Inkesta egin diegu 9 autonomia erkidegotako 1.050 helduri, eta galdetu diegu 2 eta 18 urte arteko haurrek zer-nolako ohiturak dituzten elikatzeko orduan

Haurtzaroan hutsegiteak egiten dira elikaduraren arloan eta hutsegite horiek larritu egiten dira nerabezaroan

Hutsegiterik handienetakoa berdurei eta barazkiei lotuta dago: haurren %51k ez dituzte egunero jaten, eta frutak ere ez %29k
1 azaroa de 2014
Img tema de portada listado 125

Haurtzaroan hutsegiteak egiten dira elikaduraren arloan eta hutsegite horiek larritu egiten dira nerabezaroan

Espainiako Estatuan 2 eta 17 urte artean dituzten haurren %33k gehiegizko pisua edo gizentasuna dute, Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Espainiako Federazioak (FESNAD) emandako datuaren arabera. Kezkatzeko moduko datuak dira, ongi frogatuta baitago gehiegizko pisua izateak kalte egiten diola osasunari, baita epe luzera ere. Helduaroan agertzen diren gaitz askok haurtzaroan izan dezakete jatorria: bihotz-hodietako gaixotasunek, diabetesak eta baita minbizi mota batzuek ere. Eta helduaroan gizena izateko joera ere handitu egin daiteke: Estatuko helduen %53k gehiegizko pisua dute.

Adituen esanetan, Estatuko haurren dieta, hainbatetan, urrundu egiten da gomendatua dagoen eredutik: haurrek proteina eta gantz gehiegi hartzen dituzte, eta, aldiz, karbohidrato gutxiegi. EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du nola elikatzen diren gure etxeetako haurrak. Horretarako, irail bukaeran eta urri hasieran, inkesta egin die haurrak zaintzeko ardura duten 1.050 helduri (gurasoak izan dira batzuk eta senitartekoak beste batzuk). Honako 9 autonomia erkidego hauetara jo dugu: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa.

Helduaren eta haurraren profilak

Inkestari erantzun dioten 1.050 helduetatik, emakumeak izan dira lautik hiru. Unibertsitate ikasketak edo garduondokoak eduki dituzte %35ek eta Lanbide Heziketakoak %23k. Gainerakoen artean, %18k borondatezko bigarren hezkuntzako ikasketak zituzten eginak, %19k derrigorrezkoak eta %5ek ez zuten ikasketarik. Horretaz gain, %84 gurasoak izan dira, eta %16 senitartekoak, haurrak zaintzeko ardura dutenak (gehienean, aitona-amonak).

Horien guztien ezaugarri demografikoen berri jakiteaz gain, zer-nolako bizi-ohiturak dituzten ere aztertu nahi izan dugu. Haurrek ikusitakotik ikasten dute, eta inguruan dituzten helduen jokabideak imitatzen saiatzen dira. Horregatik da garrantzitsua eredu egokiak ematea. EROSKI CONSUMERek ikusi duenez, elkarrizketatu ditugun herritarren %74k bizi-ohitura egokiak dituzte, baina beste %26renak, aldiz, ez dira batere osasungarriak. Azken horien artean, izan ere, %31k alkohola edaten dute, %21ek erre egiten dute eta %55ek ez dute kirolik egiten egunero.

Haurren ohiturak aztertzeko, etxean bizi den haur edo nerabeetako batek zer-nolako nutrizio-ohitura espezifikoak dituen galdetu zaie helduei. Haur horien ezaugarriak ere eman dizkigute: %57 gizonezkoak dira, %31k 2 eta 6 urte artean dituzte, beste %36k 7 eta 12 urte artean, eta %33k 13 eta 18 artean.

Menuak planifikatu eta elkarrekin jan

Ondorioa

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen hamar lagunetatik bederatziri iruditzen zaie beren seme-alabek ohitura orekatuak dituztela nutrizioaren arloan, baina, egiaz, besterik gertatzen da. Inkestaren bidez ikusi da hutsegiteak egiten direla, eta hutsegite horiek, hainbatetan, larriagotu egiten direla haurrak nerabe bihurtzean.

Haur eta nerabe horien %41ek sekula ez dute fruta jaten gosaritan, eta %57k zereal azukretsuak edo txokolatedunak hartzen dituzte. Berdurei eta barazkiei dagokienez, %51k ez dituzte egunero jaten, eta %29 frutarik ere ez dute jaten egunero. Aldiz, %14k egunero jaten dituzte hestebeteak, %12k gozoak eta %9k opil industrialak eta freskagarriak. Horretaz gain, jaten ari direnean, haurren %39k telebista ikusten dute beti.

Neraberazoan, nutrizio arloko ohitura horietako batzuk okertu egiten dira: ez gosaltzea, fruta ez egunero jatea, gozoak egunero hartzea eta berdin freskagarriak ere. Eta, gainera, proportzioan 17 puntu handiagoa da otorduetan telebista ikusten duten gazteen kopurua.

Zaintzaileek ere, bestalde (gurasoak, aitona-amonak edo bestelako ahaidetasunen bat dutenak), ez dituzte zaintzen eguneroko ohitura garrantzitsu batzuk, eta horrela nekez lor daiteke haurrak egoki elikatzeko ohiturak barnera ditzala osasuntsu egoteko eta behar bezala garatzeko.

Esate baterako, helduen %30ek ez dituzte planifikatzen haurren menuak, eta %8k ez dute ezartzen eta zaintzen ordutegi jakin bat otorduak egiteko. Horrekin batera, %16k ez dute egunero haurrekin jaten, eta otorduak elkarrekin egiten dituztenean, %32k pizgarri gisa erabiltzen dute janaria (saritzeko edo zigortzeko). Azkenik, %68k opil industrialak izaten dituzte etxean, gominolak, zizka-mizkak eta haurren tentagarri diren beste elikagai batzuk.

Planifikatuz arautzen da

Haurtzaroan hainbat ohitura finkatzen dira, eta iraun egiten dute gerora ere. Elikadura arloko ohiturekin ere horixe gertatzen da. Eguneroko jokabide eta errutina egokiekin, lagundu egiten da haurren gorputza modu egokian eraikitzen eta moldatzen, eta hobetu egiten da haien osasuna eta jardun fisiko eta intelektuala.

FESNADen gomendioa da astez aste planifikatzea haurren menua, eta ahalik eta elikagai mota gehien sartzea horietan. Gure inkestan, haurrak zaintzeko ardura duten helduen %70ek baieztatu dute menuak planifikatzeko ohitura dutela (gehienbat, heldu horiek gurasoak direnean). Zaintzaileak beste senitarteko batzuk direnean, gehiago inprobisatzen da, eta haurra 12 urtez azpikoa bada, maizago planifikatzen dute. Hala ere, zenbateko maiztasunarekin egiten duten galdetuta, %62k adierazi dute egunez egun egiten dutela, eta %37 baino ez astez aste.

Haurra eskolako jantokira joaten bada (%37ri gertatzen zaie hori, batez ere 2 eta 12 urte artekoei), komeni izaten da jakitea eskolan zer-nolako menuak dituzten, eta etxeko otorduekin orekatu. Haurrak jantokira bidaltzen dituzten helduen %86k aintzat hartzen dituzte menu horiek afariak eta askariak antolatzeko.

Hain zuzen, FESNADek beste gomendio bat ere ematen du: haurrei ere aukera ematea otorduak prestatzeko. Era horretan, areagotu egiten da haurrek janariarekin duten interesa. Jokabide hori, ordea, inkestari erantzun dioten helduen %22k baino ez dute izan maiz samar, eta %38k noizean behin. Haurrek 7 urte betetzen dituztenetik aurrera uzten zaie sukaldean gehiago laguntzen.

Baina horrek ez du esan nahi haurrei galdetu behar zaienik zer jan nahi duten. Ez gara horretaz ari. Perseo programan esaten denez (NAOS Estrategiaren barnekoa da), helduen ardura da menuak hautatzea, elikagaiak erostea eta dieta osatu bat antolatzea. Zeregin hori haurren esku uzten bada, segur aski elikagai gozoegiak eta gaziegiak hautatuko lituzkete. Edonola ere, jokabide egokia da helduek aukeratuta ditugun hiruzpalau jaki eskaintzea haurrei, haiek hauta dezaten, baina osasungarrienen artetik, betiere.

Beste hutsegite ohiko bat izaten da janaria pizgarri gisa erabiltzea haurrekin, asperdura kentzeko edo zigortzeko, alegia (FESNADek oso desegokitzat jotzen du). Inkestari erantzun dioten helduen %32k egiten dute hori, batez ere haurren zaintzaileak gurasoak ez direnean.

Familian

Ohiturarik garrantzitsuenetakoa familian jatea da, ahal den guztietan behintzat. Era horretan, hobetu egiten da haurren dietaren kalitatea. Eta zenbait ikerketak diotenez, ohitura horrek lagundu egin dezake nerabeengan arrisku-jokabideak saihesten.

Gure inkestan, helduen %30ek adierazi dute egunean hirutan jaten dutela haurrekin, %25ek egunean bitan eta %69k egunean behin. Gainerakoek, %16k zehazki, astean zenbait alditan egiten dute: astean 3-6 aldiz batzuek eta maiztasun handiagoarekin beste batzuek. Eta %2k sekula ez omen dute haiekin jaten.

Otorduetan familia giro atsegina izatea oso garrantzitsua da, baina ez hori bakarrik. FESNADek garrantzi handia ematen dio etxean eredu egokiak izateari, elikatzeko ohitura egokiak etxetik bertatik ikusarazteari. Inkestari erantzun dioten helduen %69k uste dute nutrizio arloan dituzten ohiturak dieta osasungarriaren eredu direla (zaintzaileak gurasoak ez baina beste senitarteko batzuk direnean, %82ra heltzen da portzentaje hori). Beste %27k, hala ere, onartzen dute noizean behin bakarrik ematen dietela haurrei eredu ona eta %4k sekula ez.

Bost jateko egunean eta gosari egokia

Ohitura onak, osasun hobea

Haurren organismoa hazteko eta garatzeko erritmoa aldatu egiten da egunetik egunera. Adinaren arabera aldatzen dira haien energia eta mantenugai beharrizanak, eta heltzen doazen heinean, baita sexuaren arabera ere. Horregatik, elikadurak egokitu egin behar du haietako bakoitzaren ezaugarrietara, eta, horretarako, kontuan hartu behar dira haien hazkunde eta garapen erritmoa, apetitua, gustuak, osasun egoera eta egiten duten jarduera fisikoa. Hala ere, badira jarraibide orokor batzuk etapa edo aro bakoitzarentzat, non esaten den zenbateko maiztasunez jan behar diren elikagai jakin batzuk eta zer-nolako kopuruetan (errazioak).

Lehenik eta behin, elikagaiak banatzeko orduan, egunean 5 otordu egitea da gomendio nagusia: gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta afaria. Inkesta honetan mintzagai hartu diren haurrek egunean 4 otordu egiten dituzte, batez beste.

Horretaz gain, garrantzitsua da beti ordu bertsuetan egitea eguneko otordu horiek. Galdekatu ditugun helduen %92k hala egin ohi dutela adierazi dute, bereziki haurrek 2 eta 12 urte artean dituztenean.

Gosaria

European Food Information Council (EUFIC) erakundearen arabera, funtsezkoa da eguna gosari batekin hastea, zeren, gau osoa lotan eman ondoren, gorputzak energia maila apalak izaten baititu. Ohiko aste batean, haurren %96k egunero gosaltzen dutela jakinarazi dute haien zaintzaileek, baina %4k astean 3-5 egunetan egiten omen dute. Proportzio desegoki hori %9ra igotzen da 13 eta 18 urte arteko nerabeetan.

FESNADek hauxe jotzen du haurren gosari egokitzat: esneki bat (esnea, jogurta edo gazta), zereal bat (ogia, galletak edo osoko zerealak) eta fruta (ahal dela, osorik). Noizean behin, jar daitezke oliba-olioa edo margarina ere, marmeladak, urdaiazpiko egosia edo indioilarra.

Teoria hori ezagun samarra izan arren, haurren %41ek ez dute fruta izaten gosaltzeko, eta %29k noizbehinka baino ez. Bereziki kezkagarria da nerabeei dagokien datua: 13 eta 18 urte bitarteko gazteen %41ek sekula ez dute jaten fruta eta %30ek noizbehinka jaten dute.

Ildo horretan, Perseo programak ohartarazten du, azken urteetan, ugaritu egin direla zerealekin egindako prestakinak, “gosaritako zereal” gisa aurkezten direnak. Gari, arroz eta arto malutak izaten dira, esnearekin hartzen direnak. Sarri askotan, gustagarriagoak izan daitezen, azukrez, eztiz edo txokolatez estalita egoten dira. Horrek nabarmen areagotzen ditu kaloriak, baina ez oinarrizko mantenugaiak.

Gure inkestan, haurren %15ek egunero izaten dituzte zereal azukretsuak edo txokolatedunak, eta %41ek noizean behin. Adin multzoka, 7 eta 18 urte arteko neska-mutilek jaten dituzte maizenik elikagai azukretsu horiek. Zerealak jatekotan, gisa horretako gehigarririk gabeak hautatzea komeni da, edo, bestela, ogia edo txigorkiak. Eta osokoak badira, hainbat hobeki.

Zer komeni den eta zer ez

Oreka da gakoa

EUFICen arabera, osasun ona izateko, egunean 40 mantenugai baino gehiago hartu behar dira (hainbat motatako bitaminak eta mineralak, adibidez). Ez dagoenez horiek guztiak biltzen dituen elikagai bakar bat, oso garrantzitsua da egunero elikagai askotarikoak jatea. Oreka lortu behar da hartzen den kantitatearen eta elikagai moten artean. Adingabe batek dietaren bidez hartu behar lituzkeen kalorien erdiek, gutxi gorabehera, karbohidrato ugariko elikagaiek emanak izan behar lukete: zerealak, arroza, pasta, patata eta ogia. Hortaz, horietako bat, gutxienez, jan behar da otordu bakoitzean.

Inkestan ikusten denez, haurren %90ek egunero jaten dute ogia, eta arrozarekin, pastarekin eta patatekin konbinatzen dute. Baina ikusi egin beharko litzateke nola eginak dauden plater horiek eta osoko elikagairik erabiltzen ote duten, horrek berebiziko garrantzia du eta.

Aldizkari honen azterketaren erantzunetan ageri denez, haurren zaintzaileek teknika hauekin prestatzen dituzte jakirik gehienak: plantxan eginda, egosita edo irakinda, gisatuta eta frijituta ere bai. Hain zuzen, plateren batek patata frijituak dituenean, haurren %50ek frijituta jaten dituzte. Osoko elikagaiei dagokienez, normalean ez dituzte erabiltzen haurren menuetan. Soilik %8k jan ohi dute osoko ogia (nerabeen %12k), %6k osoko pasta eta %4k osoko arroza.

Bestalde, fruta eta berdura dira bitamina, mineral eta zuntz gehien ematen duten elikagaiak. Guztiok jan behar genituzke egunean 5 errazio, gutxienez. Gure inkestan, ordea, datu harrigarriak ageri dira: 2 eta 6 urte arteko haurren %44k asteroko maiztasunez jaten dute berdura, ez egunero; 7 eta 12 urte artekoetan %51ra iristen da zifra hori, eta 13 eta 18 urte arteko nerabeetan, %53ra. Eta %2k ez dituzte jaten (ez omen dute nahi). Berdintsu gertatzen da frutekin ere, nahiz eta proportzioak apalagoak diren: 2 eta 6 urte arteko haurren %18k asteroko maiztasunez jaten dituzte, 7 eta 12 urte artekoetan %27k eta 13 eta 18 urte bitartekoetan %31k. Eta %4k ez dituzte jaten.

Gainera, ohitura bihurtu da fruta jan ordez ontziko zukuak hartzea. Gure inkestan, adingabeen %38k noizean behin hartzen dituzte (gehienbat, 7 urtetik 12 urte bitarte dituztenek). Zuku ontziratuei kendu egiten diete frutaren mamia (etxean egindakoei ere bai gehienetan), eta, ondorioz, galdu egiten dute zuntza eta hainbat bitamina, nahiz eta zenbaitetan ontzian sartu ondoren eransten dizkieten mantenugai horiek. Gainera, proportzioan, karbohidratoetatik (azukreetatik) datorren energia asko ematen dute, eta, aldiz, ez dute izaten oinarrizko mantenugairik. Hori dela eta, hobe da haurrek fruta naturala jan dezatela, era bateko eta besteko frutak murtxikatuz eta dastatuz.

Ohitura hedatu samarra da, halaber, frutaren ordez esnekia hartzea ere: haurren %32k egiten dute hori maiz samar, eta %60k noizean behin. Ohitura hori ez da egokia, frutak zuntza eta C bitamina izaten dituelako, eta azken osagai horrek lagundu egiten du elikagaietatik datorren burdina xurgatzen eta barneratzen. Perseo programaren arabera, esnekiak oso beharrezkoak diren arren, zenbait haurrek gehiegi hartzen dituzte esnea eta esnekiak.

Noizbehinka jatekoak dira

Inkesta honetan aztergai hartu ditugun haurren %14 inguruk egunero jaten dituzte hestebeteak, baina elikagai horiek noizbehinka jatekoak izan behar lukete. Eta ez hori bakarrik. Nerabeek beste elikagai baztergarri batzuk ere komeni baino maizago jaten dituzte: gozoak, opilak eta freskagarriak. Alde batetik, %17k egunero hartzen dituzte gozoak, beste %15ek freskagarriak eta %10ek opil industrialak.

Oro har, ez daiteke esan elikagai batzuk “madarikatuak” direla, baizik eta neurrian jatekoak direla. Haurraren berezitasunak kontuan hartu behar dira horiek eskaintzeko garaian: gizentasuna, gose falta, eta abar. Baina, oro har, hilean gutxitan jan behar dira, ez egunero.

Freskagarriak, adibidez, noizean behin eta neurrian hartzekoak dira, batez ere beste elikagai batzuen lekua har dezaketelako haurren elikaduran (adibidez, esnearen lekua). Azukre kontsumoa handitzea ere ekar dezakete, eta baita kaltzio/fosforo harremana aldatzea ere dieta barrenean. Horretaz gain, jakin behar da edari gozoek ez dutela kentzen egarria, eta gehiago edanarazten dutela. Hori dela eta, haurrek ura edan behar lukete.

Tentazioak saihesteko, batere osasungarriak ez diren elikagairik etxean ez edukitzea da onena. Haurrak ez baditu eskura kaloriak erruz baina mantenugairik ez duten elikagaiak, inork ez du ibili beharko galarazten. Gure inkestan, galdekatu ditugun helduen %18k opil industrialak izaten dituzte etxean, baita gominolak, zizka-mizkak eta antzeko beste elikagai batzuk ere. Beste %50ek aitortu dute noizbehinka izaten dituztela eta %32k sekula ez. Azken proportzio hori handiagoa da gurasoen artean. Horretaz gain, ez da batere ona haurrek telebista aurrean jatea. Inkestan, helduen %70ek adierazi dute haiek zaintzen dituzten haurrek telebista aurrean jaten dutela, batez ere 13 eta 18 urte artekoek. Madrilgo Erkidegoko Kontseilaritzaren arabera, haurrik sedentarioenek denbora gehiago ematen dute telebista ikusten eta arrisku handiagoa dute gehiegizko pisua izateko. Gainera, iragarkiek ematen dituzten mezuek, itxura batean, elikagai jakin batzuk hautatzera daramatzate haurrak, eta haur horien dietak gantz gehiago izaten du eta gutxiago zuntza, bitaminak eta mineralak.

Azkenik, hamar heldutatik bederatzik uste dute zaintzen dituzten haurrak elikadura orekatua dutela. Adin multzoka, nerabeak zaintzeko ardura dutenek agertu dute zalantza gehien horren inguruan. Agian helduen kontrola ahuldu egiten delako adin horietan.

Gizentasuna eta pisu gehiegia

EROSKI CONSUMERek, zenbait galderaren artean, haurren pisuari eta altuerari buruzko xehetasunak ere galdetu dizkie helduei, Gorputz Masaren Indizea edo GMI kalkulatzeko (pisua garaierarekin zatituta lortzen da). Datu hori hartuta eta BMJ zientzia-medikuntza aldizkariak argitaratu duen eskalari begiratuta, hauxe izan da ondorioa: haur horien %80k pisu normala dute, %15ek gehiegizko pisua eta %5ek gizentasuna.

Sexuka, gehiegizko pisua dutenak eta gizen daudenak mutilak dira gehienbat, eta, adinka, gehiegizko pisuaren arazoa hedatuago ageri da 13 eta 18 urte arteko gazteetan, eta gizentasuna, berriz, 2 eta 6 urte artekoetan. Autonomia erkidegoei begiratuta, pisu handiarekin arazoa duten haur gehien Balear uharteetan dago, %43 (%26k gehiegizko pisua dute eta %17k gizentasuna). Atzetik datozkio Andaluzia, %23rekin (%17k gehiegizko pisua eta %6k gizentasuna) eta Galizia, %22rekin (%15ek gehiegizko pisua eta %7k gizentasuna).

Nolanahi ere, erakundeek jendea kontzientziatzeko egin duten lanak eragina izan du, eta herritarrek ongi dakite arazo handi samarra daukagula. Hain zuzen, EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu duten hiru heldutatik bik uste dute gaixotasun kronikoak direla biak.

Gainera, %87ri dezenteko kezka edo kezka handia sortzen die gai honek, eta, haien ustez, bi faktore hauek dute eraginik handiena haur batek pisu handiegia izan dezan: familiako ohiturak eta genetikak. Are gehiago, inkestan parte hartu duten hamarretatik bederatziri iruditzen zaie haurtzaroan gehiegizko pisua izateak eragina duela helduaroko osasunean.