Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Zaharren egoitzak : Gutxi daude oraindik eta geroz eta garestiago dira

Lautik hiruk itxaroteko zerrenda dute, zazpitik batek ez du kalitate-proba gainditu eta publikoak, oro har, hobe eta merkeago dira egun ere

Nola egin den

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, bere burua halakotzat ezagutarazita, egoitzetako zuzendari eta kudeatzaileei telefono bidez datu mordoxka bat eskatu zieten. Ondoren, balizko bezero balira bezala (senitartekoa sartu nahi zutela adieraziz) egoitza guztietara joan ziren, bertatik bertara instalazioen egoera eta kontserbazioa, argitasuna, zaharrek erabilgarri daukaten espazioa, establezimenduko higiene eta garbitasuna, etc. egiaztatzera. Txostenean, guztira, 104 egoitzatako 80 ezaugarri eta prestazio jorratu dira. Zentroen titularitateari dagokiola, haietako 30 publiko dira, 43 pribatu eta gainerakoak (31) kontzertatuak, hots, pribatu badira ere, Administrazioarekin hainbat plaza itundu edo hitzartuak dauzkatenak. Publikoetan dabil erabiltzaile gehien (120 egoiliar, batez beste), ondotik kontzertatuak (45) eta pribatuak (34) datozela. Egoitza bakoitzean batez beste 83 pertsona zahar dabilen arren, batetik besterako aldeak sekulakoak dira: txosten honetan azterturiko batzuetan 300 erabiltzailetik gora daude eta beste batzuek, aldiz, hogei bat baino ez dute. Aldizkari honek, kontsultaturiko geriatra eta espezialistekin elkar hartuta, egoitzak dituen ezaugarri eta eskaintzen dituen prestazioetako bakoitza baloratzeko berariazko sistema arautu du. Dena den, osagarri gisa, azterturiko zentro horietan bizi diren zaharren 150 senitartekoei elkarrizketa bana egin zitzaien.

Etxean bezala sentitzeko

Zaharren egoitzek bertako egoiliarren behin-behineko edo behin betiko etxebizitza-rola onartua dutenez ahaleginetan dihardute zaharrak etxean egingo lukeen bizimodutik antzekoena egin dezan ahalbidetzeko. Gutariko edonori gustatzen zaio etxean bisitak hartu eta behar bezala tratatzea. Ohiko kontua da (egoitzen %86tan gertatzen da) horrelako zentroek bertako egoiliarrei hainbat jardueratan aritzeko baimena ematea, hala nola beren geletan bisitariak hartzekoa, era horretan zaharrak nolabaiteko intimitatea mantenduko duelako eta, era berean, bisitari horiei edari edo aperitiboren bat eskaini ahal izatekoa. Dena den, kafetegia daukaten edo zizka-mizkak saltzen dituzten makinak dituztenen proportzioa urriagoa da. Egoitza pribatuak dira alderdi hau zokoratuen daukatenak (%28k ez daukate hainbat azpiegitura, hala nola kafetegi edo makina saltzaileak).

Egoitza batean sartzean pertsona zaharrak urtetan lagungarri izan dituen gauza eta oroitzapenetako asko berriro ikusteari uko egin behar izaten dionez, horietako batzuk -balio sentimental handikoak, edadetuentzat- aldamenean eduki eta giltzapean, armairuan edo tiraderan, gorde ahal izatea eskertu egiten dute. Horrela egin dezakete zaharrek egoitzen %84tan. Zentro horietako gehienek (%63), gainera, bertako erabiltzaileei erlijio praktikak egiten segitzeko aukera ematen diete: batzuetan badira kaperak edo halakotzat egokitutako gelak eta gehienetara ohi doa apaiza astean behin, gutxienez

Egoitzen egoera

Egoitzak, oro har, ondo kontserbatuak eta garbi dauden arren, horietako batzuek (%15ek) bazuten hobetzeko alderdirik: kontserbazio-alorreko arazoak ez ezik, gela txiki eta ilun samarrak zituzten. Horrelako gabeziak ohikoagoak dira pribatu eta kontzertatuetan. Higienerik eza ez da ohiko kontua baina egoitzen %11tan kirats biziki higuingarriak aditu ziren (kasu gehienetan, gelak behar bezala ez egurastearren); akats hau ere, pribatu eta kontzertatuek maizago agertu zuten publikoek baino. Egoitzen kontserbazio egoera hobezina da: zentroen %2k bakarrik agertu dute mantenu egoera desegokia; horietan, beraz, itxura aldatzeko lanak egin beharko lirateke (margotu edo bestelako obrak egitea, alegia).

Segurtasunari dagokiola, aldizkari honek 2000 urtean eginiko txostenaren aldean, aurrerakuntzarik hauteman da oraingoan. Azterketaren funtsezko atal hau gainditzeke utzi duten zentroen proportzioa dezente murriztu da: orduan baino ugariago ikusten dira larrialdi-planak eta, suterik edo bestelako larrialdirik jazotzekotan, behar bezala jarduteko prest dagoen pertsonala orduan baino askoz ere egoitza gehiagok dute. Beste alderditik, ordea, itxurazko larrialdiena da: aurreko txostenean baino gutxiago dira azken urtean horrelako saiakerarik egin duten egoitzak.

Egoitzen zerbitzuak

Egoitzek eskaintzen dituzten zerbitzu tradizionaletan hautematen dira gehien batzuk eta besteen arteko aldeak. Prestazio horiek -ile-apainketa, podologia, farmazia, masajista, aholkularitza juridikoa, etc.- zentroak egoiliarrei eskaintzen dien bizi-kalitateaz erabiltzaileek (eta hauen gertukoek) duten pertzepzioan eragin handia duten balio erantsiko alderditzat jo ditzakegu. Egia da egoitza horiek hasieran oinarrizko zerbitzuak baizik ez zutela eskaini (lojamendua, janaria eta osasun-artapena) baina, horrelako denetan jeneralizatu ondoren eta zeinahi sektorek nozitu duen eboluzio logikoaren barnean, egun ematen dituzten prestazioen kopurua goraka doa etengabe: horretan, hain zuzen ere, zentro batzuk eta beste batzuen arteko alde nabarmenak hautematen dira.

Horrela ulertzen da, esate baterako, ile-apainketa eta podologia zerbitzuak egoitza gehienetan ohikoak izatea (maiz, aparte ordaindu beharrekoak diren arren), otordu bat baino gehiagotan aukera egiteko eskaintzen duten zentroak geroz eta gehiago izatea, artapen psikologiko eta juridikoa geroz eta zerbitzu ezagunagoak bihurtzea, egoitzen katalogoetan masajisten zerbitzuak sartzea, etab.

Nolanahi ere, egungo bizi-erritmoa gorabehera, eguneko zentroaren kontzeptua ez da finkatu oraindik egoitzetan: horrelako plazak eskaintzen dituztenak ez da egoitzen %31ra iristen apenas (2000 urtean %29 baziren ere).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak