Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Argaltzeko zentroak : Gehientsuenek ez dute proba gainditu

Informazio gutxi ematen dute, bezeroaz arduratzen den pertsona ez da beti aditua dietetika eta nutrizioan eta, maiz, "elikabide pertsonalizatua" delako esamolde hori amu komertziala baino ez ohi da

Lehen bisita eginikoan ateratako ondorioak

  • Azterturiko argaltze-zentroetako %68k ez dute gainditu proba. Areago, %14k “oso gaizki” kalifikazioa eraman zuen, beren tratamenduak “ereduzko produktuetan” oinarritu baitzituzten.
  • “Lehen kontsulta doan” lema iruzurra da, gezurrezkoa, amu komertzial hutsa. Bisitatu ditugun zentro guztietatik bakar batek ez du egiten aurretiazko azterketarik doan (zenbaitek, hurrengo bisitetan egiten dute, baina tarifa ordainduta) tratamendua bezeroaren nolakotasun pertsonalen arabera egokitzeko. Informazioa eman baizik ez dute egiten lehendabiziko horretan, baina informazioa bera ere osatu gabea eta nahasgarria gertatzen da maiz.
  • “Elikabide pertsonalizatua” delako mezua gezur hutsa da zentroen %60tan. Tokian tokiko tratamendu eta produktuak hobeki saltzeko aldarrikatzen dute eslogan hori, argudio gisa, bezeroa sinesberago bihurtzen baitu gehienetan. Hamar zentrotik lauk bakarrik eskaintzen ditu egiaz pertsonaren araberako elikabideak.
  • Establezimendu horie %26an etika profesionalik eza egiaztatu zen: bezeroaren benetako premietara inondik ere egokitzen ez diren tratamenduen informazioa edo aholkularitza ematen dute. Argaltzea aholkatzen dute sarri bezeroak horren beharrik ez duenean, potolotasun alorreko sasi-arazoa identifikatuz. Zentro horietako batek bezeroari sekulako tratamendu inbasiboa proposatu zion (gastroplastia egitea, hau da, kirurgia), pazientearen historia klinikorik eta dietetikorik ezagutu gabe. Beste zentro batean, CONSUMER-eko teknikoa (balizko bezerotzat ziharduena) tentatu egin zuten, marka hartarako saltzaile lanetan jardun zezan: xehetasun guztiz (areago, tratamendua bera baino xehekapen hobe eta ugariagoekin) azaldu zioten enpleguari nolako etekinak atera ziezazkiokeen, nolako ikasketak, ezagutzak edo tituluak zituen galdetu gabe, alderdi hori “gutxienekoa zela” errematatuz.
  • Zentroen %20tan saltzaile, “tekniko espezialista” (titulaziorik jakinarazi gabe) edo esteticienne batek dietista edo sendagile lanetan dihardu, tratamendua aholkatu edo agindu, eta “gehiegizko pisuaren arazoaren identifikazioa” egiten dute, noski, horretarako gauza izan gabe.
  • Azterturiko 36 horietatik 19 zentro 8 frankizien jabetzakoak dira. Frankizia horietako zazpitan aholkatzen dituzten tratamenduetan alde handia dago, batetik bestera. Beraz, frankizien funtzionamendua ezin baliozta daiteke modu orokorrean.
  • Bukatzeko, tratamenduaren iraupena eta pisu-galtzearen erritmoa osasungarria izango zen zentro guztien %60tan bakarrik, hau da, hamarretik lau zentrotan planteatzen dituzten helburuak nekez lor litezke edo ez dira biziki osasuntsuak, pisu-galera azkarregi egingo litzatekeelako.

Madrilgo zentro batean, aldizkari honetako teknikariak (24 GMI duena, edo, bestela esateko, pisu zuzen-zuzena duenez, argaltzeko inolako beharrik ez du) zenbat kilo kendu beharko zituzkeen galdeginik, hogei bat galtzeko premia zuela ihardetsi zioten hasiera batean; balizko bezero haren harridura nabarmena izaki, ordea, zenbakia zuzendu eta hamar bat galdurik ongi zegokeela arrapostu zioten.

Informazio eskasa

Lehendabiziko kontsulta doan eskaintzen zuten argaltze-zentroetara joan ziren, batik bat, gure teknikariak. Edonola ere, lehen kontsulta hori dohainik egiten ez duen zentroren batek, informazioa ugaltzeko beste kontsultarik ere eskaini zieten. Halaxe gertatu zen Alacanteko Centro Dietético Zoroa eta Ideal Line zentroetan, Bilboko Ailara-n eta Malagako Oikos-en. Horrenbestez, bisita informatibo hutsa izan zela kontuan izaki balioztatu dira zentro horiek. Azterturiko zentro gehienek “lehendabiziko kontsulta doan” mezua amu gisa baliatzen dute; dena den, tratamenduan hastea komeni den edo tratamendu hori eraginkorra izango ote den erabakitzeko bezainbesteko informazioa ez zaio ematen bezeroari lehen bisita horretan.

Aplikatu beharko liratekeen tratamenduak direla eta, zentroen %30ek bakarrik ematen du onartzeko moduko informazioa: honakoa onartzeko modukotzat hartu da tratamendua pertsonaren premietara (azterketa osoa egin ondoren, bezero bakoitzarentzat berariazko elikabidea) egokitzen denean eta asteko kilo erdi edo kiloko pisu galera agintzen duenean. Bisitatu diren gainerako zentroek, bietako bat: tratamenduan hastea komeni den edo tratamendu hori bere kasuan eraginkorra izango den erabakitzeko behar bezalako informazioa ez dute ematen, edo agintzen duen pisu-galera kilo erdi edo kiloa baino handiagoa da.

Pisua kendu behar ote dut?

Gehiegizko pisua delako arazoarekin asmatzeko, pertsonaren azterketa antropometrikoa (gutxien-gutxienez) egitea ezinbestekoa da: pazientea pisatu eta neurtu beharra dago bere GMI zehaztu eta balizko pisu-sobera hori zein mailatakoa den adierazteko. Dena den, azterturiko argaltze-zentro guztien %20k bakarrik egiten du premia gorriko diagnostiko hori. Zentroen beste %20tan horrelako neurketa bigarren bisitan (ordainduta, jeneralean) egin da. Gainontzekoetan, neurketa hori ia ezinbestekoa izan arren, ez da egin.

Zentro horietan maizen gertatzen den akatsetako bat, pazientearen arazoa arinegi identifikatzea izaten da, dela pazientea pisatu eta neurtu egiten ez dutelako, dela bezeroaz arduratzen dena (gehienetan) dietetika eta nutrizioan aditua ez den profesionala delako: hasierako funtsezko gestio hori komertzial batek, harreragile batek edo behar bezalako prestakuntzarik ez duen beste zeinahi langilek egitea ohiko kontua da.

Etika profesionalaren gabezia kezkagarria hauteman zen zentro horietako hamaikatan (hirutik bat baino gutxixeagotan, alegia): horrelako premiarik ez zuen bisitariari argaltzea aholkatu zitzaion eta, areago, horrelakorik ez zuen bezeroari loditasun arazoa identifikatu zioten. Horixe da Espainiako ipar aldeko eta Madril aldeko zentroetara jo zuten sasi bezeroen kasua, aurrenekoaren gorputz masaren indizea 22 (zuzen-zuzena) eta bigarrenarena 24 (hau ere, zuzena) izanik, argaltzeko inolako beharrik ez baitzuten.

Pisua galtzeko beharrik ez zuten bezero horien “arazoa” sendatzeko zentro horietako batzuek eskaintzen zuten tratamenduaren kostua 1.500 eurotik gora zihoan, argaltze-terapia dietetikoa eta metodo estetiko lokalak barne.

Kasuren batean, sendagile zela zioen arren (baina bere jokaera eta hizkera hautemanik, susmoak harrotzen zituen), titulurik agertzen ez zuenik ere egokitu zen. A Coruñako argaltze-zentro batean CONSUMER-ek bidali zuen paziente batez arduratu zen sendagileak gastroplastia (urdaila txikitzea) egitea aholkatu zion, aurreko historial kliniko edo dietetikorik izateke. Gogora dezagun gastroplastia deritzon ebakuntza kirurgikoa III. eta IV. mailako loditasunean bakarrik aholkatzen dutela fakultatibo batzuek (bestelako esku hartze terapeutikoek porrot egindakoan eta pazienteak loditasun horrixe dagozkion bestelako patologiak ere nozitzen dituenean), baina hori ez zen gure pazientearen kasua. Nolanahi ere, ebakuntzaren epe motz eta luzerako ondorioez (eta balizko konplikazioez) informazio osoa eman behar zaio pazienteari. Emakume sendagile hark, dena den, kirurgia horrek ia arriskurik ez duela berretsi zion bezeroari.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak