Kalitate egiaztagiriak hondartzetan

Hondartza bermedunak

Bandera Urdina, ISO 9001 eta 14.000 kalitate arauak, ICTE erakundearen kalitateko "Q" marka edota EMAS kudeaketa sistema, guztiak dira agintari publikoek dauzkaten mekanismoak, hondartzen kalitatea eta egoera egokia egiaztatu eta kudeatzeko ez ezik, bisitariei urterik urte hobetuz doazen parametroak eskaintzeko ere.
1 uztaila de 2004

Arau horietako bakoitzak bere eskakizun maila daukan arren, denen helburua da titulu horiek lortzen dituen hondartza aldez edo moldez ospe onaren distiraz janztea -eta, hedapenez, eskualdea, lurraldea, autonomi erkidegoa edo herrialdea-. Gainera, hondartzen marketina eta publizitatea egiteko tresna gisa agertzen dira.

Hondartza bermedunak

Hondartzen kalitatea eta kudeaketa egiaztatzeko garrantzia agerian geratzen da Espainian: bertan halakotzat katalogatuta dauden hiru mila guneetako batzuek egunero-egunero 30.000 bisitari baino gehiago jasotzen dituzte. Hondartzaren ustiapenak dakarren eragin ekonomikoa ere ez da hutsaren hurrena: Estatu osoko lurraldearen %0,001 baizik betetzen ez dutela, hondartzek sortutako ekonomia Espainiako errentaren %10era iristen da. Hobekuntza horretan jardun eta aurrera egitea ez ezik, ingurumenerako errespetua eta ingurunea osasuntsu mantentzea funtsezkoak dira bisitariak atzitu eta mantentzeko.

Bandera Urdinak: egoeraren argazkia

Kontsumitzaile, erabiltzaile eta turistak ezagunen duen sistema Bandera Urdina da; egiaztagiri hori Espainiako Ingurune eta Kontsumitzaile Hezkuntzako Elkarte (ADEAC) gobernuz kanpoko erakundeko kideek ikuskaritza egin ondorengo hondartzaren une jakin bateko argazki edo irudi estatiko moduko bat da eta, halakotzat, urterik urte berriztatu beharra dago. Bandera Urdina ez zaio hondartzari betiko ematen, urtero-urtero berritu egin behar baita. Ikuskaritza, berriz, une jakin batean egiten da eta ez ditu baloratzen hondartza horretan izaniko hobekuntzak edo okertzeak. Hondartzak baldintzak betetzen baditu, bandera eman egiten zaio, aurreko urtetik hobera edo txarrera egin duen kontuan izan gabe.

Azken urteotan ikur honen ospea auzitan jarri bada ere, Bandera Urdinaren entrega oraindik ere biziki onuragarria dute Espainiako hondartzek: aurtengo udan 450 hondartzak eta 68 portuk jaso dute Europako Ingurune Hezkuntzako Fundazioaren eta goian aipaturiko ADEAC erakundeen eskutik.

Bandera Urdina daukan hondartza erraz asko ezagutuko du kontsumitzaileak, bertarako sarreran baitago adierazgarri hori. Ikurra jasotzeak hartu duen ospea biziki handia denez, udaletako arduradunentzat ere harro egoteko arrazoia da eta, aintzat harturik, beraiek erdietsitako arrakasta hedabideetan zabaltzen dute, lau haizeetara zabaldu ere.

Bandera Urdina eskuratzeko, legezkotasun, osasun, garbitasun, segurtasun, informazio eta ingurumenaren kudeaketako hainbat alorri dagokienez, gutxieneko baldintzak betetzen dituztela ziurtatu behar dute hondartzek. Uda hasieran udalek azterketa osoa pasa behar izaten dute, erabiltzaileek eginiko salaketak ere ikertzen baitituzte ikuskariek.

Bandera Urdina nazioarteko epaimahaiak entregatzen du baldin eta hondartza horrek uraren kalitateari, ingurune hezkuntza eta informazioari, ingurunearen kudeaketari, segurtasunari eta zerbitzuei dagozkien hogeita zazpi baldintzak betetzen baldin baditu.

ISO 9001 eta ISO 14001 arauak: azterketak hobetuz

Hondartzak egiaztatzeko ISO 9001 (kalitatearen kudeaketa) eta 14001 (ingurumenaren kudeaketa) arauak sartzea aurrerapauso handia izan da kostaldeko zerbitzuen eta egoeraren hobekuntza jarraituan. Arau horiek etengabeko hobekuntza bermatzen dute, instalazioen hobekuntza, ur eta hondarraren egoera egokia, zerbitzu onak, hondakinen kudeaketa aproposa eta beste hainbat alorretan izaniko hobekuntza ikuskari independenteek emaniko oniritzia kontuan izaki, hondartzek, zeinahi enpresa edo erakunderen modura, urtez urte berriztatu behar baitute. Bandera Urdina entregatzeko erabakia erakunde batek hartzen duelarik, kalitatearen eta ingurumenaren gaineko kudeaketa arauetan udalak dira prozesuari hasiera eman eta bertan inplikatzen direnak, amaiera-amaiera arte, hau da, egiaztagiria eskuratu arte.

Egiaztapen hori jasotzeko premiaz jabetu eta, ondorioz, ingurumenaren alorreko politika martxan jartzea da udalek egin beharreko urratsetako lehena. Bide horretan nahitaezkoa da kutsadura aurreikusteko, egoera etengabe hobetzeko eta udalerri oso-osoan ingurumenaren alorreko legeria betetzeko konpromisoa jasoko duen agiria sinatzea.

Ondoren, hondartzetan betetzen diren eta ingurunean eragin kaltegarria izan dezaketen jarduera guztiak identifikatu behar dira: zabor eta zakarrak, txosnetako hondakinak, hondartzako altzari eta tresnerien kondarrak (plastikoak, pilotak, paletak, etc.), ur-motorren hondakinak, horrelakorik erabiltzeko baimena dagoenean, etc.

Hurrengo pausoa, kutsadura prebenitzeko, hobekuntza jarraitua eta antzekoak lortzeko, helmugak finkatzea da. Prozesu hori gorpuz dadin udalek enpresa independenteetako ikuskariak dituzte lanean: horien laguntza ezinbestekoa izango da nola ingurumena kudeatzeko sistema idaztean hala kutsadura guneak identifikatu eta kutsadura bera prebenitzeko planak finkatzean ere. Beste enpresa batek, azkenik, ISO 9001 eta 14001 arauek xedaturiko betebeharrak egiaz betetzen ari diren bermatuko du. Hondartzak eskaintzen dituen zerbitzuak jakinarazten dituen kartelaren aldamenean (dutxak, osasun arreta, etc.), zerbitzua egiaztatu duen enpresaren zigilua ikusi ahal izango du bisitariak. Horrelako egiaztagiriak eskuratzen dituzten udalek, jakina, zigilu horiek beren marketin kanpaina eta politiketan baliatzen dituztenez, egiaztagiria nola, noiz eta zergatik eskuratu den eta antzeko datuak informazio orritxoetan eta hedabideetan topa daitezke.

Espainian finkaturik dagoen SGS ICS enpresa multinazionalaren arabera, “zerbitzuaren zein ingurumenaren kalitatea bermatzen duen egiaztagiria eskuratzea lanaren hasiera baino ez da; arauak exijitzen dituen mailak mantentzen direla ez ezik, zerbitzuak etengabe hobetzen ari direla ere ebaluatu eta erabakiko dute ikuskari independenteek (horixe baita egiaztagirien funtsezko ezaugarria, beste hainbat ikurrek baldintza batzuk betetzea baizik eskatzen ez dutelarik), eta ikuskapen horren ondoren urtero-urtero berriztatu beharko da jarduera”. Kalitatearen eta ingurumenaren alorretako ISO arauak, beraz, etengabeko hobekuntza egiteko konpromisoaren adierazle dira, eta hori bermatzen du egiaztagiria berriztatzeak.

EMAS sistema: denetan zorrotzen eta entzutetsuena

EMAS (Eko-kudeaketa eta Ikuskaritza Sistema) Europar Batasunean ospetsuena da eta, hortaz, egiaztagiri hori eskuratzeko nahitaezkoa da indarrean dagoen legeria hitzez hitz betetzea. Udal batek ezin sar dezake hondartzarik edo bestelako zerbitzurik EMAS erregistroan baldin eta egiaztatzaileek eginiko txostenean hutsune edo akatsik agertzen bada. EMAS egiaztagiria lortu nahi duen udalak ingurumen alorreko deklarazioa egin behar du, berak eginiko kudeaketaren laburpen eta guzti. Adierazpen hori agiri publikoa da. EMAS sisteman Administrazioa bera da, egiaztatzailearen bitartez, europar erregistroan alta ematen duena, eta hori da sistema bete delako froga.

EMAS iritzi publikoarekiko gardentasuna eta komunikazioaren aldeko apustua da. Sistemaren funtzionamenduaren hasieran, kasuan kasuko udalak bere udalerriko hondartzetan betetzen dituen jardueren ikuskapena egin behar du ingurumenari buruz. Ikuskapen horretan, inguruetan egiten diren jarduerek eragiten duten inpaktua jaso eta aztertuko da. Ondoren, ingurumena kudeatzeko sistema idatziko da (eraginkor eta errealista) eta, azkenean, konpromiso hori dela eta, izandako lorpenez deklarazioa egin behar da.

Espainiako gune turistikoetako hainbat udalek dihardute ingurumena kudeatzeko sistema idazten: sistema horretan, hondakinak jaso eta tratatzetik hasita, sistema osoa martxan jartzean langileek eta funtzionarioek agerturiko inplikaziorainoko elementuak sartzen dira.

Lan metodo berri samarra denez (ez oso ezaguna baina zorrotz-zorrotza), sistema honetan Bandera Urdin edo bestelako egiaztagirietan baino askozaz ere udal gutxiago sartu dira.

Turismo Kalitatearen Q marka: turismo enpresarien eredua

Hondartzei aplikatzen zaien egiaztagiri berriena da hauxe. Txosten hau idazten ari zelarik, uztailaren erdialdean (hots, honelako espazioetara jende gehien gerturatzen den sasoian) egiaztagiriak entregatu ahal izateko, hondartzetan aurretiazko ikuskaritzak egiten ari ziren. Espainiako Turismoaren Kalitatearen Institutuaren (ICTE) arabera, bera da sektoreko bereizgarrietan ikuskariak trebatzen dituen erakundea; horrela, profesional horiek arreta bereziaz zaindu beharreko ahulune eta gune kritikoak ezagutuko dituzte. Turismo Kalitatearen Q marka mantentzeko, bera erdiesten duen hondartza edo enpresak urtero ikuskaritza pasa eta kalitatea berretsi beharko du. ICTE erakundeak aldizkari honi jakinarazi dionez, behar bezainbat ikuskari izan ez dutenez, hondartzetako ikuskaritzen lehen edizio honetan ezin izan zaie eskakizun guztiei arreta egin.

Turismo Kalitatearen Q markak azken erabiltzailearen baitan eragina duena balioztatzen du: zuzendaritza eta segurtasun batasuna, salbamendu eta sorospena, informazioa, garbitasuna eta hondakinen jasotze sailkatua, instalazio eta ekipamenduak mantentzea, irispideak, higiene eta aisialdirako zerbitzuak. Beste horrenbeste egiten du, jakina, ingurumenaren alorreko alderdi guztietan. Marka hau gainerako berme sistemetatik bereizten duen ezaugarria sinplea da, alegia, erakunde espainiar bat izatea, helburutzat Espainiako zerbitzu turistikoak defendatzea eta hobetzea dituena. Arauak enpresariek, Administrazioak, erabiltzaileek eta sektoreko adituek ezartzen dituztenez, sustatzaileek diotenez, turismo (gure kasuan, hondartza) zerbitzuak baliatzen dituzten erabiltzaileen premia eta eskakizunetara askoz ere egokiago egokitzen dira. Hondartzak Q markarekin identifikatzeko, ICTE erakundeak kartelak diseinatu ditu, eta sarreretan, bestelako zerbitzuen berri ematen duten kartelen parean ipiniko ditu .