Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Analisi dokumentala egin dugu jakiteko haurrek eta nerabeek nola erabiltzen dituzten sare sozialak : Haurrak eta nerabeak: sareari lotuta

Hamar eta hamazazpi urte bitarteko gazteen %66k badute profila sare sozialetako batean, eta interakzio tresna gisa eta beren nortasuna adierazteko tresna gisa erabiltzen dituzte, helduengandik bereizita

Profilak: konfigurazioa eta legezkotasuna

Profilak

EU Kids Online ikerlanak 2011. urtean baieztatu zuen Espainian 9 eta 16 urte arteko nerabeen %56k profil bat zutela plataforma sozialetan. Adinka, 9 eta 11 urte arteko adingabeen %11k aitortu zuten profila zutela, 11 eta 12 urte artekoetan %42k, 13 eta 14 urte artekoetan %74k eta 15 eta 16 urteko nerabeen artean, %89k. Espainian, Interneteko sare sozial batean profil bat izateko gutxieneko adina 14 urtekoa da legez. Hala ere, inkestari erantzun zioten adingabeen artean, 9 eta 13 urte arteko neska-mutilen %40 inguruk bazuten. Handik urtebetera, Espainiako Barne Ministerioak egindako inkestak erakutsi zuen galdekatu zituzten gazteen %66k bazeukatela beren profila sare sozial batean. Are gehiago, %22k onartu zuten bat baino gehiago zutela.

Azterlan horretan gurasoei ere galdetu zitzaien (milari baino gehiagori), ea beren seme-alabek bazuten baimenik sare sozial batean profila izateko (10 eta 17 urte arteko neska-mutilen gurasoak ziren): %40k ezetz erantzun zuten, %33k esan zuten haiek zainduta bakarrik eduki zezaketela eta %27k nahi zutenean irekitzeko baimena zutela. Bestalde, inkestan parte hartu zuten gazteen artean (mila inguru), %43k ziurtatu zuten beren gurasoek baimena eman zietela nahi zutenean profila edukitzeko, %28k adierazi zuten haien baimenarekin baino ez zezaketela eduki eta %27k esan zuten ez zietela eman horretarako baimenik.

Konfigurazioak eta solaskideak

EU Kids Online azterlana egin zuten ikertzaileek diote, adingabeek sare sozialetan egiten duten erabileraren segurtasunari dagokionez, garrantzitsua dela kontuan hartzea zenbat solaskide dituzten eta beren profila nola konfiguratu duten.

Europako Batzordeak 2011. urtean egin zuen inkestaren arabera, adibidez, sare sozialetan profila zuten adingaberik gehienek solaskide bat eta 50 hamar artean zituzten beren profilean. Erabiltzaileen %8k, ordea, 300 solaskide baino gehiago zituztela esaten zuten. Adituen esanetan, solaskide kopurua ez da berez txarra, baina “batez ere adingabeetan, izan liteke irizpide edo arreta faltaren adierazgarri, arriskutsu izatera irits daitezkeen solaskide jakin batzuen inguruan hain zuzen”.

Segurtasunaren ezaugarriei dagokienez, profila duten 11 eta 16 urte arteko adingabeen %70ek, gutxi gorabehera, konfigurazio pribatua zuten. Aldiz, 9 eta 10 urte arteko adingabeetan, erdiek baino gutxiagok zuten (%48) profil pribatua, eta %36k publikoa. Adituen ustez, “adinez txikienak dira segurtasun profila egoki konfiguratzen ez dutenak, eta horrek pentsarazten digu adin horretan adingabeek oraindik ez dutela aski gaitasun alderdi horien inguruan pentsatzeko, eta beharrezko bihurtzen da konpainiak gehiago inplikatzea arlo horretan”. Haien esanetan, gainera, Espainia da “adingabeek sare sozialaren profilean adinari buruz gezur gehien esaten duten herrialdea (%27), eta segur aski sare sozial batean izena emateko helburuz egiten dute”.

Espainiako Barne Ministerioak, bestalde, 2014. urtean ikusi zuen 10 eta 17 urte arteko adingabeen %48k konfigurazio pribatua ematen ziotela beren profilari (lagunek bakarrik ikusteko), beste %33k partzialki pribatua ematen ziotela (lagunen lagunek ere ikus zezaten) eta %16rena publikoa zela (nahi zuenak ikus zezan). Era berean, honako elementu hauek zituzten profilean jarriak: %65ek beren aurpegia ageri zen argazki bat jarri zuten, %44k abizena ere bai, %32k beren nortasuna islatzen ez zuen irudi bat zeukaten, %30ek egiazko adina esaten zuten, %24k ikastetxearen izena ematen zuten, %20k egiazkoa ez zen adina jartzen zuten, %4k helbidea eta telefonoa, eta %9k egiazkoak ez ziren beste datu batzuk.

Adingabeek Interneteko profilaren pribatutasuna gero eta zorrotzago kontrolatzen dutela uste du, bere aldetik, Guillermo Canovas-ek, Adingabeen Interneteko Segurtasun Zentroaren zuzendariak. “Helduei baino gehiago axola zaie Interneten izen ona izatea. Oso kontutan hartzen dituzten lagunen iritziak eta garrantzitsua iruditzen zaie lagun zein ezagunek egiten eta esaten dutena ezagutzea”. Zerk eraman ditzake, beraz, gazte hauek haientzat kaltegarria den informazio pribatua elkarbanatzera? Canovasen ustez, oniritzia edo ospea jasotzea izan daiteke arrazoi nagusia.

Merino ikertzaileak dioenez, “gazteentzat, gauza guztiak ikusi eta erakutsi ahal izateko eremua dira Interneteko sare sozialak, horrek gogobetetasun sinboliko handia ematen die”. Eta termino bat nabarmentzen du, estimitatea, hau da, “eremu pribatukotzat jotzen den hura modu publikoan erakustea”. Horren ondorioz, lausotu egiten dira “eremu publikoaren eta pribatuaren arteko mugak”.

Txatean aritzearen erakarmena

Txatean aritzea da nerabeek plataforma sozialetan egiten duten jarduera nagusietakoa, ondorio hori atera du Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateak egindako azterlanak. Inkestari erantzun dioten lau lagunetatik hiruk onartu dute oso maiz egiten dutela. Gainera, erdiak horietaz baliatzen dira lagunen bideoak edo argazkiak ikusteko, %48k mezuak bidaltzen dituzte eta %43k beren profila eguneratzen dute.

Canovas ikertzaileak azaltzen duenez, nerabeenzat Internet harremanak izateko beste modu bat baino ez da, berdin-berdin hitz egiten dutelako Sarean zein kalean. “Haiek ez dute offline eta online arteko banaketarik egiten”.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak