Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Argaltzeko zentroak : Gehientsuenek ez dute proba gainditu

Informazio gutxi ematen dute, bezeroaz arduratzen den pertsona ez da beti aditua dietetika eta nutrizioan eta, maiz, "elikabide pertsonalizatua" delako esamolde hori amu komertziala baino ez ohi da

Prezioak tratamenduaren kalitatearekin, zerikusi urria

Ikerlan honetan bisitatu diren zentroetan, bederen, gehiago ordaintzea ez da tratamendu osasungarriago eta eraginkorrago baten bidez argaltzeko bermea. CONSUMER-ek eginiko azterketan “gaizki” kalifikazioa jaso duten zentroetako batzuek, proba gainditu duten zentro urrien (9 baizik ez, 36tatik) hiru halako ere kobratzen dute.

Zentro batzuek tratamendu osoa kobratzen dute; beste zenbaitek, berriz, bisita bakoitzeko ezartzen dute tarifa. Aurrekotan, tratamenduaren batez besteko kostua 1.637 euro (270.000 pezeta) da eta muturrekoek 3.005 eta 632 euro (hau da, batetik bosterako proportzioa).

Kontsulta bakoitzeko edota saltzen dituzten produktuengatik kobratzen duten argaltze-zentroei dagokienez (balioespena egiteko unean, toki bakoitzean iradoki den produktuen erabilera eta bisiten maiztasuna hartu da kontuan), batez bestekoa hilean 124 eurora (20.000 pezeta) iristen da. Prezioez ari garela, garestiena hileko 390 euro kostatzen da eta merkeenaren kostua 48 euroan dago, gainontzekoak tartean dabiltzala: batetik zortzirako errenkada, alegia.

Ordaintzeko baldintzak hitzartzean, tratamendu osoa kobratzen duten zentro gehienek erraztasunak ematen dizkiote pazienteari: tratamenduak finantzatzeaz gainera, hilero epeka ordaintzea eta ordainketa zerbait atzeratzea onartzen dute.

“Ongi” kalifikazioa eraman duten bi zentro bakarrek (Valentziako Clínica Dual eta Castellóko Ideal Line) tratamendu osoa 1.500 eta 2.676 euro kobratzen dituzte.

Noiz mesfidatu argaltze-zentro batekin

  • Gure gorputzaren eta egoeraren azterketa sakona (pisua, altuera, gure aurrekinak eta gure senideenak, osasun arazoak, bizimodua…) egin gabe, tratamenduaren iraupen finkoa proposatzen dutenean eta tratamendua behin batez ordaintzen denean, bisita bakoitzean egin ordez. Gure arazoaren zergatia zein den eta zenbat kilo galdu behar ditugun ez badakite, nola ezar dezakete tratamenduaren iraupen finkorik?
  • Produktu “eredugarrietan” bakarrik oinarrituriko tratamendua eskaintzen digutenean, eta establezimendu horretan edo horrekin kontzertaturiko beste batzuetan saltzen diren produktuekin (guk, hasiera-hasieratik ordaindu beharrekoak) osatzen den dieta doanekoa ezartzen digutenean. Tratamendu horiek ez dute irakasten elikabide egokirik eta, gainera, ez dute balio pisu galera mantentzeko ere.
  • Pisu galtzearen erritmoa asteko kilo erdia edo kiloa (hilean, hiruzpalau kilo) baino handiagoa izango dela “bermatzen” digutenean. Erritmo handiagoarekin argaltzeak uraren eta elektrolitoen galera (baita muskulu-masa eta, proportzio urriagoan, gantza) ekartzeaz gainera, osasunarentzat larriak izan daitezkeen ondorioak izan ditzake: tentsio arterialaren beherakadak, odoletan gantz asko, nutrizio alorreko gabeziak eta bestelako arazoak.
  • Esfortzurik gabe argalduko garela agintzen digutenean. Pisua galtzeko zeinahi tratamendutan interesatuaren erabateko eta ahaleginezko inplikazioa funtsezkoa da helburuak lortzeko, hauek errealistak badira eta osasungarrientzat arriskurik ez badute.
  • Gernu-erretentzioa benetan nozitzen dugula egiaztatu gabe, diuretikoak hartzea aholkatzen zaigunean: horrelakoen iturri izan daitezke haurdunaldia, edoskitzaroa edo osasun-alorreko hainbat arazo (bihotz, giltzurrun edo gibelaren gutxiegitasuna, adibidez). Diuretikoen (gernuaren kanporatzea ugaltzen duten produktuak) eta laxanteen (obratze-kopurua ugaltzen dutena) erabilera bereizi gabea arriskugarria du herri-osasunak.
  • Tratamendua ezarri eta, hortaz, horren aurrean nola erreakzionatuko dugun jakin aurretik, prozesuaren iraupen finkoa adierazten zaigunean. Pisua galtzeko erritmoa aldatu egiten da pertsona batetik bestera, gizaki bakoitzaren nolakotasunen arabera.

Galdategi indibiduala: Pisua galdu behar ote dut?

  • Dietari ekin aurretik, galde egiozu zeure buruari: beharrezkoa ote dut argaltzea? Arrazoi estetikoengatik argaldu nahi izatetik benetan premiazkoa delako pisua galdu behar izatearen arteko aldea sekulakoa da.
  • Plantea iezaiozu zeure buruari: zerk ekarri nau argaldu nahi izatera? Dieta osasuntsu bat eginez kiloren bat galtzea ez da arazoa. Pisu asko galdu nahi izaten denean, ordea, funtsezko arrazoia osasuna izango da beti, ez estetika, ez moda. Argaltzeko metodo “miragarriak” arriskua dira osasunarentzat.
  • Pisu egokian al nago? Gorputz masaren indizea (GMI) da gehien baliatzen den erreferentzia, gehiegizko pisuaren muga non dagoen zehazteko unean. Indize honek 25 urtetik gorako helduentzat bakarrik balio du eta hurrengo formula aplikatuz kalkulatzen da:

GMI = Pisua (kg) / Altuera (m)
Adibidez, 1,65eko altuera eta 60 kilo pisatzen duen pertsona baten GMI 22,03 da.
(60 / (1,65 x 1,65) = 60 /2,72= 22,03.
Hau da, pisu egokian dagoenez, ez du zertan argaldu.

GMI Emaitzak
18,5 baino gutxiago Gutxiegiko pisua (normaltzat jotzen den mugaz azpikoa)
18,5-24,9 Pisu egokia
25-26,9 I. mailako gehiegizko pisua
27-29,9 II. mailako gehiegizko pisua (aurre obesitatea)
30-34,9 I. mailako obesitatea
35-39,9 II. mailako obesitatea
40-49,9 III. mailako obesitatea (osasunarentzat arriskutsua)
50 V. mailako obesitatea (gehienekoa)

Emaitzak:

Gutxiegiko pisua: pisu egokira iristen ez denean, pertsonak aldian-aldian sendagilearen kontsultara joan beharko luke, fakultatiboak ezartzen duen maiztasunaren arabera, pisu txiki horrekin lotura izan ditzaketen arazoak aztertu edo baztertzeko. Balizko aukera hori ezetsirik, dietistaren kontsulta joatea planteatu beharko luke, elikabidea aztertu eta hobetzeko.

Pisu egokia: ez da zertan argaltze-dietarik egin. Figura (gluteoak, aldakak, etab.) moldatu nahi bada, ariketa fisikora edo estetika-tratamendu zehatzetara jo daiteke. Gogora dezagun dieta orekatua egiteak kalterik ez duela egiten eta, horretan ere, adituaren aholkua funtsezkoa dela.

Gehiegizko pisua eta obesitatea: pertsona batek, pisu egokiaren gainetik dabilenean, elikabidea hobetu ez ezik, jarduera fisikoa areagotzeko ahaleginak egin behar izaten ditu. Nutrizio alorreko espezialistarengana jotzea komeni izaten da horrelakoetan.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak