Albistegien azterketa

Gertakarien gaineko berriek albistegietan zuten espazioa hirukoiztu dute

Kirolak eta politikak albistegien denboraren ia erdia hartzen dute. Kultura, ingurugiro, zientzia, osasun eta kontsumoari eskaintzen zaiona, aldiz, geroz eta urriagoa da
1 apirila de 2006
Img tema listado

Gertakarien gaineko berriek albistegietan zuten espazioa hirukoiztu dute

/imgs/20060401/img.afondo.02.jpgEspainian, hamalau urtez gorako populazioaren ia %90ek telebista ikusi ohi du, %41ek egunkariak irakurtzen ditu eta %55ek irratia entzuten du, 2005 urtean eginiko Hedabideen Azterketa Orokorraren arabera. Hona beste datu esanguratsu bat: telebista-ikusleen %70ek albistegiak ikusten dituzte eskuarki baina horien erdiek ez dute beti kate berbera leialki sintonizatzen: oraintxe kate honetakoa ikusten du, oraintxe beste horretakoa, etc. Ondorioa izan daiteke, beraz, espainiar populazioaren gehiengoak Espainian eta mundu zabalean gertatzen denaren berri telebista bidez jasotzen duela. Horrek esan nahi du espainiar askoren informazioa -are iritzia bera ere-, hein handi batean, albistegietako edukiari hertsiki lotua dagoela. Badirudi bidezkoa dela, bizi garen gizartea ikertzen duen kontsumoari buruzko aldizkari batek telebista-kate nagusietako albistegiak nolakoak diren galdetzea.

CONSUMER EROSKI-k bost kate espainiar nazionaletan entzule gehien dituzten albiste-saioez gainera (TVE 1, TVE 2, Tele 5, Cuatro eta Antena 3), hainbat autonomiatakoak ere aztertu ditu: Katalunian (TV3), Madrilen (Tele Madrid), Galizian (TVG) , EAEn (ETB2) , Balearretan (IB3) , Gaztela-Mantxan (CMT) eta Valentzian (Canal 9) . Ikerlanean, 587 emisio-ordutan 684 albiste-saiotako 16.752 albisteren edukia bildu eta aztertu zen. Albistegietan nolako gaiak jorratzen ziren aztertu zen, funtsean, bestelako aldaki batzuk (hala nola albisteak lantzean hartzen den ikuspegia, lan egiteko era, emisioaren produkzio-mota, etc.) bazterrean utzirik.

“Teleberri” motako saioak: albistegi hutsak baino ikusgarriagoak ote?

Ondorioek, inor harritzen ez badute ere, hausnarketa sakona eginarazten digute: entzule gehien dauden orduetan gainerako telesaioek onartuak dituzten uztarpeetatik albiste-saioak askatzea komeniko al litzateke? Bestela esateko, albistegi horien arduradunak, egun gertatzen den bezala, fikzio-saioak, reality-show edo gainerako ihesbide-saioekin lehian, entzuleria handiena lortzeko borrokari adi-adi bizitzea ulertzeko modukoa al da? Galdera egitea bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ere bada, errealitatea horixe baita, eta ez besterik: Espainiako telebista-kateetako albiste-saioek uko egin diote herritarren bizimoduarekin estuki lotutako gai gehienak -ingurugiroa, osasuna, zientzia, kontsumoa, are kultura bera ere (gai horiei guztiei eskainitako denbora albiste-saioek irauten dutenaren %15 da baino ez da)- jorratzeari, gertakari, istripu, ezbehar, kirol eta antzeko informazio ikusgarri eta erakargarriagoen mesedetan (hauek, noski, albistegien %40 hartzen dute). Eta, gainera, okerretik okerragora goaz: CONSUMER EROSKI-k 2002 urtean egin zuen honen antzeko txosten batean, kultura, kontsumo, ingurugiro, osasun eta zientziari eskainitako tarteek, guztira, albistegien %20 hartzen zuten eta gertakariek, berriz, %7 baino gutxiago; egun, aldiz, %18 hartzera iritsi dira.

Egun (albiste-saioak 2006ko urtarril eta otsailean grabatu dira) eta azterturiko hamahiru telebista-kateetako (bost nazional espainiar eta zortzi autonomiko) batez besteko datuez ari garela, kirol albisteei, gertakariei eta politikari dagozkien blokeek albistegi osoen ia %60 betetzen dute; ekonomiazkoek eta meteorologiari buruzkoek, berriz, %9na. Goian esan bezala, kulturari oraino ere garrantzi gutxi ematen zaio (albiste saioetako denboraren %9 gaur, %11 2002 urtean) baina osasunari (denbora osoaren %2,1), ingurugiroari (%2), kontsumo eta eguneroko bizitzari (%1,1) eta zientziari (%0,6 lotsagarria baino ez) eskaintzen zaienaren hutsaren hurrengo horien aldean, handiagoa da. Izaera sozial nabarmeneko albistegiez ari garela -haurren mundua, gizartetik baztertutakoak, elkartasuna, erlijioa, zaharrak, etc.-, berriz, denboraren %6 baizik ez zaiela ematen ikusiko dugu.

Albiste-saioen barnealdea ere publizitate-euskarri bihurtu da, behin betirako: kate gehienek albistegia eten egiten dute iragarkiei txanda emateko edo babesleei espaziorik uzteko. TVE 1 kanalean publizitateak albiste-saio osoaren %14 betetzen du, Tele 5-en %12 eta Antena 3-n, %11; halaz ere, beste kate nazional espainiar batzuetan (Cuatro eta TVE-ko La 2) edo autonomikoetan (Balear uharteetako IB3), iragarkiek denboraren %1 baizik ez dute hartzen.. ETB2 eta CTMA-ko albiste-saioetan albistegi osoaren %2 baizik ez du hartzen publizitateak. Informazio meteorologikoa ere albiste-saioaren partetzat hartu da azterketa honetan, zenbait kasutan berariazko saioa bada ere.

Nazionalak vs. autonomikoak

Albistegietako edukiari dagokionez, kate nazionalak eta autonomikoen arteko aldeak ez dira biziki handiak baina bada bakarren bat, nabarmen samarra. Autonomikoetako albistegietan ugarien jorratzen den gaia (denbora osoaren %21, batez beste) kirola da (Tele Madrid da kirol albisteei tarte zabalena eskaintzen dien katea: denboraren %30, kasik); toki berdina betetzen du politikak (denbora osoaren %24, batez beste) nazionaletan (Cuatro da politikari arreta handiena ematen diona: %35; kezka gutxien agertzen duena, berriz, TVE-ko La 2: %15 baizik ez). Nazionaletan, gertakarien gaineko albisteak (denbora osoaren %21,5, batez beste) autonomikoetan (%16) baino maizago ematen dira; kirol alorrekoak, gutxixeago. Autonomikoetako albistegiak (55 minutu, batez beste), oro har, luzeagoak dira nazionaletakoak baino (42 minutu). Albiste saioen batez besteko iraupena 50 minutu bada ere, alderdi honetan ere alde gaitzak ikusten dira: Gaztela-Mantxakoek ia ordubete eta laurden irauten dute eta TVE-ko La 2-ekoek, ordu erdi eskasa.

Dena dela, multzoka hartuta, kate nazionalak eta autonomikoak oso-oso desberdinak ez badira ere, /imgs/20060401/img.afondo.03.jpgtelebista-kate bakoitzeko albiste-saio batetik bestera alde biziak ikusten dira. Adibidez, Gaztela-Mantxa eta Galiziako albistegi bakoitzean 30 albiste inguru ematen dituztelarik, TVE 2 eta Cuatro kateek erdia baizik ez dute eskaintzen; azterturiko 13 telebista-kateen batez bestekoa 24 berri da, albistegiko. Albiste “praktikoak” (gai sozialek, ingurugiroak, kulturak, kontsumoak, meteorologiak, osasunak eta segurtasunak osaturiko multzoa, alegia) gutxien jorratzen dituena Cuatro da: albistegiaren %22 bakarrik eskaintzen dio alor horri; eguneroko bizitzaren aurrean sentsibilitate handiena erakutsi duena TVE 2 da: bertako albistegietan horrelako informazioek denboraren %45 betetzen dute (bera da, gainera, kulturari eta zientziari denbora gehien eskaintzen diena eta, halaber, kirolari gutxien ematen diona).

Albiste-saioetako oligopolioa: futbola, politika eta gertakariak

Kirola (eta kirola baino areago, futbola), politika eta gertakariek, batez beste, albistegietako denboraren %58 betetzen dute. Kate batzuetan (TV 3, IB 3, CMT eta TVE 2) horren presentzia %50 baino urriagoa da baina beste zenbaitetan (Cuatro, Tele Madrid eta TVE 1, esate baterako) hiru gai-multzo horien iraupenak albistegi osoaren %65 hartzen du.

Espainiako telebista kateetako albistegien artean nolabaiteko homogeneotasuna hautematen bada ere, horietako batzuek berezko nortasuna erakusten dute. Esaterako, La 2-koa kirol gutxien ematen duena da (bere denboraren %5 baizik ez dio uzten) baina, aldi berean, gaurkotasun kulturalari arreta gehien ematen diona (denboraren %17 betetzen du), ETB 2 eta TV 3-koek berariazko arreta ematen diete albiste meteorologikoei eta eguraldiaren iragarpenari eta Gaztela-Mantxako telebistakoek kulturari garrantzi handia aitortzen diote.

Lau urte honetan kulturak postu bat behera egin du (hirugarrenetik laugarrenera), albistegiek jorratzen dituzten gaien zerrendan, gertakarien presentzia hazkorraren mesedetan (hauen agerpena hirukoiztu egin da, kasik). Tele Madrid, TVG eta Tele 5 kateek beren albiste-saioetako denboraren %6 baino gutxiago uzten diete eduki kulturalei baina gainerako kanalek ere (La 2, CMT eta Canal 9-k izan ezik) ez dute kultura gailurrean jarri beren albistegietan.

Nabarmentzekoa, era berean, Antena 3, TVE 1, ETB 2 eta Canal Sur kateek albiste ekonomikoei ematen dieten denbora urria (%6 baino gutxiago); beste hainbat katek, ordea, honelako berriak dezente jorratzen dituzte (IB3-ek %16 eta TVG-k %15).

Ingurugiro, segurtasun, kontsumo eta osasunari buruzko albisteek, berriz, ez dute oraino albistegietako zuzendarien interesik piztu. Kate nazionalak eta autonomiak bat datoz izaera zientifikoko albisteen aurrean agertzen duten ezaxola kezkagarrian (albiste-saioetan zientziak denboraren %0,6 baizik ez du); beste horrenbeste gertatzen da kontsumitzaileari berariaz dagokion informazioarekin (kontsumo eta eguneroko bizitzaren gaineko albisteek denbora osoaren %1 lortu dute). Ingurugiroari ere ez zaio behar bezalako arreta ematen azterturiko kateetako bakar batean ere (denboraren %2, batez beste).

Beste gai batez ari garela, hamar albistetik lauk jatorria erakunde publikoetan dute; %30en euskarria kaleko gertakariak dira eta alderdi politikoek eta enpresek kazetariei albiste guztien %9 inguru ematen diete. Kateka, berriz, zatiketa nabaria da: guztietatik zortzi erakunde publikoetatik bidalitako informazioaz elikatzen dira (telebista autonomiko denetan, Canal Sur-en izan ezik) eta gainerako bostek (nazional guztiek, Cuatro izan ezik) kaleko gertakarietan sorburua duten albisteak ematen dituzte, batez ere.

Egunero ikusten ditugun albistegiak, hitz gutxitan

  • Politika, gai behinena. Azterturiko kanaletan albistegietako denboraren %20 hartzen du, kirolarekin batera aitzindari izaki. Politika, dena den, zerbait beheraxeago joan da: duela lau urte albistegietako denboraren %22,1 hartzen zuen.
  • Kirola finkatu da. Gertakariek, ikusgarriki igota, kate nazionaletako albiste-saioetan hirugarren postura bidali dute kirola baina, hori bai, arreta bizia ematen zaio: denboraren %17. Telebista autonomikoetako albistegietan, berriz, hori baino gehiago ere: %21.
  • La 2-ko albistegiak, bitxienak. Gertakariak + kultura + Politika + Meteorologia, ardatz nagusia. Horiez gainera, zientziari denbora gehien (%3,5) eskaintzen diena eta kirolari denbora gutxien uzten diona da (%5).
  • Gertakarien eutsi ezineko egarria: kate nazionalek istripu eta ezbeharrei 2002 urtean baino hiru aldiz denbora gehiago ematen diete: %7tik %21eraino igaro da. Atal horri albistegien %20 baino espazio handiagoa eskaintzen diete kate nazional guztiek, Cuatro izan ezik (%16). Kate autonomikoek zeharo bestelako jokabidea agertu dute (TV3-k gertakariei %7 ematen die, Canal 9-k %25) gai horiei denbora osoaren %16 eskaintzen diete, batez beste.
  • Eguraldiari arreta zabalagoa. Albiste meteorologikoak eta eguraldiaren iragarpena geroz eta arreta biziagoa eskuratzen ari dira: 2000 urtean albistegietako denboraren %6,7 hartzen zutelarik, egun %8,3 dute. ETB2-ko albistegian nabarmentzeko modukoak dira atal honetan, eguraldiak denboraren %14 hartzen baitu.
  • Ekonomia. Mantendu egiten da, 2002an bezala, albiste-saioetako denboraren %8 inguru betetzen duelarik; dena den, ekonomia eta finantza gaiei kanal autonomikoek emaniko arreta (%9,3) nazionaletan ematen zaiena (%6,2) baino handiagoa da. Azpimarratzekoak, noski, IB3-ko albiste-saioak (albiste ekonomikoek denboraren %16 betetzen dute) eta TVG-koak (%15).
  • Gaurkotasun kulturalak interesik ez? Askorik ez, nonbait. Nazionaletan, laugarren tokian agertzen da; autonomikoetan, bosgarrenean (denboraren %9 inguru). La 2-ko albiste-saioak bere denboraren %17 albiste kulturaletan ematen du; Tele 5 kateak bere denboraren %6 baizik ez; gainerako nazionalak, batez bestekotik gertu (%9).
  • Albiste-saioetan zientziak garrantzi gutxi. TVE-ko La 2-entzat bakarrik omen dago zerbait (denboraren %3,5). Gainerako hamabi kanaletan, berriz, %1 baino ere gutxiago.
  • Kontsumoa eta eguneroko bizitza. Kate nazional espainiarrek beren albistegietako denboraren %1,4 baizik ez diote ematen kontsumoari eta eguneroko bizitzako gai praktikoei buruzko berariazko informazioari. Horretan nabarmentzen den bakarra, Antena 3 (%2,4). Okerrenak, TVE-ko biak. Autonomikoen batez bestekoa %1 soilean geratu da. Egoera, hala ere, okerrera doa oraino: kontuan izan 2002 urtean kontsumoari denboraren ia %2 ematen zitzaiola.

Hamahiru albiste-saioak, katez kate

/imgs/20060401/tv_antena3.jpgANTENA 3: gehien jorratzen diren gaiak kirola, politika eta gertakariak dira. Kirolari denbora gehien eskaintzen dioten albistegi nazionalak. Denboraren %11 publizitatea da; proportzio hori 2002an jasotakoaren bikoa da. Lau albistegik (52 minutu) 24 albiste ematen dituzte.

/imgs/20060401/tv_4.jpgCUATRO: politikaren gaineko albiste gehien ematen dituena. Gertakariek eta kirolak betetzen dituzte bigarren eta hirugarren postuak. Izaera sozialeko albiste gutxien dituen kate nazionala. Egunean bi albistegi labur (34 minutu) eta albiste gutxi (17 baino ez). Publizitate gutxi: %1.

/imgs/20060401/tv_5.jpgTELE 5: gai minak politika (%26, nabarmentzekoa), gertakariak eta kirola. Gai sozialei buruz albiste asko (%14). Ingurugiroari minutu gutxien ematen diotenak. Egunean lau 38 minutuko albistegi, 22 albiste emateko. Publizitate asko (%12), baina 2002 urtetik hona ez da ugaldu.

/imgs/20060401/tv_1.jpgTVE1: gertakariei arreta handiegia (%26); kirola eta meteorologiari, handia. Gainerako nazionalek (TVE-2 izan ezik) baino tarte txikiagoa ematen dio politikari. Albiste-saioetan publizitate gehien sartzen duena (%14), baina 2002ko datuen aldea, presentzia hori jaitsi egin da Egunean 57 minutuko lau albistegi eta 24 albiste.

/imgs/20060401/tv_2.jpgTVE2: bitxienak. Gertakarien gaineko albiste asko (%22), politikaz gutxiago (%15) eta kultura (%17) eta nazioarte alorretan (%55). aitzindari Kirolari denbora gutxien ematen diotenak. Meteorologiari buruzko albisteak izugarri ugaldu dira: 2002an %1, egun %14. Albiste-saio bakarra, laburra (28 minutu); bertan publizitatea ia ez da agertzen.

/imgs/20060401/tv_sur.jpgCANAL SUR: albiste sozial gehien ematen dituen autonomikoa, kirolari denbora gehien ematen diotenetan bigarrena. Politikak eta kirolak betetzen dute albistegiaren ia erdia. Egunean 53 minutuko 3 albiste-saio eskaintzen dira, 26 albiste emateko. Publizitateak denbora osoaren %5 baino ez.

/imgs/20060401/tv_9.jpgCANAL 9: Albiste kulturalei ematen zaien garrantzia (denboraren %14) handia bada ere, gai nagusia, inondik ere, gertakaria da (%25). Zientziaz, deus ez (%0,2). Egunean 53 minutuko hiru albiste-saio, 24 albiste emateko. Publizitateak, denboraren %7.

/imgs/20060401/tv_madrid.jpgTVM (Madril): Kirolak, batik bat (%30raino) eta politika: biek albistegien erdia betetzen dute. Egunean 52 minutuko bi albiste-saio, 26 albiste emateko. Publizitateak, denboraren %6 betetzen du. Kontsumo eta eguneroko bizitzari buruzko albisterik ez, praktikan.

/imgs/20060401/tv_gallega.jpgTVG (Galizia): Kirolak, gertakariek eta politikak albistegien %60 baino gehiago betetzen dute. Ekonomiari arreta berezia. Oso erregionalista (bertako albisteen %56 Galiziari buruzkoak dira). Egunean 50 minutuko bi albiste-saio, 29 albiste emateko. Publizitateak, denboraren %6.

/imgs/20060401/tv_3.jpgTV3 (Katalunia): Beste ezer baino gehiago, politika (%27) eta kirola. Kontsumo eta eguneroko bizitzari buruzko albisterik ez. Gertakariak gutxien aipatzen dituztenak. Izaera sozialeko albisteei ematen zaien garrantzia, azpimarratzekoa. Egunean 56 minutuko bi albiste-saio, 20 albiste emateko. Publizitateak, denboraren %6.

/imgs/20060401/tv_etb2.jpgETB2: Kirola eta politika, lehentasunezkoak. Meteorologiaz eta lurraldeko albisteei denbora asko ematen die. Gertakariak gutxien jorratzen dituztenak. Egunean 49 minutuko bi albiste-saio, 26 albiste emateko. Publizitate gutxi-gutxi: denboraren %2.

/imgs/20060401/tv_ib3.jpgIB3: Albiste ekonomikoetan aitzindari (albiste-saioetako denboraren %16), albiste erregionaletan ere, nabarmen (%56). Gehientsuenek baino kirol eta politika gutxiago. Egunean 55 minutuko bi albiste-saio, 25 albiste emateko. Publizitate gutxi: %1 baino ez.

/imgs/20060401/tv_cm.jpgCMT: gertakaria gehien jorratzen dutenak (%23). Gehienek baino kirol eta politika gutxiago. Canal 9-rekin batera, albiste erregionaletan nagusi (denboraren %64) eta ingurugiroan ere, aitzindari (%5). Egunean 75 minutuko bi albiste-saio (denetan luzeenak, noski), 34 albiste emateko. Publizitateak, denboraren %2.

Taula gustiak

Albiste-saioak eta kateak, hamar pausotan

  • Albiste-saioetan kirol gehien duten kateak: Tele Madrid (%30) eta Canal Sur (%27). Gutxien duena: TVE-2 (%5).
  • Nazioarteko informazioari denbora gehien ematen diona: TVE-2 (%55). Gutxien ematen diotenak, Canal 9 (%11) eta CMT (%13).
  • Katerik “politikoena”: Cuatro (izaera politikoko albisteei denboraren %35 ematen die; beste muturrean, CMT (%9,5).
  • Gertakarien tentazioan maizen jausten direnak: TVE-1 (%26) eta Canal 9 (%25). Gutxien erortzen dena, TV3 (%7).
  • Ingurugiroaz gehien arduratzen dena: CMT (%5); interes gutxien agertzen dutenak: Antena 3 eta Tele 5 (biek ere, %0,5 baino gutxiago).
  • Albiste kultural gehien ematen dituena: TVE-2 (%17). Gutxien ematen duena: Tele Madrid (%5)
  • Kontsumo eta eguneroko bizitzari buruzko albisteak maizen jorratzen dituena: Antena 3 eta ETB2 (biak ere, albistegiko iraupenaren %2,5). Beste muturrean: Tele 5 (%1,4), IB3 (%1) eta Cuatro (%1,1) bazterturik, gainerako guztiak.
  • Albisteen jatorriari dagokionez, kate guztietan ofizialena: TV 3 (albisteen %55,5 erakunde publikoetatik datoz). Beste muturrean, TVE-2 (albisteen %24 baino ez).
  • Albiste-saio bakoitzean albiste desberdin gehien ematen dituena: CMT (34 albiste, batez beste). Gutxien ematen dituena, TVE-2 (16 berri baizik ez).
  • Kate “ekonomikoena”: IB3 (albiste-saioetako denboraren %16 eskaintzen die ekonomia eta finantzei buruzko albisteei. Beste muturrean, Antena 3, ETB2, Canal Sur eta TVE-1.