Moldeko ogi arrunt eta integrala

Integralek, zuntz gehixeago

Hiru moldeko ogi normal (Bimbo, Panrico eta Recondo) eta beste hiru integral (Silueta, Primera Línea eta Recondo) aztertu dira; normalen prezioak kiloko 328 eta 617 pezeta bitartean dabiltza eta integralenak, berriz, 397 eta 617 pezeta artean.
1 otsaila de 1999

Integralek, zuntz gehixeago

Merkeenak Bimbo eta Silueta dira eta garestienak, Recondo markako biak.

Azterketatik ateratzen den ondorio nagusietako batek dioskunez, ur, karbohidrato, proteina, gantz eta kaloriei dagokienez, moldeko ogi normala eta integrala antzekoak ditugu. Bata eta bestea desberdintzen duena zuntz-kopurua da: moldeko ogi normalak, guztira, %4,3 zuntz duen bitartean, integralak %6,5 dauka, batenaz beste. Primera Línea (Panrico etxekoa) nabarmentzen da hemen, zuntza edukiaren %7,7 duelarik. Badakigu elika-zuntzak hesteetako higikortasuna errazten edo laguntzen duenez, idorreria eta honekin ohi doazen eritasunak prebenitzen dituela.

Moldeko ogi hauen osakerari goazkiola, produktuaren ia erdia karbohidratoak dira, %8 inguru proteinak eta %5 gantza. Jende askok uste duenaz beste aldera, moldeko ogiak ez du biziki gizentzen: bere energi balioa, laginen arabera, 250 eta 310 kaloria bitartean dabil 100 gramoko. Bimbo eta Silueta (Bimbo etxeko integrala) dira, bakoitza bere kategorian, gantz gutxien eta kaloria gutxien dutenak. Recondo, bere bi aurkezpenetan, ur, proteina eta sodio gutxien baina karbohidrato, gantz eta kaloria gehien daukana da. Recondoko ogiaren gantz-azidoen proportzioa dugu osasunari mesede gutxien egiten diona, gantz saturatu asko dituelako; halaz ere, datu honen garrantzia aski erlatiboa da, produktu honek daukan gantz-kopurua oso txikia baita. Beste aldetik, lagin guztiak egoera sanitario egokian zeuden eta propionikoa (lau laginek erabilitako kontserbakaria) legez xedaturiko mugen barnean zegoen. Recondo (normala eta integrala) da kontserbakaririk baliatzen ez duen marka bakarra.

Dastaketan, Recondok eraman zituen balorazio apalenak bi ogi-motetan, bietan ere suspentsoa eskuratu zuelarik. Gustukoenak Bimbo (moldeko ogi normaletan) eta Primera Línea eta Silueta (integraletan) izan ziren, denek ere 7na puntu erdietsi zituztela.

Moldeko ogi normalen kalitate-prezio erlaziorik hoberena Bimbok erakutsi du: dastaketan, Panrico baino hobea eta merkexeagoa, gainera, nahiz gantz saturatu gehiago duen. Integralei dagokienez, Primera Línea (Panrico) nabarmentzen da, prezioz garestixeago izaki, Siluetak baino zuntz gehiago duelako.

Nutrizio-osakera

Moldeko ogiak legez bete beharreko parametro bakarra hezetasunari dagokiona da: ogi bereziek (moldekoak barne) ez dute edukiera osoaren %38 baino ur gehiago izan behar. Sei lagin hauek aurkezten dituzten ur-kopuruak %30etik (Recondo integral) eta %39 (Silueta) dabiltza: hauxe da gehieneko muga gainditzen duen bakarra, datu hau ere zuzentzat jo daitekeen arren.

Moldeko ogiak duen nutrizio-osagai nagusia karbohidratoa da, produktu osoaren %46tik %54 bitartean baitabil. Karbohidratook konplexuak dira, batez ere: gutxi batzuk bakarrik dira soilak. Hori dela bide, elikagai hau gomendatzeko modukoa dute diabetikoek, karbohidrato soilen kopuru apalari esker, odoletako glukosa-maila hobeki kontrola daitekeelako.

Moldeko ogi normalen proteina-kopurua %8 inguruan dabil, eta integralena altuxeago. Gantza, berriz, %5ean dabil, hau da, ogi zurian baino goraxeago. Ekarpen energetikoa, azkenik, 250 – 310 kaloria dute ehun gramoko, hots, ogi zuriaren parekoa, nonbait.

Recondo firmako bi ogiek beste gainerakoek ez bezalako osakera dute: ur eta proteina gutxien eta karbohidrato eta gantz gehien dituen ogia da bera: horregatik dira hauek kaloria gehien dituztenak. Bimbo eta Silueta dira gantz – eta, horrenbeste, kaloria- gutxien dituztenak. Gantzaren izaerari dagokiola, Bimbo eta Siluetak poliintsaturatu, monointsaturatu eta saturatuen edukia antzekoa dute. Recondo markako bien saturatuak %50era iristen dira (hauek, ongi dakigunez, odoletako kolesterola areagotzen dute eta, hortaz, besteak baino kalte handiagoa egiten diote osasunari). Panricoko biek, normalak eta integralak (Primera Línea) gantz-azidoen arteko erlazio osasuntsuagoa dute: gehienak poliintsaturatuak dira eta saturatuak, berriz, %26a. Gantzaren ikuspegitik, beraz, Panricokoak dira osasungarrienak, atzetik Bimbo etxekoak datozkiela. Recondo markakoak lirateke azkenak.

Integralek, zuntz gehixeago

Beste alderdi garrantzizko bat, elikagai honen zuntz-kopurua dugu: espero zen bezala, integralek gehiago dute normalek baino. Moldeko ogi normalaren zuntza %3,2 (Bimbo) eta %5,2 (Recondo) bitartean dago. Integralena %5,5 (Silueta) eta %7,7 (Primera Línea) dabiltza. Hortaz, zuzena da esatea moldeko ogi integralak zuntz gehiago daukala normalak baino, alde hori handia ez den arren. Nutrizioaz diharduten adituek egunean 30 gramo zuntz hartu behar dugula esan ohi dute: bi xerra moldeko ogi integralek egunean irentsi beharreko kopuru horren hamarrenaz hornitzen gaituzte.

Bitaminetan aberatsa izatearren, behintzat, ez dugu azpimarratzekoa moldeko ogia, nahiz azido nikotiniko eta folikoaren edukia kontuan hartzekoa den. Mineraletan, burdina aportatzen badu ere, organismoak nekez aprobetxa dezake era horretan. Ogi integralaren zink-ekarpena funtsezkoa da, ezinbestekoa baitute gure organismoko eragiketa metaboliko batzuek. Bestetik, Recondo (%0,4 inguru) sodio gutxien eskaintzen duen marka da, bai ogi normaletan, bai integraletan ere. Gainontzekotan, sodio-portzentaia %0,5 eta %0,7 bitartean dago, ogi normal eta integralen arteko alde nabarmenik ez dagoela.

Egoera sanitarioa, ona

Lizun eta legamiak bilatu diren arren, ez da alerik ere aurkitu gure laginetan. Horrenbestez, egoera mikrobiologiko zuzen edo egokian daudela esango dugu.

Produktu honen bizitza erabilgarria luzatzearren, mikroorganismoek sortzen duten endakapenetik babesteko propionatoak (E-281 edo E-282) darabiltzate marka guztiek, Recondok izan ezik Legeak baimentzen duen gehienekoa 3000 zm (zati milioiko) da: muga hori laginek gainditzen ez duten arren, Panricoko bi moldeko ogiak horretatik gertu dabiltza (2.500 inguru zm). Recondo firmako biek ez dute kontserbakari hau, ez -etiketak dioen arabera-beste kontserbakaririk ere: marka honek berariazko kontserbazio-sistema darabil bere produktuetan: egurats eraldatua (airearen ordez gas inertea sartu da) duten hiru ontzi hermetikotan seina xerra datoz. Hiru ontzietako bat ireki ondoren, ogia hurrengo 24 orduetan kontsumi dadin aholkatzen du fabrikatzaileak.

Sei laginetako osagaien zerrenda ikusirik, erabiltzaileak bestelako aditiboak aurkitu ditu: emulgenteak eta antioxidanteak, alegia. Nahasgarri ez diren fase bi edo gehiagok nahaste homogenoa sortzea edo mantentzea ahalbideratzen dute emulgenteek. Hemen erabilitako guztiak (E-482 estearoil-2-laktilato sodikoa, E-471 gantz-azidoen mono eta diglizeridoak, E-472e gantz-azidoen estereak, E-322 lezitinak, E-341 kaltzio-fosfatoa) eta elikagaien oxidazioa galarazten duen E-300 antioxidantea (azido askorbikoa) baimenduak ditu legeriak.

Dastaketan: bi lagin, gaizki

Moldeko ogi hauen itxura (azalaren kolore eta tamaina), esku eta ahoko ukitua eta zaporea baloratu zituzten dastatzaileek. Ogi integralaren mamia ere kalifikatu zuten. Dastatzaileek, oro har, xerra handiko, ukitu samur, zapore bizi, ahoko ukitu oretsu baina ez hondartsuko moldeko ogia nahiago izan zuten; zapore eta ukierari aitortu zitzaien garrantzi handiena. Moldeko ogi normaletan kalifikazio onena Bimbok (7 puntu) erdietsi zuen, bere itxura, ukitu samurra, zaporea eta ahoko ukiera gustatu zitzaielako dastatzaileei. Xerrak handi samarrak ziren eta azala gainontzeko moldeko ogiena baino beltxagoa. Panricok 5 puntuko balorazio orokorra lortu zuen. Honen azala zen txuriena, baina osoko itxura atsegina zuen. Ukitzean, laginik samurrena izan zen hau eta zaporez ere atsegin gertatu zitzaien dastatzaileei, baina ahoko ukiera erdipareko puntuazioan gelditu zen. Recondo izan zen okerren baloratutako lagina parametro guztietan: 3 puntuko suspentsoa baizik ez, guztira. Xerrarik txikiena zuela, ukitu gogorrekoa zen eta marka honetako ogiaren zaporea, denetan ahulena. Ahoko ukiera ere ez zen dastatzaileen gustukoa izan.

Integralei dagokiela, dastatzaileek xerra handiko ogi samurra nahiago izan zuten, ahoan samur eta hondakin askorik uzten ez zuena. Puntuaziorik garaiena Silueta eta Primera Líneak eraman zuten, biak ere 7na punturekin. Siluetak xerra handiena zuen eta, bietan, mami txuriena. Ogiaren ukitua samurra zen, xuabea, ahoan hondakinik uzten ez zuena. Primera Líneako ogi-mamiaren kolorea polita zen eta azalekoa, berriz, gorriska, ukiera samurra, zapore leun eta ahoko ukitu ez oso latza.

Integraletan ere, balorazio txarreneko lagina Recondo izan zen, 3 puntu lortu zituelarik. Azterturiko lagin guztietatik xerra txikiena, azal txuriena, ukitu gogorrena, oso latza, eta hondakin gehien utzi zuena izan zen Recondo markakoa. Recondok moldeko ogi-mota bietan balorazio eskasenak erdietsi ditu: marka horretako ogiak dira aprobatura iristen ez diren bakarrak, nahiz garestienak ere beraiek diren.

Etiketa, ongi

Ipini beharreko datu guztiak jasotzen dituzte lagin hauetako etiketek: produktuaren izena, “Osagaiak” hitzaren ondoren osagaien zerrenda, eduki garbia, iraungitze-data, kontserbatzeko oharrak (“eduki toki fresko lehorrean”), fabrikatzailearen izen eta helbidea eta fabrikatze-lotea. Derrigorrezkoa ez den arren, denek ipini dute nutrizioari buruzko informazio-taula. Laboratorioan eginiko azterketetako emaitzak eta fabrikatzaileek aitorturikoak bat datoz kasu denetan. Beste horrenbeste gertatzen da pisu garbiari dagokiola. Panrico eta Recondok, beren aldetik, (muturrekoez aparte) xerren kopurua ere adierazten dute eta Panricok, azkenik, xerraren pisua ere jakinarazten digu etiketan (balore hau ere bat dator laboratorioko azterketak eman duenarekin).

Laburbilduz

Laburbilduz

Hiru moldeko ogi normal (Bimbo, Panrico eta Recondo) eta hiru integral (Silueta, Primera Línea eta Recondo) aztertu dira; moldeko ogi normalaren prezioak, kiloko 328 eta 617 pezeta bitartean dabiltza eta integralenak, berriz, 397 eta 617 pezeta artean. Merkeenak Bimbo eta Silueta dira, eta garestienak Recondo markako biak.

Normalek eta integralek duten alde bakarra zuntz-kopurua da: batez beste, moldeko ogi normalek %4,3 dute, eta integralek %6,5. Primera Línea (Panrico) nabarmentzen da, edukieraren %7,7 zuntza duela. Elika-zuntzak hesteetako mugikortasuna errazten duenez, idorreria eta honen ondoriozko eritasunak prebenitzen ditu.

Moldeko ogi hauen %50a karbohidratoak dira, %8a proteinak eta %5a gantza. Osakeraz, ogi fresko baten antzekoak dira, gantz gehixeago duten arren. Ez dute asko gizentzen, horien balore energetikoa ehun gramoko 250 eta 310 kaloria bitartekoa baita. Bimbo eta Silueta (marka honetako integrala) dira gantz gutxien eta, era berean, kaloria gutxien dutenak.

Lagin guztiak zeuden egoera sanitario egokian. Lau laginek darabilten propionikoaren (kontserbakaria) edukia, berriz, legeriak baimenduriko mugen barnean da. Recondo markako biak dira kontserbakaririk ez duten bakarrak.

Dastaketan, Bimbo nagusitu zen ogi normaletan eta Primera Línea eta Silueta, aldiz, integraletan.

Moldeko ogi normaletan kalitate-prezio erlaziorik onena Bimbok eskaintzen du (dastaketan, Panrico baino goxoagoa eta merkexeagoa ere bai); integraletan, berriz, Primera Línea, Siluetak baino zuntz gehiago duelako, prezioz garestixeago izan arren

Banan-banan

Banan-banan, xehetasunez

Bimbo

  • 545 gramo, 328 pta. kiloko. Kalitate-prezio erlaziorik onena.
  • Proteinak eta sodioa, erdi parean. Karbohidrato, gantz, zuntz (%3,2) eta kaloria gutxien dituena.
  • Gantz-azido poliintsaturatu eta saturatuak erdi banatan, osakeran.
  • Dastaketan, gehien gustatu zena: 7 puntu: “xerra handi eta samurrak, azalaren kolore gorriska, zapore eta ahoko ukitu ona”.

Panrico

  • 475 gramo, 358 pta. kiloko. Interesantea.
  • Zuntz (%4,7), proteina, karbohidrato, gantz eta kaloriak, erdi parean. Bimbok baino gantz saturatu gutxixeago.
  • Dastaketan, 5 puntu: “itxura ona baina azalaren kolore txuriagoa; samurra, zapore onekoa, ahoko ukitua, erdi parekoa”.

Recondo

  • 420 gramo, 617 pta. kiloko. Garestiena.
  • Proteina eta sodio gutxien eta zuntz, karbohidrato, gantz eta kaloria gehien dituena (%5,2%).
  • Gantz-azido saturatu ugari. Kontserbakaririk ez.
  • Dastaketan, okerrena, 3 punturekin: “xerrarik txikien eta gogorrenak, zapore ahulena; ahoko ukiera ez zitzaien gustatu”.

Primera Línea

  • 475 gramo, 439 pta. kiloko. Kalitate-prezio erlaziorik onena.
  • Proteina, karbohidrato, gantz eta kalorietan, erdi parean. Zuntz (%7,7) eta sodio gehien duena.
  • Gainerakoek baino gantz saturatu gutxiago.
  • Dastaketan, gehien gustatu zena, 7 punturekin: “kolore leuneko mamia eta azal gorriska, tamaina ertaineko xerrak, samurrak, zapore xuabekoak; ahoko ukiera, ez oso latza”

Silueta

  • 600 gramo, 397 pta. kiloko. Interesgarria.
  • Proteina eta sodioan, erdi parean. Karbohidrato, gantz, zuntz (%5,5) eta kaloria gutxien dituena.
  • Dastaketan, gehien gustatu zitzaiena, 7 punturekin: “kolore politeko mamia, xerra handi eta samurrak; ahoko ukitu leuna, hondakinik gabea”.

Recondo

  • 420 gramo, 617 pta. kiloko. Garestiena.
  • Proteina eta sodio gutxien duena. Karbohidrato, gantz eta kaloria gehien dituena, gainontzekoek baino gantz saturatu gehiago dauzka.
  • Zuntz aldetik, erdi parean (%6,1). Kontserbakaririk ez.
  • Dastaketan, okerrena, 3 punturekin: “Azal argiko xerra txikiak, gogorrak, oso latzak; ahoan hondakin ugari”.