Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Haur-parkeak: 132 jolasgunetako 739 tresna aztertu ditugu, Espainiako 18 hiritan : Hiru jolas-tresnatatik bat ez dago aski ongi zaindua

Jolasguneen segurtasuna ona izan da, baina bada zer hobetu

Jolasguneen segurtasuna

Espainian ez dago legedirik haur-parkeetako segurtasunak nolakoa izan behar lukeen arautzen duenik. Andaluziak eta Galiziak soilik egin dituzte zenbait dekretu, Europan indarrean dagoen araudia oinarri hartuta (UNE-EN 1176 eta 1177 araudia, alegia). Testu horiek eredutzat hartuta, EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu du parkeen segurtasunak ‘ona’ izaten jarraitzen duela, 2005. urtean egin genuen azterketan gertatu zen bezala. Hala ere, orduan bezala gaur egun ere, bada zer hobetu.

Jolasguneen segurtasuna
onargarria da, baina
bada zer hobetu

Haur-parke batek modu seguruan hesitua egon behar du, eta ibilgailuak dabiltzan guneetatik bereizia egon behar du. Guk aztertu ditugun bost parketatik hirutan, ordea, zirkulazioa ibili da inguruan, nahiz eta parkeak egoki hesituak egon diren. Zoruan, gainera, material guriak eduki behar dituzte, kolpeak arintzeko. Adituek esaten dute kautxu birziklatua edo zoru naturalak direla egokienak (harea, belarra edo zuhaitz azala), baina horiek ongi zaindu behar dira gero. Guk ikusi ditugun hiru parketatik bik kautxua eduki dute; gainerakoek, zoru naturalak eduki dituzte; harea (% 26k ez dute beste deus eduki), hartxintxarra, belarra eta zuhaitz azala. Oso arriskutsua dela jakinda ere, oraindik erabiltzen dituzte material gogorrak eta kolpeak leuntzeko balio ez dutenak: Zaragozako gune batean, adibidez, galtzada-harria ikusi dugu zoruan.

/imgs/20100401/tema3.jpg
Jolas-tresnak nola zainduta egon diren ere aztertu dugu (zatiren bat apurtuta edo solte eduki duten, torlojurik nabarmentzen ote den, elementu herdoildurik baden, zati ezpalduak, ertz arriskutsuak eta egituraren bat lurrean gaizki ainguratua egon ote den), eta haurrak harrapatuta geratzeko arriskurik egon litekeen ere ikusi dugu: gora eta behera ibiltzeko sokek zenbateko tartea eduki duten, eta ea haur baten burua sar litekeen; V formako irekigunerik baden, non haurraren arropa, edo ilea, kateatuta gera litekeen; irekigune handiegiak dituzten gainazalak badiren; edo zabu-kate zabalegiak, non haurrak hatzen bat sar dezakeen tartean.

Tresnak lurrean ainguratuta egon ohi dira, eta egiaztatu dugunez, malgukien eta kulunka-tresnen % 3 izan ezik, gainerako guztiak lurrean ongi finkatuta egon dira. Ainguratze- edo finkatze-sistema bezain garrantzitsua da haren osagai guztiak egoki elkartuta egon daitezen. Haur-tresnen segurtasunari buruzko araudiak esaten du torlojuek egoera onean egon behar dutela, babestuak edo biribilduak, eta zatiren bat nabarmentzen bazaie, gehienez ere, 8 milimetro atera daitezkeela. Halaxe gertatu da kasurik gehienetan. Oro har, segurtasunaren arloan ongien ibili diren tresnak Iruñean eta Kordoban ikusi ditugu (ez dute inolako hutsegiterik eduki guk aztertu ditugun ataletan), eta okerrenak, Sevillan eta Oviedon. Sevillan, adibidez, jolas-tresnen erdiak baino gehiago gaizki zainduta egon dira, egoera txarrean, eta bostetik batean, arriskua ikusi dugu haurren hatzak harrapatuta geratzeko edo arropa kateatzeko. Oviedon, sei tresnatatik batek elementu arriskutsuak eduki ditu, haurrei min emateko modukoak.

Jolasguneen garbitasuna eta zainketa

Haur-parke bat ongi zaintzeko, dirua eta ahalegina behar dira. Udalek diru-atalak jartzen dituzte horretarako, baina ez guztiek berdin, jakina. Biztanle kopuruaren eta hiriak duen hedaduraren araberakoa izaten da hori. Dirurik gutxien Cadizko Udalak jarri du (40.000 euro), eta gehien, Madrilgoak (9,6 milioi euro). EROSKI CONSUMER aldizkariko teknikariek ikuskatu dituzten parkerik gehienak egoki zainduta egon dira, oro har (% 12tan soilik antzeman dituzte gabeziak). Oviedo eta Valladolid nabarmendu dira txarrerako: bisitatu dituzten hamabi jolasguneetatik zortzi zikin egon dira, pintaketak eduki dituzte, hondakinak, kristalak, zakur gorozkiak eta zigarrokinak.

Gure teknikariek aztertu dituzten 735 jolas-elementuak ongi ibili dira eta arazorik gabe erabiltzeko moduan egon dira, baina gabezia batzuk ere sumatu dituzte: eusteko kateak apurtuta egon dira edo oso egoera txarrean, egitura batzuk kaskar edo ahul samarrak iruditu zaizkie, txirristen jaitsi-leku batzuk oso higatuta aurkitu dituzte eta malguki batzuk ez dituzte jo guztiz egokitzat. Jolas-parkeak berez hondatzen dira, erabiliaren erabiliz, baina, gehienbat, jendeak hondatzen ditu, nahita, gainera. Graffitirik edo pintaketarik ere ez dira falta jolas-parkeetan: jolas-tresnen % 12tan ikusi dituzte teknikariek (2005eko txostenean baino gutxiagotan). Era horretan margotuta ere, zenbait jolas-tresna aski gaizki daude, zaharkituak geratu dira eta berritu on baten premia daukate. Gutxi zainduta egon diren tresnen artean (hirutik bat), pintura esku baten premia eduki du bostetik batek, elementu herdoilduak agertu dituzte % 10ek, eta zati ezpalduak, apurtuak edo solteak antzeman dizkiete % 5i. Hiriz hiri zer gertatu den esaten hasita, Iruñea eta Kordoba nabarmendu beharra dago: bi horietan ez dugu antzeman gisa horretako gabeziarik; Oviedon, A Coruñan eta Sevillan ez bezala: haur-parkeen erdiek baino gehiagok eduki dituzte halakoak.

Jolas-tresnak, banan-banan

Zabuak, txirristak, malgukiak, jolas anitzeko egiturak eta kulunka-tresnak. EROSKI CONSUMER-ek banan-banan aztertu ditu parkeetan gehien ikusten diren tresnak, segurtasunaren alorrean zer gabezia dituzten egiaztatzeko.

  • Jolas anitzeko egiturak: Tresna horiek eduki dituzte segurtasun arazo gehien, eta hamarretatik ia batek (129k, guztira), ez du eduki barandarik edo heldulekurik goiko plataformetara igotzeko edo heltzeko; tresnen % 5ek, berriz, zatiren bat apurtuta edo solte eduki dute, eta % 3tan, torlojuak nabarmendu dira edo ez dira egon behar bezala estaliak.
  • Zabuak: Segurtasun-alorrean hutsegite nabarmenak izan ditu tresna mota honek. Jarlekuei eusten dieten sokek edo kateek eman dute arazo gehien: 254 zabu aztertu ditugu, eta % 12tan, sokak edo kateak ez dira egon estalita, eta batzuetan, tarte handiak antzeman ditugu, haurrek hatza sartu eta min hartzeko modukoak.
  • Kulunka-tresnak: Aztertu ditugun 40 kulunka-tresnen erdiek ez dute eduki hanka-euskarririk, eta hamarretatik bik soilik eduki dute babes-elementuren bat jarlekuaren azpian, erorikoen kolpea leuntzeko.
  • Malgukiak: 262 malguki aztertu ditugu, eta % 13tan soilik ikusi dugu babes-elementuren bat erorikoen kolpea leuntzeko. Lurrera ainguratzeko sistemak nahiko gaizki eduki dituzte malgukien % 3k.
  • Txirristak: Aztertu ditugun 50 txirristetatik % 16k ez dute baranda eduki dute gora igotzeko, eta % 8ri falta zitzaion heldulekuren bat haurrak jaisteko zain egoten diren plataforman. Jaitsi-lekuak eta igotzeko eta jaisteko mailak ongi eduki dituzte gehienek.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak