Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Hiru eraikin publikoren irispideak aztertu ditugu (udaletxekoak, ospitalekoak eta tren-geltokikoak), 18 hiritan : Hiriek hobetu egin dituzte ezindu fisikoentzako irispideak, baina ez itsu eta gorrentzakoak

Braillez idatzitako informazio gutxi dago eta zeinuen hizkuntza ulertuko duten interprete profesional gutxi daude; horiek dira oztopo nagusiak entzumen- eta ikusmen-ezintasunak dauzkatenentzat

Ospitaleak: badute zer 'osatu'

Funtsezkoa da herritar guztiek inolako arazorik gabe sartu ahal izatea ospitaleetara. Hala ere, oraindik badira oztopoak -ez nolanahikoak- guk aztertu ditugun hiru ezintasunak dituztenentzat. Ospitalera oinez joanda, elementu arriskutsuak aurkitu ditugu A Coruñan, Donostian, Murtzian, Oviedon, Sevillan eta Zaragozan, zorua ez delako izan egonkorra (koska handiak, galtzada hondoratua, lur zati solteak, baldosa irtenak, espaloi-koska garaiegiak), ez eta ez-labainkorra ere. Gainera, hiri-altzariak eta, batez ere, auto gaizki aparkatuak oztopo izan dira ezintasun motorrak dituztenentzat honako hirietan: Donostia, Kordoba, Granada, Madril eta Malaga.

Ospitalerako bidean, behin baino gehiagotan gurutzatu behar izan dugu errepidea, eta gehienetan, semaforo bat eta/edo oinezkoentzako pasabidea egon da. Ikusmen-ezintasuna duenarentzat, ezinbestekoa da hark entzuteko moduko seinale batek ohartaraztea errepidea gurutza dezakeen edo ez, baina semaforoa egon den lekuetan, hiri hauek soilik eduki dute entzuteko seinalea: Alacant, Bilbo, Granada, Kordoba, Madril, Oviedo eta Valladolid. Entzumen-ezintasunak dituztenek, berriz, ikusteko seinaleak behar dituzte inguruan, baina 18 hirietan egokitu zaizkigun semaforoetatik, Kordobakoetan soilik ikusi ditugu argia gorri jartzeko zenbat denbora falta den adierazten duten pantailak.

Ospitalera sartzeko atea Bilbon eta Valladoliden soilik izan da birakaria, nahiz eta bi horietan egon diren eskuz irekitzeko ateak ere. Entzumen-arazoak dituzten pertsonei gauzak errazteko, ateak gardenak edo kristal-gunez hornituak izan dira aztertu ditugun ospitale guztietan. Ezintasun motorrak dituzten pertsonekin egin dugun ibilbidean, ohartu gara sarbidea ez dela egon kalearen maila berean 18 hirietatik 13tan; horietako 10etan, gainera, eskailerak egon dira, nahiz eta arrapala ez-mekanikoak eta igogailuek ere eduki dituzten.

Ospitale barrenean, bisitatu ditugun kanpo-kontsulta guztiek banaketa egokia eduki dute, ezintasun fisikoak dituztenak ongi mugitzeko modukoak; Gasteizen soilik antzeman ditugu mugikortasuna oztopatu duten elementuak. Era berean, ikusmen-ezintasunak dituztenei bidea erakusteko lerroak edo gidak, kolore eta testura desberdinetakoak, Bilbon eta Donostian soilik ikusi ditugu. Gainera, Gasteizen eta Sevillan baino ez ditugu aurkitu oztopoak eraikinen barrenean, ikusmen-arazoak dituztenen trabagarri izan daitezkeenak, nahiz eta zorua egonkorra izan den leku guztietan.

Informazioa eskatzeko, harrera-mahaira joan dira gurpil-aulkian dabiltzanak, baina Bilbon, Granadan eta Oviedon, esaterako, bat bera ere ez da egon altuera egokian. Ospitaleetan ere entzumen-ezintasuna daukatenek izan dute arazo gehien langileekin komunikatzeko, Malagan soilik eduki dute-eta zeinuen hizkuntza ulertzen duen interprete profesionala, nahiz eta zerbitzua ez duen ematen unean bertan. Ondorioz, idatziz eta keinuen bidez adierazi behar izan dituzte beren eskabideak, eta horrek nabarmen zaildu du administrazioko langileek eskaini ahal izan dioten arreta. Eta zenbait lekutan, hain zuzen, tratua ez da izan egokia: Bartzelonan, Donostian, Cadizen, Iruñean, Kordoban, Sevillan eta Valentzian gertatu da hori; batik bat, zaila gertatu zaielako informazioa ematea, nahiz eta zenbait langileren jarrerak ere ez duen askorik lagundu: ez dute ahalegin eta interes handirik jarri horretan. Itsuei ere zail gertatu zaie informazioa eskuratzea ospitaleetan, kartel, esku-orri eta inprimaki gehienak ez daudelako braille hizkuntzan: ez mapak, ez kokapen-planoak eta ez kontsulten informazioa. Azkenik, ospitale gehienetako komunak irisgarritasun-seinale unibertsalarekin adierazita egon dira, eta sarrerako atea aski zabala izan da gurpil-aulkiarekin sartzeko. Barrenean, hala ere, zenbat gabezia antzeman ditugu: ikusteko seinaleak falta izan dira, komunean inor baden edo ez jakiteko, eta txorrotek ez dute eduki sistema automatiko bat eskuak azpian jarri eta ura isuraraziko diena (erabilgarria da ikusmen-ezintasunak eta ezintasun fisikoak dituztenentzat).

Geltokiak: oztopo ugariko bidaia

EROSKI CONSUMERen teknikariak, entzumen- eta ikusmen-ezintasunak eta ezintasun fisikoak dauzkaten pertsonak lagun hartuta, eraikinen kanpoaldean eta barrualdean zer-nolako irispideak dauden aztertzen aritu dira. Ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzako irispideetan aurkitu ditugu gabeziarik nabarmenenak eraikinen kanpoaldean: hirien erdietan ia (Alacant, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Malaga, Oviedo eta Zaragoza) oztopoak edo elementu arriskutsuak aurkitu ditugu tren-geltokiaren inguru hurbilean: hiri-altzariak gaizki jarrita (zutabeak, zuhaitzak, kale-argiak), zorua hondatuta…

Zer egoera aurkituko dute itsu batek, gor batek edo gurpil-aulkian doan batek tren-geltokien barrenean? Ezintasun fisikoa duten pertsonentzat, geltoki guztietan bada laguntza-zerbitzu bat (Atendo esaten diote, eta Renfek sustatua da); gainera, eraikin barreneko banaketak ere arazorik gabe mugitzeko aukera eman die guk aztertu ditugun 18 hirietan. Nasara joateko bidean, ordea, oztopo batzuk ikusi ditugu (Donostian), eta harrera-mahaietarako bidean ere bai (Alacant, Iruñea, Kordoba, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza). Mahai horiek, gainera, garaiegiak izan dira zazpi hiritan, eta berdin gertatu da txartelak erosteko makinekin ere (A Coruña, Bilbo, Gasteiz, Granada, Murtzia, Oviedo eta Valentzia); hori oztopo handia da gurpil-aulkian doanarentzat.

Itsuei dagokienez, geltoki ia gehienek ez daukate entzuteko seinalerik, ez informazioa emateko eta ez kokapena zehazteko ere. Ateak, hormak eta zoruak ere ez daude margotuak kolore nabarmenekin, gutxi ikusten duen norbaitek bereizteko modua izan dezan. Alacanteko, Iruñeko eta Valentziako nasetan, ez dago segurtasun-marrari zoruaren gainean, ezta Valladolideko batzuetan ere. Gainera, bisitatu ditugun tren-geltokien erdietan baino gehiagotan, txartelak saltzeko makinek ez dituzte eduki argibideak braillez edo erliebean emanak (horixe gertatu da A Coruñan, Alacanten, Bartzelonan, Iruñean, Kordoban, Malagan, Murtzian, Oviedon, Valladoliden eta Zaragozan). Dena den, geltokiko langileek tratu egokia eman diete ikusmen-arazoak dituztenei, salbu eta hiri hauetan: Donostia, Madril, Zaragoza eta Alacant. Leku horietan, ezinduarekin zegoen teknikariari hitz egin dio langileak, ezinduari berari hitz egin beharrean (nahiz eta hura joan zaien informazio eske).

Entzumen-ezintasunak dauzkatenentzat, berriz, ikusteko seinaleen falta da arazorik handiena, larrialdiren bat gertatu dela ohartarazteko erabiltzen direnak, adibidez (A Coruñan, Bilbon, Malagan, Murtzian, Sevillan eta Valentzian soilik ikusi ditugu halakoak). Hori gabezia handia bada ere, bada komunikatzeko orduan pertsona horiei eragozpen are handiagoa eragiten dien beste bat: zeinuen hizkuntza ulertuko duten interprete profesionalen falta. Honako hiri hauetako geltokietan soilik eskaini dute zerbitzu hori: Bartzelona, Madril, Valladolid, Kordoba, Oviedo, Iruñea eta Malaga. Entzumen-arazoak dituen pertsona langileengana galdezka joan denean, ongi hartu dute geltokien erdietan baino gehiagotan, baina ez hala Donostian, Zaragozan eta Cadizen, non tratua txarra edo oso txarra izan baita.

Bisita amaitzeko, geltokiko komunek zer-nolako irispideak dituzten aztertu dugu. Oro har, ezindu fisikoei dagokienez, gabezia gutxi antzeman ditugu. Geltoki guztietan, irisgarritasun-seinale unibertsalak ageri dira komunen ateetan. Sarbidea aski zabala eduki dute, gurpil-aulkiarekin lasai sartzeko modukoa. Ordea, A Coruñan, Bilbon eta Zaragozan aztertu ditugun komunek ez dute eduki aski leku barreneko aldean. Gainera, A Coruñako komunari euste-barra falta izan zaio ondoan.

Komunetako atea kolore deigarriz margotu ezean edo braille bidez ongi seinalatu ezean, itsu batek edo gutxi ikusten duen pertsona batek nekez aurkituko du, eta horixe gertatu da, hain zuzen, hiri hauetako komunetan: A Coruña, Bartzelona, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valladolid eta Zaragoza. Horrez gain, hiru geltokik soilik eduki dituzte ikusteko seinaleak, komunean inor baden edo ez jakiteko (Kordoba, Murtzia eta Sevilla); sistema hori beharrezko izaten da pertsona gorrentzat. Hiri bakoitzaren alderdirik onenak eta txarrenak

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak