Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

12 ibairen egoera azterturik, beste horrenbeste hiritan : Hiri barruko ibaien erdia, oso eskas ekologia, heziketa eta aisialdiari dagokionez

Gaur egun hiru mehatxu nagusi dituzte gure ibaiek: kutxadura, ibaiko uraren erregulazioa eta habitat naturalak galtzea.

Ibaien ibilguek izaten dituzten aldaketa nagusiak presa eta urtegiak eraikitzearen, ura lekuz aldatzearen, nekazaritzako ustiakuntzen, dragatuen eta hondakin isurketen eta ur-ertzetan egiten diren eraikuntza-lanen ondorio izaten dira eta gorabehera horiek guztiek eragina izaten dute landare eta animalia espezieengan zein uraren kalitatean.

Jolas eta aisialdirako erabilpenak, gutxitan eta konparaketako taula

Atal honetan, ibai bakoitzaren kalifikazio osoaren %10, ibaiaren ertzean eta inguruan aisialdi eta denbora pasarako guneak izatea baloratzen da, eta aisialdiko ekintza horietan ibilgailu-trafikoak eraginik ez izatea, berdeguneak edukitzea, garbitasun maila eta aisialdirako tresneriarik dagoen eta zein kontserbazio egoeratan dagoen. Lau ibaik (Arlanzón, Manzanares, Zadorra eta Ebrok) suspentsoa jaso duten arren, beste lauk puntuazio bikaina jaso dute eta batek (Argak) oso ona. Okerrenak Turia eta Guadalmedina ibaiak izan dira. Alderdirik kritikoena aisialdirako instalaziorik eza da, bost ibaitan ez baitago horrelakorik. Beste alderdi negatibo bat: bost hiritan ibilgailu-trafikoa ibaiertzetako aisialdi guneetatik hurbil pasatzen da. Gune horien garbitasunean bi bakarrik agertu dira eskas. Eta berdeguneei dagokienez, erdipurdikoa da egoera: hamabi ibaietatik hiruk suspentsoa izan dute eta lauk bakarrik erdietsi dute “ongi”.

Ibaiaren heziketa eta ingurumeneko aukerak

Ibaiak eta ibaiertzak heziketarako eskaintzen dituen erabilerak baloratzen dira, HOPean ingurumen heziketarako programez egiten diren aipamenak, azken lau urteotan ingurumen arloko heziketarako kanpaina, programa edo proiektuetarako izan den laguntza (diru laguntza, sustapena, partehartzea), jendearentzat ibaiaren inguruan bertan dauden espezie eta inguruneari buruzko informazioa eta bisitak egiteko edo ingurumen heziketarako kanpaina, ekintza edo programetarako argitaraturiko heziketa-materiala kontuan hartuta. Atal garrantzitsua da (ibai bakoitzaren kalifikazioaren %20 biltzen du), ibaia heziketarako erabiltzeak, berez dituen eragin didaktiko positiboez gain, hiritarrak kontzientziatzea eragin baitezake eta udalak eta gainerako erakundeak ekosistema zaintzera bultzatu. Baina ibaiak heziketarako eskaintzen dituen aukerak oso gutxi erabiltzen dira. Batez besteko nota suspentso garbia da; lauk bakarrik gainditu dute proba eta bakarra (Arlanzon) iritsi da bikainera. Manzanares ibaiak eta Bilbokoak “ongi” erdietsi dute eta Guadalquivir, berriz, aprobatu hutsean geratu da. Arga, Besós, Guadalmedina eta Turia dira okerrenak. Ingurumen arloko heziketa eta hiritarrei ibaian bertan ematen zaie informazioa dira gutxien landu diren arloak: Ibaizabalek eta Guadalquivir ibaiak bakarrik gainditu dute azterketa.

Aipagarriena

Alde positibotik:

  • Ebro ibaia Logroñon eta Zadorra Gasteizen, aipagarri dira ibai bazterren zainketari dagokionez eta ubidearen morfologia errespetatzen dutelako. Eta baita ibaiari buruzko ingurumen-heziketako ekintzengatik ere.
  • Arlanzón Burgosen eta Ebro, ibaiko fauna interesgarria dela eta.
  • Manzanares ibaia Madrilen eta Arlanzón, aisialdirako guneengatik: ekipamendu ona dute eta ingurune naturalean egoki integraturik daude.
  • Manzanares eta Arlanzón ibaiak, ibaiaren eta hiriaren baloreei buruzko informazioa ibaian bertan ematen duten bakarrak direlako: fauna, landaretza, paisaia…

Alde negatibotik:

  • Bilboko ibaia eta Guadalmedina, Malagan, ibaien kanalizazioagatik dira aipagarri; margen naturalak galdu egiten dira. Ibaiertzen zikina eta zaborrak ere aipagarri dira.
  • Manzanares eta Arlanzón ibaiak, presak eginda dituztelako eta horrek ur emarien erregimen naturala aldatzen duelako.
  • Arga, Iruñean, eta Segura, Murtzian, ibaiko berezko landaretzaren ordez lorategiak eta landaretza exotikoa jarri direlako.
  • Donostia da azterturiko hirien artean hondakin-urak arazten ez dituen ibai bakarra: itsasora isurtzen ditu “itsaspeko hustubide” bitartez.
  • Besós, Bartzelonan, eta Ibaizabal Bilbon: analisi kimiko bidez urari egindako kalitate azterketa gainditu ez zuten ibai bakarrak, frogaturik geratu baitzen hirian sartzean baino dezente kutsatuago ateratzen dela ibaia hiritik.

Zer egin hiriko ibaien tratua hobetzeko?

  • Uraren kalitatea:
    1. Gero eta inbertsio handiagoak egiten dira hondakin-urak arazteko eta udalak saiatzen dira araudia betetzen. Hala ere, sarritan gertatzen dira isurketa toxiko kontrolatu gabeak ere eta horren ondorioz, arrainak hil eta ibaiak eta ibaiertzak kutsatzeaz gain, administrazio publiko eta enpresen ingurumen arloko politikak zikintzen dira. Industrialdeak eta ur-araztegiak hobeto kontrolatuta eta ingurumen-ikuskaritzak eginda hobetu egingo litzateke ibaietako urak hirietatik irtetean duen kalitatea.
    2. Etxeetako hondakin-uren kopurua eta kalitatea gure etxeko ohiturekin dago lotuta. Produktu toxikoak (olioa, disolbatzaileak, pinturak, botikak, etab.) bildu eta tratatzeko edukiontzi berezietan uztea, edateko uraren kontsumo handiegia saihestea, komuna zaborrak botatzeko ez erabiltzea, eta ur beltzak eta industriako ur zikinak egoki administra ditzaten agintariei eskatzea neurri egokiak dira eta kontsumitzaileen eskura daude gure ibaien osasuna hobetzeko.
  • Ibaiertzen kontserbazioa:
    1. Ibaiaren bidearen berezko dinamika, ubide naturala errespetatzea, jatorrizko trazaduraren morfologiari bere horretan eutsi eta ibaiertzak bertako eta berezko landaretzarekin zaintzea funtsezkoa da gure ibaien kalitate ekologikoari eusteko. Neurri positiboak: kanalizazio eta presak egiteko lanak eta uholdeetarako lautadak okupatzeko joera geldiaraztea eta ibaien izaera funtzio anitza berreskuratzeko proiektua abian jartzea (meandroak berreskuratu, ubideak zabaldu, ertzak konpondu, uholdeetarako lautadak libratu…), horrela ibaiak bere burua era natural eta orekatuan eraberritu dezan.
    2. Ibaien ekosistema ezagutzeko ahaleginak egin: Landaretza, fauna eta gune natural interesgarrien katalogoak egin, hirian zehar dituen balore naturalak ikertu edo natura zaintzeko ekimen pribatuak babestea udal agintarien esku dauden jarduerak dira.
  • Ibaiaren eta ibaiertzaren aisialdirako erabilpenak: Ongi etorri aisialdirako guneak egokitzeko ekimenei, ibaiaren balio naturalak zaintzearekin batera egiten badira. Neurri positiboak: berdeguneei lorategi itxura handiegia ematea saihestu egin behar da eta horretarako, gune degradatuak landaretza autoktonoz aldatu, aisialdiko ekintzak egiteko gutxieneko altzari batzuk jarri eta zaindu, interes ekologiko handieneko guneak (landaretza zaurgarria, fauna basatiaren ugalketa, atseden eta elikadurarako guneak, zapalduta erraz hondatzen diren lurrak, etab.) aisialdiko erabileratik babestu.
  • Ibaiaren heziketarako erabilerak: Ibaiak konta ezin ahala balore ditu heziketarako. Udal erakundeek, ikastetxeek eta elkarteek hiriko ibaiari buruz abian jar ditzaketen ingurumen-programek ez dute parekorik hiritarrarengatik hurbileko eremutik kanpo. Gure ibaiak eta ibaiertzak osasuntsu zaintzeko beharra oso erraz barnera daiteke hirian bertan egin daitezkeen heziketa esperientzia xumeen bitartez.

Beharrezkoa da... mentalitate aldaketa

Hiriaren egituraren barruan dagoen arren, hiri bat zeharkatzen duen ibaiak ez du nahitaez aldatu behar. Baso edo aintzira batek bezala, ibaiek eta ekosistema guztiek baldintza jakin batzuk dituzte biziari eusteko. Makal, sahats eta lizarrez jantzitako ibaien alboak, irla eta hartxintxarrezko hondartzak dituzten meandroak, edozein ibairen ibilbide eta ohiko emariaren aldaketaren ondorioz, hormigoizko ibai ertzak eta bertako landaretzarekin zerikusirik ez duten espezie exotikoz jantzitako lorategiak ikusten ditugu gure hirietan, diseinu zuzeneko kanalak, zingira eta aintzirako landaretza bizi daitekeen ertzik gabeko ibaiak, eta ibaia berezko izaera eta jatorrizko dinamikarik gabe uzten duten presa artifizialak.

Hiritar gehienek lerro zuzenak eskertzen ditu hiriaren egituran, gauzak oso ordenatuta eta paisaiaren konposaketak kontrolik gabe egin denaren itxurarik ez izatea. Horrela bakarrik uler daiteke zergatik dagoen faktore ez “ordenatu” edo “kontrolagarriak” sartzen dituzten giroak kentzeko joera, ibaien ekosistemak esate baterako. Gaur egungo egoerara eraman gaitu horrek, izan ere, hiritar askok txalotuta, ibaien ordez kanalak jarri dira, ibaiertzen ordez lorategiak eta ibai bazterrak zementuzko pasealeku bihurtu, errepide edo gune eraiki bihurtzen ez direnean. Baina jarduera hauez harro dagoen gizarte hau, gogotsu azaltzen da hiritik kanpo dauden ongi zainduriko ingurune naturalak (gune babestuak) gozatzeko.

Europako zenbait herrialde ibaien jatorrizko itxura berreskuratzen hasi da, ibaiei beren funtzionamendu egokia itzuliz, ibaiak berriro bere burua eraiki dezan. Eta hori lor daiteke, Suitzak eta Alemaniak frogatu dutenez, segurtasuna eta ekonomia arriskuan jarri gabe, gizakien inguruneari ematen dioten erabilera ibai eta ibaiertzen baldintza naturaletara egokituta. Teknikoki bideragarriak dira, baina jarduketa horiek egingo badira, beharrezkoa da gure “kalekume” mentalitatean nagusi diren hiriko paisaiari buruzko estetika, kultura eta ingurumen baloreak aldatzea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak