Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hiriko trafikoaren arintasuna : Hiri batzuetan bestetan baino hiru aldiz mantsoago doa trafikoa

Espainiako hamazortzi hiritako trafikoa alderatu da: Bilbon izan ezik, denetan mantsoena autobusa da

Bilbon, autobusa azkarragoa automobil pribatua baino

Automobila arinen doan hiria Iruñea den arren, azterketan agertzen diren gainerako garraiobideak ere bizi-bizi dabiltza. Automobil pribatua baino azkarrago autobusa doa Bilbon bakarrik. Cadiz, Valladolid eta Malagan autobusaren arintasuna nabarmentzekoa da; Murtzia, Santander eta Alacanten, aitzitik, bertako busak geldi-geldi dabiltza, trafiko osoan motelenak izaki. Automobilarentzat Iruñea, A Coruña eta Malaga dira egokienak eta Alacant eta Santander, ostera, aldrebesenak.

Taxiari dagokionez ere aldeak berebizikoak dira: Bilbo, Cadiz, Malaga, Zaragoza, Granada eta Iruñean kilometroa egiteko bost minutu baino behar ez diren bitartean, Murtzia eta Alacanten (automobil pribatuarekin gertatzen den legez) hamar minutu emango ditu erabiltzaileak. Murtzia, A Coruña eta Gasteizen izan ezik, hiri denetan garraiobide lasterrena taxia da, motoaren ondotik; Bartzelona eta Bilbon, aldiz, denetan biziena metroa da.

Metroaz hornituriko lau hirien azterketak emaitza politak erakutsi ditu, Bilbo eta Bartzelonakoak bereziki: hauetan metroa da bigarren lasterrena. Madrilen automobila eta autobusa baino biziago doa metroa baina Valentzian autobusa bakarrik dabil lurpeko horren aitzin.

Merkeena, motoa

/imgs/20051001/img.tema-portada.02.jpg
Hirian barrena ibiltzea zenbat kostatzen den kalkulatzeko unean hainbat gastu hartu dira aintzat: autobus eta metroaren txartel soilaren prezioa, motoaren gasolina-kontsumoa, taxiko ibilbidearen kostua eta telefono-deia -egin behar izanez gero- eta automobil pribatua erabiltzeko gasolina eta aparkatzeko gastuak -egin behar direnean, bai abiagunean, bai helmugan-.

Motoan kilometro bat egitea, batez beste, 0,04 euro kostatzen da; taxian, 1,8 euro. Gainerako garraiobideetako kostuak antzera dabiltza: 0,31 euro kostatzen da metroan ibilitako kilometroa eta 0,36 – 0,37 euro, berriz, automobilean eta autobusean.

Autobus-txartel soilaren prezioaren batez bestekoa 0,9 euro bada ere, Zaragozako 0,75 eurotik Bartzelonako 1,15 eurora doaz. Dena den, txartelak hiri denetan merkeago eros daitezke: bonobus txartela, hil edo urte osorako abonuak, gazte eta ikasleentzako deskontuak, erretiratuentzat, familia ugarientzakoak, diru-sarrera gutxiko pertsonentzakoak, etc. Hiri zenbaitetan, gainera, badira txartel konbinatuak edo bakarrak: horiek hartuta, txartel berarekin eta prezio berean ibil daiteke metroan, autobusean, aldirietako trenean, etc. Metroa daukaten lau hiriek antzekoak finkatuak dituzte beren txartel soiletan: 1,15 eurotik (Bartzelona eta Bilbo) 1,1 euro eta 1 euro arte (Valentzia eta Madril).

Garraiobide publikoaz

Hiri batetik bestera, garraiobide publikoaren horniduran ere alden abarmenak atzematen dira: Madril, Alacant eta Bartzelonak, mila biztanleko, 18 eserleku baino gehiago dituztelarik, Gasteiz eta Cadizen 10 baino gutxiago daude; Murtzia eta Santander ratio horren gainetik dabiltza, ozta-ozta ibili ere. Bartzelona eta Madril dira taxiez hobekien zuzkituak: Bartzelonan sei taxi dabiltza mila biztanleko, Madrilen bost, Sevilla eta Valentzian hiru baino gehiago; Murtzia, Gasteiz eta Iruñea, aitzitik, nekez iristen dira taxi bakarrera.

/imgs/20051001/img.tema-portada.03.jpg Autobusen ordutegiei dagokiela, zabalenak Sevillakoa eta Valentziakoa dira (eguneko 21 ordu baino gehiago); Bilbo eta Cadizko autobusak egunean 19 ordutik gora dabiltza. Murtzia eta Oviedon berriz, batez beste egunean 16 ordu bakarrik egiten dituzte. Autobus ekologikoen (europar arauak xedatua duena baino kutsatzaile-emisio dezente apalagoa eragiten duten motorrak dauzkate honelakoek) zuzkiduraz ari garela, askoz ere hobea izan daiteke: Espainiako hirietako kaleetan barrena dabiltzan lau autobusetatik bakar batek baliatzen du erregai ekologikorik. Egoera hoberena Donostia eta Cadizen aurkitu dute: hiri horietako ia autobus guztiek darabilten erregaiak gutxi kutsatzen du edo ekologikoa da; Valladoliden ere, lau autobusetatik hiru dira ekologiko; Oviedon, erdiak (%55). Beste muturrean agertzen dira Alacant, Granada, Murtzia eta Zaragoza: hiri horietako autobusek baliatzen duten erregaia ezin har daiteke ekologikotzat.

Azterturiko hirietako autobusentzako berariazko karrilen taxuera ere ez da goresteko modukoa: A Coruña, Cadiz eta Santanderrek ez dute bidaiarien hiri-garraiorako berariaz utzitako tarte bakar bat ere. Beste hainbat hiritan, berriz, autobusek bi kilometro edo gutxiago dute erreserbatua. Bartzelona eta Madril (ehun bat kilometro) eta Valentzia (72 kilometro) dira atal honetan bereziki nabarmentzekoak.

Oviedoko garraio publikoan eskaintzen zaizkie ezinduei (baita ume-karroa daramaten pertsonei ere) erraztasun handienak, bertako autobus guztiak baitaude egokituak, Murtzia, Madril, Bartzelona, Malaga, Alacant eta Zaragozako autobusen %80 bezala: sarbideko arrapala, plataforma jasotzailea edo sarbide beheratua daukate horrelakoek. Erabiltzaile berezien premiez Santander eta A Coruñan gutxi-gutxi konturatu dira, autobusen erdiak ez baitaude egokituak (dena den, Kantabriako hiriburuan 2006rako hiri-autobus guztiak egokituak egotea aurreikusia dute).

Taxietan egoera dezente hobe daiteke, orokorki, Alacanten batik bat (egokituriko eurotaxirik ez baita bertan); A Coruña, Bartzelona, Malaga, Valentzia, Sevilla, Zaragoza eta Madrilen, esate baterako, taxi guztien %1 baino gutxiago daude gurpil-aulkian doazen edo ume-karroa daramaten pertsonei sarbidea errazteko moduan. Iruñeko taxidunek, aitzitik, hiritar kolektibo hori aintzat hartu dute: bertatik dabiltzan taxien %10 eurotaxi dira; Gasteizen doazen taxi egokituak guztien %6 dira.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak