Igogailuak eta auzo komunitateak

Igogailua, liskar iturri

Auzi ohikoenak: igogailuaren mantenuko gastuak eta lanak nork ordaindu behar dituen
1 iraila de 2003

Igogailua, liskar iturri

Komunitatea igogailua instalatzeko edo zaharraren ordez beste bat ezartzeko asmotan dabil, auzokideen erosotasunaren mesedetan. Nolanahi ere, instalazio horrek eragiten duen gastua hileko ohiko kuota baino dezente handiagoa denez, jabekide batzuek uko egiten diote instalazioaren finantzaketan esku hartzeari, igogailua baliatzen ez dutela argudiatuz. Orduantxe hasten da eguneroko elementua ezartzearen aldeko eta aurkako guda. Izan ere, Espainian 2001 urteko datuen arabera, 650.000 igogailu baino gehiago daude eta 72 orduan mundu osoko igogailuek planetako biztanleria osoaren baliokidea -6.000 milioi lagun- igo eta jaisten dute, igogailuen mundu osoko fabrikatzaile handienak emaniko datuek diotenez.

Espainiako Jabetzako Agenteen Kontseilu Nagusiaren arabera, oraindik igogailua ez daukaten eraikinetan horrelako aparatua instalatzearen inguruan jabekideen artean sortzen diren istiluak ez dira jazotzen igogailua instalatzeagatik, lanak eta aparatuaren funtzionamendu-gastuak nork ordaindu behar dituen zehaztearren baizik: pertsonentzako igogailu arrunt baten prezioa -instalazio lanak kontuan hartzeke- 42.000 eta 60.000 euro bitartean dabil.

Liskarrak liskar, eraikinak bere buruari balioa eransten dio (etxebizitza saltzean nabarmenduko dena, alegia) igogailua ondasun komunitario gisa instalatzen bada. Balio-gehitze horretaz etxabeetako jabea ere baliatuko da, hein apalago batean. Aipatu Jabetzako Agenteen Kontseilu Nagusiaren arabera, igogailurik ez duen eraikineko bosgarren pisuko etxebizitza batek %40 gutxiago balio ohi du igogailua daukan eraikineko baliokideak baino. Igogailua instalatzea, hortaz, mesedegarri gertatzen da denentzat, neurri batean edo bestean.

Igogailu zaharraren ordez berria ezartzea

Auzokideak noiz onartu behar ditu gastuak?
Ordezkapena ezinbestekoa bada edota matxuren konponketa ekonomiaz kontrako gertatzen denean gastu horiek auzokide denek ordaindu behar dituzte, interes orokorreko zerbitzua martxan mantentzeko derrigorrez egin beharreko obra baita.

Ordaintzeari uko egiten diotenak noiz ez daude pagatzera behartuta?
Erabakiarekin konforme ez dauden jabekideek ez dute zertan ordaindu igogailua ordezkatzea zerbitzua martxan mantentzeko ezinbestekoa ez baldin bada. Hau da, higiezina behar bezala, bizigarri eta seguru mantentzeko premiazkoa ez den hobekuntza finantzatzeko denean edo, bestela, Jabetza Horizontalaren Legeko 11 artikuluan xedatutakoaren arabera, eragiketa horren kostua ohiko gastuen hiru hileko kuota baino handiagoa denean.

Igogailua ez dagoenean, instalatzea

Igogailurik ez duen finka batean elementu hori instalatu ahal izateko zenbat boto behar dira?
Legeak dioenez, igogailu zerbitzua ezartzeak, sorrera-titulua edo estatutuak aldatzea agintzen badu ere, partaidetza kuoten hiru bostenen ordezkari diren jabe guztien hiru bostenen aldeko botoa bildu beharko da. Berariazko gehiengo horren arabera zilegitasunez lorturiko erabakiak jabekide guztiak behartzen ditu.

Batzarrera jabekide gutxi azaltzen direnean nola lor daitezke ezinbesteko gehiengo horiek?
Legeak xedatua du jabekide guztiek Idazkariari ohartarazpenak jasotzeko helbidea jakinarazi behar diotela; horrela ez egitekotan, jabe horien etxebizitza edo tokira bidaltzen zaizkienak baliozkoak izango dira. Batzarrera joan ez diren jabekideen botoak aldekotzat joko dira, erabaki hori hartu dela jakinarazten zaienetik hogeita hamar eguneko epean kontrakotasunik agertzen ez badute. Horrenbestez, horrelako ohartarazpenak jaso ahal izateko helbidea finkatu eta jakinarazteak garrantzi handia du.

Eragozpen arkitektonikoak berdintzea

Zer gertatzen da eraikin horretan ezinduak bizi direnean?
Dena aldatzen da, igogailua instalatzearen ondorioz eragozpen arkitektonikoak suntsituko dira, ezinduen gizarteratzea errazteko xedez. Helburu horrekin zeinahi lan edo ohiko zerbitzuen ezarpen egin ahal izateko, are titulua edo estatutuak berak ere eraldatzen badituzte, partaidetza kuoten gehiengoa ordezkatzen duten jabekideen gehiengoa aski da. Akordioak denek lotetsiko ditu eta, hortaz, denek ordaindu behar dute, baita kontra azaldu direnek ere.

Hori dena aplikagarria ote da, eragindako jabekideak bere ezintasuna ofizialki aintzat hartuko liokeen agiria ez daukanean ere?
Bai, mugitzeko zailtasuna egiaztatzen baldin badu. Esate baterako, ibiltzeko oztopoak izaten dituzten adin handiko pertsonek eska dezakete igogailua gehiengo soilaren erabakiz instala dadin, ezintasuna ofizialki aldarrikatzeko beharrik gabe.

Partaidetza-kuota

Igogailuaren instalazioagatik jabekide bakoitzak ordaindu behar duen kopurua nola zehazten da?
Partaidetza-kuotaren arabera banatzen dira portzentajeak: jabekide bakoitzak, etxebizitzaren ezaugarrien arabera, bere partaidetza-kuota dauka esleitua: horrek ez du salbuetsiko instalazioa ordaintzeko beharretik.

Nola ezartzen da jabekide bakoitzaren partaidetza-kuota?
Eraikinaren guztirako balioarekiko, etxebizitza edo toki bakoitzaren azalera baliagarriaren arabera, ehunenekotan adierazita.

Auzokide disidenteak

Zer gertatzen da jabekide bat ados ez dagoenean gainerako jabekideen bozketarekin eta, hortaz, igogailua instalatzearen kontra mantentzen bada?
Konforme ez dagoen kide horrek bere adostasunik eza Jabekideen Batzordeari idatziz jakinaraz diezaioke erabakia hartu denetik 30 eguneko epean eta, geroago, hiru hilabete izango ditu epaitegien aurrean erabakiaren kontra egiteko.

Zein kasutan ez dago obraren proportziozko partea ordaintzeari uko egiteko aukerarik?
Eraikin horretan pertsona adintsuak, ezinduak edo mugimendua mugatua daukatenak bizi direnean. Horrelakoetan pertsona edadetsuek ez dute zertan bere egoera egiaztatu: beren adinagatik ulertzen da mugikortasuna urritua dutela.

Nola gerta daiteke jabekide bat igogailuaren instalazioa ordaintzetik legez salbuetsita?
Jabekideen Batzordeak aho batez hartu eta idatziz jasoriko erabakiaren bidez.

Horrelakorik gertatzekotan eta beste kide bat erabaki horrekin konforme ez badago, zer gertatzen da?
Erabakiaren kontra egin dezake.

Jabekideen komunitateak nola bermatzen du nahi izan ez duelako ordaindu ez duen jabekideak igogailua erabiltzen ez duela?
Badira hamaikatxo bide eta mekanismo horretarako: klabea duten giltzak, hautaturiko pisura zuzen eramaten zaituzten giltzak (beraz, erabilera ordaintzen ez duenari bertara joatea galarazten diotenak), etc.

Zer gertatzen da konforme ez zegoen jabekide horren etxebizitza salgai jartzen denean? Nolako eskubide eta betebeharrak dituzte auzo berriek igogailuaren instalazioari dagokionez?
Ordaindu ez diren kuoten arduradunak, aurreko jabea ez ezik, zorrak dituen etxebizitza hartu duen jabe berria ere bada. Kasu honetan, dena den, erosi den urteko eta aurreko urteko kuota bakarrik dira zor direnak: hortik aurrera erostunak ez du inongo erantzukizunik. Bistan denez, Legeak ez du galarazten, eskritura egiteko unean, saltzaileak eta erostunak elkar harturik, jabekideen komunitateari zor zaion dirua erosketa-preziotik deskontatzea.

Jabekideentzako kalteak

Igogailu baten instalazioak auzo baten jabetza kaltetzen duenean zer gertatzen da?
Komunitatearen ongia partikularren ongiaren gainetik dagoen arren, komunitateak kalteturiko auzokidea indemnizatu egin behar du okupatu zaion espazioagatik edo, bestela, hainbat teknikori proiektuak eskatzea eta, obligazioz, ez du denetan merkeena aukeratuko, kalteturiko auzoengan eragin txikiena izango duena baizik. Proiektu horietakoren batek auzoen azalera pribatiboa erabiltzen ez badu, komunitateak derrigorturik proiektu horixe hautatu beharko du.

Nolako eskubideak ditu eragindako jabeak?
Txosten teknikoak aztertu eta, berak ere, proiektuak eskatzeko, bere jabetzan kalte gutxien eragingo duen proiektua egin dadin exijitzeko (merkeena ez bada ere) eta komunitateak indemnizazioa ordain diezaion, bere jabetzaren parte bat okupatzearren.

Lege-alorrean

Zein legek arautzen duen igogailuaren instalazioa, ordezkapena edo hobekuntza jabekideen komunitate batean?
Horixe da, uztailaren 21eko 49/1960 Legea, Jabetza Horizontalari buruzkoa, apirilaren 6ko 8/1999 Legeak eraldatua: testu horrek etxebizitza eta tokien jabeen arteko auzo-harreman guztiak arautzen ditu, baldin eta jabe horien titularitateak eraikinaren elementu komun guztien jabekidetza-eskubidea erantsia badu.

Zer du xedatua legeak?
Espainiako Kode Zibileko 396 artikuluak dioenez, igogailua, elementu komuna del aldetik, denen jabetzakoa da eta, hortaz, ezin sal daiteke bereiz, ezin bana daiteke eta, gainera, obra eta aldaketei dagokienez, legeak araututakoa bete behar du, derrigor. Denek erabil dezakete igogailua, honen eginkizuna betetzen badute. Eta zaindu egin behar dute denek, eraikinak behar bezalako baldintza estrukturalak bete ditzan, isolamendu, bizigarritasun eta segurtasun alorretan.

Lege-testuak, elkarren kontrako

Zergatik egiten dira horrenbeste salaketa eta erreklamazio, igogailuen instalazioa dela bide?
Liskarraren arrazoi nagusia ez da igogailua instalatzeko baimena eman edo ez eman, obraren finantzaketari aurre egitea baizik. Jabetza Horizontalaren gaineko Legeaz -zehazkiago, testu horretako 11 eta 17 artikuluez- egin daitezkeen interpretazioek, irtenbideak erakutsi ordez, arazoak larriagotzen dituzte.

Interpretazio-dibergentzia hori nola azaltzen da praktikan?
Legeak xedatua du komunitateak ezin uko egin diezaiokeela igogailua eraberritzeari, eraikinaren bizigarritasuna hobetzeko baldin bada. Igogailua instalatzeko interesa dutenek Lege horren 17 artikulua (“jabekide guztien 3/5ek harturiko erabakiak denen behartzen ditu”, beraz, instalazioa denek ordaindu behar dute) baliatzen dute argudiotzat. Igogailua instalatzerik nahi ez dutenek (eskuarki, etxabeen eta lehen solairuetako etxebizitzen jabeek), aitzitik, instalazioa premiazkoa ez dela aldarrikatzen dute. Eta, jabekideen 3/5ek harturiko erabakia dela medio, instalazioaren eragozpenak jasateko prest baldin badaude ere, Jabetza Horizontalaren Legeko 11. artikuluak xedatutakoaren arabera (“Instalazio horrek eragiten duen gastua hileko ohiko kuota baino hiru bider handiagoa denean, erabakiaren kontra agertu den jabekidea ez dago ordaintzera derrigortua eta, beraz, horren kuota ez da aldatuko, are lorturiko hobekuntza edo abantaila”), ez deritze ordaindu behar dutenik.