Lehen mailako Arreta eskaintzen duten osasun etxeak aztertu ditugu 12 probintziatan, kontsulten iraupena, itxaronaldia eta 960 erabiltzaileren iritzia

Itxaronaldiak itxaronaldi, erabiltzaileak oso gustura daude haien osasun etxeekin

Gaixoen %86k, batez beste, 22 minutu egin behar izan dituzte zain
1 apirila de 2013
Img tema de portada listado

Itxaronaldiak itxaronaldi, erabiltzaileak oso gustura daude haien osasun etxeekin

Garai nahasia da honako hau osasun publikoaren erabiltzaileentzat. Espainiako Estatuan 1.914 osasun etxe daude eta tokiko kontsultategiak, berriz, 10.202. Horiek guztiek ongi funtzionatzen badute, herritarren osasunak onura handia izango du, horretan ez da zalantzarik. Ez da zalantzarik, halaber, Lehen mailako Arreta eskaintzen duten zerbitzuek berebiziko garrantzia dutela osasun sisteman, eta, horrexegatik, anbulatorioen funtzionamendua aztertu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta horietara joaten diren erabiltzaileen iritzia bildu. Horretarako, inkesta egin diegu adinez nagusi diren 960 erabiltzaileri, honako 12 probintzia hauetan: A Coruña, Araba, Bartzelona, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Kantabria, Madril, Murtzia, Nafarroa, Sevilla eta Valentzia. Eta inkestaren osagarri, 48 osasun etxetara joan gara, eta geure begiz ikusi eta aztertu dugu zer-nolako hornidurak eta zerbitzuak dituzten anbulatorio horietan, erabiltzaileek zenbat denbora egin behar izaten duten zain eta kontsulta bakoitzak zenbat irauten duen (beste 960 erabiltzaileri egin diegu jarraipen hori). Neurketa hori egiteko, hitzordua noizko eman zioten idatzi dugu, zein ordutan sartu den eta noiz atera den (kronometroz neurtu dugu guztia, zehatz-mehatz).

Inkesten emaitzek adierazten dute erabiltzaileak gustura daudela anbulatorioek eskaintzen duten zerbitzuarekin, eta jarri dieten nota orokorra da horren seinale: 8,4koa izan da, batez beste. Gehien estimatzen dituzten alderdien artean, honako hauek bereizi dituzte: garbitasuna, irisgarritasuna, hurbiltasuna eta medikuaren azalpenak.

Hobetzeko alderdien artean, berriz, puntualtasuna nabarmentzen da: medikuak hartzeko zain zeuden gaixoen %86k, batez beste, 22 minutuz egon behar izan dute zain kontsultara sartzeko. Dena den, aldeak izugarriak dira probintziatik probintziara: Bartzelonako osasun etxeetan 8 minutuko atzerapena izan dute batez beste, eta Valentziakoetan, aldiz, 52 minutu (sei aldiz gehiago).

Bestalde, osasun etxeetara egindako bisitetan ikusi dugu azpiegiturak kalitatezkoak direla, eta, oro har, garbi daudela eta ongi zainduta, segurtasun eta irispide onak dituztela eta zerbitzu eta informazio onak eskaintzen dituztela.

Erabiltzaileen nota: 'Oso ona'

Inkestan parte hartu duten 960 erabiltzaileen erdiak baino gehiago emakumeak izan dira. Adin-talde nagusiak, berriz, 35 eta 44 urte artekoak (%22) eta 65 urte edo gehiagokoak (%21). Guztiak medikutatik atera berriak ziren. Erdiek baino gehiagok harrera-mahaian eskatu zuten hitzordua, %31k telefonotik eta %15ek baino ez Internetetik. Azken bide hori gizonek gehiago erabili dute emakumeek baino (gizonen %18k eta emakumeen %12k), eta adin-taldeak aintzat hartuta, 18 eta 24 urte artekoek jo dute gehien Sarera (%22k hain zuzen); 65 urtetik gorakoetan, berriz, %8k baino ez. Hitzordua lortzeko garaian, batez beste 5 minutu behar izan zituzten. Lurraldeka, dena den, badira aldeak alderdi horretan: Errioxan 4 minutukoa zen batez bestekoa eta Valentzian 7 minutukoa. Inkestari erantzun dioten gehienentzat (%92) oso erraza izan zen hitzordua hartzea, eta lau lagunetatik hiruk eguna eta ordua aukeratzeko modua izan zuten. Gainera, inkestan parte hartu dutenen bi herenek uste dute osasun etxeko administrazio-langileak eraginkorrak direla beti.

Galdekatu ditugun 960 erabiltzaile horiek anbulatorioei buruzko iritzia eman dute, eta bistakoa izan da oso gustura daudela gehienak. Eta horren adierazgarri ezin hobea da erabiltzaileek osasun etxeei eta horien zerbitzuari jarri dieten nota: 8,4 puntu eman dizkiete. Probintziatik probintziara ia ez dago alderik, nahiz eta Kantabriakoek lortu duten emaitzarik onena (9 puntu, batez beste) eta Errioxakoek apalena (ez da 8ra iristen).

Inkestan parte hartu duten erabiltzaileek 17 alderdiri buruzko iritzia eman dute: osasun etxea hurbil duten edo ez, jendaurreko ordutegia egokitzat jotzen duten, langileek zer tratu ematen duten, medikuak zenbat denbora eskaini dien, zer informazio eman dien osasun-arazoen inguruan, entzuteko zer jarrera eduki duen, hitzordua lortzea erraza gertatu den edo ez, eta osasun etxeak zer ekipamendu eta bitarteko dituen, garbitasuna nolakoa den…

Alderdi guzti-guztiek 8 eta 9 puntu artean lortu dituzte batez beste. Aztertu ditugun 48 osasun etxeetan, honako alderdi hauek jo dituzte egokien erabiltzaileek: garbitasuna, irisgarritasuna eta hurbiltasuna, eta medikuaren azalpenak (ia 9 puntu eman dizkiete laurei). Ez dira hain gustura agertu administrazioko langileek emandako tratuarekin, eta emaitzarik apalena alderdi horri eman badiote ere, ezin esan txarra izan denik, inola ere: batez beste, 8a baino gehixeago jarri diote.

Zain eta zain… zainetan!

EROSKI CONSUMEReko teknikariek kontrolatu dituzten 960 gaixoetatik, %4 soilik sartu dira ordua baino lehen kontsultara. Murtzian gauza bitxia gertatu da: aztertu ditugun lau osasun etxeetatik hirutan, gure teknikariek kontrolatu dituzten erabiltzaileen %63 ordua baino lehen sartu dira kontsultara (batez beste, 13 minutu lehenago). Azterketa egiteko aukeratu ditugun egunetan, hitzordua hartua zuten gaixoa asko ez dira agertu, eta, ondorioz, ordua baino lehen sartu dira gainerakoak.

Agindutako orduan, berriz, gaixoen %10 soilik sartu dira kontsultara, eta %86k zain egon behar izan dute ordua pasatu eta gero: erdiek baino gehiagok 15 minutuko itxaronaldia egin behar izan dute, %22k 16 eta 30 minutu artekoa, eta %7k 61 minutu edo gehiagokoa.

Batez beste, zehazki 22 minutuko itxaronaldia egin behar izan dute, baina alde handiak antzeman ditugu probintziatik probintziara: Bartzelonan, batez beste, 8 minutukoa izan da atzerapena, eta Valentzian, 52 minutukoa (sei aldiz handiagoa). Izan ere, Valentziako anbulatorioetan ohitura dute hiru eta lau laguni ordu berean jartzeko hitzordua, eta zain egon beste aukerarik ez dute izaten. Eta halaxe adierazi dute erkidego horretako 4 osasun etxetan galdekatu ditugun 80 lagunek behin kontsultatik aterata: %83k baieztatu dute zain egon behar izan dutela, eta zehaztu ere egin dute zenbat denborako itxaronaldia egin behar izan duten: 34 minutukoa.

Itxaronaldirik laburrenak, esan bezala, Bartzelonan egin behar izan dituzte, eta honako erkidego hauek etorri dira ondoren: Gipuzkoa (9 minutu), eta Sevilla, Nafarroa eta Madril (16 minutu inguru hiruretan). Hortik gora ibili dira, berriz, beste erkidego hauek: Murtzia (19 minutu), Araba (21 minutu), A Coruña (29 minutu), Errioxa (30 minutu) eta Kantabria (31 minutu).

10 minutuko kontsultak

EROSKI CONSUMEReko teknikariek osasun etxeetan ikusi ahal izan dutenez, kontsulta bakoitzak, batez beste, hamar minutu iraun du (kronometroarekin neurtu dute denbora, erabiltzailea sartu denean hasi eta irten denean bukatu). Ikerketa hau egiteko aintzat hartu diren 960 erabiltzaileen %40k gutxienez 10 minutu egin dituzte kontsultan.

Hala ere, alde handiak antzeman ditugu probintzia batzuetatik besteetara. Madrilen aztertu ditugu osasun etxeetan, adibidez, batez beste 7 minutu eskaini dizkiete medikuek gaixoei, eta A Coruñan, berriz, batez beste 15 minutu. Bestalde, Bartzelonan, Murtzian, Sevillan, Errioxan, Gipuzkoan, Valentzian, Kantabrian, Bizkaian, Araban eta Nafarroan 8 eta 14 minutu artean egon dira gaixoak medikuarekin.

Instalazio onak

/imgs/20130401/salud3.jpg
Azterketa osatzeko, hautatu ditugun 48 osasun etxeetako instalazioak aztertu ditugu. EROSKI CONSUMEReko teknikariek instalazioen lau alderdi ebaluatu dituzte: garbitasuna eta mantentze-lanak, irisgarritasuna, segurtasuna, eta erabiltzaileari eskaintzen dioten segurtasuna eta informazio, eta horretarako, 30 aldagairi baino gehiagori erreparatu diete.

Lehen mailako Arreta eskaintzen duten osasun etxeetan, ‘ona’ izan da batez besteko emaitza, eta guztiek aise gainditu dute EROSKI CONSUMERek jarritako azterketa. Gainera, probintzia bakarra ere ez da geratu gainditu gabe. Instalazioen atalean, osasun etxerik onenak Bartzelonan, Errioxan, Gipuzkoan, Kantabrian, Murtzian eta Sevillan ikusi ditugu (emaitza ‘oso ona’ lortu dute guztiek). Gabezia gutxi antzeman ditugu, baina apur horiek Nafarroako anbulatorioetan (emaitza ‘onargarria-ona’ izan dute) eta Madrilgoetan (emaitza ‘onargarria’) agertu dira. Nafarroakoek, adibidez, segurtasunean eta informazio-zerbitzuetan huts egin dute, eta Madrilgoek irisgarritasunean.

Garbitasuna: oso ona

Aztertu ditugun osasun etxeak garbi eta ongi zainduta daude, eta horren erakusgarri, emaitza ‘oso ona’ lortu dute garbitasunaren eta mantentze-lanen atalean. Hamar osasun etxetatik bederatzitan, garbi aurkitu dugu zorua, ez dugu sumatu usain desatseginik eta komunetan hainbat elementu praktiko ikusi ditugu: paperontziak, komuneko papera, esku-lehorgailua edo lehortzeko papera.

Hala ere, gabezia aipagarri batzuk ere izan dira. Teknikariek ikusi dutenez, hamar osasun etxeren kanpoaldean zikinkeria gehiegi egon da: zigarrokinak lurrean eta pegatinak, pintaketak eta orbanak paretetan (Errioxan, Murtzian, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Sevillan eta Valentzian gertatu da hori). Anbulatorio barrenera sartuta, berriz, seitik batean zorua ez da izan ez-labaingarria, eta beste %10ek zahartuta eta zertxobait hondatuta eduki dituzte altzariak. Gauzarik desatseginena komun batzuen egoera izan da: zehazki, Kantabrian, Bizkaian, Errioxan, Nafarroan eta Sevillan aztertu ditugun sei osasun etxetan, zikin egon da zorua, bustia eta komuneko paperez betea.

Informazioa bai, iritzia ez

Osasun etxeetan ematen dituzten zerbitzuek eta informazioak ere emaitza ‘ona’ eskuratu dute, nahiz eta aurreko atalean baino gabezia aipagarriagoak antzeman diren. Alderdi onak nabarmentzen hasita, honako hauek izan dira egokienak: anbulatorio ia guztiek garraio publikoen geltoki bat izan dute hurbil (autobusarena gehienean), egoitzek izena ageri dute atarian, harrera-mahai bat ere eduki dute langileekin, kontsulta bakoitzaren sarreran medikuaren izena jarria izan dute eta itxarongeletan banku eta/edo aulki asko izan dira erabiltzaileentzat.

Alderdi desegoki asko ez dira izan, baina bat bai oso deigarria: osasun etxeek ez dute eskaintzen tresnarik erabiltzaileek beren iritzia adieraz dezaten. Bost osasun etxetatik ia hirutan, adibidez, iradokizunen kutxa ez dago egon ikusteko moduan (A Coruñan, Errioxan, Murtzian, Nafarroan, Kantabrian, Sevillan, Araban, Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian gertatu da). Lautik hirutan, berriz, erreklamazio-liburuaren oharra falta izan da, eta osasun etxeen kanpoaldean ere informazioa falta dela ikusi dugu: hamarretik hirutan, adibidez, ordutegirik ez da ageri, ezta larrialdi zerbitzuen telefonoa eta kokapena ere (ildo horretan, onerako nabarmendu dira Araba eta Errioxa).

Era berean, bost anbulatoriotatik batean, areto guztiak ez dira egon ongi adieraziak, eta erdietan, ez da ordutegirik ageri medikuaren kontsultan.

Seguruak eta irisgarriak

Segurtasunak eta irisgarritasunak ere emaitza ‘ona’ lortu dute guk aztertu ditugun osasun etxeetan. Gehien-gehienek irispide onak izan dituzte: lautik hiruk aparkatzeko lekuak bereizten dituzte ezintasunen bat dutenentzat, eta %38k, eskailerak ez ezik, arranpak ere eduki dituzte mundu guztia sar dadin. Aldiz, aztertu ditugun osasun etxeen %42tan, harrera-mahaia ez da egon altuera egokian, eta bidean oztopoak izan dituzte gurpil-aulkian doazenek arazorik gabe iristeko; beste %12tan, ezinduentzako komunak ez dira egon ongi adieraziak.

Ildo horretan, Madrilgo osasun etxeek gabezia bat baino gehiago agertu dute: aztertu ditugunetako hiruk ez dute eduki anbulatoriotik hurbil aparkaleku bereizirik ezintasunen bat dutenentzat, ezta altuera gutxiko harrera-mahairik ere. Gainera, bi anbulatoriotan eskaileretatik soilik igo daiteke bigarren solairura, eta ezinduentzako komunak ez dira egon behar bezala adieraziak.

Azkenik, segurtasunaren atalean, aztertu ditugun anbulatorioen %90ek larrialdiko argiteria daukate solairu eta areto guztietan, baita su-itzalgailuak ere ongi ikusteko moduan. Seitik batek, ordea, ez du ongi adierazten larrialdiko irteera nondik den, eta ongi adierazten dutenen artean, %15ek itxita eduki dute atea edo zerbaitekin blokeatuta.

2.0 Osasuna

Teknologia berriak osasuntsu dabiltza aspaldian, eta beste hainbat gauzatarako ez ezik, gure osasuna zaintzeko ere erabil ditzakegu. Espainiako Estatuko gaixoak biltzen dituzten elkarteen %46k soilik daukate 2.0 Web-eko tresnaren bat. Web-orria guztiek badute, baina erdiek baino gutxiagok erabiltzen dute blog bat edo gizarte-sareak (bereziki, Facebook eta Twitter). Datu horiek ageri dira ‘1go Pfizer Inkesta 2.0 Gaixoen Elkarteak’ lanean. Baina bat al da soilik gaixoentzat sortutako gizarte-sarerik? Hona hemen adibide batzuk:

  • www.kronikoensarea.net/ Gizarte-sare hau EAEkoa da. Gogo-aldartearen berri elkarri adierazteko, esperientziak trukatzeko eta Osakidetzako gaixo kronikoei laguntza psikologikoa emateko erabiltzen dute. Komunitate gisa jokatzen duen plataforma bat da, eta gaixotasunari buruzko esperientziak partekatzen dituzte gaixoek, zaintzaile ez-profesionalek, familiakoek eta lagunek, eta beren zalantzak agertzen dizkiete Sareko beste erabiltzaile batzuei.

  • www.personasque.com/ Norberak kontu bat sortzen du nortasun birtual batekin, eta gaixotasun bera duten pertsonekin solasean aritzeko balio du, galderak egin eta erantzunak emateko eta taldeak eta elkarteak sortzeko).

  • www.esperanzae.com/ Eguneroko birtual bat da, osasun-arazoak dituztenentzat sortua. Komunikazio-tresna izan nahi du osasunez ongi ez dabiltzanentzat.

  • www.vivu.es/ Komunikatzen laguntzen die erabiltzaileei, eta osasunaren eta ongizatearen profesionalekin harremanak partekatzen. Tresna asko eskaintzen ditu, eta, besteak beste, gizarte-sare berezi bat jarri dute abian, gaixoak berak sortu eta kudeatu dezakeena.

  • www.puedoser.es/ Proiektu honek gizarte-sareak erabiltzen ditu trastorno bipolarra duten gaixoak eta horretan aritzen diren profesionalak elkarrengana hurbiltzeko, eta patologia horrekin interesa duen beste edozein pertsonak ere jo dezake bertara. Bilgune bat izan nahi du, eta informazio-iturri fidagarria Sarean.

  • Proyecto Procura/ PROCUR@ proiektuaren helburua da plataforma bat sortzea eta elikatzea gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenentzat eta haien familiakoentzat, arreta osoa eta diziplina-artekoa jaso dezaten; komunitate birtual bat sustatu nahi da, beren ingurua zabaldu eta harremanetan jar daitezen arlo horretan aritzen diren gizarte eta osasun arloetako profesionalekin, beste erabiltzaile batzuekin, zaintzaileekin, lagunekin edo familiakoekin.