan ganba salbuespenezko elikagaia da: sarrera gisa kontsumitu ohi da (baratxuritan, tenpuran, etab.) edota beste hainbat jakiren osagarri gisa: paellan, ore eta onddoekin, entsaladan, tortillan, etc. Horregatik, gure dietan duten eragina apal-apala da baina, kolesterol, purina eta sodio ugari dutenez, neurriz kontsumitu behar ditugu eta hiperkolesterolemia, azido uriko asko, hezueria, giltzurrunetako kalkuluak eta (hipertentsio arteriala, gabezia kardiakoa nahiz likidoen atxikipena nozitzearren) sodio gutxiko dieta egiten dutenek hobe dute ez kontsumitzea. Hainbat itsaski kontsumitu osteko erreakzio alergikoen arrazoia elikagai horren muskulu-proteinek sortarazten dituztenez, horrelakoak pairatzen dituztenek hobe dute ganbarik ez hartzea.

Laborategiak agertu duena

Pescanova laginak izan ezik (adierazitako kopurua baino 5 gramo gehiago baitauka) lagin guztiek adierazitakoa baino dezente ganba gutxiago daukate. Kontsumitzailearen aurkako alde horiek 15 gramotik (Delfín) ia 155 gramoraino doaz (Riazor). Legez baimentzen den gehienekoaren halako bitik gorako aldea agertzea debekatua du arautegiak, aurreneko parametroa edukiaren arabera aldatzen bada ere. Delfín, Elmar eta Riazor laginek urratzen dute hori.

Ganba zurituak eta itsaskia oro har, ur asko daukatelako, oso galkorrak dira eta mikroorganismoek erraz erasotzen dietenez, produktua hainbat eratan babestu beharra dago: babesteko sistema ohikoena glaseatua da. Izotzezko geruza hori esker produktuak ez ditu komertzializazio prozesuan jasan ditzakeen tenperatura eta hezetasun aldaketen eraginak. Glaseatzea da ganba izoztuak ur hotz-hotzetan segundo batzuetan murgiltzea, ur hori mamitu edo jelatu dadin; era horretan, produktua babestuko duen geruza mehe bat osatuko du bere inguruan. Azterturiko laginek, Pescanovak izan ezik (%14 glaseatua), gehiegizko glaseatua zeukaten: %28,6tik (Frudesa) %35,2ra arte (Riazor). Gehiegizko kopuru horiek erraz murritz daitezke produktuaren kalitatearen kalterik gabe.

Froxá, Riazor eta Compesca laginek bakarrik jakinarazi dute ganben kalibre edo tamaina baina, irregulartasun nabarmena eginez, egiazkoa baina ia bikoitza den kalibrea adierazten dute. Ganben kalibrea ezagutzea komeni zaio kontsumitzaileari, segun eta zein errezeta prestatu behar duen tamaina bateko edo besteko itsaskia aukera dezakeelako. Kalibre handienekoak Riazor (115 ale kiloko) dira, ondotik Elmar (152 ale kiloko) datozela. Denetan txikienak Frudesa (329 ale kiloko) eta Delfín (311 ale kiloko) izaki.

Krustazeoa hil ondoren melanosia izeneko prozesu naturala gertatu ohi da: horren ondorioz, animaliaren gorputza kolorez aldatuz doa, tonu ilunetara beti, itsaski horren balio komertzialaren kaltetan. Hori prebenitu eta kontrolatzeko hainbat kontserbagarri erabiltzen ditu industriak. Laborategiak bi aditibo bilatu ditu: sulfitoak (baimendua) eta boro-azidoa (debekatua, toxikoa delako). Lagin bakar batean ez zen atzeman boro-azidorik. Guztirako sulfurosoa (metabisulfito potasikoa) lau laginetan hauteman zen eta ez zen ageri Pescanova, Frudesa eta Riazor laginetan. Aditibo horren agerpenak ganba zurituen kiloko kalkulatu ziren eta 25 miligramotik hasita (Elmar) 110 mg-raino (Delfín) zihoazen; proportzio horiek arautegiak onartuak dira, dena den.

Ganba izoztuen freskotasuna

Oinari lurrunkorren (krustazeoen freskotasun-galeraren ondorioz, proteinak endekatzean agertzen diren sustantzia malmutzak) edukia freskotasunaren adierazle gisa baliatzen da. Laginetan atzemaniko kopuruak onargarri izan ziren Elmar laginekoa izan ezik, honek 49 miligramo nitrogeno zeukala agertu baitzuen, 100 gramo bakoitzeko, hau da, gainerakoek baino askozaz ere gehiago. krustazeo honi dagokion gehieneko mugarik ez du xedatua Espainiako arautegiak baina Txilekoak gehienez ere 30 mg nitrogeno onartzen dio ganbari, ehun gramoko.

Beste laginetan balioak aldatzen dira mg/100g-tik (Pescanova) 16 mg/100g-raino (Delfín).

Amaitzeko, lagin bakar batek ere ez du kloranfenikolen lorratzik agertu: antibiotiko horrek ganbetan bakterio bidezko kutsadura murriztu egiten du baina Europar Batasunean debekatua dago, gizakiarentzat toxikoa delako).

Egoera higieniko-sanitarioa

Ganba zuritua biziki produktu galkorra denez, egoera onean kontserba dadin -18º C-ko tenperaturan mantendu behar da, glaseatua kendu gabe eta kontsumitu baino ordu batzuk lehenago desizoztu gabe. Hainbat analisi mikrobiologiko egin zitzaizkien laginei aerobio, E. coli, enterobakterio, salmonella eta S. aureus-en peskizan. Lagin batek izan ezik, denek emaitza zuzenak erakutsi zituzten. Riazor-ek, aerobioetan, legeak onartutakoa baino eduki handixeagoa agertu zuen: horrek esan nahi du hotz-katean haustura arin eta laburra jazo zela, produktua prozesatzean edo banakuntzan zehar. Horregatik lagin horren egoera higienikoa “hala-moduzko” gisa kalifikatu zen, nahiz kontsumitzailearen osasunarentzat hori arriskutsua ez den.

Laburbiluz eta konparaketako taula

Laburbiluz

  • Izoztu edo ultraizoztutako ganba zurituak aztertu dira oraingoan: zazpi laginak 200 gramotik kilora bitarteko formatuetan
  • Horien prezioak (produktu xukatuaren egiazko pisuarenak) kiloko 13,5 eurotik gertu (Elmar eta Froxá) eta 23,09 euro (Frudesa) arte doaz.
  • Elmar eta Frudesa laginek ez dute adierazten pisu garbia eta pisu garbi xukatua.
  • Laginen kalorien eta gantzen ekarpena urria da. Proteinak, berriz, ugari dituzte (%21).
  • Kolesterol asko (200 mg/100 g) eta azido uriko bihur daitezkeen purina ugari edukitzearren, kontsumitzaile batzuek desegokiak dituzte ganbak.
  • Pescanova laginak izan ezik, gainerakoek adierazitakoa baino ganba gutxiago dute.
  • Pescanovak izan ezik, glaseatu (izotzezko geruza babeslea) larregi baliatzen dute: %28tik (Frudesa) %35era arte (Riazor).
  • Froxá, Riazor eta Compesca laginek adierazten duten kalibrea (tamaina) egiazkoa baino dezente handiagoa da.
  • Elmar lagineko ganben freskotasuna eskasa da.
  • Riazor laginaren egoera higieniko-sanitarioa hala-moduzkoa baino ez da.
  • Dastaketan, emaitza guztiak berdintsuak, erdipurdikoak. Delfín bakarrik nabarmendu zen, bera okerrena izaki.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Pescanovak eskaintzen du: dastaketan hoberenak bezain ona izaki, aditibo gutxien daukana eta denetan freskoena da; gainera, egiazko prezioa (glaseatua kenduz gero) gainontzekoena baino garestixeagoa baino ez da.
Marka
Izendapena
Pesca- nova
“Ganba zuritua”
Froxá
“Ganba zuritu ultraizoztua”
Compesca
“Ganba zuritua”
Frudesa
“Ganba zuritua”
Adierazitako pisu garbiko prezioa (euro kiloko) 1 14,76 9,60 10,65 20,77
Ganben egiazko prezioa (euro kiloko) 2 15,85 13,52 14,53 23,09
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Oker
Adierazitako pisu garbia (g) 220 500 1000 200
Adierazitako pisu garbi xukatua (g) 200 375 750 Ez du adierazten
Neurtutako pisu garbi xukatua (g) 205 355,1 733,1 179,7
Glaseatua (%) 3 14 30,5 30,3 28,6
Adierazitako kalibrea (aleak kiloko) 4 Ez du adierazten 154 – 198 132 – 176 Ez du adierazten
Ganbaren egiazko kalibrea (aleak kiloko) 5 217 307 221 329
Oinari lurrunkorrak (mg N/100g) 6 2,7 10,2 7 4,1
Guztirako sulfurosoa (cm) 7 5 40 65 5
Boro-azidoa 8 Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Kloranfenikola 9 Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Dastaketa, kalifikazioa (1 – 9) 5,8 5,8 5,8 5,5
Marka
Izendapena
Elmar
“Ganba zuritua”
Delfín
“Ganba zuritua”
Riazor
“Ganba zuritu ultraizoztua”
Adierazitako pisu garbiko prezioa (euro kiloko) 1 9,45 11,58 9,87
Ganben egiazko prezioa (euro kiloko) 2 13,43 16,01 15,29
Etiketa Oker Zuzen Zuzen
Adierazitako pisu garbia (g) 1000 200 1000
Adierazitako pisu garbi xukatua (g) 750 160 800
Neurtutako pisu garbi xukatua (g) 703,9 144,9 645,6
Glaseatua (%) 3 30,3 31,9 35,2
Adierazitako kalibrea (aleak kiloko) 4 Ez du adierazten Ez du adierazten 44 – 88
Ganbaren egiazko kalibrea (aleak kiloko) 5 152 311 115
Oinari lurrunkorrak (mg N/100g) 6 49,2 16,3 9,1
Guztirako sulfurosoa (cm) 7 25 110 Ez da atzeman N.D.
Boro-azidoa 8 Ez dago Ez dago Ez dago
Kloranfenikola 9 Ez dago Ez dago Ez dago
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Hala-moduz
Dastaketa, kalifikazioa (1 – 9) 5,5 4,6 5,6

1 Adierazitako pisu garbiko prezioa: kilo bat ganba glaseaturen prezioa adierazten du, etiketan adierazitako pisu garbia kontuan izaki. Hori da kontsumitzaileak ordaintzen duena.

2 Ganben egiazko prezioa: kilo bat ganba desizoztu eta urik gabetuaren prezioa adierazten du (egiazko pisu garbi xukatua).

3 Glaseatua: produktua babesteko helburuz, elikagaiaren azalerari atxikitako izotz geruza mehea.

4 Etiketan ontziek agertzen duten kalibreak libra batean sartzen diren aleen kopurua adierazten du. Adierazitako kalibrea eta benetakoa konparatzea dela eta, aleak kiloko kalkulatu da hemen.

5 Ganben egiazko kalibrea (izotzik gabe): kilo batean sartzen diren ganba aleen kopurua. Zenbat eta ale gehiago izan orduan eta txikiagoa da ganben kalibrea.

6 Oinarri lurrunkorrak: freskotasunaren adierazle. Hori neurtzeko ez dago araurik Espainian, bai ordea Txilen: gehienez ere 30 mg nitrogeno produktuaren ehun gramo bakoitzeko.

7 Guztirako sulfurosoa: baimendutako kontserbagarria, bere muga eta guzti, produktuaren pisuaren arabera. Lagin guztiek kopuru onargarriak agertu zituzten.

8 Boro azidoa: baimendu gabeko kontserbagarria, gizakiarentzat toxikoa baita.

9 Kloranfenikola: Europar Batasunean onartuta ez dagoen antibiotikoa, gizakiarentzat toxikoa baita; bakterio bidezko kutsadura murrizteko baliatzen da.

Banan-banan

Zortzi ganba zuritu eta izoztuak, banan-banan

Pescanova

  • Izendapena: “Ganba zuritua”
  • Adierazitako pisu garbia: 220 gramo.
  • 15,85 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Adierazitako pisu garbi xukatua egiazkoa baino handiagoa duen lagin bakarra. Glaseatu gutxien daukana (%14). Aditibo gisa ez darabil sulfitorik eta oinarri lurrunkorren edukia (freskotasun urriaren adierazle) denetan apalena da.
  • Dastaketan, hiru onenetako bat da hau, 5,8 puntu baizik ez duen arren: hondar zaporean lehen posizioetan agertzen da; bere kolorea eta ukitua gustatu zaie mahaikideei, baina bere zapore motelak kritikak jaso ditu.

Froxá

  • Izendapena: “Ganba zuritu ultraizoztua”
  • Adierazitako pisu garbia: 500 gramo.
  • 13,52 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Bi merkeenetako bat da hau.
  • Aukera polita, baina bi irregulartasun egin dituena: adierazitakoa baino 20 gramo gutxiago du eta gehiegizko glaseatua (%30,5).
  • Dastaketan, hiru hoberenetako bat da hau, 5,8 puntu baizik ez duen arren: zapore on eta ukituagatik goretsia.

Compesca

  • Izendapena: “Ganba zuritua”
  • Adierazitako pisu garbia: 1.000 gramo.
  • 14,53 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero.
  • Adierazitakoa baino 17 gramo ganba gutxiago dauka. Gehiegizko glaseatua (%30).
  • Dastaketan, hiru hoberenetako bat da hau, 5,8 puntu baizik ez duen arren: hondar zaporean lehen posizioetan agertzen da; zukutsua izatearren goretsia baina bere zapore motelak eta ukitu samurrak kritikak jaso dituzte.

Frudesa

  • Izendapena: “Ganba zuritua”
  • Adierazitako pisu garbia: 200 gramo.
  • 23,09 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Denetan garestiena.
  • Etiketa, oker: ez ditu adierazten pisuak zuzen. Adierazitakoa baino 20 gramo ganba gutxiago ematen du. Gehiegizko glaseatua (%29). Kalibre txikienekoak (329 ale kiloko).
  • Dastaketan, 5,5 puntu: hondar zaporean lehen posizioetan agertzen da; bere ukitua gustatu zaie mahaikideei, baina bere zapore motelak eta ukitu gogorrak kritikak jaso dituzte.

Elmar

  • Izendapena: “Ganba zuritua”
  • Adierazitako pisu garbia: 1.000 gramo.
  • 13,43 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Denetan merkeenak.
  • Etiketa, oker: pisu garbia eta pisu xukatua aipatzen ditu, pisu gordina eta pisu garbia balira bezala. Adierazitakoa baino 46 gramo ganba gutxiago dauka. Gehiegizko glaseatua (%30). Ganbak ez zeuden behar bezain fresko. Dastaketan, 5,5 puntu: zukutsua izatearren goretsia, baina bere koloreak, zapore motelak eta ukitu samurrak kritikak jaso dituzte.

Delfín

  • Albergue delfin
    Izendapena: “Ganba zuritua”
  • Adierazitako pisu garbia: 200 gramo.
  • 16,01 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Adierazitakoa baino 15 gramo ganba gutxiago dauka. Gehiegizko glaseatua (%32). Kalibre txikienetako bat (311 ale kiloko).
  • Dastaketan, okerrenak 4,6 puntu: bere kolorea gustatu zaie mahaikideei, baina gutxienek nahi dutena da; bere zapore motelak eta ukitu gogorrak kritikak jaso dituzte.

Riazor

  • Izendapena: “Ganba zuritu ultraizoztua”
  • Adierazitako pisu garbia: 1.000 gramo.
  • 15,29 euro kiloko kostatzen da, glaseatua (izotz geruza babeslea) kenduz gero. Adierazitakoa baino ia 155 gramo ganba gutxiago dauka. Glaseatu gehien daukana (%35). Tamaina handieneko ganba (115 ale kiloko). Ez darabil sulfitorik. Egoera higieniko sanitarioa: erdipurdikoa.
  • Dastaketan, 5,6 puntu: hondar zaporean lehen posizioetan agertzen da; bere kolorea gustatu zaie mahaikideei, baina bere zapore motelak eta ukitu samurrak kritikak jaso dituzte.