Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Hamazortzi lurraldetako 100 hileta-enpresa aztertu dira : Hamar urte honetan hileta-zerbitzuen prezioa ia bikoiztu egin da

Espainian KPI %36 igo zen 98-08 aldian baina hileta ekonomikoen batez besteko kostua %90 garestitu da, 1.040 eurotik 1.978 eurora etorri baita. Hiri bereko hileta-enpresen arteko aldeak maiz mila eurotik gorakoak izaten dira. Beraz, hobe prezioetara begiratzea.

Hileta-enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuak

Hildako pertsonaren senitartekoek hileta-zerbitzuaren gastu ugarietakoren batean sosik aurreztu nahi baldin badu, jakin beharko luke guztirako kostuaren ia bi herenak kentzen dizkiotela hilkutxaren prezioak (%33), tanatorioa erabiltzeak (%17) eta egunkariko eskelak (%14); beraz, garestienak diren zerbitzu hauetakoren bat ahalik eta gehien jaistera edo, areago, ezabatzera zuzendu beharko lituzkete ahaleginak.

Heriotzaren ondorengo lehen tramiteak burokraziari dagozkionak dira. Hauek senitartekoek bete edo, bestela, hileta-enpresaren eskuetan utz ditzakete, baina bigarren kasu honetan faktura garestiago aterako da. Bi paper egin behar dira: heriotzaren ziurtagiri medikoa eskuratu eta heriotzaren berri Erregistro Zibilean ematea (honakoa, pertsona hil eta hurrengo 24 orduetan egin beharra dago). Horiek ez ezik, lurperatzeko edo errausteko baimena erdietsi behar da, segun eta nolako aukera hobesten den (hamar familiatik zortzik ehorztea deliberatzen dute). Kudeaketa-gastuak aldatu egiten dira, bai prezioen arabera, baita kalkulatzeko eraren arabera ere, enpresa batzuek hileta-zerbitzu osoaren portzentajezko tasa (%5 inguru) kobratzen baitute. Hileta-enpresek, batez beste, 135 euro kobratzen dute tramite administratibo horiek egitearren baina alde handiak daude batetik bestera: 220 eurotik gora, batenaz beste, kobratzen dute Zaragoza eta Arabako enpresek eta 75 inguru Granada eta Bartzelonakoek, adibidez.

Baimenak eskuraturik, familiak hilkutxa erosi beharko du; honek, batez beste, gastuaren herena kentzen duenez, lurralde eta hileta-enpresa batzuen eta besteen arteko prezioen aldea hobekien zuritzen duena da alderdi hau. Hilkutxaren batez besteko prezioa 660 euro da, hau da, orain hamar urteko azterketan baino %61 garestiago. Eta lurralderik garestiena, alor honetan, Madril da: batez besteko kostua 883 euro da; denetan merkeena, aldiz, Bartzelona, 462 eurorekin. Garestiak dira prezioak, era berean, Alacant, Sevilla eta Zaragozan (800 inguru edo hortik gora). Hilkutxa merkeenak, Bartzelonan ez ezik, Kordoban (500 euro, batez beste), Araban (512) eta Bizkaian (523) topatu ziren. Azterturiko hileta-enpresa guztiak konparatuz gero hilkutxarik merkeena Bartzelonan aurkitu zena da: 203 euro baino ez (lurralde horretan hilkutxa merkeenetan garestiena bost halako kostatzen zen) eta hilkutxa garestiena, berriz, Alacanten: bertako hileta-enpresa batek “prezio hobereneko” katabuta ia-ia 1.500 eurotan du salgai.

Hilotza hileta-autoan garraiatzeko batez besteko kostua (hileta-enpresa bakoitzeko merkeena) 144 euro da. Bizkaia bakarrik agertzen da prezio horretatik urrun: hileta-eroatearen batez besteko prezioa 253 euro da. Eta batez besteko horren gainetik agertzen dira Almeria (186 euro), Zaragoza, Murtzia eta Madrilen (165 – 175 euro artean) kontsultatu diren hileta-enpresak. Hiru merkeenetan gorpua hileta-autoan eramatea merkea da, zinez: Nafarroan, batenaz beste 78 euro, eta Granadan eta Gipuzkoan, 93 euro baizik ez. Hileta-autoko eroaterik merkeena, berriz, Bartzelonako hileta-enpresa batek eskaini zuen (48 euro); garestiena, aldiz, Bizkaiko batek: 451 euro, hots, ia hamar aldiz garestiago.

Hilotzaren egokipen sanitarioaren kostua hileta-enpresa zenbaitek (%6k, zehatz-mehatz) hilkutxaren prezioan sartzen dute. Batez besteko kostua, nolanahi ere, 91 euro da (2003an baino 16 euro gehiago, hau da, %22ko gehikuntza); lurralde batzuetan eginkizun honen prezioa dezenteko gastu bizia da: Araban (126 euro), Madrilen (119 euro) eta Alacanten (114 euro), hain zuzen. Batez besteko kosturik merkeenak Bizkaiak, Almeriak eta Nafarroak eskaintzen dituzte (65 euro inguru, hots, Arabakoen erdia).

Ezinbesteko gastuak ez badira ere ohiko gastuetan sartzen dira loreak, prentsako eskela eta hileta-elizkizunak, hildakoari bere sinesmenaren araberako despedida emateko. Aztertu diren ehun hileta-enpresetan, lore-koroarik arruntenaren batez besteko prezioa (krabelin, krisantemo, gladiolo, eta arrosaren batekin osatua) 131 euro da (urte sasoiak eta aukeratutako lore-barietateek baldintzatua dago prezioa), hots, %49 garestiagoa duela hamar urte baino. Preziorik altuena oraingoan ere Nafarroako (187 euro, batenaz beste) eta Arabako (175 euro) hileta-enpresa banatan eman dute; merkeena, aldiz, Granada eta Kordobakoetan (103 euro baizik ez). Batenaz besteko kostua bizia zen Zaragoza, Asturias eta Bartzelonan ere (150 eurotik gertu). Lore-koroarik merkeena Gipuzkoako enpresa batek zeukan salgai (60 euro) eta garestiena (gogora dezagun, berriro, hileta-enpresa bakoitzeko aukera merkeenez ari garela) Nafarroako batean: 214 euro.

Espainiako hileta-konpainiek eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrenda izugarri luzatu da aspaldi honetan: tanatoplastia edota tanatoestetitazko praktikak (hilotza zuzen kontserbatzeko helburuz egiten diren ukitu estetikoak), hildakoen oroimena iraunarazteko zerbitzuak (argazkidun albumak, hildakoaren bizitzaren deskribapen labur batez eta agur-ospakizunari buruzko kazeta-kronika batez osatua), hil-beilako musikaren laguntza (interprete eta guzti), segidako autoak, senitartekoak edo lagunak eroateko autobusak, limusinen alogera, etab.

Hileta-enpresa aukeratu ahal izateko hamar aholku

  1. Konparatu prezioak. Enpresa horiek tarifen, ordaintzeko eraren eta eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazio guztia ageriko kartel batean erakutsi behar dute. Prezioak kontsulta daitezke hileta-enpresara telefonoz deituta ere.
  2. Zerbitzu sozialak. Hildakoak senitartekorik edo baliabide ekonomikorik ez izatekotan, hileta zerbitzuak doan eskaintzen dituzte udalek.
  3. Aurrekontua idatziz. Ahal den guztietan, egokiena behar bezain lehenago xehetasun guztiak jasoko dituen idatzizko aurrekontua eskatzea da.
  4. Letra txikia. Hileta-zerbitzuen tarifetan BEZ sartua dago baina fakturan beste enpresa batek emaniko zerbitzurik, adibidez, agertzen bada hileta-enpresak ez du zerga hori aplikatu behar.
  5. Askatasun osoa. Bezeroak ez du inongo obligaziorik zerbitzu guztiak hileta-enpresa berarekin hitzartzeko baina une latz horietan horixe izaten da aukera erosoena. Hildakoak heriotza-asegurua badauka ere, aseguru konpainiak izendatua duena ez den beste enpresa bat aukera dezakete senitartekoek.
  6. Lasaitasuna eta buru hotza. Honelakoetan, bidezkoa bada, gainerako senideekin bildu eta, aukera guztiak lasaitasunez jorratu ondoren, premiak eta egoera ekonomikoa kontuan izanik, zein enpresa den egokiena erabakitzea da bidezkoena. Heriotzak zuzenean eraginik ez dagoen gertuko norbaitekin hitz egiteak dena era objektiboagoan ikusten lagun dezake. Ondo asmatutako erabakiak hileta-zerbitzuaren gastu handia merkatu egin dezake.
  7. Kontuz taktika agresiboekin: ez kikildu, ospitalean, zure senide maitea hiltzeko unean bertan, hileta-enpresetako saltzaile edo komertzialek egingo dizkizuten eskaintzen aurrean. “Profesional” horietako batzuen eskrupulurik ezak eraginik, baliteke behar edo nahi duzun horrez bestelako zerbitzuak kontratatzea.
  8. Higienea. Exiji ezazu zerbitzuek bete beharrekoak diren osasun-neurriak bete ditzaten eta hileta-enpresa horretako pertsonalaren tratua beti begirunezkoa izan dadin beti, egoerak hala agintzen baitu.
  9. Lurperatzea. Hildakoa lurperatzea aukeratuz gero, jakin ezazu zehatz-mehatz zein den nitxo eta hilobien alogeren epe-muga; beharbada, honakoa amaiturik, diru-kopuru bat ordaindu behar izango litzateke senidearen gorpuzkinak hortxe egon daitezen.
  10. Autopsia. Heriotza naturala izan ez denean, autopsia egitea erabat doakoa da.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak