Inkesta egin diegu 1.700 pertsonari, eta galdetu diegu nola elikatzen diren eta beren dietak zer-nolako ezaugarriak dituen osasuna zaintzeko bidean

Inkesta erantzun dutenen %11ak soilik aldatzen du dieta gaitz kronikoren bategatik

  • Osasuna hobetzeko asmoz elikatzeko ohiturak aldatzen dituztenen joera izaten da gatza murriztea eta gantz ugariko elikagai gutxiago jatea
  • Inkestari erantzun dioten herritarren %29k gaixotasun kroniko bat daukate: arteria-tentsio handia eta kolesterol maila handia dira ohikoenak
1 otsaila de 2015
Img tema de portada listado 137

Inkesta erantzun dutenen %11ak soilik aldatzen du dieta gaitz kronikoren bategatik

Nolakoa da gure elikadura? Erabaki egokiak hartzen al ditugu elikatzeko orduan? Edo, aitzitik, arriskuan jartzen al dugu gure osasuna aukera okerrak egiteagatik? Nahiz eta oso garrantzitsua izan, oraindik ez dakigu herritarrek zer-nolako ohiturak dituzten dietaren arloan, ezta jendearen nutrizio-egoera nolakoa den ere. Egin izan dira gai horren inguruko zenbait azterketa, baina bakarrak ere ez du ematen behar adinako informaziorik mapa fidagarri eta adierazgarri bat egiteko, eta nekez egin daiteke egiazko argazki bat gaiaren inguruan.

Egoeragatik kezkatuta, EROSKI Fundazioak gai honen inguruko azterketa osatua egitea erabaki zuen eta horretarako kalitate eta babes handiena nahi zituenez, Javier Aranceta doktorearengana jo zuen (SENC Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko Batzorde Zientifikoko presidentea da, Nutrizio Komunitarioko irakasle elkartua Nafarroako Unibertsitatean eta AEN Nutrizioaren Espainiako Akademiako lehendakariordea). Bera ari da Espainiako Herritarren Nutrizio Azterketa (ENPE) izeneko lana gidatzen. Espainiako herritarren lagin adierazgarri batek elikatzeko zer-nolako ohiturak dituen ikertzen ari da, zer teknika erabiltzen dituen sukaldean, zenbateko pisua eta neurria duten, eta haien nutrizio-egoera baldintzatzen duten beste zenbait alderdi.

2013. urteko irailean ekin zioten lan horri, eta Estatu guztiko 6.800 norbanako elkarrizketatzea jarri zuten helburutzat (400 autonomia erkidego bakoitzean). Lana ez da erabat bukatu, baina egin liteke emaitzen aurrerapen bat Estatu osoko 1.700 lagunek emandako datuekin.

Elikadura eta osasuna

Osasun arazo kronikoak oso lotuta daude elikatzeko ereduarekin. Herrialde aurreratuetan, gaixotasun kronikoek eragiten dute heriotza eta ezgaitasun gehien. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluen arabera, 2015. urtean 64 milioi pertsona hilko dira, eta horietatik 41 milioi era horretako gaitzen ondorioz hilko dira. Espainiako Estatuan, bestalde, gaixotasun kronikoek eragiten dituzte Lehen mailako Arretan egiten diren hamar kontsultatatik zortzi eta hamar ospitaleratzetatik sei. Eta osasun arloan gastu gehien sortzen duten gaitzak ere badira (gastu guztien bi herenak).

ENPE azterketaren arabera, inkestari erantzun dioten herritarren %29k gaixotasun kronikoren bat daukate. Ildo horretan, osasun arazo kronikoen artean, honako hauek dute prebalentzia handiena: arteria tentsio handiarekin eta maila normaletik gorako kolesterolarekin zerikusia dutenak (erantzun duten herritarren %10ek dauzkate bi gaixotasun horiek). Zehazki, emakumeen %12k eta gizonen %9k adierazi dute arteria tentsio handia dutela. Hiperkolesterolemia, berriz, emakumeen %9k eta gizonen %10ek.

Adin multzoka hartuta, 65 urteko herritarren artean, erantzun dutenetako %31k daukate arteria tentsio handia eta %27k hiperkolesterolemia. Gainera, %13k diabetesa dute eta %12k bihotzeko arazoak.

Oso ohikoa izaten da osasun arazo bat duten pertsonek elikatzeko eredua aldatzea tratamenduaren zati gisa edo gaitzari lotutako arazoei aurrea hartzeko. ENPE azterketaren arabera, ordea, inkestari erantzun dioten herritarren %11k baino ez dituzte aldatu elikatzeko ohiturak osasun arazoen eraginez. Emakumeek joera gehiago izaten dute dieta aldatzeko gizonek baino. Baita 65 urtetik gorakoek ere.

Eta zer-nolako aldaketak egiten dituzte? Nutrizioaren arloan egiten diren aldaketak lotu-lotuak daude prebalentzia handiena duten osasun arazoekin (arteria tentsio eta kolesterol handiak), eta, hortaz, pertsonarik gehienek adierazi dute gatz gutxiagorekin jaten hasi direla. Beste hainbatek gantzak ere murriztu dituzte (utzi egin diote gantz ugari duten zenbait elikagai jateari edo animalia jatorriko gantzak hartzeari). Ohikoa izaten da, halaber, azukre ugariko elikagaiak murriztea eta osotara elikagai gutxiago jatea.

Zenbatero jaten dugu? Eta nola?

Hiru otordu egunean

Gaur egun, elikadura funtsezko elementua da, eta guztien ahotan dago. Eta ez herritarren eta komunitate zientifikoaren artean bakarrik; komunikabideetan ere oso maiz agertzen den gaia da (izan on-line edo izan off-line). Elikadura zientzietan eta nutrizioaren arloan egiten den aurrerapen, aurkikuntza edo pauso bakoitzak, azken hamarkadetan, argi utzi du ongi elikatzea zein garrantzitsua den osasuna sustatzeko eta ongizate fisiko eta emozionala ere bai.

Nutrizio arloko adituek hainbat gomendio ematen dituzte modu osasungarrian elikatzeko, eta horien artean asko nabarmentzen dute egunean 5 otordu egin behar direla. Helburua, gorputzak behar adina energia izan dezala egun osoan egin behar dituen jarduerak egiteko. Horrek, era berean, erraztu egiten du digestioa, eta eragotzi egiten du itsumustuan jan eta betekada bat egitea, bazkarira edo afarira gose handiarekin iristen denari hori gerta dakioke eta.

Gomendio hori gorabehera, ENPE azterketan ageri denez, erantzun duten herritarrek egunean hiru otordu nagusi egiten jarraitzen dute: gosaria, bazkaria eta afaria. Herritarren %33k bakarrik egiten dute hamaiketakoa egunero, eta %37k askaria.

Gosariak arreta berezia eskatzen du. Izan ere, organismoak mantenugaiak eta energia behar ditu esnatzean, eta gosariarekin hartzen ditugu horiek. Hainbat ordutan barau egin ondoren (10 edo 12 ordutan), gorputzak “erregaia” behar du eguneko jarduerak egiteko.

Azterketan, erantzun duten herritarren %90ek adierazi dute egunero gosaltzen dutela, baina %10ek ez dute berdin egiten (horien artean, %2k jakinarazi dute sekula ez dutela deus ere jaten ohetik jaiki ondoren).

Adinari erreparatuta, alde handiak ageri dira multzotik multzora. Adingabeen artean, txikienek (3 eta 8 urte artekoek) egunero gosaltzeko ohitura dute (hala egiten dute %94k), baina portzentaje hori %89ra jaisten da 9 eta 18 urte artekoetan. Helduen artean ere badira aldeak: 19 eta 64 urte arteko herritarren artean, azterlanean parte hartu dutenen %88k gosaltzen dute egunero, eta 65 urtetik gorakoen artean, %98k.

Edonola ere, badira zenbait faktore elikatzeko jokabideetan eragiten dutenak. Besteak beste, elementu geografikoak, soziokulturalak eta ekonomikoak. Elikagai jakin bat inguru bati lotua dagoenean, hura jateko ohitura handiagoa izaten da: kostako herrietan, adibidez, arrain gehiago jango da barnealdekoetan baino. Klimaren berezitasunek, orografiak eta lur motak ere baldintzatu izan dute eskualde jakin batean elikagai batzuk eskuragarri izatea edo ez izatea, eta, ondorioz, jateko ohitura izatea edo ez.

Erlijioari eta kulturari atxikitako alderdiek ere urteetan sustatu izan dituzte elikatzeko ohitura batzuk: sinesmen batzuek galarazi egiten dute produktu batzuk jatea, prestatzeko orduan ere badaude aldeak, aurkezpenean eta ordutegietan ere bai, eta irizpide horiek guztiek baldintzatu egiten dituzte talde baten ohiturak.

Jateko moduak

Otorduaren iraupenak, beste norbaitekin jateak edo bakarrik egiteak, kide hori zein den, inguruan zarata izaten den edo ez, jatean telebistari begira egoteak, jakiak platerean nola aurkezten diren eta, oro har, inguruak baldintzatu egiten dute jateko modua eta jaten ari denaren osasuna epe luzera. Alderdi horietako batzuk ere aztertu ditu ENPE azterketak. Zehazki, iraupena, konpainia eta jaterakoan egiten diren jarduerak.

Lehenik eta behin, inkestan parte hartu duten herritarren %49k, oro har, 10 minutu behar izaten dituzte gosaltzeko. Beste %40k luzatu egiten dute tarte hori, eta 20 minutu hartzen dituzte. Bazkariari denbora gehiago eskaintzen zaio. Herritarren %47k 20 eta 30 minutu artean behar izaten dituzte, eta %20k 30 eta 45 minutu artean. Afariak, berriz, gutxiago irauten du. Erantzun dutenen artean, %35ek 10 eta 20 minutu artean hartzen dituzte, eta %42k 20 eta 30 minutu artean. Denbora horiek guztiak luzatu egiten dira zertxobait asteburuetan.

Bestalde, eguneko otordu guztietatik, gosaria izaten da herritarrek maizenik bakardadean egiten dutena. Zehazki, herritarren %41ek gosaltzen dute bakarrik, beste inor gabe. Asteburuetan, dena den, familia izaten dute ondoan (kasuen %31tan). Bazkaritan eta afaritan ohikoagoa da familia guztia biltzea (halaxe izaten da azterketa erantzun duten herritarren %37rentzat bazkaritan eta %45entzat afaritan). Asteburuetan, jakina, gehiagok izaten dute ohitura hori.

Azkenik, mahaian zer-nolako ohiturak dituzten ere galdetu zaie herritarrei. Gehienek adierazi dute telebistari begira egoten direla gosaltzen, bazkaltzen edo afaltzen duten bitartean (%43 gosaritan, eta %65 inguru bazkaritan eta afaritan), eta ingurukoekin hizketan ere bai (%40 inguru gosaritan eta %52 inguru bazkaritan eta afaritan). Gosari garaian irratia entzuteko ohitura ere badute zenbaitek, erantzun duten herritarren %10ek hain zuzen.

Nor dira?

Elkarrizketatu diren 1.700 pertsona horietatik, %57 emakumeak izan dira. Adinari erreparatuta, %71k 19 eta 64 urte artean eduki dituzte, %17k 65 urte edo gehiago, eta gainerakoak adingabeak izan dira (%8k 9 eta 18 urte artean eduki dituzte eta %4k 3 eta 8 urte artean). Bi aldagai horiek, sexua eta adina, Estatuko biztanleria-banaketaren adierazgarriak dira. Horretaz gain, erantzun duten herritarren %51k erdi mailako edo goi mailako ikasketak dituzte, %32k derrigorrezkoak eta beste %17k ez dituzte egin Lehen Mailakoak edo OHOkoak. Lanari dagokionez, aipagarria da %26 langabezian daudela. Dena den, %67 ikasten edo lanean ari dira: %18 etxeko lanetan edo zaintzaile gisa aritzen dira, %14k lan egonkorra dute, %11 eskulangile kualifikatuak dira eta %7 ez-kualifikatuak, %8 autonomoak, %1 familiako negozioan ari da eta, azkenik, %8 ikasleak dira. Beste %7, berriz, pentsiodunak.

Residencia de la sagrada familia

Azkenik, etxe motari dagokionez, %10 baino ez dira bizi bakarrik. Erantzun duten herritarren %37 ezkontidearekin edo bikotekidearekin bizi dira, eta %51 senitartekoekin (%26 seme-alabekin, %16 gurasoekin eta %9 anai-arrebekin). Gainerakoak (%2) senitartekoa edo bikotekidea ez den beste norbaitekin bizi dira.

Ongi informatuta al gaude?

Jakiteko eskubidea ez da beti gauzatzen

Gero eta garrantzi gehiago dauka elikagai bakoitzak dituen mantenugaien berri etiketan emateak. Kontsumitzaileek, izan ere, eskubidea dute jakiteko zer daukaten erosten dituzten elikagaiek; informazio horri esker, elikagai egokiak hautatu ditzake eta dieta osasungarri eta orekatua egin, halaxe dio Elikadurari buruzko Informazioaren Europako Kontseiluak (Eufic).

ENPE azterketan herritarren %36k bakarrik adierazi dute elikagaien eta edarien etiketa nutrizionala beti edo ia beti irakurtzeko ohitura dutela. Ikerketan parte hartu dutenek joera handiagoa dute etiketako beste gauza batzuk irakurtzeko, zehazki iraungitze-data (%80k egiten dute). Errazio bakoitzak nutrizioaren ikuspegitik zer ematen duen ere ageri da etiketan, baina informazio grafiko hori %13k baino ez dute irakurtzen, eta semaforo nutrizionala %11k.

Azkenik, inkestari erantzun diotenen artean, %56k adierazi dute beti edo ia beti ulertzen dutela etiketak dakarren informazioa.

Informazioa boterea da

Elikadurak eta nutrizioak zalantzak sortzen dituzte egunerokoan. ENPE azterketaren arabera, herritar gehienek medikuarengana jotzen dute zalantza horiek argitzeko profesional bat nahi dutenean. Hain zuzen, herritarren %36k izaten dute joera hori. Erizainei ere maiz galdetzen diete (%12k) eta dietistei ere bai (%11k). Bestalde, %24k senitartekoei galdetzen diete beti edo ia beti eta %12k lagunei.

Komunikabideei dagokienez, Internet da ohiko informazio iturria inkesta erantzun duten %16rentzat, aldizkariak %15entzat (%41ek noizbehinka erabiltzen dituzte horiek) eta telebista %12rentzat.

Nagusiki, osasun arazoak konpontzeko edo hobetzeko balio duten elikagaiei buruzko informazioa bilatzen dute, eta haurren elikaduraren ingurukoa ere bai. Argaltzeko dieten inguruko informazioa ere bilatu ohi dute.