Gimnasio eta kiroldegiak

Irudiak ez ezik, osasunak ere eskertzen du

Gorputzaren kultuak, batetik, eta osasunarekin zerikusia duen guztiak sortzen duen interesak, bestetik, erakarrita, kirola praktikatzea moda efimero huts baino zerbait baliotsuago bilakatu da
1 urria de 2000
Img informe listado

Irudiak ez ezik, osasunak ere eskertzen du

Horrelaxe egiaztatzen du gimnasio pribatuek eta udal kiroldegiek udazkenero egiten dituzten matrikulazioen ugaltzeak. Jarduera fisiko bat praktikatzen hasteko, gastatu behar den dirua eta inbertitu behar den esfortzu fisikoa alferrikakoak izango ez direla bermatzeko, erabakiak hartu behar dira aurretiaz.

Bizi garen etxetik hurbileko edo gure lantokitik gertuko zentroa aukeratzea, irakasleen titulazioa kontuan izatea eta gure premia edo helburuei hertsien egokitzen zaien jarduera hautatzea (bizimodu sedentarioari saihets egitea, muskuluak garatzea, argaltzeko dieta jasan duen gorputza gihartu, gogortzea), poliki hausnartu beharreko kontuak dira. Tarifak ere eraginik izango du erabakian, nola ez, zentro pribatu eta publikoen arteko aldeak nabarmenak baitira, aurrenekoetan batetik besterako desmailak ere dezentekoa baita.

Jarduera-aukeraren zabala

  • Aerobic: musikaren erritmoan, intentsitate garai eta apaleko mugimendu koreografikoak tartekatzen ditu. Koordinazioa eta erreflexuak hobetzeko jarduera hobezina.
  • Gym-jazz, Funky, aerodance…:aerobic-ean oinarritutako mugimenduak, hainbat musika-erritmori jarraituz.
  • Spinning: aerobic eta txirrindularitzaren teknikak bizikleta estatikoari egokitzea. Intentsitate handiko ariketa kardiobaskular hau hobezina da zelulitisari aurre egiteko, sabela, gluteoak eta hankak indartuz.
  • Body pump:ariketa kardiobaskular eta muskularrak tartekatzen dituen osoko entrenamendu-metodo pertsonalizatua. Oso denbora-epe txikian tonifikatu eta forma fisikoa hobetzen du. Ariketa aerobiko tradizionalak eta era guztietako kirol-materiala elkartzen ditu: step, gomak, halterak, sokak…
  • Boxingaerobic: boxeoko hanka- eta beso-mugimendu xuabeak eta aerobikeko teknika tradizionala konbinatzen ditu. Bihotzaren gaitasuna eta muskuluen tonua garatzen ditu. Koordinazioa eta oreka hobetzeko paregabea.
  • Acuaerobic edo uretako fitness: sakonera txikiko igerilekuan, ur azpitan egiten dira ariketa hauek. Suspergarri eta erlaxagarria, sendabide eta gorputzeko arazoen konpontzaile da. Bestelako ariketek baino tentsio gutxiago eragiten du juntura eta muskuluetan eta lesionatzeko arriskua txikiagoa da, uretan gorputzak karga gutxiago baitu.
  • Muskulazioa: haltera eta bestelako aparailuekin aritzeak muskuluak indartzen ditu, horien bolumena handituz edo ingeradak zehaztuz, lortu nahi den helburuaren arabera.
  • Stretching edo luzatze-ariketa: muskulu, tendoi eta junturak suspertzeko egokia, bestelako ariketetan jarduteko berotze-ariketa gisakoa izan daiteke, lesiorik gerta ez dadin. Gorputz-tenkadura eta estresa baretu egiten du. Gorputzaren postura zuzena berriro eskuratzeko egokia.
  • Yoga: organismoko lau sistema nagusiak (nerbiosoa, arteriala, linfatikoa eta energetikoa) orekan mantentzen ditu. Kirolaren osagarri egokia da, indarra eta malgutasuna areagotu egiten dituelako. Takikardia, insomnioa, depresioaren sintomak eta antzeko arazo funtzionalak hobetu egiten ditu.
Kirola egitearen onurak
  • Adinari dagozkion endakapen-prozesuak eta adimen-funtzioen galera mantsotu egiten ditu.
  • 30 urtetik aurrera sistema kardiobaskularraren ahalmena %25eraino zabal daitekeelarik, horren bitartez gorputzaren pisua kontrolpean mantendu eta muskuluen oxigeno-kontsumoa areagotu egin dezakegu.
  • Odol-zirkulazioa hobetuz, arazo koronario, arterial eta kardiobaskularrak prebenitzen ditu.
  • Hipertentsioa, osteoporosia, diabetesa eta menstruazioaren aurreko tentsio-sindromea apaldu egiten du. – Kolesterol mesedegarriaren maila jasotzen duen bitartean, triglizeridoak murrizten laguntzen du.
  • Inmunologi sistema indartu eta hainbat minbizi-motaren (kolonekoa, besteak beste) agerpena prebenitzen du.
  • Garuneko serotonina-maila (hormona) areagotzen duenez, horrek aldarte hobea eragiten du. Depresioaren, estresaren, antsietatearen eta neurosiaren kontrako eragin mesedegarriak ditu. Itxura fisikoaren hobekuntzak alderdi psikologikoan eragin handia izaten du, norbaitek gustuko irudia hartzen duenean segurtasun handiagoa sentitzen du eta trauma eta konplexuak bazterrean alboratzen dituelako.
  • Ingurune atseginean ariketa egiteak ematen duen gozamen- eta indar-sentsazioa arrunt mesedegarria da, berezko antidepresiboaren antzeko baita. Izan ere, gogo-desoreka eta desantolamenduak pairatzen dituzten pertsonengan lan fisikoak eragin terapeutikoa duela diote psikologoek.
  • Nork bere buruan duen konfiantza, autokontzientzia eta pentsatzeko argitasuna areagotzen du. Areago, memoria bera hobetzeko ona da kirol egitea.
  • Oheratu aurre-aurretik praktikatzen ez bada, bederen, ohiko ariketa fisikoak lo egitearen eraginkortasuna areagotu egiten du.
  • Gimnasiora joateak ere besteekiko harremanak hobetzen ditu: ikasle anitzeko eskolek kideekin harremanak izateko eta gureak bezalatsuko interesak dituzten pertsonak ezagutzeko aukera ezin hobea ematen du.
  • Kontzentratzeko gaitasuna hobetzen du. Aerobikeko eskolak dira horren lekuko zehatza: koreografiek eskatzen duten koordinazio-mailak, mugimendu-mota horiek praktikatzen dituenari, ikasi eta exekutatzen dituen bitartean, kontzentrazio-egoeran mantentzen agintzen dio.

Ahalik eta probetxu handiena ateratzeko oinarriak

  • Bazter itzazu zeure etxebizitza edo lantokitik urrun dauden gimnasioak, seguruenik aspertutakoan bertaraino joango ez zarelako. Zentro bat edo bestea aukeratu aurretik, ikus itzazu instalazioak.
  • Kontuan hartu, era berean, ordutegien malgutasuna, monitoreen titulazioa, zentroaren garbitasun eta mantentze-egoera eta, nola ez, prezioa.
  • Bilatu pizgarriak maiztasun jakin batez aritzeko. Forma fisikoaren oinarrian ohikotasuna datza, baina organismoa gehiegi kargatzea ez da ona. Gehiago eta hobeto ez dira beti gauza bera.
  • Har ezazu zeure buruaren eta forma fisikoaren tamaina, aukeratutako ariketara egokitzeko eta praktikaren intentsitatea finkatzeko.
  • Onar ezazu bai osasun- bai kirol-alorretako espezialisten aholkua.
  • Lan kardiobaskular edo aerobikoa eta muskuluen doiketa elkartzen dituena da ariketarik onena.
  • Hasi ariketa fisiko apal batekin, astean hiru egunez. Iraupenik egokiena, hasieran behintzat, 20-30 minutuko ariketa aerobikoa duzu.
  • Hasi beti berotze-ariketak eginez, gorputzak esfortzu handiagoak egin ditzan prestatzeko. Berotze-ariketa egokiak, lesioen arriskua biziki murrizten du.
  • Hasi ariketak egiten mantso-mantso eta arindu abiadura aurrera joan ahala.
  • Kontrolatu arnasketa. Hartu arnasa tentsioan jartzean eta bota erlaxatzean. Saiatu airea biriketan luzaro ez gordetzen.
  • Edan ura ariketa egin aurretik, bitartean eta ondoren. Horrela ez duzu ez deshidrataziorik, ez karranparik nozituko.
  • Eskola bukatzean egin luzatze- eta erlaxazio-ariketak. Luzatze-ariketek periferiako odol-zirkulazioa suspertzen dute eta muskuluak hasierako egoeran uzten dituzte.

Aldeak alde, aukeratu tarifa ordaingarria

Tarifen arteko lehendabiziko aldea aukeratu dugun zentro-motak ezarriko du. Gimnasio pribatuak, adibidez, udal kiroldegiak baino garestiagoak izan ohi dira, aurrekoek instalazio hobeak eta erabiltzaile gutxiago dituztelako, teorian bederen. Prezio handiagoa (matrikula, bereziki) ordaintzeak zerbitzu osagarriak jasotzeko aukera eman dezake: solarium, sauna, jacuzzi, osasun-azterketa, kirola praktikatzeko hornikuntza egokia (elastikoa, galtza, galtzerdiak, mailak, etab) edo toaila (egunero garbia). Kiroldegietan aplikatzen diren tarifak aldatu egiten dira, erabiltzailea bazkide den ala ez.. Horrez gainera, udal kirol instalazio batzuek deskonturik egiten diete ikasle, jubilatu, adin txikiko, langabetu eta familia ugarietako senideei. Bildu ezazu informazioa, bada ez bada.

Gimnasio pribatuak

– Matrikula: 0 – 20.000 pezeta urtean. – Hilekoa: 3.500 -12.000 pezeta. Baliteke kuota horretan gimnasioko instalazio guztien erabilera sartzea edo jarduera jakin bat praktikatzeko beharrezkoak diren aparailuak bakarrik. Galdetu eta konparatu. – Bestelako zerbitzuak: Solariuma: 5.000-12.000 pezeta, 10 saioko. Masajea: 2.500-3.000 pezeta ordu erdiko. Takilaren alokairua: 0 – 6.000 pezeta urteko

Udal kiroldegiak

Kuotak hilero, hiru hilean behin, lau hilean behin edo urtean behin ordain daitezke, kiroldegiaren arabera. Jarduera gehientsuen tarifak berdintsuak dira: 2.400 pezetatik 4.200 pezeta bitartekoak, hileko eta bazkideentzako; kopuru hori, urteko kuotari (8.200 eta 14.000 pezeta bitartekoa) gehitu behar zaio. Bazkide ez direnen hileroko kuota handiagoa da eta, gainera, ez zaie onartzen jarduera edo ikastaro guztietan parte hartzerik. Kiroldegi batzuetan, beste aldetik, udalerrian erroldatuta ez dagoen bazkiderik ez dute onartzen eta beste batzuetan, berriz, onartu bai, baina urteko tarifa handiagoak ezartzen zaizkie kanpotarrei. Horrenbestez, informazioa jaso eta jarduerak eta prezioak konparatzea merezi du beti. Udal instalazioek bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte: sauna edo bainu turkoak, masajeak edo kirol-medikuntza.

Irakasleen titulazioa, funtsezkoa

Titulartasun desberdinetako kirol establezimenduetan, jarduera fisiko eta kirol sektorean lanean dabiltzan hiru pertsonatik batek inongo titulurik ez omen du. Valentziako Hezkuntza Fisikoko Lizentziatuen Kolegioko presidentearen iritziz, “badira gimnasio pribatu eta udal kiroldegietan irakasle aritzea bideratzen duten hainbat titulu: Hezkuntza Fisikoko lizentziatura, Magisteritza Diplomako kirol-atalekoa, eta Estatu espainiarreko Hezkuntza eta Kulturako Ministerioak aintzat aitortzen dituen beste kirol-titulazioak, goi-teknikarien mailakoak; hauetako bat daukatenak gai dira hainbat espezialitatetako irakasle izateko: gimnasia, eskubaloia, kirol-animazioa, etc. Baina jarduera hori xedatuko lukeen arauteriarik oraingoz ez dagoenez, gimnasioek maiz ez dute ariketaren praktika zuzena bermatu beharko lukeen lizentziatua.

Horrela ibiltzea arriskutsua da, behar ez bezala egiten den jarduera fisikoa lesioen eragile gerta litekeelako. Are eta arazo larriagoa: lesio horiek ez dira beti berehala sumatzen.” “Jarduera fisikoa kontsumo-ondasuntzat tratatzen delarik, kontsumitzaileak bermeak eskatu behar dituen bezala, Administrazioak legea bete dadin bermatu behar du” José María Montesinos-en iritziz. “Gaur egun Kirolaren Legea dago indarrean baina behar bezalako arau-garapenik izan ez duenez, une hauetan edonor da gai gimnasio bat ireki eta bertara joaten diren bezeroen praktika zuzendu eta orientatzeko.” “Arazoak sortuta, monitorea kolegiaturik ez dagoenean, kontsumitzaileak ez du inolako babesik, lanbidezko ardurarik ez baitago, legez. Bestela, ordea, monitoreak lizentziatu kolegiatuak baldin badira, kolegio horixe izango da nolanahi arduraduna. Lanbide-kolegioa baldin badute, bai kontsumitzaileak, baita profesionalak ere, denek dituzte berme handiagoak”, esan du Montesinosek.