Atzerrian ikastea

Hizkuntzak ikasten inbertitzea

Ia 210.000 espainiar -gazteak gehienak- joan zen iaz atzerrira atzerriko hizkuntza bat ikasi edo hobetzera.Ikasle horien familiak bi premisa sendotan oinarritzen dira: batetik, hizkuntzak jakitea ez dela langile baten edo langile-gai baten curriculumean elementu bereizgarria, beharrizan larria baizik, bi joera geraezin erakusten dituen merkatu honetan: nazioartekotzea eta lehiakortasunaren hazkundea. Bigarren premisa: edozein hizkuntza ikasteko prozesua asko hobetzen dela hizkuntza hori erabilera arrunteko den herrialdean behin edo gehiagotan "murgildu" ondoren.
1 maiatza de 1999
Img informe listado 120

Hizkuntzak ikasten inbertitzea

Adituek diotenez, hizkuntza bat menperatzeko ez da aski ikastea; hizkuntza horretara ohitu beharra dago, hitz egin, entzun eta egun osoan zehar buruan izan. Ikasle eta langile asko bat dator pertzepzio honekin eta ekimenik koherenteena hartzen dute: atzerrian ikastea erabakitzen.

Baina bigarren hizkuntzaren erabileran trebatu beharra dutenek atzerriko herrialde batera joatea erabakitzen dutenean hasten dira konplikazioak. Eta eragozpenak ez dira aukeratu duten formatoaren prestazio pedagogikoen ingurukoak bakarrik: aukerak oso anitzak dira; ikasturte osoan familia ingeles, frantziar edo estatu batuar batean bizi izatetik hasi, edo akademia bateko ikasturte trinkoraino; edo hilabeteetan familia batean “au pair” gisa lan egitea, etxeko lanak egitearen truke familiarekin bizi eta diru apur bat jasotzea, ikasketak ordaindu ahal izateko.

Hainbat puntu izan behar da kontua, beraz: bidaia, ikastaroa eta alojamenduaren prezioa, egindako ikasketen baliozkotzea, alojamenduaren kalitatea, sor daitezen arazoen aurrean babestuko gaituzten aseguruak, … eta gai horiez guztiez gogoeta egin beharra dago, aukeraketa arrakastatsu gerta dakigun.

Ingelesa, oraindik ere izarra

Atzerriko Ikastaroak sustatzen dituen elkartearen, Asociación Española de Promotores de Cursos en el Extranjeros (ASEPROCE) delakoaren hitzetan, Errusuma Batua eta Irlanda aukeratzen dituzte oraindik batez ere lehen aldiz kanpora joaten diren ikasleek eta bigarren irteeran, berriz, Estatu Batuak edo Kanada aukeratzen dute. Ezbairik gabe, eta ez gara gauza berririk esaten ari, ingelesa da hizkuntza izarra oraindik. Hala ere, Shakespeareren hizkuntzari lehiakideak ari zaizkio sortzen eta Frantzia eta Alemania, adibidez, gero eta gehiago aukeratzen ditu jendeak bigarren hizkuntza ikastera joateko. Edozein eskariren aurrean, merkatuak erreakzionatu egiten du eta hala gertatzen da kasu honetan ere.

Gaur egun enpresa ugari dago atzerrian ikasi ahal izateko egin beharreko tramite guztiak lotzeaz arduratzen dena. Alojamendua bilatu, ikasketa zentruak eskaini eta kultura- eta kirol-ekintzak eta gainerako zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzte. Eskaintza zabala da eta ikastaroak ikasle bakoitzaren beharrizan konkretuetara nahikoa egokitzen direla esan daiteke.

Ume, gazte eta helduentzako programak aurki daitezke merkatuan, esperientziadun nahiz berrientzat, kirola maite dutenentzat, exekutiboentzat, unibertsitateko ikasleentzat… Programa motaren arabera, modu batekoa edo bestekoa izango da alojamendu sistema ere: erresidentzia, ikastetxe nagusia, etxebizitza, kanpamendua edo familia. Azken hori da aukerarik ohikoena. Itxura denez, familia baten barruko eguneroko bizitzan gertatzen diren egoerek, hizkutzaren ezagupena hitz, esamolde eta esaeraz aberasteaz gain, etengabe hizkuntza praktikatzera animatzen eta ia behartzen dute ikaslea.

Diru kontua zerk garestitzen duen

Ikastaroaren iraupena, eskolak ematen dituen zentrua, alojamendu mota eta erregimena, ekintza osagarriak eta bidaia dira atzerrian hizkuntza bat ikasteko programa hauen prezioan eragiten duten faktore garrantzitsuenak. Ez da gauza bera, adibidez, bigarren hezkuntzako ikasturte bat Irlandako ikastetxe elitista batean egitea edo Frantziako eskola publiko batera joatea. Hala ere, itxura batean antzeko ezaugarriak dituzten urtebeteko kurtso biren artean 700.000 pezeta arteko aldea egotea ez du eskaintzen den zerbitzuaren kalitateak bakarrik eragiten. Batzuetan, ekonomikoki oso erakargarri diren eskaintzak ez dira praktikan hain erakargarri izaten. Sorpresa desatseginak ebitatzeko, ezinbestekoa da kontratatu nahi den paketean sartzen diren zerbitzuak ondo zehaztu eta argitzea. Normalean, prezioaren barruan ez dira sartzen aireportutik alojamendu lekurako garraioa, eta aurreikusi gabeko 5.000 eta 20.000 pezeta arteko gastua sor daiteke bidaiako. Aseguruen gaian ere arreta berezia jarri beharra dago. Ikastaroaren prezioaren barruan asegururik ez badago, kontratatu egin beharko da. Beti da ona bidaia aseguruarekin egitea, baina gainera, Estatu Batuetan, Kanadan edo Australian derrigorrezkoa da hara ikastera doazenentzat. Primaren kopurua asteko 1.000 eta 2.000 pezeta artekoa da egonaldi laburretan. Egonaldia ikasturte osokoa bada, kostua 48.000 eta 80.000 pezeta artekoa izango da, herrialdearen arabera. Ordainketa garestiak dira, ikus daitekeenez. Agentziaren batek “estren” artean zerbitzuak tramitatzea sartzen badu ere ez dugu harritu behar, enpresa askok ez baitituzte horien hasierako eskaintzan sartzen. Inskripzio gastu horiek 25.000 pezeta inguru kosta daitezke, hasieran ordaindu beharreko prezioaz gain.

Udako ikastaroak, eskatuenak

Enpresa espezializatuek urte guztian eskaintzen dituzten atzerriko hizkuntza-ikastaroak; baina udan izaten dute maukarik handiena. Urtero, uztaila iristean, 150.000 ikasle espainiarrek maletak egiten dituzte eta atzerrira joaten dira aukeratutako hizkuntza bertatik bertara ikasteko. Udako ikastaro hauek lau aste iraun ohi dute eta astean 20 ikastordu eskaintzen dituzte, 45 edo 50 minutukoa bakoitza. Udako murgiltze honen prezioa 200.000 eta 530.000 pezeta bitartekoa izaten da. Beste aukera bat, gaztetxoenen artean oso harrera ona izaten duena, kanpaldiak dira. Naturarekin harremanetan izaten dira eta nerabeak kultura edo aisialdiko ekintzak eginez praktikatzen edo hobetzen du bere hizkuntza-ezagupena. Ekintzok kanoa edo zaldiko ibilaldiak edo arku-tiroa nahiz arrantza izan daitezke. Beste formula bat irakasle batek etxean ikasle bakar bati eskaintzen diona izan daiteke. Zalantzarik gabe, eskolak ikaslearen behar eta ahalmenaren arabera diseinatzen dira eta horixe da abantaila. Gainera, irakaslearen etxean bizi izateak hizkuntzarekiko kalitatezko eta etengabeko harremana garantizatzen du. Baina, bistan denez, esklusibotasun eta eraginkortasun pedagogiko handi hori ordaindu egin behar da. Hizkuntza batean astebetez formato hau erabiliz erabat murgiltzeak 350.000 pezeta inguruko gastua dakar. Aukera hau baliagarri izan daiteke probetxu akademiko gorena bilatzen duten eta denbora gutxi duten ikasleentzat; eta diru arazorik ez dutenentzat, jakina.

Hizkuntza eta ikasturtea, aldi berean

15 eta 18 urte bitarteko 5.000 ikasle espainiarrek aukeratzen du urtero ikasturte osorako atzerriko ikastetxe batean matrikulatzea. Ikasle horien gurasoen badakite bigarren mailako ikasturte osoa atzerrian egitea hizkuntzan buru-belarri murgiltzea dela eta gainera, kultura, heziketa eta pertsona mailan hartzen den esperientzia ere baloratzekoak direla. Estatu Batuak da, CONSUMERek kontsultatu dituen iturrien arabera, ikasturte osoa egitera atzerrira joaten diren ikasle hauen %94ak aukeratzen duen herrialdea. Gainerakoek Errusuma Batua, Irlanda eta Frantzia aukeratzen dute. Aukera horretan zerikusi handia du estatu espainiarreko sistemarekin duen bateragarritasunak, ikasturteak arazorik gabe baliozkotzen baitira. Aski da Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak ezartzen dituen hamar ikasgaien artetik lau edo bost (ikasturtearen arabera) egitea. Horrelako programa bat aukeratzearen zailtasuna medio, guraso askok bidaia mota hau sustatzen duen enpresa bat aukeratzen du. Estatu Batuetan programa akademiko bat egitea, bidaia barne, 825.000 eta milioia inguru kostatzen da gaur egun. Baina 18 urtetik gorakoek ere badute hizkuntza ikasi eta bestelako programa akademiko bat bateratzeko aukera. Atzerriko Hizkutza Ikasturteak deiturikoetan, ikasleek nolabaiteko hitz-jarioa lortuko dute atzerriko hizkuntzan eta aldi berean, beste disziplina bat (negozioak, historia, ingeniaritza, filosofia, artea,…) ikasiko dute. Ikasturte amaieran egiaztagiria eta egindako ikasgaien txostena lortzen dira. Programa hauen iraupen luzeak (24 eta 34 aste bitarte) garestitu egiten du prezioa: ia bi milioi kosta daiteke Estatu Batuetan edo Frantzian.

Erne enpresa piratekin

Udako kanpaina hastear dagoen honetan, atzerrian ikastaroak antolatzen dituztenek, ikastaroak kontratatzerakoan arreta berezia jarri eta ahalik eta informazio gehien eskatzea gomendatzen diete guraso eta bestelako bezeroei, sorpresarik izan ez dadin. Antolatzaile hauen ustez, arazorik gehienak legez kanpo diharduten eta ikastaroak oso prezio baxuetan eskaintzen dituzten erakunde “piratek” sortzen dituzte. Ikastaro horiek ez dute garantiarik, kontraturik ez legezko estaldurarik eta bezeroek ez dute inolako erreklamaziorik egiteko aukerarik. Sektore honetako iturrien arabera, seme-alabak atzerrira bidaltzeko beldur diren guraso askoren mesfidantza, atzerriko herrialdetan azpiegitura egokirik edo behar adinako kalitate akademikoa aurkituko ote duten zalantza egiten duten guraso horien zalantza, besteak beste enpresa hauek eragin dute; enpresok sortu eta desagertu egiten dira egun batetik bestera, eta oso irudi eskasa uzten dute sektorean lanean diharduten enpresentzat.

Helburua: sorpresa desatseginak ekiditea

  • Eska ezazu informazioa enpresa bat baino gehiagotan. Galde ezazu alojamendu moduaz (familia, egoitza, ikastetxea,…); jakin ezazu irakaslegoa bertakoa eta tituluduna den; klaseak ematen dituen zentroaren ezaugarri eta prestigio akademikoaren berri ere galdetu eta baita gela bakoitzean zenbat ikasle izango diren ere (gela bakoitzean gehienez ere hamabi ikasle izatea komeni da).
  • Ez zaitez fidatu ikastaroak oso merke eskaintzen dituzten enpresez. Gehienetan, erakunde piratak izaten dira eta ez dute garantiarik, legezko babesik eta erreklamatzeko aukerarik eskaintzen. Ematen dizuten dokumentazioan, eska ezazu enpresa antolatzailearen IFK edo IFZa eta, ahal baduzu, egiaztatu jarduerari dagokion epigrafean alta emanda dagoela.
  • Kontratuan ikastorduen kopuru osoa jasotzea eskatu behar duzu. Ez da gauza bera egunean lau klase ordu edo egunean 40 minutukoa lau klase ordu.
  • Arreta jarri bidaiaren inguruan. Paketean barne izan arren, kasu batzuetan aparte ordaindu behar izaten dira aireportutik alojamendurako garraioak; milaka pezeta batzuetako gastua izan daiteke hori.
  • Galde ezazu mediku-aseguruaz. Atzerrian ospitalera joan behar izatea oso garesti gerta daiteke. Batzuetan, antzeko eskaintzen artean izaten den prezio aldea aseguruaren estalduragatik izaten da. Egiazta ezazu mediku-gastuaz gain, aseguruak barne dituela ekipajea galtzea, hegaldien atzerapena eta erantzukizun zibila.
  • Zehaztu alojamenduaren ezaugarriak. Pentsio osoa barne den, janari mota, kalitatea eta ordutegia; gelak banakoak edo konpartituak diren, logela handia eta argitsua edo txikia eta iluna den; ikaslea bere herrialdeko ikasleekin batera bizi dehar den (ez da komeni izaten), etxean hitz egiteko edo kalera elkarrekin ateratzeko gazterik baden e.a.
  • Eska ezazu informazioa herrialde hartako bizitza mailari buruz: garraioaren, oinarrizko zerbitzuen, ostalaritzaren eta aisialdiko zerbitzuen prezioa. Azken batean, kontratatu den zerbitzuaren barruan sartzen ez den guztiaren berri; izan ere, ikasleak eraman beharko duen “poltsikoko dirua” kalkulatu beharko duzu. Guraso asko harritu egiten da gastu hori hilean edo urtean zenbatekoa den jakitean.
  • Zure seme edo alabak bigarren mailako heziketako ikasturte bat atzerrian egin behar badu, badaia antolatzen dizun erakundeari eskatu ahalik eta informaziorik zehatzena ikasketen konbalidazioari buruz. Eskatu aholkua atzerrian egindako ikasketak hemen baliagarri izan daitezen aukeratu eta gainditu beharreko ikasgaiez .

Atzerrian ikastea, zifratan

Hemen jaso ditugun aukerak ohikoenak baino ez dira. Kasu guztietan bidaia eta asegurua prezioaren barruan dira. Prezioak orientagarriak dira eta zerbitzu mota hau eskaintzen duten enpresa nagusienen artean CONSUMERek egin duen galdeketa baten bidez lortu dira. Komenigarria da jakitea jarraian aipatzen diren alternatiba guztiek aldaketak eta konbinazioak egiteko aukera eskaintzen dutela. Erabiltzaileak eskatu behar dio enpresari programa “neurrira” prestatzea, bere espektatiba akademikoak ase eta ahalmen ekonomikoaren araberakoa izan eta alojamenduaren kalitatean, eta bidaia- eta mediku-aseguruaren estalduran prestazio egokiak lortzeko. HIZKUNTZA IKASTAROAK atzerrian Programa gehienek lau asteko iraupena izaten dute eta astean 20 hizkuntza-eskola eskaintzen dituzte. Prezioak:

  • Estatu Batuak: 299.000 eta 530.000 pta. artean.
  • Ingalaterra: 202.000 eta 457.000 pta. artean.
  • Irlanda: 242.000 eta 403.000 pta. artean.
  • Alemania: 211.000 eta 324.000 pta. artean.
  • Frantzia: 200.000 eta 345.000 pta. artean.

BANAKAKO IRAKASKUNTZA IRAKASLEAREN ETXEAN Irakasleak bere etxean ematen dio eskola ikasle bakar bati (bertan bizi izango da ikaslea); horrek hizkuntzan erabat murgiltzea garantizatzen du. Hizkuntza batean sakondu nahi baina denbora askorik ez duten ikasleentzat bereziki pentsatua. Egonaldirik ohikoena 25 eskolako astebetekoa izaten da.

  • Estatu Batuak: 327.000 eta 333.000 pta. artean. Ingalaterra: 183.000 eta 205.000 pta. artean Irlanda: 183.000 eta 191.000 pta. artean Alemania: 212.000 eta 225.000 pta. artean Frantzia: 170.000 eta 200.000 pta. artean

IKASTURTE AKADEMIKO OSOA Iraupen luzeko ikastaroa (ikasturte osokoa). Aukeratutako hizkuntzan maila ona lortzeko aukera emango dio ikasleari eta gainera, gai jakin batzuetan ezagutza akademikoa erdiesten du. Programaren lehen fasean hizkuntza-ezagupenak finkatzen jartzen da arreta berezia. Bigarrenean, hainbat ikasgairen arteko aukera egin dezake ikasleak. Ikasturte amaieran Nazioarteko Ikasketen Egiaztagiria jasotzen dute ikasleek, ikasturtean zehar landutako gaiak eta lortutako maila zehaztuta.

  • Estatu Batuak: 1.565.000 eta 1.830.000 pta. artean
  • Ingalaterra: 1.152.000 eta 1.670.000 pta. artean
  • Irlanda: 1.095.000 eta 1.375.000 pta. artean
  • Alemania: 940.000 eta 1.695.000 pta. artean
  • Frantzia: 1.760.000 eta 1.860.000 pta. artean

IKASTURTEA 15 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat, bigarren hezkuntzako ikasturte bat atzerrian egin eta atzerriko hizkuntza indartzeko. Ikasketa hauek konbalidagarriak dira estatu espainiarrean, baina Hezkuntza Ministerioak eskatutako ikasgaiak gainditu egin behar dira. .

  • Estatu Batuak: 825.000 eta 1.000.000 pta. artean
  • Ingalaterra: 940.000 ptatik aurrera.
  • Irlanda: 940.000 eta 1.975.000 pta. artean
  • Alemania: 790.000 ptatik aurrera.
  • Frantzia: 650.000 eta 790.000 pta artean.

KANPALDIAK Kanpamenduetan hainbat ekintza eginez udan burutzen diren programak. Hizkuntzen eskolak eta kultura zein aisialdiko ekintzak bateratzen dituzte: arkeologia, arku-tiroa, saskibaloia, piraguismoa edo basoko miaketa, besteak beste. P>

  • Estatu Batuak: Lau aste, 275.000 eta 325.000 pta artean.
  • Ingalaterra: Hiru aste, 260.000 ptatik aurrera.
  • Frantzia: Hiru aste, 219.000 ptatik hasita.

FAMILIETAKO EGONALDIAK Klaserik gabe, adibide honetan (lau aste); baina familia batean egotea eta akademia edo eskola batean klaseak hartzea bateragarriak dira. Ikasleak familietan bizi dira eta bertan integraturik daude, etxeko gisa. Hizkuntza-maila bat izatea komeni da, etxekoekin ondo komunikatu ahal izateko. Atzerriko hizkuntzan hitz egiteko gaitasuna hobetu nahi dutenentzat hauxe da modurik egokiena.

  • Estatu Batuak: 235.000 eta 357.000 pta artean.
  • Irlanda: 210.000 ptatik hasita.
  • Alemania: 190.000 ptatik hasita.
  • Frantzia: 180.000 eta 210.000 pta artean.

AU PAIRS Lana eta ikasketak batera. Au pair-ak (neska gazteak izaten dira gehienetan) hizkuntzaren ezagutza hobetzen du etxean bizi eta umeak zaindu eta etxeko lanak egiten laguntzen duen bitartean (astean 30 ordu batez beste). Lan horren truke alojamendua eta diru ordaina jasotzen ditu (30.000 eta 45.000 pezeta artean hilean). Gutxieneko egonaldia 6 hilabetekoa izaten da. Izenematea: 30.000 eta 45.000 pta artean. (edozein herrialdetan).

  • Inscripción: Entre 30.000 y 45.000 ptas. (en cualquier país)