13 hiritako 137 optika denda bisitatu eta aztertu dira

Higienea eta aholkularitza, optika dendetan hobetu beharreko arloak

Komeni da asko galdetzea, optika denda desberdinetan aurrekontua eskatzea eta ezer erosi aurretik ondo pentsatzea.
1 otsaila de 2004
Img temap 180

Higienea eta aholkularitza, optika dendetan hobetu beharreko arloak

Milioika espainiarrek ikusmen arazoak dituzte eta, ondorioz, betaurrekoak edo lentillak erabili behar dituzte. Horiei denei kasu egiteko, mediku oftalmologoez gain, 8000tik gora optika denda daude Estatuan: bertan lentillak aldatzen ditugu horiek erabiltzeko epea amaitu delako, ikusmenaren graduazioa egiten dugu gure ikusmen urritasunaren jarraipena egiteko, edo betaurrekoen armazoia erosten dugu dotore emateko edo itxuraz aldatzen duelako edo modarekin bat datorrelako. Gure hirietako edozein txokotan geroz eta jende gehiago dabil optika dendetan, betaurrekoak eta lentillak kontsumoko objektu bilakatu dira eta oso praktikoak diren arren osagai eta apaingarri estetikoen pareko sinbolismoa dute.

Pasa den urtarrilean, CONSUMER-ko teknikariek guztira 13 hiritan kokatutako 137 optika denda bisitatu zituzten: Madril, Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Malaga, Coruña, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Cadiz, Burgos, Murtzia eta Castello. Horretarako beren burua bezerotzat aurkeztu zuten eta ondoren galdetegi zabal bat bete zuten, optika dendek erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuaren kalitatea aztertzeko asmoz.

Ondorio aipagarriena, prezio desberdintasun handiaz gain (horrek hainbat optika dendetan aurrekontuak eskatzea eta gastuak egin aurretik ondo pentsatzea dakar), hauxe da: optika dendek behar bezala betetzen dute beren funtsezko zereginetako bat, erabiltzailearen ikusmenaren graduazioa eta ikusmen urritasun posiblearen diagnostikoa, alegia; optika denden %3k soilik huts egin zuen graduazioan, 0,25 dioptriak (azpitik edo goitik) gaindituta. Era berean, optika denden %4tan soilik jaso zuen erabiltzaileak bere ikusmen urritasunari buruzko diagnostiko okerra. Beraz, optika denda gutxi batzuek akatsak izaten badituzte ere, gehienek neurketa fidagarriak egiten dituzte. Alderdi positiboekin jarraituz, ia optika denda guztiak bat datoz, osasun establezimenduak izanik, exijitutako txukuntasun eta garbitasun mailarekin; establezimendu horietan erabiltzaileari osasun arazoak (konjuntibitisa edo begietako infekzioak) eragin diezazkiokeen produktuak merkaturatzen dira. Nolanahi ere, optika denden %9tan graduazio eta lentillak probatzeko gunea desordenatua zegoen eta Valentziakoan garbitasuna ez zen behar bezalakoa.

Informazioa, eskasa kasu askotan

Informazioan dago hutsunea, erabiltzaileak egoki aukeratzeko behar duen aholkularitza komertzial eta teknikoan, alegia: hamarretik lau optika dendek ez zuten proba gainditu, izan ere erabiltzaileari ez zioten behar adina aholkatu armazoi, lente eta lentilla mota hauei dagokienez: armazoiak (pastazkoa, metalezkoa, “airetakoa”), lenteak (organikoak -zuriak edo antierreflejanteak-, eta mineralak -zuriak edo antierreflejanteak-) eta lentillak (egunerokoak, hilabetekoak, konbentzionalak eta zurrunak). Soilik %28k eman zuten beren kabuz informazio zehatza erabiltzaileak eskaerarik egin gabe; era berean, soilik%30ek eman zuten informazioa behar bezalako zehaztasunarekin, CONSUMER-ko teknikariak hala eskatuta. %38k zehaztasunik gabeko informazioa eman zuten eta %4k ez zieten erantzun formulatutako galdera sinpleei.

Informazioarekin zerikusia du, halaber, aurrekontu bat egiteak eta kartel bat egoteak erabiltzaileari jakinaraziko diona optika dendari ematen dizkion datu pertsonalak behar bezala erabiliko eta babestuko direla, Datuen Babeserako Legeak exijitzen duen moduan. Bada, hamar optika dendetatik zortzitan ez zen kartel hori ikusi (Coruñan bisitatutako optika denda guztietan zegoen kartela), eta %6tan erabiltzaileak, eskatu izan arren, aurrekonturik gabe atera behar izan zuen optika dendatik. Bost optika dendetatik batean soilik eman zen aurrekontua aldez aurretik eskatu gabe; horixe izan da jarrerarik zuzenena erabiltzaileak informazioa jaso duenean. %55ek aurrekontua eman zuten erabiltzaileak eskatu ostean.

Eta zortzi optika dendetan (Malagako lautan, Gasteiz, Bartzelona, Madril eta Donostiako banatan) ez zioten utzi erabiltzaileari bere intereseko prezioak apuntatzen, optika dendako langileari jakinarazi arren horiek etxean aztertzeko behar zituela, eskainitako aukeren inguruan hausnartzeko eta gero beste optika denda batzuetako prezioekin alderatzeko.

Maila apalagoan, aipatzekoa da hiru optika dendetatik batean (Malagan bisitatutako guztietan eta Vitoria-Gasteiz eta Bartzelonako hamar optika dendetatik sei baino gehiagotan), erakusleihoan edo denda barruan erakusgai zeuden armazoiek ez zutela preziorik adierazten, eta proban prezioa adierazten zuten erdiek ere ez zuten horrelakorik erakusten. Esan gabe doa erabiltzaileak nahiago duela produktuen kostua jakitea (dirua funtsezkoa da edozein produktu aukeratzerakoan), horiengatik galdetzen hasi aurretik.

Okerrena, higiene eskasia lentillak egokitzeko proba egiterakoan

Hobetzekoak diren arlo horietaz guztiez gain, bada beste bat kritikoena dena: lentillen egokitze proba egiterakoan izaten den higiene eta garbitasun eskasia.

Bost optika dendetatik ia batean erabiltzaileari eskainitako lentillak ez zeuden behar bezala zigilatuta eta desinfektatuta, edo ezin izan zen horrelakorik egiaztatu. Hiru optika dendetatik batean langileak ez zituen eskuak garbitu erabiltzailearen aurrean; hamar optika dendetatik seitan eskuekin eragin zion kanilari (egokiagoa da, garbiagoa delako, pedal bidezko konketa erabiltzea); hogei optika dendetatik batean zerbait ukitu zuen eskuak garbitu ondoren eta lentillak erabili aurretik.

Azkenik, bost optika dendetatik batean proba ez zen egin nahikoa patxadaz eta zehaztasunez -dagozkion azalpen eta aholkuekin-, horrelako manipulazio sentikorrak eta batzuetan hain zaila den erabakiak eskatzen dutenari muzin eginez.

Ezinbestekoa da optika dendetan higiene arauak zorrotz betetzea, batez ere lentillen proba egiten denean, begiak organo oso sentikorrak baitira.

Prozesua, urratsez urrats

Horrelako denda bat bisitatzen denean, optikariak prozedura hau jarraitzen du: lehenik ikusmen azterketa egiten da graduazioa aldatu dela edo azkeneko bisitatik (baldin eta horrelakorik egin bada) bere horretan jarraitzen duela ziurtatzeko. Graduazioa makina automatiko edo semiautomatikoen bidez egin daiteke, bai eta probarako ohiko betaurrekoekin ere: horietan lenteak sartzen dira bezeroak modu garbian ikusten duen arte. Graduazioa zehazteko modu bat baino gehiago erabiltzea komeni da, horrela zehaztasuna handiagoa baita. Hala ere, optika dendetatik soilik %40k erabili zuen sistema bat baino gehiago (makina semiautomatikoaz baliatu ziren gehienbat), eta %9k uko egin zioten graduazioa egiteari erosketa egiten ez bazen; hori gertatu zen aztertutako Madrilgo optika denda guztietan eta Bartzelona eta Iruñeko batean. Graduazioa egin ondoren, erosketa prozesua hasten da eta erabiltzaileak armazoi, beira edo lentilla mota desberdinen artean aukeratu beharko du. Asmatzeko, ia ezinbestekoa da optikariak aholkatzea, izan ere informazioa du material berrien inguruan, beira, armazoi eta lentilla mota desberdinei buruz…, eta komeni da horien berri izatea batez ere optika dendara bisita edo erosketa lehen aldiz egiten bada. Gero bezeroaren graduazioarekin eta eskuratutako produktuarekin batera, erabiltzailearen datu pertsonalak jasotzen dira (horien kudeaketa Datuen Babeserako legearen araberakoa da). Hilabeteko lentillen egokitze probaren bidez bezeroaren asebetetzea bilatu nahi da, begietara behar bezala egokitzen zaizkiola ikustea eta onartzen dituela ziurtatzea; beraz, oso garrantzitsua da proba hori ezer erosi baino lehen egitea, batez ere bezeroak graduazio handia duenean. Optika denden %44k proba egiteko eskatu zitzaien, eta %36k onartu egin zuten halaxe eskatu zitzaienean. Hamar optika dendetatik ia batek une horretan proba ezin zutela egin esan zuen, eta %11k erosketarik ez bazegoen proba ez zutela egingo esan zuten. Madrilen %90ek uko egin zioten probari, Valentzian eta Bilbon bi optika dendek eta Castello eta Iruñean batek.

Armazoi motak eta prezioak

Hiru armazoi mota daude betaurrekoentzako: pastazkoak, metalezkoak eta “airetakoak”. Azken horiek dira berrienak eta garestienak: diskretuagoak dira eta -gustuen arabera- estetikoagoak; era berean pisu gutxiago dute eta gainerakoak baino malguagoak dira. Garrantzitsua da erabiltzaileei armazoi mota desberdinak eskaintzea, begitarteari eta erabilera asmoei eta gastuei ondoen zein egokitzen zaizkien baloratu ahal izateko. Ikusmen neurtzaileek gehien eskainitako armazoiak metalezkoak izan ziren (%2k soilik ez zituen proposatu), pastazkoak ez ziren eskaini %12tan eta “airetakoak” %26tan. Armazoien prezioa oso aldakorra da, modeloaren, markaren eta sasoiaren arabera. CONSUMER-eko teknikariek ikusi zuten merkeenaren eta garestienaren artean 93 euroko desberdintasuna zegoela pastazko armazoietan, 129 eurokoa metalezkoetan eta 271 euro “airetakoetan”.

Optika denda guztietan pastazko armazoi merkeenak eskatu ondoren, aipatzekoa da Burgosen badirela soilik 14 euro balio dutenak, aldiz Valentzian, Vitoria-Gasteizen eta Donostian bisitatutako optika dendetan 40 euro baino gehiago balio zuten denek. Metalezkoen kasuan, berriz, Cadizen eta Burgosen 13 eurokoak edo merkeagoak ikusi ziren, Bartzelonan, Vitoria-Gasteizen eta Madrilen bisitatutakoetan, berriz, 40 euro baino gehiago balio zuten denek
“Airetako” armazoiei dagokienez, 32 eurotan edo merkeago zeuden Iruñean eta Coruñan, Bartzelona eta Donostiako optika dendetan, ordea, 90 euro balio zuten gutxienez. Bistan da prezioetan dagoen desberdintasun handia, eta funtsezkoa da armazoi mota desberdinen inguruan hausnartzea eta erosketarik egin aurretik hainbat optika denda bisitatzea.

Betaurrekoen lenteak

Armazoien eskaintza ezagutzea baino garrantzitsuagoa da erabil ditzakegun beira motak ezagutzea, kontu hori estetika hutsa baino gehiago baita. Bi lente mota daude, organikoak eta mineralak; organikoak zailagoak dira hausten eta arinagoak dira, baina erraz egiten zaie marra eta mineralak baino garestiagoak dira. Beira organiko gogorraren bidez marra gutxiago egiten dira baina horrek ez du arazoa erabat konpontzen. Antierreflejanteak ere badaude (beira gogorrarekin), eta horiek gomendagarriak dira gidatzeko, telebista ikusteko edo ordenagailuarekin lan egiteko. Lente mineralei ez zaizkie marrak hain erraz egiten eta merkexeagoak dira; hala ere hauskorragoak dira eta ez dira hain arinak. Bi motatakoak daude: zuriak eta antierreflejanteak.

Bistan da hobeto aukeratzeko erabiltzaileari lente mota asko eta desberdinak egotea komeni zaiola. Dena dela, optika denden %42k ez zuen beira organiko zuririk eskaini, %51k ez zuen beira organiko gogorrik erakutsi, eta %8tan ez zen antierreflejanterik erakutsi.

Antierreflejanteak, teknikoki, beira hobea du, baina garestiena da: beira pareak batez beste 108 euro balio ditu; aldiz, gogorrek 82 euro balio dute batez beste eta zuriek soilik 50 euro.

Beira mineralei dagokienez, optika denden erdiak ez zuen zuririk eskaini, ez eta antierreflejanterik ere %44n. Zurien batez besteko prezioa 34 eurokoa izan zen eta antierreflejanteena 66 eurokoa.

Lentillak: ondo aukeratu behar da

Lentilla ohikoenak hilabetekoak, konbentzionalak (urte eta urte eta erdi irauten dute) eta zurrunak (oso gutxi erabiltzen dira) dira; azken horiek bi urte edo gehiago irauten dute, izandako erabileraren arabera. Egunerokoak erosoagoak dira baina baita garestiagoak ere.

Optika denden %8k ez zuen hilabeteko lentillarik eskaini, eta konbentzionalak ez ziren proposatu %47tan. Zurrunak, azkenik, ez ziren proposatu hamar optika dendetatik zortzitan. Prezioei dagokienez, hilabetekoen batez besteko kostua 60 eurokoa izan zen, konbentzionaletan, berriz, batez bestekoa 140 eurokoa izan zen. Azkenik, jada oso gutxi merkaturatzen diren lentilla zurrunek, batez beste, 110 euro balio zuten.

Lente eta lentillei dagokienez, prezioek gora egiten dute graduazioak ere gora egiten duen heinean (dioptria gehiago, prezioa handiagoa). Ez da zuzena hirietako gehienezko eta gutxieneko prezioak konparatzea, izan ere horietako bakoitzean CONSUMER-eko teknikari batek egin zuen proba (graduazio jakinarekin, besteekiko desberdina); hala ere zentzuzkoa da hiri bakoitzeko prezioak konparatzea, graduazioa berdina delako. Desberdintasunak ikaragarriak dira: Castello-n pare bat beira organiko zurigatik 28 eta 300 euro bitartean eskatu zuten eta Cadizen 25 eta 150 euro bitartean; beste hiri batzuetan, berriz, (Madril -guztietan 70 euro-, Malaga -preziorik onenak: optika denda bakar batean ere ez 16 eurotik gora- eta Valentzia) prezioak antzekoak ziren. Lentillekin antzeko zerbait gertatu zen. Ikus dezagun adibide bat: Madrilen hilabeteko lentillek 14 eta 222 euro bitartean balio zuten eta Valentzian 36 eta 178 euro bitartean. Malagan eta Burgosen, berriz, produktu horri zegokion gehienezko diferentzia 8 eta 3 eurokoa zen, hurrenez hurren. Adibide horiek argi erakusten dute hiri gehienetan lente eta lentillen prezioak (armazoienak bezalaxe) asko aldatzen direla optika denda batetik bestera; beraz, komenigarria da hainbat optika denda bisitatzea eta prezioak konparatzea ezer erosi aurretik, asko aurreztu daitekeelako.

Optika dendetan asmatzeko

  • Oftalmologoak medikuak dira: begietako patologiak atzeman eta medikamentuak errezeta ditzakete.
  • Optikari ikusmen neurtzaileek neurketak egin eta lenteak saldu ditzakete, ezin dute, ordea, patologiarik diagnostikatu. Horrelakorik atzemanez gero, oftalmologoarengana joatea gomendatuko dute.
  • Eska ezazu, optika denda batera zoazen bakoitzean, ikusmena berrikustea edo azterketa optometrikoa egitea, graduazioan aldaketak izan ditzakezulako; optika denda batzuetan doan egiten dituzte, erosketa egiteko konpromisorik gabe.
  • Eska ezazu aurrekontua eta bisitatu optika denda bat baino gehiago: armazoi, lente eta lentilla motak nahiz prezioak oso desberdinak dira; horiek konparatuz, hobeto aukeratuko duzu eta aurreztu egingo duzu.
  • Eska ezazu informa zaitzatela -zehaztasunez eta behar adina denborarekin- aholkatutako produktu bakoitzaren ezaugarriei buruz.
  • Optika dendara joan aurretik, pentsatu eta erabaki ze erabilera emango diezun betaurrekoei: irakurtzeko, telebista ikusteko, edo ordezko gisa edukitzeko…, armazoi merkeenak aukeratuz asko aurreztuko duzu. Beira eta lentillei dagokienez, horiek ere balora itzazu izango duten erabileraren arabera.
  • Eska ezazu lentillak probatzea erosi baino lehen, are gehiago horiek erabiltzen hastea aztertzen ari bazara: batzuek lentillak ez dituzte onartzen edo deseroso sentitzen dira.
  • Exijitu probarako lentillak zure aurrean irekitzea: esterilizatuta eta zigilatuta dauden ikusiko duzu.
  • Egiaztatu optikariak eskuak garbitzen dituela lentillen proba egin aurretik eta ez duela ezer ukitzen horiek esku artean erabili baino lehen. Komenigarria da konketari pedal bidez eragitea; horrela, teknikariaren eskuen kutsadura posiblea saihesten da.