Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

18 hiritako 143 kirol-instalazio aztertu ditu EROSKI CONSUMERek : Hobetu egin dira kirol-instalazio publikoak, nahiz eta udalek gutxiago inbertitu

Or ohar, instalaziorik gehienak ongi zainduta daude, garbi, seguruak dira eta irispide onak dituzte, baina gabeziak dituzte informazioaren eta zerbitzuen atalean

Aldeak, hiriz-hiri

Kirol-instalazioetan, alde handiak

Hiri bakarrak ere ez dauka kirol-hornidura bikain-bikaina, baina, oro har, 2006tik honako bilakaera ona izan da guztietan. Gaur egun, igerileku bat dago, batez beste, 19.500 biztanleko (2006an, bat 21.000 biztanleko), gimnasio bat 15.600 biztanlerentzat (duela lau urte, bat 18.500entzat), futbol-zelai bat 17.700 herritarrentzat (2006an, bat 21.304 herritarrentzat) eta tenis-pista bat 20.500 lagunentzat (duela lau urte, bat 25.016rentzat). Bilakaera on horren salbuespen moduan, kiroldegi estaliak ageri dira: 2006. urtean, kiroldegi bat zegoen 26.000 biztanlerentzat, eta gaur egun, 33.000 biztanlerentzat dago kiroldegi bat. Zenbaki horiek orokorrak dira, eta ez dute erakusten hiri bakoitzak zer egoera duen. Gure azterketan ikusi ahal izan dugunez, hiri batzuk askoz hobeki hornituta daude beste batzuk baino. Gasteizen, Donostian eta Bartzelonan eskurago daukate kirola egiteko aukera, adibidez, Alacanten, Granadan eta Sevillan baino.

Igeri egitea maite dutenentzat, Gasteiz da hiririk onena (igerileku bat dauka 8.728 biztanle bakoitzeko, eta gehienak estaliak dira), eta Cádiz kaskarrena (igerileku bat 63.383 biztanleko). Futbol-zelaietan ere Gasteiz nabarmendu da, Valladolidekin batera (zelai bat dute 10.000 biztanle bakoitzeko). Erabilera anitzeko pista irekietan ere Valladolid azpimarratu behar da onerako (halako bat dago 5.500 biztanleko), eta Madril, aldiz, txarrerako (halako bat, 22.600 biztanleko). Tenisean jokatu zale direnek, Granadan, Valladoliden eta Malagan daukate aukera gehien (pista bat 15.000 biztanleko), eta gutxien, Alacanten (pista bat 30.400 biztanleko). Tenisean ez, baina padelean aritu nahi dutenek, A Coruñan aurkituko dute eskaintzarik ugariena: 76 pista ditu guztira hango herritarrentzat; Bartzelonak, aldiz, 15 baino ez herritar guztientzat.

Instalazioak ikusten izan gara: informazioaren atalak huts egin du

Bisitatu ditugun kirol-instalazio publikoak egoera onean daude, eta segurtasun-neurri eta irispide egokiz hornituta. Duela lau urte ere antzekoa izan zen emaitza; orduko hartan, % 7 geratu ziren azterketa gainditu gabe atal horietan, eta oraingoan, % 4 izan dira oinarrizko eskakizunak bete ez dituzten kirol instalazioak, nahiz eta % 9k emaitza ‘onargarria’ baino ez lortu. Bi atal nabarmendu dira beste guztien gainetik kirol azpiegitura horietan: segurtasuna batetik eta mantentze-lanak eta garbitasuna bestetik (emaitza ‘oso ona’ lortu dute bietan). Aldiz, erabiltzaileari zer informazio eta zer zerbitzu ematen dioten aztertu dugunean, aski emaitza apala lortu dute (‘onargarria’). Irispideei dagokienez, ‘ona’ izan da batez besteko emaitza.

Hiriz hiriko begiratua eginda, nabarmendu egin behar da zein emaitza ona lortu duten hiri hauetako kirol-instalazioek (‘oso ona’): Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Kordoba eta Malaga. Beste hainbatek emaitza ‘ona’ erdietsi dute (A Coruña, Iruñea, Granada, Madril, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza), eta maila ‘onargarrian’ geratu dira Alacant eta Cadiz.

Kirol-azpiegitura iraunkorrak?

Kirol-instalazioek ere kutsatzen dute. Hain zuzen, Udalerrien Kirol Politiken VI. Jardunaldiak egin zituzten Bilbon apirilean, eta hainbat neurri proposatu zituzten han, kirolgune horiek iraunkorrago egite aldera: hondakinak birziklatzea (arriskutsuak eta ez-arriskutsuak), ura aurreztea, eguzki-panelak erabiltzea, eta abar. Hiri askok lehenagotik ere jarriak zituzten halakoak abian:

Valladolid: duela hamarkada bat jarri zituzten eguzki-panelak kirol-instalazioetan. Gainera, fluxometro deitzen direnak erabiltzen dituzte (komunera ur asko isurtzen duten iturriak dira, eta ez da behar izaten zisternarik), tenporizagailua duten txorrotak (ura aurrezteko) eta jendea dabilenean soilik pizten diren argiak.

Zaragoza: beste neurri batzuen artean garrantzi haundia ematen diote ura aurrezteari, hori dela eta kiroldegietan ureztatze sentsoreak jarri dituzte eta komunetako iturriek ez dute urik ematen ez badauka erabiltzaileak eskua txorrotaren azpian. Gainera, oinarri-oinarrizko jotzen dute erabiltzaileari informazio egokia ematea eta horretarako kartelak eta eskuorriak zabaltzen dituzte kiroldegien funtzionamendua ahalik eta eramangarriena izan dadin.

Gasteiz: 1999. urtetik, energia-iraunkortasunari (CO2) lotuta erabiltzen dituzte galdarak (berogailua eta Ur Bero Sanitarioa), eta kontsumoak gutxitzeko hobekuntzak ere egin dituzte.

Valentzia: 2003. urtetik, eraikinak birmoldatzeko eta egoki diseinatzeko lanean ari dira, eta, horrela, energia berriztagarriei etekina ateratzeko sistemak ezartzeko moduak hobetu nahi dituzte (argi eta aireztatze naturala eduki dezaten, isolamendu termiko egokia…).

Sevilla: orain dela bederatzi urte, energia-eraginkortasuna lortzeko eta ura aurrezteko plana abiarazi zuten, eta iazko ekitaldian, eguzki-plakak jarri zituzten kirol-instalazioetan.

Donostia: kirol-instalazio publikoen energia-kontsumoa optimizatzeko proiektu bat diseinatu dute. Eguzki-plaka fotovoltaikoak dauzkate zenbat kirol-instalazio publikoren teilatuetan.

Bilbo: hainbat sistema erabiltzen dituzte kirol-instalazio publikoetan energia gutxiago kontsumitzeko, ur gutxiago (igerilekuetan, ureztatze-sistemetan…) eta gas gutxiago: galdara berri eta eraginkorragoak jarri dituzte lehengo zaharren lekuan, eguzki-planta fotovoltaikoak sortu dituzte, euri-urak erabiltzen hasi dira eta igerilekuetako urari bero eusteko sistemak, besteak beste.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak