Ikuzgailurako garbigarriak, likido eta hautsetan

Hautsetan hobeki garbitzen baina gehiago kutsatzen dute

Era guztietako orbanetan garbigarri denek huts egiten duten arren, bada alderik batetik bestera
1 iraila de 2003

Hautsetan hobeki garbitzen baina gehiago kutsatzen dute

Ikuzgailuan baliatzeko zortzi garbigarri aztertu dira oraingoan (lau likido eta beste lau hautsetan); horien prezioa, ikuzketako, 20 zentimotik (Dixan eta Colón) 27 zentimora (Ariel hautsetan) doa. Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Dixan hautsak ematen du hainbat arrazoirengatik: bera da hautsetatik merkeena (0,23 euro), ikuzketa-kalitatean “ongi” kalifikazioa lortu du, etiketa ondo osatua agertzen du eta kutsadura gutxien sortzen duenetako bat da. Wipp hautsa ere aukera polita da: garesti xamarra (0,25 euro ikuzketako) baina osoko kalitaterik hoberenekoa. Likidoetan aukera hoberena Dixan da: merkeenetako bat izaki, hainbesteko ikuzketa-kalitateduna, onargarrien barnean.

Garbigarri likidoak dosifikatzeko errazagoak izateaz gainera, erosoago gerta daitezke pisu eta tamaina txikiagokoak direlako. Dixan eta Wipp likido lodiago direnez (jele motakoak), nahi izan gabe edo ezbeharrez nekezago isur daitezke. Hautsetan datozen lau garbigarriek 54 ikuzketa egitea eskaintzen dute eta likidoetako hiruk, berriz, 44 dosi. Ariel likidoa 40 ikuzketa baino ez du agintzen, gainerakoek baino litro erdi handiagoa bada ere (4,5 litro Arielek; besteek, 4 litro).

Garbigarri bakoitzaren ikuzketa-kalitatea balioztatzeko, kotoizko ehun batean eta zuntz sintetikozko beste batean hainbat orban-motaren aurrean erakutsitako eraginkortasuna juzkatu zitzaien. Kasu guztietan ere, ikusgailuak marka eta modelo berekoak izan ziren, ura 30º C-tan zegoen eta honen gogortasuna ertaina izan zen (25º frantziar). Kasu bakoitzean, etiketan fabrikatzaileek aholkaturiko kopurua baliatu zen (110 gramo hautsetako garbigarriekin eta 90 mililitro likidoekin; Ariel laginarekin 112 mililitro erabili ziren, halaxe aholkatzen du eta).

Ikuzketa-probak

Garbitze-ahalmenak gantzezko eta pigmentuzko orbanak suntsitzeko eraginkortasuna neurtzen du. Kotoiaren gainean olio minerala, landare-olioa, bilgorra, maionesa eta gurina aplikatu ziren; ehun sintetikoan, berriz, ezpain-barra, landare-olioa, kakahuete olioa, animali gantza, bilgorra eta makillajea. Hautsetako garbigarriek likidoek baino garbitze indar handiagoa agertzen dute bi ehunetan ere (kotoian %41eko eraginkortasuna eta sintetikoan, %51, hautsetakoek; kotoian %33 eta sintetikoan %34, likidoek).

Jarduera entzimatikoak orban proteiniko eta amilasen suntsiketa adierazten. Odol, kakao, esne, belar, kakahuete, elikagaien ongarri eta almidoizko orbanei aurre egitean “oso ongi” kalifikazioa erdietsi duen garbigarri bakarra Ariel likidoa da (denetan hoberena, zazpi orbanetatik bostetan: %50eko eraginkortasuna). Ariel eta Wipp hautsetan “ongi” geratu ziren, kasu guztietan balorazio ertainak merezi izan zituztelako. Dixan (hautsetan eta likidoa), Colón hautsetan eta Wipp likido laginek “onartzeko moduko” baizik ez ziren izan eta Colón likidoak ez zuen proba hau gainditu.

Zuritze-eraginkortasunak orban oxidagarriak desagertzeko gaitasunaren berri ematen digu: kafea, tea, ardoa eta fruta, oraingoan. Garbigarri likidoek desabantailan dihardute proba honetan, beren formuletan ezin baitituzte eragile zuritzaileak ezarri (ez baitira egonkorrak ur-medio batean). Hortaz, lau likidoak proba gainditu gabe geratu ziren. Hautsetakoen artean ere aldeak izan ziren, batetik bestera: denetan hoberenak Dixan eta Wipp (“oso ongi”) dira, deseginiko orbanak % 44-%46 bitartekoa izaki. Ariel eta Colón “ongi” baino ez ziren azaldu, %40ko eraginkortasunaz.

Arroparen kolore zurixka urdintzaile optikoei esker lortzen da: substantzia horiek argi ultramorea absorbitu eta, horren ordez, argi urdina irradiatzen dute. Eragile horien eragina neurtzeko, urdindu gabeko kotoi zuriko ehuna hiru aldiz ikuzi behar da baldintza estandarretan (30º C, 25º frantziarreko ur-gogortasuna) eta, ondoren, horren kolorea egiaztatu, espektrofotokolorimetroaren bitartez. Wipp (hautsetan) eta Colón (hauts eta likidoa) dira zurien garbitzen duten hiru laginak.

Koloreak zaintzeaz

Garbigarriek koloreetan duten eragina neurtzeko xedez bi proba egin ziren. Margultze proban, arropa batetik bestera jazoriko kolore-transferentzia neurtuko bada, bi arropa berdin garbigarriarekin eta garbigarririk gabe ikuzi behar dira, kasu bakoitzean “zenbaterainoko” kolorea transferitzen den zehazteko (baldintza oldarkorretan neurtu ohi da: 60º zentigradoko tenperatura eta 40º frantseseko ur-gogortasuna. Kolore-transferentzia gehien mugatzen duena Ariel likidoa da (“oso ongi”), atzetik Dixan eta Wipp likidoak (“ongi”) datozkiola. Colón garbigarri likidoa eta hautsetako lauak dira koloreekin oldarkorrenak.

Tonu-endekapena egiaztatzeko proban, ikuzketetan barrena kolore-galera neurtu zen. Arropa bakoitza hogei aldiz ikuzi behar da 60º C-ko tenperaturan; ondoren, horrela lorturiko emaitzak eta garbigarririk gabe baina, gainontzean, ikuzte-baldintza berdinetan erdietsitakoak konparatuko dira. Dixan eta Wipp likidoak irabazi dute balorazio garaiena (“oso ongi”) eta beste bi likidoek (Ariel eta Colon) ez dute proba hau gainditu (“eskas”).

Hautsetako garbigarriak dauzkaten osagai guztietatik ingurugiroa gehien honda dezaketenak fosfatoak dira, tripolifosfatoak bereziki. Ikuzgailuetan baliatu beharreko garbigarrietan ezartzen dituzte fabrikatzaileek uretako karearen eraginak neutralizatzeko egokiak izatearren: kareak, izan ere, orbanak finkatzea laguntzen eta garbitzeko arduradunen (tentsioaktiboen) jarduera ahuldu egiten du. Eragin mesedegarri honez gainera, fosfatoek uraren “eutrofizazioa” eragiten dute, hau da, laku eta urtegietako uretan gehiegizko sustantzia elikagarrien metaketa areagotzen dute, uretako landareen ugalketa eta, beraz, ur-azpiko faunarentzako oxigeno eskasia ondorioztatuz.

Eragile alternatiboa

Fosfatoen ordezko eragileak, berak bezain kutsagarria ez direnak, zeolitak dira. Hauek dituzten karearen kontrako propietateak fosfatoenak bezain eraginkorrak ez direnez, garbigarriei eransten zaizkien polikarboxilatoak kaltegarriak dira, biodegradatzeko unean hamaika zailtasun agertzen baitira. Zeolitak erabiltzeak konponbide ekologikoagoa bideratzen dute baina, uretan disolbatzen eta, hortaz, laku zein ibaien hondoetan metatzen direnez, ura edangarri bihurtzeko garaian arazoak agertzen dituzte (lohi gehiago tratatu behar direlako). Hautsetako garbigarriek duten beste osagai toxikoetako bat, zuritze-eragile oxigenatuak dira, uretako landareen hazkuntza galarazi egiten baitute.

Garbigarri likidoek ezin dezakete karearen kontrako eragilerik, ezta zuritzeko eragile oxigenaturik erantsi, uretan disolbagarriak ez direlako elementu horiek. Zama hori arintzeko, garbigarri likidoek beren formulan hiru edo lau bider tentsoaktibo gehiago ezartzen dituzte; hauetariko gehienak degradatu egiten diren arren, ez dira kalterik gabeak gertatzen.

Azterturiko lagin guztietan Colón hautsa da fosfatoak (tripolifosfatoak: gehien kutsatzen dutenak, alegia) baliatzen dituen bakarra; ugari erabiltzen ditu, gainera: %24. Gainerako hiru hauts garbigarriek zeolitak baliatzen dituzte karearen kontrako eragiletzat, baina lagin batetik bestera alde handia dago kopuruan: Dixan (%4,1), Wipp (%1,5%) eta, urrutira, Ariel (%18).

Etiketa guztiak zuzen dauden arren, batetik bestera ere aldeak nabaritzen dira: Wipp eta Colón (hautsak eta likidoak) eta Dixan jeleak ez zuten adierazten ikuzteko tenperatura egokienak. Dixan eta Colon likido laginek, berriz, ez dute aipatzen nolako arropa ikuz daitekeen. Colón likidoak, azkenik, ez ditu agertzen Ingurugiroarekiko Praktika Onen Kodeko aholkuak.

Orban motak

Orban guztiak dira desberdin eta, halakotzat, berak suntsituko baditugu, garbigarriaren osagai desberdinak baliatu beharko ditugu.

  • Gantz- eta pigmentu-orbanak: garbitzeko ahalmena da hainbat motatako orbanak (gurina, maionesa, automobileko olioa edo ezpainetako barra, adibidez) suntsitzeko gaitasuna. Eginkizun hori burutu behar duten eragileak tentsioaktibo izenekoak dira: zikintasuna disolbatu egiten dute, amaierako urak hoditik behera eraman dezan.
  • Proteina- eta amilasa-orbanak: odolak, entsaladarako ongarriak, esneak, izerdiak, txokolateak, belarrak eta beste hainbatek eragindakoak dira; orbana osatzen duten proteina eta almidoien kateak hautsiz diharduten entzimek (proteasa eta amilasen egintzari esker) suntsitzen dituzte.
  • Orban oxidagarriak: hauek desagertzeko, orbanetako oxigenoa askatzen duten zurigarri oxigenatuak baliatzen dira (sodio-perboratoa, adibidez). Mota honetakoak dira kafe zein te (suntsitzeko zailenak, tanino ahaltsuak dituzte eta), fruta zein ardo zikinak. Honelako zikintasuna desagertzeko gaitasunak adieraziko du garbigarriak nolako zuritze-ahalmena duen.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Oraingoan ikuzgailuan baliatzeko lau garbigarri hautsetan eta lau garbigarri likido aztertu dira, horien prezioak, ikuzketa bakoitzeko, 0,20 eurotik 0,27 euro bitartera doaz.
  • Hautsetako garbigarriak garestiago dira baina hobeki garbitzen dute. Likidoek gehienez ere “onargarri” kalifikazioa irabazi dute ikuzketa-kalitatean, karearen kontrako eragilerik zein zurigarri oxigenaturik ezin erants ditzaketelako. Horregatik, likidoak ekologikoago dira.
  • Colón hautsetan da fosfatoak (ugari, gainera) baliatu dituen bakarra eta gehien kutsatzen duena. Ariel, Dixan eta Wipp hautsek fosfatoen ordez zeolitak ezarri dituzte: hauek, fosfatoak bezain eraginkorrak ez badira ere, ingurugiroa gehiago errespetatzen dute.
  • Wipp hautsa da “oso ongi” kalifikazioa merezi izan duen bakarra ikuzketaren kalitatean. Ariel, Colon eta Dixan hautsek “ongi” hutsa jaso dute. Ariel, Dixan eta Wipp likidoak onargarri agertu ziren eta Colón likidoak ez zuen proba hau gainditu.
  • Koloretako arropaz ari garela, hoberenak Dixan eta Wipp likido dira. Arropa zuria garbitzeko, berriz, hautsetakoak hobeak dira.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Dixan hautsa da, bere motakoetan merkeena izateaz gainera, gutxiago kutsatzen du eta “ongi” ikuzten du. Wipp garestixeago da, baita hobea ere. Likidoetan aukera egokiena Dixan da.
Marka DIXAN WIPP ARIEL COLON
Egoera fisikoa Hautsetan Hautsetan Hautsetan Hautsetan
Formatua 5886 kg 5886 kg 5940 kg 5905 kg
Dosi kopurua1 54 54 54 54
Erabilitako dosia 110 g 110 g 110 g 110 g
Prezioa (euro/kiloko edo litroko) 2,13 2,31 2,49 2,28
Prezioa (euro/dosiko) 0,23 0,25 0,27 0,25
Etiketa Ongi Aceptable Ongi Onargarria
Azterketaren emaitzak
Fosfatoen edukia (% tripoli-
fosfatos)2
Ez dago Ez dago Ausencia 24,4
Zeoliten edukia (% anidra) 3 4,1 1,5 17,9 Ez dago
Ikuzketaren emaitzak
Eraginkortasuna
– Garbitze ahalmena
– Kotoizkoetan (%)4 41,9 43,0 37,6 40,3
– Sintetikoetan (%)4 52,7 53,3 48,8 49,2
– Balorazioa Oso ongi Oso ongi Oso ongi Oso ongi
– Jarduera entzimatikoa (%)4 42,7 46,4 45,4 42,4
– Balorazioa Onargarria Ongi Ongi Onargarria
– Zuritze eraginkortasuna (%)4 43,6 45,5 40,5 39,2
– Balorazioa Oso ongi Oso ongi Ongi Ongi
Ikuzketaren osoko eraginkortasuna Oso ongi Oso ongi Ongi Ongi
Zuritasun gradua Ongi Oso ongi Ongi Oso ongi
Koloreen gaineko eragina
– Nabarduraren endekapena Ongi Ongi Ongi Ongi
– Desteñido global Onargarria Onargarria Onargarria Onargarria
Osoko Kalitatea Ongi Oso ongi Onargarria Onargarria
Marka DIXAN WIPP ARIEL COLON
Egoera fisikoa Likidoa (jelea) Likidoa (jelea) Likidoa (jelea) Likidoa (jelea)
Formatua 4 L 4 L 4,5 L 4 L
Dosi kopurua1 44 44 40 44
Erabilitako dosia 90 ml 90 ml 112 ml 90 ml
Prezioa (euro/kiloko edo litroko) 2,16 2,30 2,22 2,17
Prezioa (euro/dosiko) 0,20 0,21 0,25 0,20
Etiketa Onargarria Onargarria Ongi Onargarria
Azterketaren emaitzak
Fosfatoen edukia (% tripoli-
fosfatos)2
Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Zeoliten edukia (% anidra) 3 Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Ikuzketaren emaitzak
Eraginkortasuna
– Garbitze ahalmena
– Kotoizkoetan (%)4 31,5 31,6 35,4 33,9
– Sintetikoetan (%)4 30,8 31,1 35,3 37,0
– Balorazioa Onargarria Onargarria Ongi Ongi
– Jarduera entzimatikoa (%)4 43,1 40,5 50,1 33,3
– Balorazioa Onargarria Onargarria Oso ongi Eskas
– Zuritze eraginkortasuna (%)4 17,7 16,3 18,3 16,7
– Balorazioa Oso Eskas Oso Eskas Oso Eskas Oso Eskas
Ikuzketaren osoko eraginkortasuna Eskas Eskas Onargarria Eskas
Zuritasun gradua Ongi Ongi Onargarria Oso ongi
Koloreen gaineko eragina
– Nabarduraren endekapena Oso ongi Oso ongi Eskas Eskas
– Desteñido global Ongi Ongi Oso ongi Onargarria
Osoko Kalitatea Onargarria Onargarria Onargarria Eskas

1 Dosien kopurua: zikintasun ertaineko arropa gogortasun ertaineko ura erabiliz garbitzeko, detergente horrekin egin daitezkeen ikuzketa-kopurua.

2 Fosfatoak: Uretako karea neutralizatzen duten eragile karedunak. Ingurugiroa larregi kutsatzen dute

3 Zeolitak: Karearen kontrako eragileak, fosfatoak ez bezain eraginkor, ez haiek bezain kutsagarri.

4 Orbanak suntsitzean (ura 30º C-tan), batez besteko portzentajeak.

Banan-banan

Ikuzgailurako zortzi garbigarriak, banan-banan

DIXAN

  • Garbigarria hautsetan
    0,23 euro ikuzketako, hautsetako garbigarri merkeena denetan
  • Azterturiko zortzi garbigarrietan, prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Etiketarik osatuenetako bat. Zeoliten (kutsatzaileak) edukirik apalenetako bat (%4,1). Fosfatorik (oso kutsatzailea) gabea.
  • Ikuzte-eraginkortasun aldetik, oso ongi: garbitze-ahalmen handian eta arropa zuritzeko eraginkortasunean, nabarmen. Zuritasun-gradu egokia ematen du. Arropako koloreekin ez da biziki oldarkorra. Inongo ahulunerik gabea.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: ongi.

WIPP

  • Garbigarria hautsetan
    0,25 euro ikuzketako
  • Zeoliten (kutsatzaileak) edukirik apalena (%1,5). Fosfatorik (oso kutsatzailea) gabea. Ikuzte-eraginkortasun aldetik, oso ongi: garbitze-ahalmen handian eta arropa zuritzeko eraginkortasunean, nabarmen. Zuritasun-gradu egoki-egokia ematen du. Arropako koloreekin ez da biziki oldarkorra. Inongo ahulunerik gabea.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: oso ongi.

ARIEL

  • Garbigarria hautsetan
    0,27 euro ikuzketako, azterturiko laginetan garestiena
  • Etiketarik osatuenetako bat. Zeoliten (kutsatzaileak) edukirik handienekoa (%17,9). Fosfatorik (oso kutsatzailea) gabea. Ikuzte-eraginkortasun aldetik, ongi: garbitze-ahalmen handia du nabarmen. Arropako koloreekin ez da biziki oldarkorra. Inongo ahulunerik gabea.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: ongi.

COLON

  • Garbigarria hautsetan
    0,25 euro ikuzketako
  • Azterturiko laginetan kutsatzaileena: fosfatoak dauzkan bakarra (ugari-ugariak, gainera: %24,4). Ikuzte-eraginkortasun aldetik, ongi: garbitze-ahalmen handia du nabarmen. Zuritasun-gradu egoki-egokia ematen du. Arropako koloreekin ez da biziki oldarkorra. Inongo ahulunerik gabea.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: ongi.

DIXAN

  • Garbigarri likidoa (jelea) 0,20 euro ikuzketako, zortzietan merkeena
  • Azterturiko lagin likidoetan, prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Gainerako likidoak bezala, zeolitarik zein fosfatorik (gai kutsatzaileak) gabea. Ikuzte-eraginkortasun eskasa. Garbitze-ahalmen nabarmenki urria (“oso eskasa”). Zuritasun-gradu egokia ematen du. Arropako koloreak gehien babesten dituenetakoa. Hainbat alderditan, hobetu beharrekoa.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: onargarria.

WIPP

  • Garbigarri likidoa (jelea) 0,21 euro ikuzketako
  • Gainerako likidoak bezala, zeolitarik zein fosfatorik (gai kutsatzaileak) gabea. Ikuzte-eraginkortasun eskasa. Zuritzeko ahalmen nabarmenki urria (“oso eskasa”). Zuritasun-gradu egokia ematen du. Arropako koloreak gehien babesten dituenetako bat. Hainbat alderditan, hobetu beharrekoa.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: onargarria.

ARIEL

  • Garbigarri likidoa (jelea) 0,25 euro ikuzketako, zortzietan garestiena
  • Etiketarik osatuenetako bat. Gainerako likidoak bezala, zeolitarik zein fosfatorik (gai kutsatzaileak) gabea. Ikuzte-eraginkortasun onargarria. Alderdi onuragarria, jarduera entzimatiko bizia; kontrakoan, arropa zuritzeko eraginkortasunik eza. Zuritasun-gradu apala ematen du. Kolore-transferentziarik txikiena baina kolore-galera handia, arropa 20 aldiz ikuzi ondoren. Hainbat alderditan, hobetu beharrekoa.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: onargarria.

COLON

  • Garbigarri likidoa (jelea) 0,20 euro ikuzketako, zortzietan merkeena
  • Gainerako likidoak bezala, zeolitarik zein fosfatorik (gai kutsatzaileak) gabea. Ikuzte-eraginkortasun eskasa. Alderdi kaltegarria, jarduera entzimatiko apala eta garbitze-ahalmen urria. Zuritasun-gradu handia (“oso ongi”). Arropako koloreekin, oldarkorrena. Hainbat alderditan, hobetu beharrekoa.
  • Ikuzketaren osoko kalitatea: ez da onargarria.