Azterketa dokumentala, haur gizentasuna nazioartean eta Estatuan nola dagoen jakiteko

Haur gizentasuna: zer erakusten du pisuzko arazo horren bilakaerak

Eskolan hasteko adina bete ez duten 42 milioi haurrek gizentasuna edo gehiegizko pisua dute munduan, eta Espainiako Estatuan, 7 eta 8 urte arteko bost haurretatik bik pisu gehiegi daukate
1 maiatza de 2015
Img tema de portada listado 298

Haur gizentasuna: zer erakusten du pisuzko arazo horren bilakaerak

Osasunaren Mundu Erakundea (OME) aspaldi samar hasi zen esaten izurrite global bihurtu direla gizentasuna eta gehiegizko pisua. Ingelesez, globesity terminoa asmatu dute bi kontzeptuak aldi berean izendatzeko: globala eta gizentasuna edo obesitatea. Adituen esanetan, osasun publikoak XXI. mendean duen arazorik garrantzitsuenetakoa da haurren gehiegizko pisua. Beste muturrean, berriz, desnutrizioaren arazo larria dago, osasun arloko gaitzik handienetakoa. Biak aldi berean gertatzen ari dira gure munduan…

Gizentasunaren gaiari helduta, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako datu estatistikoak ditugun gaur egun eta azken urteetan zer bilakaera izan duen arazoak. Horretarako, nazioarteko eta Estatuko zenbait erakundek argitaratu dituzten ikerketak hartu ditu abiapuntu. Honako hauek, besteak beste: Osasunaren Mundu Erakundea, Europako Batasuneko Estatistika Bulegoa (Eurostat), Espainiako Estatistika Institutua (INE) eta Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN).

Ondorio nagusia da haur gizentasuna arazo larri bihurtu dela eta ondorioak izango dituela etorkizuneko helduen osasunean, ez badira premiazko neurriak hartzen. Azken hamarkadetan, mantso-mantso handituz joan da gehiegizko pisua duten haurren kopurua, eta gizentasunaren eta gehiegizko pisuaren aurka abian jarri den ezein neurrik ez du lortu emaitza egokirik. Gizentasunaren zifrek handitzen jarraituz gero, etorkizuna ez da izango batere ona.

Bi hamarkada gehiegikerian

Eskolan hasteko adina bete gabe duten 42 milioi haurrek (0 eta 5 urte artekoak) gizentasuna edo gehiegizko pisua izan zuten 2013. urtean. Census Bureau erakundearen arabera (Ameriketako Estatu Batuetako Estatistika Zentroa da), 2013ko urte hartan adin horretako 760 milioi pertsona bizi ziren munduan. Hortaz, 0 eta 5 urte artean zituzten haurren ia %6k zeukaten gizentasuna eta gehiegizko pisua.

Bi hamarkada pasatxotan, OMEk sumatu du gizentasuna areagotu egin dela haurren artean. Zehazki, 1990. urtetik 2013. urtera, 32 milioi haur eta bularreko haur gehiagok dute gehiegizko pisua; ehunekoetan, %290eko igoera da. Adibiderik aipagarrienetakoa Afrikako Eskualdean dago (OMEk sei eskualdetan banatzen ditu erakundeko kide diren estatuak, eta halaxe izendatzen du sei horietako bat): 1990ean 4 milioi haurrek zuten gehiegizko pisua eta gizentasuna, eta 2013an 9 milioi haurrek; hau da, %125 gehiagok.

Gizentasunak munduan duen eraginaren argazki horretan, ekonomiak ere badu zeresana. OMEren arabera, garapen bidean dauden eta ekonomia suspertzen ari zaien herrialdeetan (diru sarrera txikiak eta ertainak dituzten herrialdeak dira, Munduko Bankuaren arabera), %30ekoa da haur gizentasunaren prebalentzia eskolan hasteko adinik ez duten haurretan.

Haur gizentasuna Espainian eta Europan

Europan ere pisu bera dute kiloek

Europako egoera ez da asko hobea. Duela urte batzuk arte, OMEren kalkuluek ziotenez, haur eta nerabeen %20 inguruk zeukaten gizentasuna. Alde izugarriak zeuden herrialde batzuetatik besteetara, baina alderatzeak ez zuen emaitza fidagarririk ematen, bakoitzak bere metodoak zerabiltzalako datuak lortzeko (laginak prestatzeko orduan, erantzunen ehunekoak kontatzean…). Gainera, estatu bakoitzak bere erara definitzen zuen gizentasuna eta gehiegizko pisua.

Egoera hori ikusita, OMEk Europako Eskualdean zuen bulegoak COSI Ekimena proposatu zuen (Childhood Obesity Surveillance Initiative), herrialdeen artean jarraipen bat egiteko gizentasunak eta gehiegizko pisuak Lehen Hezkuntzako haurretan (6-9 urte) ageri dituzten zifrei. Horretarako, metodologia bat proposatu zen alderdi batzuk finkatzeko: diseinua, azterketa egiteko garaia, adin taldeak, datuak hartzeko protokoloak…

Horrela, azterketaren lehen fasean (2007 eta 2008 artean) Europako 12 herrialdek parte hartu zuten: Belgika, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Malta, Norvegia, Portugal, Eslovenia eta Suedia. Azterketa horrek erakutsi zuen 6 eta 9 urte arteko neska-mutilen %19 eta %46 artean zebiltzala gehiegizko pisuarekin. Gizentasuna zutenak, berriz, %6 eta %22 artean ziren.

Bigarren fasean (2009 eta 2010 artean), lehen fasean hasi ziren hiru herrialdek ez zuten daturik eman (Bulgaria, Malta eta Suedia). Aldi horretan, dena den, beste lau herrialde sartu ziren ekimenean: Grecia, Hungaria, Espainia eta Mazedoniako Errepublika. Bigarren azterketa horretako datuen arabera, 6 eta 9 urte arteko haurren %18 eta %54 artean ziren gehiegizko pisua zeukatenak, eta %5 eta %26 artean gizentasuna zutenak.

Bi faseetan herrialdeak aldatu izanak eta adinkako daturik ez izateak asko zailtzen du alderatzeak egiteko aukera. Hala ere, ondorio orokor batzuk atera zituzten: ikusi zen Europa hegoaldeko herrialdeetan haur gehiagok dutela gehiegizko pisua. Italiak eta Greziak dituzte proportziorik handienak gizentasunean eta gehiegizko pisuan, eta Belgikak, aldiz, askoz ere zifra apalagoak ditu.

Lehen fasean, adibidez, 9 urteko haurren ia %44k gehiegizko pisua zuten Italian, eta %21ek gizentasuna. Bigarren fasean, Grezian, adin horretako haurren %54k zeukaten gehiegizko pisua, eta %26k gizentasuna. Beste muturrean, askoz ere datu hobeekin, Belgikako haurrak nabarmendu ziren bi faseetan: 9 urtekoan artean, %27k zuten gehiegizko pisua eta %10ek gizentasuna.

Haurren gizentasuna Espainian

Orain dela gutxi arte, bi iturritatik bakarrik lortzen ziren haur gizentasunaren datuak: enKid Azterketa eta Espainiako Osasun Inkesta. Lehenbizikoa 1998. eta 2000. urteen artean egin zen, Espainiako haurren eta gazteen elikadura ohiturak eta nutrizio egoera aztertzeko. Ia 3.500 norbanakok osatu zuten lagina, 2 eta 24 urte artekoak.

Oro har, enKid Azterketak ondorioztatu zuen gizentasunaren prebalentzia %14koa zela Espainian eta gehiegizko pisuarena %12koa. Guztira, lau haur eta gaztetatik batek zuen pisu gehiegi Espainian. Sexuka, zertxobait handixeagoa zen gizonetan, eta adinka, gazteenetan ageri zuen indar gehien (6 urtetik 13ra). Lurraldeka, Kanariak eta Andaluzia nabarmentzen ziren batez bestekoaren gainetik, eta penintsula ipar-mendebaldekoak azpitik. Azkenik, enKidek erakusten zuen gizentasuna handiagoa zela maila sozioekonomiko eta ikasketa maila apalagoak zituztenen artean, baita gosaltzen ez zuten pertsonen artean edo kalitate apaleko gosaria egiten zutenen artean ere. Edonola ere, joan da denbora, eta enKid Azterketaren emaitzak zaharkituak gelditu dira.

Espainiako azken Osasun Inkestan, 2011 eta 2012 artean egindakoan, datu hauek ageri dira: 2 eta 17 urte arteko haur-gazteen %18k gehiegizko pisua zuten eta %10ek gizentasuna. Adinka, 5 eta 9 urte artekoek ageri zuten prebalentziarik handiena (pisu gehiegi zuten %37k); gizentasuna, berriz, ohikoagoa zen 2 eta 4 urte artekoetan. Sexuka, antzekoak ziren datuak, nahiz eta mutikoetan gehixeago agertu: %29 zuten pisu gehiegi mutikoetan, eta %26k neskatoetan.

Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2 eta 17 urte artekoen %30ek baino gehiagok zuten pisu gehiegi Balearretan, Galizian, Kanarietan, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Kantabrian eta Aragoin, aldiz, hurrenez hurren %12ra eta %17ra murrizten zen portzentaje hori.

Edonola ere, adituek diote zifra horiek ere ez direla bere horretan eredutzat hartzekoak, inkestari erantzuten diotenek eurek sortzen baitituzte erantzunak; haien ustez, berez handiagoak dira datuak.

ALADINO azterketa

Metodologia bat

Aipatu ditugun bi informazio horietako bakarrak ere ez zuen ematen ikuspegi fidagarririk haur gizentasunaren arazoa zenbatekoa zen jakiteko, eta, horregatik, Europako COSI Ekimenean parte hartzea erabaki zuen Espainiak (Childhood Obesity Surveillance Initiative), OMEren Europako Eskualdeko Bulegoak sustatu zuen ekimenean hain zuzen. Metodologia arazo handiak eragiten ditu haur gizentasunaren inguruko kalkuluak egiteak, ez baitago erabakita zein balio hartu behar diren eredutzat hori egitean. COSI Ekimenarekin, parte hartzen duten estatu guztiek metodologia bateratua darabilte haur gizentasuna aztertzean.

Horrela, bada, AECOSANek ALADINO Azterketa egin zuen 2011. urtean Espainian, Europako metodologian oinarrituta. Hor ageri denez, 6 eta 9 urte arteko 8.000 haurrek parte hartu zuten ikerketan, eta %26k gehiegizko pisua zuten eta %19k gizentasuna. Guztira, beraz, %45ek zeukaten pisu gehiegi.

Era berean, agerian gelditu zen gizonen artean prebalentzia handiagoa dutela gizentasunak eta gehiegizko pisuak, batez ere 7 urtetik aurrera. Sexuaz gain, baziren beste faktore batzuk ere gehiegizko pisuarekin lotura zutenak:

  • Gurasoek ikasketa maila apala izatea.
  • Etxean diru gutxi sartzea.
  • Gurasoak erretzaileak izatea.
  • Haurrak gosaltzeko ohiturarik ez izatea.
  • Haurrak egunean 8 ordu baino gutxiago lo egitea.
  • Haurrak aisialdirako bitarteko pasiboak edukitzea logelan bertan.
  • Kirol instalazioak etxetik urruti egotea.

Laburbilduz, Espainian, osasun publikoaren arloko arazo larri bat zegoen, haurren artean oso zabaldua zegoena. Gainera, etorkizunera begira jarrita, gizentasun handia izango dela aurreikusten zen eta horri atxikitako gaixotasun kroniko ugari azalduko direla: diabetesa, hipertentsioa, bihotz-hodietako gaitzak eta minbizia.

Gaur egun: arazoak bere horretan jarraitzen du

2013. urtean eguneratu egin zien ALADINO Azterketako datuak. Oraingoan, 7 eta 8 urte arteko ia 3.500 haurrek parte hartu zuten, 71 ikastetxetakoak. Ikusi zenez, %25ek gehiegizko pisua zuten eta %18k gizentasuna. Azken batean, 7 eta 8 urte arteko haurren %43k gehiegi pisatzen zutela ondorioztatu zen.

Datu horiek agerian uzten dute haur gizentasunak Espainian arazo larria izaten jarraitzen duela osasun publikoarentzat, nahiz eta urteak pasatu. Hala ere, beheranzko joera bat ere ageri da, zeren 7 eta 8 urte arteko haurren gizentasunaren eta gehiegizko pisuaren datuak zertxobait txikiagoak baitira 2013. urtean, bi urte lehenago adin eta sexu talde berean agertu zirenekin alderatuta. Ikusi egin beharko da joera horiek sendotuta ageri diren 2015. urteko azterketan.

Laburbilduz, 2013. urtean, gehiegizko pisuaren prebalentzia antzekoa da mutikoetan eta neskatoetan, nahiz eta gizentasunarena handiagoa den mutikoetan. Gainera, gehiegizko pisua ohikoagoa da 8 urtekoetan 7 urtekoetan baino.

Gizentasunari lotuta egon daitezkeen faktoreetatik, honako hauek eragin nabarmena dutela ikusi zen:

  • Egunero ez gosaltzea.
  • Logelan telebista edo DVDa izatea.
  • Egunean 2 orduz baino gehiagoz ikustea telebista.
  • Ordu gutxiago lo egitea.
  • Gurasoak erretzaileak izatea (batez ere biek erretzen badute).
  • Etxean diru gutxi sartzea.
  • Gurasoek ikasketa maila apala izatea.

Gaur gizentasunaren etorkizuna eta egoera hori astunago bilakatzen duten faktoreak

Etorkizuna ez da itxaropentsua

Gizentasunaren prebalentzia munduan hainbeste handitu izana oso kezkatzekoa da. Datuen arabera, egungo joerek bere horretan jarraitzen badute, 2025. urtean 70 milioi haur eta bularreko haur egongo dira gehiegizko pisuarekin. Nazio Batuen Erakundeak dio, esku-hartzerik egin ezean, eskolan hasteko adina izan aurretik gizentasuna duten haurrek mantendu egingo dutela gaixotasun kroniko hori haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan ere bai.

Hortaz, ondorioak kontuan hartzea komeni da. Haur gizentasunak osasun arazo larriak sortzen ditu eta areagotu egiten du hainbat gaitz garaia baino lehen azaltzeko arriskua; besteak beste, diabetesa eta kardiopatiak. Horretaz gain, gizenak dauden haurrek probabilitate handiagoa izaten dute helduaroan zenbait gaitz izateko: kardiopatiak, intsulinarekiko erresistentzia (askotan, berehala diabetesa agertuko dela adierazten du zeinu horrek), hezur-giharretako nahasmenduak (bereziki artrosia, ezintasun handia sortzen duen endekapenezko gaitza, artikulazioei eragiten diena), minbizi mota batzuk (endometriokoa, bularrekoa, kolonekoa) eta ezintasuna.

Hortaz, NBEren iritziz, haur gizentasunaren arazoari aurre egitea, haurren osasuna hobetzeko ez ezik, aukera ona da gaixotasun larriek etorkizunean izango dituzten eraginak murrizteko ere.

Arazoa are gehiago larritzen dutenak

Gizentasunak eta gehiegizko pisuak munduan sortu duten arazoa larritu egiten dute zenbait faktorek. OMEren arabera, haurrak sortzen, jaiotzen eta hazten diren inguruko alderdi jakin bakoitzak okertu egin dezake gisa horretako gaixotasun kroniko bat izateko arriskua.

  1. Haurdunaldian, adibidez, haurdunaldiko diabetesak ekar dezake haurrak pisu gehiago izatea jaiotzean, eta handitu egin dezake etorkizunean gizentasuna edukitzeko arriskua.
  2. Bularreko haurrei eta haur txikiei elikagai osasungarriak ematea funtsezkoa da, bizitzan oso goiz finkatzen baitira elikagaiekiko zaletasunak. Bularreko haurrei elikagai hiperkalorikoak ematea da, gantz, azukre eta gatz ugari dutenak, haur gizentasuna agertzeko faktore nagusietakoa.
  3. Nutrizioaren inguruko ikuspegi sendoak emango dituen informazioa falta zaio jendeari, eta elikagai osasungarrien eskaintza eta eskuragarritasuna ere aski mugatua da; horrek ere larritu egiten du arazoa.
  4. Etengabe sustatzen dituzte elikagai eta edari hiperkalorikoak haurrentzat eta familientzat, eta horrek are gehiago larritzen du arazoa.
  5. Gizarte batzuetan, ikuspegi kulturak batzuk oso errotuta daude, adibidez haur gizen bat haur osasuntsua dela, eta horren ondorioz, etxe batzuetan janari gehiegi ematen diete haurrei.
  6. Mundua gero eta hiritartuagoa eta digitalizatuagoa dago, eta aukera gutxiago eskaintzen ditu jarduera fisikoa egiteko. Horretaz gain, gehiegizko pisuak edo gizentasunak haurrei murriztu egiten diete taldeko jarduera fisikoetan parte hartzeko aukera. Ondorioz, utzi egiten diote fisikoki aktiboak izateari, eta horrek pisu gehiago hartzera daramatza.