Inkesta egin diegu 9 autonomia erkidegotako 1.575 kontsumitzaileri, eta haurren elikaduraren inguruan galdetu diegu

Haur gizentasuna: okerreko elikadura ohiturak eta komeni baino jarduera fisiko gutxiago

Etxeen erdietan soilik ematen dizkiete haurrei berdurak eta entsaladak egunero, eta % 10 ingurutan opil industrialak edo zorroko zizka-mizkak izaten dituzte askaritarako. Denbora librean haurrek ez dute inolako ariketa fisikorik egiten kasuen % 14tan.
1 iraila de 2012
Img tema de portada listado

Haur gizentasuna: okerreko elikadura ohiturak eta komeni baino jarduera fisiko gutxiago

Ipar Ameriketako gizartearen ondarea zela uste izan dugu oraintsu arte, baina, tamalez, hori ere iritsi da alde honetara. Haur gizentasuna ugaritzen ari da han eta hemen, eta XXI. mendeko gaitz endemikorik handienetakoa dela esan daiteke. Espainiako Estatuan, adibidez, nerabezaro-aurrean dauden neska-mutilen % 45ek dauzkate pisu arazoak, % 26k gehiegizko pisua daukate eta % 19 gizenak daude. Zifra horiek, gainera, ez dute hobera egin azken 10 urteetan. Gehiegizko pisua duen haur batek ezin ohitura osasungarriak eduki. EROSKI CONSUMERek lehen eskutik jakin nahi izan du haurrek zer-nolako elikadura-ohiturak eta aisialdi-joerak dauzkaten, eta, horretarako, 5 eta 12 urte bitarteko haurrak eduki dituzten etxeetara deitu dugu 9 autonomia erkidegotan (Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa), eta 1.500 inkesta baino gehiago egin ditugu. Erosketak egiteko ardura eduki duen pertsonak erantzun die beti galderei (emakumeak izan dira lautik hiru, eta 35 eta 44 urte bitartekoak % 59). Ikasketa mailari dagokionez, unibertsitarioak izan dira galdekatu ditugunen % 33, goi mailako batxilergoa, BBB eta LH egin duten % 37k, eta beste % 22k oinarrizko batxilergoko edo OHOko titulua eduki dute.

Hainbat galdera egin dizkiegu inkestan parte hartu dutenei. Seme-alaben elikadurarekin zerikusia dutenak izan dira horietako asko (eskolako jantokian jaten duten, hori kontuan hartzen duten gainerako dieta planifikatzen dutenean, nolako gosaria, hamaiketakoa eta askaria egiten duten, egunean zenbat otordu egiten dituzten, otordu artean mokadurik egiten duten, zenbateko maiztasunez jaten duten elikagai multzo bakoitza, eta abar). Bestalde, denbora librean egiten dituzten jarduerez ere galdetu diegu (kirolik egiten duten eskolan eta handik kanpo, kontsola eta bideo-jokoekin jolasten duten…). Horretaz gain, haur gizentasunari buruzko iritzia ere galdetu diegu, zer arrazoi ikusten duten hainbeste hedatu izateko eta nor jotzen duten arduradun. Okerreko elikadura-ohiturek eta sedentarismoak zuzen-zuzenean eragiten diote haur gizentasunari eta gehiegizko pisuari. Txikitatik ohitura desegokiak hartuz gero bi arlo horietan, gerta liteke bizi guztian ere halaxe jarraitzea eta osasunari kalte egitea. Haurtzaroak berebiziko garrantzia du elikadura-jokabide egokiak eta ariketa fisikoa egiteko ohitura finkatzeko.

EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, gurasoek oraindik ere badituzte jokabide desegokiak elikadura arloan, nahiz eta inkestari erantzun dioten gurasoen % 75ek uste duten beren seme-alaben elikadura orekatu samarra dela: berdura gutxi jaten dute, haragiaren eratorriak gehiegi, opil industrialak… Kirolari dagokionez, gehienek egiten dute jarduera fisikoren bat beren denbora librean, eskolan gorputz hezkuntzan ematen dituzten bi orduez gain; etxeen % 14tan soilik egoten dira haurrak aisialdian ariketa fisikorik egin gabe. Oso komenigarria da haurrek 30 minutuko jarduera fisiko aerobikoa egin dezatela egunero.

Gurasoen ikuspegia

Gurasoen lana ezinbestekoa da seme-alabak elikadura-ohitura osasungarrietan hezteko. Gurasoek zer-nolako ohiturak dituzten, zer jaki gustatzen zaien eta zer ez, haurrek ikusi egiten dute hori, eta gero haiengan islatzen dira gurasoen jokabideak. EROSKI CONSUMERek egindako inkestan ikus daitekeenez, galdekatu ditugun etxeen % 66tan egunero aztertzen duten haurrak zer jaten eta edaten duen, bai etxean eta bai kanpoan ere, eta % 33tan, berriz, maiz samar egiten dute.

Gurasoek, oro har, badakite gizentasuna arazo larria dela. Galdekatu ditugunen % 81ek, adibidez, inondik ere ez du uste kontu estetiko hutsa denik. Gainera, % 98ren iritziz, osasunari eragiten dion auzia da, eta ez helduei soilik erasaten diena; % 78ren irudiko, denborarekin ez da arazoa desagertzen, eta % 96ek onartu egiten dute haur gizen batek osasun-arazoak izango dituela helduaroan.

Baina zerk eragiten du gizentasuna agertzea? Gurasoen % 98ren ustez, elikadura txarraren ondorio da, eta beste % 83k diote ariketa faltak eta bizimodu sedentarioak ere badutela zerikusia. Gainera, % 47k gurasoak eurak egiten dituzte errudun (utzikeriagatik eta ohitura txarrengatik), beste % 27ri iruditzen zaie norberaren genetikak ere zerikusi handia duela, eta % 20k osasunari eta eritasunei atxikitzen diete.

Azkenik, gehienen ustez, gurasoen ardura da eta ez beste inorena haurrak elikadura-ohitura egokietan heztea (halaxe adierazi dute galdetu dugun etxeen % 90etan). Beste % 11ren ustez, gurasoen eta irakasleen konpromisoa behar da horretarako, eta % 10ek aitona-amonak eta zaintzaileak egiten dituzte erantzule. Eta nola egin behar zaio aurre haur gizentasunari? Etxeen % 96tan diotenez, dieta eta elikadura-ohiturak aldatuz lor liteke, eta % 85ek ariketa fisikoa edo kirola ere aipatu dituzte. Gurasoen % 17k soilik aipatu dute medikuen laguntza (endokrino bat) eta % 1ek baino ez medikuntza alternatiboa.

Berdura eta lekale gutxi

Urteak igaro ahala, aldatu egin da gure elikadura, eta haurrena ere bai. Lehen baino kaloria gehiago hartzen ditugu, eta proteinak eta gantzak ere bai. Haurrek egunean zenbat otordu egiten dituzten jakin nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta horixe galdetu diegu gurasoei. Adituek bost otordu egin behar direla esaten dute, eta hala gertatzen da erantzun duten etxeen % 88tan. Badira lau otordu egiten dituztenak ere (% 12), eta hiru egiten dituzten etxe gutxi batzuk ere bai (% 0,4).

Eta zer jaten ote dute bost otordu horietan? Kontuan hartuz 5 eta 12 urte bitarteko haurrak 8 zentimetro ere handitu daitezkeela urtean, elikadura askotarikoa behar izaten dute, jarduera fisikoak egiteko ahala emango diena eta osasuntsu egoten lagunduko diena.

Egunero berdurak eta entsaladak jatea da lehen gomendioa. Inkestan, % 50ek soilik adierazi dute maiztasun horrekin izaten dituztela. Gainerakoetan, batzuek astean 2-3 aldiz jaten dituzte elikagai horiek (% 34k), beste batzuek behin edo bitan (% 12) eta zenbaitek noizean behin (gutxik, % 2k). Eta badira haurrei entsaladarik edo berdurarik sekula eskaintzen ez dietenak ere (horixe esan digute inkestatutako etxeen % 2tan).

Bigarren gomendioak dioenez, arroza, pasta eta patatak jan behar dira astean 2-4 aldiz, txandakatuz. Halaxe egiten dute galdekatu ditugun etxeen % 63tan, baina beste % 14tan, ordea, egunero jaten dituzte, eta hori ez da komeni. Lekaleak ere astean 2-4 aldiz eskaini behar zaizkie haurrei, eta galdekatu ditugun 1.575 etxeen % 30etan baino ez da izaten hala. Etxerik gehienetan (% 64) astean behin edo bitan jaten dituzte, % 4tan noizean behin, eta % 2tan sekula ere ez dituzte jartzen haurren dietan.

Haragiaren eratorriak maizago, arraina baino

Arraina eta haragia ere aintzat hartzeko elikagaiak dira 5 eta 12 urte arteko haurren elikaduran, eta astean 3-4 aldiz jatea komeni zaie, txandakatuz betiere. Galdekatu ditugun etxeen % 76tan, astean 2-3 aldiz jaten dute haragia. Arrainari dagokionez, berriz, datu kezkagarri batzuk antzeman ditugu: inkestari erantzun diotenen artean, % 35ek asten behin edo bitan soilik jaten dute arraina, eta % 3k noizean behin edo sekula ez. Arrautzak ere jan behar dira, astean 4, haragiarekin eta arrainarekin txandakatuz. Izan ere, arrautza da proteinarik osatuenak eta kalitate biologiko handienekoak dituen elikagaia, eta, beraz, oso komenigarria da. Erantzun dutenen % 32k astean 2-3 aldiz jartzen dizkiete arrautzak seme-alabei, eta % 62k, behin edo bitan. Hanburgerrak, saltxitxak, hestebeteak eta antzeko beste produktu batzuek ugari ematen dituzte gantz saturatuak, kolesterola eta sodioa. Horietako gehienek, gainera, beste osagai batzuk ere izaten dituzte erantsita, esnearen proteina, esaterako, eta hori kaltegarria izan daiteke alergiak edo elikadura-intolerantziak dituztenentzat. Produktu horiek lasai asko bazter daitezke dietatik, eta beste batzuk sartu horien lekuan. Dena den, galderei erantzun dieten etxeen % 27tan egunero izaten dituzte haragiaren eratorriak otorduren batean, eta beste % 30etan, astean bitan edo hirutan. Horietaz gain, aurrez prestatuta dauden platerak ere baztertzeko modukoak dira, eta oso noizean behin jatekoak, gehienez ere. Halaxe egiten dute EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu duten gurasoen % 47k, eta beste % 39k sekula ez diete halakorik jartzen haurrei.

Baztertzeko modukoen artean daude, halaber, gozokiak, litxarreriak, opil industrialak eta gisakoak. Kaloriak besterik ez dituzte ematen, ez dute elikatzen eta, gainera, kendu egiten dute gosea. Inkestan parte hartu dutenen artean, % 29k oso bakan edo sekula ez dizkiete ematen halakoak haurrei, beste hainbestek astean behin, % 26k astean bitan edo hirutan (adibidez, asteburuetan), eta % 11k hilean behin, bitan edo hirutan. Etxe batzuetan, berriz (galdekatuen % 4tan), egunero ematen dizkiete haurrei litxarreriak. Azkenik, gauza jakina da fruta freskoa onuragarria dela. Asteko egun guztietan jatea komeni litzateke, eta halaxe egiten dute galdekatu ditugun etxeen % 80k. Etxeen % 13tan, ordea, astean 2-3 aldiz jaten dute haurrek fruta, % 4tan behin edo bitan, % 2tan noizean behin eta % 1ean sekula ere ez diete frutarik ematen haurrei.

Gosaria, hala-holakoa?

Gosaria da eguneko otordurik garrantzitsuena. Behar bezain osatua izan dadin, esneki edo proteiko bat eduki behar du, gutxienez, zerealak (galletak, zerealak, ogia…) eta fruta edo zukua. Gosariari 20 minutu eskaini behar zaizkio behar adina mantenugai emango badizkigu. Gure inkestan, oso etxe gutxitan erantzun dute (% 0,5etan) haurrek ez dutela gosaltzen. Etxeen % 10etan, dena den, esne basokada bat (edo esneki bat) edo zuku bat soilik hartzen dute haurrek gosaltzeko.

Haurtzaroan energia gehiago behar izaten da beste aldi batzuetan baino, eta mantenugai batzuk ere beharrezkoagoak izaten dira. Hori dela eta, elikadura-beharrizan guztiak ongi asetzeko, adituek diote egunean zehar zatitu behar dela elikadura. EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, erantzun duten etxeen % 4tan haurrek ez dute hamaiketakorik egiten. Gainerakoetan, ogitartekoa prestatzen diete gehienek (% 37k), fruta atalen bat (% 27k) eta esnekiren bat (% 16k). Beste % 14k, berriz, opil industrialak jartzen dizkiete haurrei, edo zorroko aperitibo edo zizka-mizkak, nahiz eta horiek guztiek gantz saturatu ugari ematen dituzten.

Otordu arteko mokaduak

Askariak ere ohikoa izan behar du haurren elikaduran. Bazkaritik afaritara tarte handia izaten da bestela, eta arratsalde erdian zerbait jatea komeni da, baina ez asko-asko ere, afaritara goserik gabe irits ez dadin haurra. Galdekatu ditugun 1.575 etxeetan ohikoa da haurrei askaria ematea, eta oso gutxik adierazi dute haurrek ez dutela jaten askaririk (% 0,7k baino ez). Askaltzen dutenen artean, ogitartekoa izaten da etxeen % 40tan, fruta atal bat % 23tan, esnekiren bat % 22tan eta opil industrialak edo zorroko zizka-mizkak % 11tan. Otordurik otordura mokaduak egiteko ohitura gero eta hedatuagoa dago. Hain zuzen, galdekatu ditugun etxeen % 12tan adierazi dute euren seme-alabek ere halaxe egiten dutela. Kontu handia eduki behar da mokadutxo horiekin, zeren beste zerbait egiten ari diren bitartean jaten badute, arriskua baitago gosea eta asetasuna kontrolatzeko mekanismoak saihesteko. Halakoetan, gainera, elikagai prestatuak aukeratzen dira, kaloria asko ematen dituztenak eta elikadura-balio gutxikoak. EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, otordu arteko mokaduak egiten dituztenean, patata frijituak, txerri-azalak, gusanitoak eta beste litxarreria gaziak jaten dituzte etxeen % 60tan, eta gozokiak eta bestelako litxarreriak % 58tan. Zertxobait bakanago ageri dira esnea edo beste esneki batzuk (% 16tan), fruta freskoa (% 15etan). Beste etxe batzuetan, edari eta freskagarri industrialak ere hautatzen dituzte (% 5etan), galletak (% 3tan) edo izozkiak (% 2tan).

Ariketa fisikoa ere, faltan

Telebista gutxiago, ariketa gehiago

Haur gizentasuna saihesteko orduan, elikadura zaintzea ez ezik, ariketa fisikoa egitea ere oso garrantzitsua da, bai eskolan bertan eta bai handik kanpo ere. Komeni litzateke haurrek, egunaren buruan, 30 minutuko ariketa fisiko aerobikoa egin dezatela, bizitasun handirik gabe, dena den: oinez ibili, lasterka, igeri, bizikletan…

Inkestaren bidez EROSKI CONSUMERek egiaztatu du, galdekatu ditugun 1.575 etxeetako haurrek, batez beste, astean bi orduz egiten dutela gimnasia edo kirola eskolan, gorputz hezkuntzako ikasgaian. Hori ez da aski, ordea. Eskolatik kanpo ere egin behar lukete jardueraren bat, baina egiten al dute? Inkestari erantzun dioten gurasoen % 64k adierazi dute, eskolatik aterata, haurrek etxeko lanak egiten aritzen direla eta gero jarduera fisikoren bat egiten dutela. Beste % 30ek esan dute, etxeko lanak egin ondoren, parkera edo kalera ateratzen direla jolastera, eta % 6k jakinarazi dute telebista ikustea edo bideo-jokoetan aritze izaten dela ohiko jokabidea. Ariketa fisikoari dagokionez, galdekatutako etxeen % 14tan adierazi duten haurrek ez dutela ariketa fisiko jakinik egiten aisialdian.

Azkenik, denbora libre edo aisialdi horretan, zenbat denbora ematen dute haurrek telebista ikusten edo bideo-jokoetan eta kontsolan jolasten? Egunean bi ordu baino gehiago emanez gero telebista ikusten edo bideo-jokoetan jolasten, % 67 arrisku gehiago izaten da arreta-arazoak pairatzeko. Gure inkestan, erantzun duten etxeen % 44tan onartu dutenez, haurrak egunero edo ia egunero egoten dira telebista aurrean edo bideo-jokoetan jolasten; beste % 41ek adierazi dutenez, berriz, asteburuetan soilik egiten dute hori. Eta etxeen % 15etan esan digutenez, ez dute horretarako ohiturarik. Zehazki, % 50ek esan dute egunero ordubete eta 2 ordu artean egoten direla telebistan edo bideo-jokoetan, eta % 43k, berriz, ordubete baino gutxiago. Etxeen % 6tan 2 eta 3 ordu artean egoten dira eta % 1ean, 3 orduz baino gehiagoz.

Gure haurrak gehiegizko pisua badu...

Nahiko erraza izaten da gure alabak edo semeak gehiegizko pisua duen edo ez antzematea: aski da maiz-maiz baskulari erreparatzea eta adinaren, altueraren edo gorpuzkeraren araberako pisu normala esaten zaionari adi egotea. Gehiegizko pisu hori ohiko bihurtzen denean sortzen da arazoa, edo areagotu egiten denean eta era naturalean lehengoratzeko modurik ikusten ez denean. Egoera horretara iritsita, familiak esku hartu behar du eta espezialista batengana joan.

  • Laguntza profesionala. Edozein konplikazio metaboliko sor daitekeela sumatu orduko joan behar da medikutara, edo dietista batengana. Profesionalak osotasunean aztertu beharko du haurrak zer-nolako bizimodua egiten duen, zenbat ariketa fisiko eta nola egiten duen eta zer elikadura-jokabide dituen. Eta jakin egin beharko du, halaber, jakiak nola prestatzen diren haur horren etxean, zer elikagai jaten dituen, zenbateko kopurutan, zenbat otordu egiten dituen eta zer ordutan jaten duen.
  • Gurasoen laguntza. Ekuazio konplexu baten emaitza da haurren gizentasuna: aintzat hartu behar izaten dira faktore genetikoak, inguruko giroa, alderdi sozio-ekonomikoak eta, nola ez, baita psikologikoak ere. Horrek guztiak eratzen ditu familia baten ohiturak, eta eragin zuzena du haurrak (eta gurasoek) janariarekin duten harremanean ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da haurra gurasoek lagunduta joan dadin espezialistaren kontsultara, haiek lagunduko baitute haurrari sortzen zaizkion zalantzak argitzen dietistak edo medikuak elikaduraren inguruko galderak egiten dizkionean.
  • Gehiegizko pisua, hori ere kezkagarria da. Azkar eta erraz egiten da gehiegizko pisuaren edo gizentasunaren diagnostikoa; hain zuzen ere, datu antropometrikoak hartu (pisua, altuera eta gerrialdeko, aldakako, izterretako eta besoetako perimetroa), eta haurrentzat ezarrita dauden ereduekin alderatzen dira. Horien bidez ezartzen da gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren arteko aldea. Gizentasunak arrisku gehiago ekarri ohi dizkio haurraren osasunari, baina gehiegizko pisua ere kontuz hartzekoa da, ez bigarren mailan uztekoa. Nahasmendu hori ere arretaz tratatzekoa da bizitzako lehen urteetatik bertatik. Eta hortxe egoten da, hain zuzen, zailtasuna: nola jakin zerk eraman duen haurra gizentzera.
  • Familiaren inplikazioa. Haurraren ezaugarri genetikoak ere aintzat hartu behar dira. Dena den, gehiegizko pisua elikadura-desoreken ondorio izaten da gehienean, eta behar adina energia ez erretzearen ondorio ere bai. Edonola ere, gehiegizko pisuaren arazoa beti berekin eraman beharko du haurrak, baldin eta familiak ez baditu bitartekoak jartzen bizi- eta elikadura-ohitura osasungarriagoak ezartzeko.