Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Finantza erakundeen Gizarte Ekintza: Espainiako 21 aurrezki kutxak eta 5 bankuk gizarte ekintzetara zenbat bideratzen duten aztertu dugu : Gizarte Ekintzari kenduz indartu dituzte erreserba funtsak kutxa handiek

·Bankuek halako hamar bideratzen dute aurrezki kutxek gizarte ekintzetara.
·Bi kutxa nagusiek nabarmen gutxitu dute Gizarte Ekintzarako jartzen duten portzentajea.
·'Osasuna eta gizarte laguntza' arloari ematen dioten dirua % 50 handitu da, kulturaren eta aisialdiaren kaltetan

Zenbat diru erreserbara, zenbat Gizarte Ekintzara

Lau euro irabazi, eta hiru erreserbetara

1992tik indarrean dagoen araudiak esaten du irabazien erdiak, gutxienez, erreserba funtsetan sartu behar dituztela kutxek, euren kaudimena eta etorkizun ekonomikoa bermatze aldera. 2008an, irabazien % 74 jarri zituzten kutxek, batez beste, erreserba funtsetan, 2003an baino gehixeago (bi puntuko aldea dago). Aztertu ditugun guztietatik, bi kutxa ibili dira nabarmen batez besteko horren azpitik, Caixa Galicia eta Caja Rioja, eta ondorioz, horiek jarri dute 2008an zatirik handiena Gizarte Ekintzarako: irabazien % 42 baino gehiago. Atzetik datozkie Kutxa (% 37,5 2008an, eta % 21 2003an), Caja Sur (% 36,2), Caixanova eta Vital Kutxa, biak ere % 35en gainetik.

Kontrako muturrean, berriz, honako kutxa hauek daude: Caja Madrid (irabazien % 91,3 erreserba funtsetan jartzen ditu eta % 8,7 Gizarte Ekintzan), CAM (2003an % 23 jarri zuen Gizarte Ekintzarako, eta % 12,7 2008an), Caixa Catalunya, Cajastur eta La Caixa (% 17 eta 19 bitartean). Guk aztertu ditugun gainerako erakundeek % 20 eta 30 artean bideratzen dute gizarte arloko ekintzetara. Datu horiek ikusiz, beraz, ondorio garbi bat, behintzat, atera liteke: Caja Rioja eta Caixa Galiciak euren irabazietatik gizarte proiektuetara bideratzen duten portzentajea bost aldiz handiagoa da Caja Madridena baino.

Zenbaki absolutuei erreparatuta, negozio-bolumen handiena duten bi kutxek jartzen dute diru gehien: La Caixak 465 milioi euro jarri ditu 2008an Gizarte Ekintzarako (ia 2.500 milioiko irabaziak izan ditu), duela bost urte halako hiru ia, eta Caja Madridek 250 milioi (2.861 milioiko irabazietatik), 2003an baino % 84 gehiago. Beste erakunde hauek dituzte atzetik: Bancaja (84 milioi euro, 2007an irabazitako 369 milioietatik), Caixa Galicia (83,4 milioi, 198tik) eta Caixa Catalunya eta BBK (487 eta 307 milioi euro irabazi dituzte, hurrenez hurren, eta 82 milioi jarri dituzte gizarte ekintzetarako). Kopuru horietatik urrun geratu dira Caja Rioja (8 milioi, 19tik) Caja Cantabria (11 milioi, 56tik) edo Vital Kutxa eta CAI (25 milioi jarri dituzte biek, baina Vital Kutxak 71 milioi irabazi ditu eta 86 milioi CAIk).

Bankuek, berriz, proportzioan duela lau urte baino gutxiago jarri dute Gizarte Ekintzarako. 2003an irabazien % 2,4 jarri zituzten, eta 2008an, % 1,7. Banco Popularrek bideratu du portzentajerik handiena gizarte arloko proiektuetara, irabazien % 1,9, hain zuzen (2003an, hala ere, irabazien % 4,3 jarri zituen horretarako). BBVA dator ondoren (irabazien % 1,7 jarri ditu, 2004ko % 1,5a baino zertxobait gehiago), eta BSCHk, berriz, % 1,4 eman ditu, 2003an baino gutxiago (% 2,7). Kopuru absolutuetan, ordea, BSCHk jarri du 2008an diru gehien, 126 milioi euro; BBVAk 85 milioi jarri ditu, eta 20 milioi Banco Popular-ek.

Gizarte ondasuna edo marketing-a?

Zer helburu dute aurrezki kutxek eta bankuek sustatzen eta laguntzen dituzten gizarte ekintzek? Galdera eztabaidatsua da. Batzuek azpimarratu nahi izaten dute ekintza horiek gizarte-onura handiak ekarri ohi dituztela. Beste batzuen iritziz, ordea, irudi onari eusteko trikimailuak baino ez dira, eta ustezko eskuzabaltasun horren helburua ez da gizarteari on egitea, ezpada merkatuan lehiakorrago bihurtzea eta etekin handiagoak lortzea.

Gauza jakina da egungo krisia finantzen arloan hasi zela, eta bankuen eta kutxen irudia garbitu on baten premian dagoela. Ezin esan lehendik ere jendearen begikoak zirenik guztiz, irabazi neurrigabeak pilatuta ere, kontsumitzaileei ez baitzieten inolako erraztasunik ematen, eta nahiko lan izaten zuten mailegu pertsonalei eta hipotekei erantzuteko. Irudi korporatiboa hobetu beharra, beraz, beharrezko bihurtu da finantza erakundeentzat, eta Gizarte Ekintzari begira jarri dira, herritarrek balio handia ematen diote-eta kutxek gizarte proiektuen alde egiten dutenari; hau da, gizarte, lan, ingurumen eta kultura arloko ekintzak laguntzeari (Gizarte Erantzukizun Korporatiboa esaten zaio horri, GEK).

Espainian Gizarte Erantzukizun Korporatiboari buruz 2008an egin den Urteko Txostenak nabarmentzen duenez (Alternativas fundazioak argitaratu du), kontzeptu berri horrek aldaketa handiak ekarri ditu enpresen marketing eta komunikazio sailetara, eta alderdi horri dagozkion gaiak nabarmentzen hasi dira euren mezuetan, kontsumitzaileei eta intereseko jotzen dituzten taldeei konfiantza sortzeko. Komunikazio kanpainak antolatzen jarraituko dute finantza erakundeek, nola ez, baina ez dira izango garai oparoetakoen neurrikoak, krisia krisi baita horientzat ere. Eta Gizarte Ekintzarako baliabidek ere murriztu beharko dituzte. Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak (CECA) eman dituen datuen arabera, iaz baino % 23 gutxiago irabazi dute aurrezki kutxek 2009. urteko lehen hiruhilekoan, eta, itxuraz, 2008an baino % 16 gutxiago jarriko dute Gizarte Ekintzarako.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak