Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Inkesta egin diegu 1.700 pertsonari, eta galdetu diegu nola elikatzen diren eta beren dietak zer-nolako ezaugarriak dituen osasuna zaintzeko bidean : Inkesta erantzun dutenen %11ak soilik aldatzen du dieta gaitz kronikoren bategatik

  • Osasuna hobetzeko asmoz elikatzeko ohiturak aldatzen dituztenen joera izaten da gatza murriztea eta gantz ugariko elikagai gutxiago jatea
  • Inkestari erantzun dioten herritarren %29k gaixotasun kroniko bat daukate: arteria-tentsio handia eta kolesterol maila handia dira ohikoenak

Zenbatero jaten dugu? Eta nola?

Hiru otordu egunean

Gaur egun, elikadura funtsezko elementua da, eta guztien ahotan dago. Eta ez herritarren eta komunitate zientifikoaren artean bakarrik; komunikabideetan ere oso maiz agertzen den gaia da (izan on-line edo izan off-line). Elikadura zientzietan eta nutrizioaren arloan egiten den aurrerapen, aurkikuntza edo pauso bakoitzak, azken hamarkadetan, argi utzi du ongi elikatzea zein garrantzitsua den osasuna sustatzeko eta ongizate fisiko eta emozionala ere bai.

Nutrizio arloko adituek hainbat gomendio ematen dituzte modu osasungarrian elikatzeko, eta horien artean asko nabarmentzen dute egunean 5 otordu egin behar direla. Helburua, gorputzak behar adina energia izan dezala egun osoan egin behar dituen jarduerak egiteko. Horrek, era berean, erraztu egiten du digestioa, eta eragotzi egiten du itsumustuan jan eta betekada bat egitea, bazkarira edo afarira gose handiarekin iristen denari hori gerta dakioke eta.

Gomendio hori gorabehera, ENPE azterketan ageri denez, erantzun duten herritarrek egunean hiru otordu nagusi egiten jarraitzen dute: gosaria, bazkaria eta afaria. Herritarren %33k bakarrik egiten dute hamaiketakoa egunero, eta %37k askaria.

Gosariak arreta berezia eskatzen du. Izan ere, organismoak mantenugaiak eta energia behar ditu esnatzean, eta gosariarekin hartzen ditugu horiek. Hainbat ordutan barau egin ondoren (10 edo 12 ordutan), gorputzak “erregaia” behar du eguneko jarduerak egiteko.

Azterketan, erantzun duten herritarren %90ek adierazi dute egunero gosaltzen dutela, baina %10ek ez dute berdin egiten (horien artean, %2k jakinarazi dute sekula ez dutela deus ere jaten ohetik jaiki ondoren).

Adinari erreparatuta, alde handiak ageri dira multzotik multzora. Adingabeen artean, txikienek (3 eta 8 urte artekoek) egunero gosaltzeko ohitura dute (hala egiten dute %94k), baina portzentaje hori %89ra jaisten da 9 eta 18 urte artekoetan. Helduen artean ere badira aldeak: 19 eta 64 urte arteko herritarren artean, azterlanean parte hartu dutenen %88k gosaltzen dute egunero, eta 65 urtetik gorakoen artean, %98k.

Edonola ere, badira zenbait faktore elikatzeko jokabideetan eragiten dutenak. Besteak beste, elementu geografikoak, soziokulturalak eta ekonomikoak. Elikagai jakin bat inguru bati lotua dagoenean, hura jateko ohitura handiagoa izaten da: kostako herrietan, adibidez, arrain gehiago jango da barnealdekoetan baino. Klimaren berezitasunek, orografiak eta lur motak ere baldintzatu izan dute eskualde jakin batean elikagai batzuk eskuragarri izatea edo ez izatea, eta, ondorioz, jateko ohitura izatea edo ez.

Erlijioari eta kulturari atxikitako alderdiek ere urteetan sustatu izan dituzte elikatzeko ohitura batzuk: sinesmen batzuek galarazi egiten dute produktu batzuk jatea, prestatzeko orduan ere badaude aldeak, aurkezpenean eta ordutegietan ere bai, eta irizpide horiek guztiek baldintzatu egiten dituzte talde baten ohiturak.

Jateko moduak

Otorduaren iraupenak, beste norbaitekin jateak edo bakarrik egiteak, kide hori zein den, inguruan zarata izaten den edo ez, jatean telebistari begira egoteak, jakiak platerean nola aurkezten diren eta, oro har, inguruak baldintzatu egiten dute jateko modua eta jaten ari denaren osasuna epe luzera. Alderdi horietako batzuk ere aztertu ditu ENPE azterketak. Zehazki, iraupena, konpainia eta jaterakoan egiten diren jarduerak.

Lehenik eta behin, inkestan parte hartu duten herritarren %49k, oro har, 10 minutu behar izaten dituzte gosaltzeko. Beste %40k luzatu egiten dute tarte hori, eta 20 minutu hartzen dituzte. Bazkariari denbora gehiago eskaintzen zaio. Herritarren %47k 20 eta 30 minutu artean behar izaten dituzte, eta %20k 30 eta 45 minutu artean. Afariak, berriz, gutxiago irauten du. Erantzun dutenen artean, %35ek 10 eta 20 minutu artean hartzen dituzte, eta %42k 20 eta 30 minutu artean. Denbora horiek guztiak luzatu egiten dira zertxobait asteburuetan.

Bestalde, eguneko otordu guztietatik, gosaria izaten da herritarrek maizenik bakardadean egiten dutena. Zehazki, herritarren %41ek gosaltzen dute bakarrik, beste inor gabe. Asteburuetan, dena den, familia izaten dute ondoan (kasuen %31tan). Bazkaritan eta afaritan ohikoagoa da familia guztia biltzea (halaxe izaten da azterketa erantzun duten herritarren %37rentzat bazkaritan eta %45entzat afaritan). Asteburuetan, jakina, gehiagok izaten dute ohitura hori.

Azkenik, mahaian zer-nolako ohiturak dituzten ere galdetu zaie herritarrei. Gehienek adierazi dute telebistari begira egoten direla gosaltzen, bazkaltzen edo afaltzen duten bitartean (%43 gosaritan, eta %65 inguru bazkaritan eta afaritan), eta ingurukoekin hizketan ere bai (%40 inguru gosaritan eta %52 inguru bazkaritan eta afaritan). Gosari garaian irratia entzuteko ohitura ere badute zenbaitek, erantzun duten herritarren %10ek hain zuzen.

Nor dira?

Elkarrizketatu diren 1.700 pertsona horietatik, %57 emakumeak izan dira. Adinari erreparatuta, %71k 19 eta 64 urte artean eduki dituzte, %17k 65 urte edo gehiago, eta gainerakoak adingabeak izan dira (%8k 9 eta 18 urte artean eduki dituzte eta %4k 3 eta 8 urte artean). Bi aldagai horiek, sexua eta adina, Estatuko biztanleria-banaketaren adierazgarriak dira. Horretaz gain, erantzun duten herritarren %51k erdi mailako edo goi mailako ikasketak dituzte, %32k derrigorrezkoak eta beste %17k ez dituzte egin Lehen Mailakoak edo OHOkoak. Lanari dagokionez, aipagarria da %26 langabezian daudela. Dena den, %67 ikasten edo lanean ari dira: %18 etxeko lanetan edo zaintzaile gisa aritzen dira, %14k lan egonkorra dute, %11 eskulangile kualifikatuak dira eta %7 ez-kualifikatuak, %8 autonomoak, %1 familiako negozioan ari da eta, azkenik, %8 ikasleak dira. Beste %7, berriz, pentsiodunak.

Azkenik, etxe motari dagokionez, %10 baino ez dira bizi bakarrik. Erantzun duten herritarren %37 ezkontidearekin edo bikotekidearekin bizi dira, eta %51 senitartekoekin (%26 seme-alabekin, %16 gurasoekin eta %9 anai-arrebekin). Gainerakoak (%2) senitartekoa edo bikotekidea ez den beste norbaitekin bizi dira.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak