Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

: Intsektuak: etorkizuneko proteina

Modu jasangarrian ekoizten dituzte, eta betiko biltegian dauden elikagaiak bezain osasungarriak dira. Jateko balio duten intsektuak irtenbide bat izan litezke 2030. Urterako ingurumenak izango duen erronkari erantzuteko: munduan biziko diren 9.000 milioi pertsonak elikatzea.

Intsektuak, etxaldekoak soilik

Komeni da oroitaraztea intsektuak jateko modua ez dela mendian aurkitzen ditugun guztiak eltzera botatzea. Ez ditugu naturatik hartu behar, ekosistemei kalte egingo baikenie, eta, horrekin batean, arriskuan jarriko genuke geure burua, intsektuek berez izaten dituzten substantzia batzuk kaltegarriak direlako, oker erabili ditugulako edo garapen aldi desegokian jan ditugulako.

Ekoizpen etxaldeetatik datoz intsektuak, eta beste abeltzaintza mota guztietan bezala, kontrolatu egiten dituzte segurtasun eta kalitate baldintzak, eta ez dute erabiltzen ez hormonarik, ez antibiotikorik eta ez produktu kimikorik ere, salbu eta ekoizpen eremua desinfektatzeko intsektu sorta batetik besterako aldaketa egitean. Prozesu delikatua da gatibutasunean haztea, eta egoki elikatzea eskatzen du, fruta, haragia, ogi gogorra eta hondakin organikoak emanez, adibidez larruarekin lan egiten duten fabriketatik datorren larrua. Tenperatura, oxigenoa eta argia ere oso zorrotz kontrolatu behar zaizkie, lagungarria baita gaixotasun infekziosorik ez dadin agertu eta zabaldu zenbait espezietan.

Frantzian dago Europako instalaziorik handienetakoa. Dole herrian, Dijon-dik gertu, intsektuak ekoizteko zentro bat dauka Ynsect enpresak, munduan dagoen handienetakoa; irinetan agertzen den harraren larba ekoizten dute eskala handian (oso ohikoa da maskotei elikagai bizi gisa ematea eta arrantzako beita gisa erabiltzea). 2017. urtean 400 tonatara iritsi zen ekoizpena, eta atletek jaten dituzten elikagaien irina egiteko erabiltzen da, akuikulturako pentsuak egiteko eta etxeko animalien elikagaiak prestatzeko. Proiektu horrek, gainera, berrerabili egiten ditu hondakin organikoak (janari hondarrak), intsektuen entzima sistema ezin egokiagoa baita material horiek proteina “biobihurtzeko”. Espainiako Estatuan oso leku gutxitan ekoizten dira intsektuak. Valentziako Erkidegoan dago gisa horretako zentro bat: Bioflytech du izena, eta Alacanteko Unibertsitatearen spin off bat da, zeinak munduko euli etxalderik handiena duen. Egunean bi milioi arrautza ekoizteko gai da, eta baratzeak eta berotegiak polinizatzeko erabiltzen dituzte.

Intsektuekin elikagaiak egin eta merkaturatzeko ekimen batzuk ere badira Estatuan, eta gehienek formatu sofistikatuetan lantzen dituzte: kakalardoekin, adibidez, aperitiboak egiten dituzte, eta kilker irinarekin, berriz, kirolarientzako barratxo energetikoak. “Intsektuak kontsumoaren arloan sartzeko modurik onena barratxoak izaten dira, zapore erantsiekin, formatu horretan ez baita ikusten intsektua baina berekin izaten du haren nutrizio balioa. Modu bikaina da jendeak dasta ditzan, arbuiorik sentitu gabe”, azaldu du Alberto Mas-ek, Insectfit enpresako operazio zuzendariak. Alacanten dago, eta intsektuak eta fitness kirola konbinatu dituen lehena izan da Estatuan. Proteina asko ematen dutenez, oraingoz kirolarien merkatura bideratu dituzte, baina ez litzateke harritzekoa izango targeta gehiago zabaltzea etorkizunean. Nork jakin egunen batean inurri pintxoak izango ote diren ostatuetan…

Nutrizio arloko altxor 'txikia'

Nutrizioaren ikuspegitik askotariko ekarpenak egiten dituzte jateko balio duten intsektuek, espezie asko daudelako eta espezie bakoitzaren barrenean ere hainbat mota. Gizakiok dietaren bidez hartu beharreko energia eta proteinak emateko gai dira gehienak, eta aminoazidoen arloko beharrizanak ere asetzen dituzte. Ugari izaten dituzte gantz azido monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak, eta dezente ematen dituzte oligoelementuak (kobrea, burdina, magnesioa, manganesoa, fosforoa, selenioa eta zinka) eta baita bitaminak ere (erriboflabina, azido pantotenikoa, biotina eta azido folikoa).

  • Matxinsaltoek %70 baino gehiago dituzte proteinak 100 gramo bakoitzeko, eta oilaskoak, berriz, %27.
  • Irinaren harrek 24 gramo proteina ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko, eta Atlantikoko izokinak, berriz, 20 baino ez 100 gramo bakoitzeko. Gainera, saltxitxa begetalek adina zuntz daukate (2,8 gramo 100 gramo bakoitzeko).
  • Mopane beldarrek 31 mg burdina daukate 100 gramo bakoitzeko, eta abelgorri haragiak 6 mg baino ez.
  • Termiten proteina gordinak esne osoarena adinakoak dira (16 gramo inguru 100 gramo bakoitzeko).
  • Kilkerrek bi aldiz kaltzio gehiago daukate esneak baino; burdina, berriz, espinakek halako hiru, eta izokinak adina omega-3. 100 gramo intsektuk 374 mg potasio izaten dute 100 gramo bakoitzeko, bananak baino 11 mg gutxiago. Eta ez dira hor bukatzen beren onurak: bi arrautza handik adina proteina daukate, eta 70 kiloko heldu batek egunaren buruan behar duenaren erdia baino gehiago.
  • Beldar erregearen larbek azaloreak adina zuntz daukate (2,9 g / 100 g).
  • Udazkeneko euliek edo aurpegikoek, krisalida egoeran daudela, oilaskoak adina proteina gordin izaten dute (19,2 g / 100 g).
  • Frutaren euliek, berriz, garbantzuek adina proteina ematen dute (19,4 g / 100 g).
  • Soldadu beltz izeneko euliaren larbek kontserbako soja adartxoen adina zuntz izaten dute (2,4 g / 100 g).
  • Labezomorroek txerri haragiak adina proteina daukate (20,1 g / 100 g)

Eduki honen barruko orrialdekatzea

  • Joan aurreko orrira: « Aditua
  • Orri honetan zaude: [Pág. 3 de 3]

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak