Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

13 hiritako 137 optika denda bisitatu eta aztertu dira : Higienea eta aholkularitza, optika dendetan hobetu beharreko arloak

Komeni da asko galdetzea, optika denda desberdinetan aurrekontua eskatzea eta ezer erosi aurretik ondo pentsatzea.

Prozesua, urratsez urrats

Horrelako denda bat bisitatzen denean, optikariak prozedura hau jarraitzen du: lehenik ikusmen azterketa egiten da graduazioa aldatu dela edo azkeneko bisitatik (baldin eta horrelakorik egin bada) bere horretan jarraitzen duela ziurtatzeko. Graduazioa makina automatiko edo semiautomatikoen bidez egin daiteke, bai eta probarako ohiko betaurrekoekin ere: horietan lenteak sartzen dira bezeroak modu garbian ikusten duen arte. Graduazioa zehazteko modu bat baino gehiago erabiltzea komeni da, horrela zehaztasuna handiagoa baita. Hala ere, optika dendetatik soilik %40k erabili zuen sistema bat baino gehiago (makina semiautomatikoaz baliatu ziren gehienbat), eta %9k uko egin zioten graduazioa egiteari erosketa egiten ez bazen; hori gertatu zen aztertutako Madrilgo optika denda guztietan eta Bartzelona eta Iruñeko batean. Graduazioa egin ondoren, erosketa prozesua hasten da eta erabiltzaileak armazoi, beira edo lentilla mota desberdinen artean aukeratu beharko du. Asmatzeko, ia ezinbestekoa da optikariak aholkatzea, izan ere informazioa du material berrien inguruan, beira, armazoi eta lentilla mota desberdinei buruz…, eta komeni da horien berri izatea batez ere optika dendara bisita edo erosketa lehen aldiz egiten bada. Gero bezeroaren graduazioarekin eta eskuratutako produktuarekin batera, erabiltzailearen datu pertsonalak jasotzen dira (horien kudeaketa Datuen Babeserako legearen araberakoa da). Hilabeteko lentillen egokitze probaren bidez bezeroaren asebetetzea bilatu nahi da, begietara behar bezala egokitzen zaizkiola ikustea eta onartzen dituela ziurtatzea; beraz, oso garrantzitsua da proba hori ezer erosi baino lehen egitea, batez ere bezeroak graduazio handia duenean. Optika denden %44k proba egiteko eskatu zitzaien, eta %36k onartu egin zuten halaxe eskatu zitzaienean. Hamar optika dendetatik ia batek une horretan proba ezin zutela egin esan zuen, eta %11k erosketarik ez bazegoen proba ez zutela egingo esan zuten. Madrilen %90ek uko egin zioten probari, Valentzian eta Bilbon bi optika dendek eta Castello eta Iruñean batek.

Armazoi motak eta prezioak

Hiru armazoi mota daude betaurrekoentzako: pastazkoak, metalezkoak eta “airetakoak”. Azken horiek dira berrienak eta garestienak: diskretuagoak dira eta -gustuen arabera- estetikoagoak; era berean pisu gutxiago dute eta gainerakoak baino malguagoak dira. Garrantzitsua da erabiltzaileei armazoi mota desberdinak eskaintzea, begitarteari eta erabilera asmoei eta gastuei ondoen zein egokitzen zaizkien baloratu ahal izateko. Ikusmen neurtzaileek gehien eskainitako armazoiak metalezkoak izan ziren (%2k soilik ez zituen proposatu), pastazkoak ez ziren eskaini %12tan eta “airetakoak” %26tan. Armazoien prezioa oso aldakorra da, modeloaren, markaren eta sasoiaren arabera. CONSUMER-eko teknikariek ikusi zuten merkeenaren eta garestienaren artean 93 euroko desberdintasuna zegoela pastazko armazoietan, 129 eurokoa metalezkoetan eta 271 euro “airetakoetan”.

Optika denda guztietan pastazko armazoi merkeenak eskatu ondoren, aipatzekoa da Burgosen badirela soilik 14 euro balio dutenak, aldiz Valentzian, Vitoria-Gasteizen eta Donostian bisitatutako optika dendetan 40 euro baino gehiago balio zuten denek. Metalezkoen kasuan, berriz, Cadizen eta Burgosen 13 eurokoak edo merkeagoak ikusi ziren, Bartzelonan, Vitoria-Gasteizen eta Madrilen bisitatutakoetan, berriz, 40 euro baino gehiago balio zuten denek
“Airetako” armazoiei dagokienez, 32 eurotan edo merkeago zeuden Iruñean eta Coruñan, Bartzelona eta Donostiako optika dendetan, ordea, 90 euro balio zuten gutxienez. Bistan da prezioetan dagoen desberdintasun handia, eta funtsezkoa da armazoi mota desberdinen inguruan hausnartzea eta erosketarik egin aurretik hainbat optika denda bisitatzea.

Betaurrekoen lenteak

Armazoien eskaintza ezagutzea baino garrantzitsuagoa da erabil ditzakegun beira motak ezagutzea, kontu hori estetika hutsa baino gehiago baita. Bi lente mota daude, organikoak eta mineralak; organikoak zailagoak dira hausten eta arinagoak dira, baina erraz egiten zaie marra eta mineralak baino garestiagoak dira. Beira organiko gogorraren bidez marra gutxiago egiten dira baina horrek ez du arazoa erabat konpontzen. Antierreflejanteak ere badaude (beira gogorrarekin), eta horiek gomendagarriak dira gidatzeko, telebista ikusteko edo ordenagailuarekin lan egiteko. Lente mineralei ez zaizkie marrak hain erraz egiten eta merkexeagoak dira; hala ere hauskorragoak dira eta ez dira hain arinak. Bi motatakoak daude: zuriak eta antierreflejanteak.

Bistan da hobeto aukeratzeko erabiltzaileari lente mota asko eta desberdinak egotea komeni zaiola. Dena dela, optika denden %42k ez zuen beira organiko zuririk eskaini, %51k ez zuen beira organiko gogorrik erakutsi, eta %8tan ez zen antierreflejanterik erakutsi.

Antierreflejanteak, teknikoki, beira hobea du, baina garestiena da: beira pareak batez beste 108 euro balio ditu; aldiz, gogorrek 82 euro balio dute batez beste eta zuriek soilik 50 euro.

Beira mineralei dagokienez, optika denden erdiak ez zuen zuririk eskaini, ez eta antierreflejanterik ere %44n. Zurien batez besteko prezioa 34 eurokoa izan zen eta antierreflejanteena 66 eurokoa.

Lentillak: ondo aukeratu behar da

Lentilla ohikoenak hilabetekoak, konbentzionalak (urte eta urte eta erdi irauten dute) eta zurrunak (oso gutxi erabiltzen dira) dira; azken horiek bi urte edo gehiago irauten dute, izandako erabileraren arabera. Egunerokoak erosoagoak dira baina baita garestiagoak ere.

Optika denden %8k ez zuen hilabeteko lentillarik eskaini, eta konbentzionalak ez ziren proposatu %47tan. Zurrunak, azkenik, ez ziren proposatu hamar optika dendetatik zortzitan. Prezioei dagokienez, hilabetekoen batez besteko kostua 60 eurokoa izan zen, konbentzionaletan, berriz, batez bestekoa 140 eurokoa izan zen. Azkenik, jada oso gutxi merkaturatzen diren lentilla zurrunek, batez beste, 110 euro balio zuten.

Lente eta lentillei dagokienez, prezioek gora egiten dute graduazioak ere gora egiten duen heinean (dioptria gehiago, prezioa handiagoa). Ez da zuzena hirietako gehienezko eta gutxieneko prezioak konparatzea, izan ere horietako bakoitzean CONSUMER-eko teknikari batek egin zuen proba (graduazio jakinarekin, besteekiko desberdina); hala ere zentzuzkoa da hiri bakoitzeko prezioak konparatzea, graduazioa berdina delako. Desberdintasunak ikaragarriak dira: Castello-n pare bat beira organiko zurigatik 28 eta 300 euro bitartean eskatu zuten eta Cadizen 25 eta 150 euro bitartean; beste hiri batzuetan, berriz, (Madril -guztietan 70 euro-, Malaga -preziorik onenak: optika denda bakar batean ere ez 16 eurotik gora- eta Valentzia) prezioak antzekoak ziren. Lentillekin antzeko zerbait gertatu zen. Ikus dezagun adibide bat: Madrilen hilabeteko lentillek 14 eta 222 euro bitartean balio zuten eta Valentzian 36 eta 178 euro bitartean. Malagan eta Burgosen, berriz, produktu horri zegokion gehienezko diferentzia 8 eta 3 eurokoa zen, hurrenez hurren. Adibide horiek argi erakusten dute hiri gehienetan lente eta lentillen prezioak (armazoienak bezalaxe) asko aldatzen direla optika denda batetik bestera; beraz, komenigarria da hainbat optika denda bisitatzea eta prezioak konparatzea ezer erosi aurretik, asko aurreztu daitekeelako.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak