Neurri antropometrikoak aztertu dizkiegu 3.966 pertsonari, Espainiako Estatuan gehiegizko pisuak eta sabelaldeko gizentasunak zenbateko prebalentzia duten jakiteko

Gehiegizko pisua dute bost lagunetatik hiruk 25 eta 64 urte artean

Gehiegizko pisuaren prebalentzia %39,6ekoa da Espainiako helduetan eta gizentasunarena %21,6koa. Espainiako Herritarren Nutrizio Inkestak berriki azaldu dituen datuak dira, EROSKI FUNDAZIOAK abian jarritako azterketaren ondoren
1 uztaila de 2016
Img tema de portada listado 201

Gehiegizko pisua dute bost lagunetatik hiruk 25 eta 64 urte artean

Gizentasunaren prebalentzia bikoiztu egin da mundu osoan 1980. urtetik 2014. urtera, halaxe adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). 2014. urtean, 18 urte edo gehiago zituzten pertsona helduen %39k gehiegizko pisua zuten eta %13 gizenak zeuden. 2013an, bost urtez beherako 42 milioi adingabek gehiegizko pisua zuten.

OMEk honela definitzen ditu gizentasuna eta gehiegizko pisua: gantz pilaketa anormal edo gehiegizkoa da, osasunarentzat kaltegarria izan daitekeena. Arazo hori sortzen da, batez ere, desoreka energetiko bat dagoelako hartzen eta xahutzen diren kalorien artean. Oro har, gizateriak orain gehiago jaten ditu elikagai hiperkalorikoak (ugari ematen dutenak gantza, gatza eta azukreak, eta gutxi bitaminak, mineralak eta beste mikromantenugai batzuk), eta askoz gutxiago egiten du jarduera fisikoa eta nabarmen areagotu da sedentarismoa.

Gehiegizko pisua osasun publikoaren arloko arazorik garrantzitsuenetakoa da gaur egun munduan. OMEren arabera, bai gizentasunak eta bai gehiegizko pisuak heriotza gehiago eragiten dute pisu txikiak baino. Gorputz Masaren Indizean (GMI) eta sabelaldeko gizentasunean balio handiak edukitzeak lotura du hilkortasunarekin, eritasun kopuruarekin, desgaitasunarekin eta, ondorioz, osasun txarrez luzaro bizitzearekin eta bizi kalitate apala izatearekin. Horretaz gain, gizentasuna arrisku faktore bat da beste zenbait gaixotasunentzat: 2 motako mellitus diabetesa, bihotz-hodietako gaixotasunak eta minbizi mota batzuk.

EROSKI Fundazioak, berriz, Espainiako Herritarren Nutrizio Inkesta (ENPE) jarri zuen abian 2014. urtean; horren helburua da ikustea zenbateko prebalentzia duen gizentasun orokorrak eta sabelaldeko gizentasunak herritarren artean (lagin adierazgarri bati egin dio jarraipena) eta aztertzea nola banatuta dauden gorputzeko adipositate adierazleak (gorputz masa guztia hartuta, zenbateko portzentajea osatzen duten gantzek).

Ikerlana

Guztira, Espainiako lurralde osoko 3.801 pertsonak eman dituzte beren neurri antropometrikoak (210 baino gehiago autonomia erkidego bakoitzean). Emakumeak izan dira %51, eta parte-hartzaile guztiak 25 eta 64 urte artean ibili dira: 45 eta 54 urte artean eduki dituzte %30ek, 34 eta 44 artean %28k, 55 eta 64 artean eta %21ek eta 25 eta 34 artean %20k. %43k lehen mailako ikasketak edo hortik beherakoak eduki dituzte, %34k bigarren mailakoak eta %23k goi mailakoak.

Zenbait espezialista ibili dira ikerlana zuzentzen: zuzendaria, Javier Aranceta (Nutrizio Komunitarioan irakaslea, Nafarroako Unibertsitatean, SENCeko presidentea eta CiberOBN Sarean ikertzailea); Carmen Perez Rodrigo koordinatzailea (SENC-FIDEC Fundazioa); eta Goiuri Alberdi ikerlariak (SENC-School of Medicine, Dublingo Unibertsitatea) eta Sonia Lazaro (Sprim). Horrez gain, Revista Española de Cardiología argitalpenak argitaratu zituen, 2016ko apirilean ikerketaren ondorio nagusiak (Aranceta-Bartrina J, Pérez-Rodrigo C, Alberdi-Aresti G, Ramos-Carrera N, Lázaro-Masedo S. Gehiegizko pisuaren eta sabelaldeko gizentasunaren prebalentzia herritar helduetan (25-64 urte) 2014-2015: ENPE azterketa. Rev Esp Cardiol. 2016;69(6): 579-587).

Neurketak eta kalkuluak

2014ko maiatzetik 2015eko maiatza bitartean bilduak dira datuak. 3.801 lagunen datu baliozkoak lortu ziren, eta gizonak izan ziren %49 eta emakumeak %51.Inkesta egile profesionalek, ikerlan hau egiteko berariaz prestatuta egon direnek, banan-banan egin dituzte neurketak, parte-hartzaileak zutik jarrita, oinutsik eta arropa arinarekin. Honako neurri antropometriko hauek hartu dizkiote bakoitzari:

  • Luzera (cm): estadiometro eramangarri batekin, burutik oinetarainoko distantzia neurtu dute.
  • Gorputz pisua (kg): baskula digitalekin neurtu da, bi zangoen artean banatuta.
  • Gerrialdeko perimetroa (cm): zinta metriko luzagarri batekin, saihetseko azken ertzaren eta gandor iliakoaren erdigunea aurkitu, eta puntu horretan, gerrialdearen zirkunferentzia neurtu da.
  • Aldakaren perimetroa (cm): hori ere zinta metriko luzagarri batekin, zirkunferentzia handieneko puntua neurtu da ipurmasailen gainean, plano horizontalean jarrita.

Luzerak eta gorputz pisuak Gorputz Masaren Indizea ematen dute (GMI). OMEk dio GMI pisuaren eta luzeraren arteko harremana azaltzen duen adierazle sinplea dela, eta maiz erabiltzen dela helduen artean gehiegizko pisua eta gizentasuna dagoen jakiteko. GMIak informazio baliagarria ematen duen arren gehiegizko pisuaren inguruan, OMEk gomendatzen du orientazio gisa erabiltzeko, gerta bailiteke pertsona guztientzat ez balio izateak lodiera maila berak.

Gerrialdeko perimetroa, berriz, sabelaldeko gizentasunaren prebalentzia kalkulatzeko erabiltzen da. Adierazle horrek, dena den, desitxuratu egin dezakete norbanako luzeen eta txikien arriskua, ez baitu kontuan hartzen pertsonaren luzera. Hortaz, ENPEko adituek beste aukera bat proposatu zuten, gerrialdea-luzera adierazlea hartzea hain zuzen, ongi finkatzen baitu sabelaldeko adipositatea (gerrialdearen perimetroaren antzekoa da).

Medidas eu

Ondorio nagusiak

Espainian, GMI handia eta dieta eredu desegokia dira gaixotasun bat izateko arrisku faktore nagusiak, halaxe dio Institute for Health Metrics and Evaluation erakundeak 2013. urteko datuekin egin zuen txosten batek.

ENPE Azterketaren ondorioek lehenbiziko alderdia azpimarratzen dute, eta emaitzak, egia esan, ez dira oso pozgarriak. Inkesta egiten aritu diren ikertzaileek ondorioztatu dute gizentasun orokorraren eta sabelaldeko gizentasunaren prebalentzia handia dela Espainian, nahiz eta ez den berdin banatzen autonomia erkidego guztietan.

Hori dela eta, nabarmentzen dute zainketa sistematiko hobea behar dela, batez ere arrisku handiena duten herritar taldeetan, eta prebentzio estrategia orokorrak ezarri behar direla herritar guztientzat, eta asistentzia arloko ekintza espezifikoak arazoak dituzten norbanakoentzat.

Gehiegizko pisua, aski hedatua

Gehiegizko pisuaren prebalentzia, kalkuluen arabera, %39,3koa da Espainiako herritar helduen artean (25 eta 64 urte artekoetan), eta handiagoa gizonen artean (%46,5ekoa da, eta emakumeetan, berriz, %32,1ekoa). Bestalde, gizentasunaren prebalentzia globala %21,6ekoa da kalkuluen arabera, eta hori ere handiagoa da gizonetan (%22,8koa) emakumeetan baino (%20,5ekoa).

Gehiegizko pisua eta gizentasuna nabarmen handitzen dira adinak gora egin ahala bi sexuetan, eta aztertu diren talde guztietan, zifra handiagoa da gizonen artean.

Gehiegizko pisuak eta gizentasunak duten prebalentziaren proportzioak batuta, %60,9koa da 25 eta 64 urte arteko herritar helduen artean: %69,3koa gizonetan eta %52,6koa emakumeetan. Eta, zehazki, GMIa 35ekoa edo handiagoa duten balioen prebalentzia %5,2koa da, eta %6,9ra iristen da 55-64 urte arteko taldean.

Autonomia erkidegoak hartuta, gizentasun tasarik handienak Asturiasen (%25,7) eta Galizian (%24,9) daude, eta atzetik dator Andaluzia (%24,4); tasarik apalenak, berriz, Balear uharteetan daude (%10,5), Katalunian (%15,5) eta Euskal Autonomia Erkidegoan (%16,8).

Sabelaldeko gizentasunaren prebalentzia

Irizpide bat baino gehiago erabil daitezke sabelaldeko gizentasuna neurtzeko. Gerrialdearen perimetroa kontuan hartzen bada, kalkuluek diote 25 eta 64 urte arteko herritarren %33,4k sabelaldeko gizentasuna dutela, hau da, gerrialdea 102 cm-tik gorakoa da gizonetan eta 88 cm-tik gorakoa emakumeetan. Sexuka, emakumeen %43,3ri eragiten die eta gizonen %23,3ri.

Gerrialdea-aldaka indizea erabilita, berriz, zifrak asko handitzen dira: 0,90etik gorakoa izan behar du gizonetan eta 0,85ekoak baino handiagoa emakumeetan. Era horretan, inkestan parte hartu duten pertsonen %64,5ek edukiko lukete sabelaldeko gizentasuna.

Gerrialdea-luzera indizea kontuan hartuta ere, ehuneko handiak ematen ditu. Muga 0,55ean jartzen bada, proportzioa %69,7koa ateratzen da, eta 0,55ean jartzen bada, %44,4ra murrizten da zifra.

Sabelaldeko gizentasuna duten pertsonarik gehienek gehiegizko pisua edo gizentasuna ere badute, hau da, GMIa 25ekoa edo handiagoa dute. Aldakaren perimetroaren irizpidea kontuan hartuta, proportzioa %96,5ekoa da. Aldaka-gerrialdea indizea erabilita, berriz, %74,4ra jaisten da, eta gerrialdea-luzera aintzat hartuta, %91,8ren eta %82,3ren artean dabil.

Mapa eu

Adina eta neurriak

Gizonen artean, pisua nabarmen handitzen da 25-34 urte bitarteko multzotik 35-44 urte bitartekora. Batez bestekoa 80,3 kg-koa izatetik, 82,6 kg-koa izatera pasatzen da. Emakumeetan ere antzekoa da joera, nahiz eta igoera adinean gora egin ahala gertatzen den. Batez bestekoa 63,5 kg-koa izatetik 70,6 kg-koa izatera igarotzen da.

Luzerari dagokionez, neurri hori txikitu egiten da mantso-mantso adinarekin, bai gizonetan eta bai emakumeetan ere: gizonak, batez beste, 175,7 cm-ko luzera izatetik 169,9 cm-koa izatera pasatzen dira, eta emakumeak, 162,2 cm-ko luzeratik 158,6 cm-kora.

Azkenik, gerrialdearen eta aldakaren zirkunferentzietan batez beste ageri diren balioek erakusten dute nabarmen gora egiten dutela adinarekin, bai gizonetan (gerrialdea 88,7tik 99,7 cm-ra, eta aldaka 97,8tik hasi eta 103,5 cm-ra) eta bai emakumeetan ere (gerrialdea 79,9tik 91,8 cm-ra eta aldaka 97,9tik 104,9 cm-ra).

Indizeak ere gorantz

Adinarekin neurriek gora egiten dutela esan dugu, eta horrek eragina du indizeen emaitzan ere. Ondorioz, handitu egiten da GMIaren batez bestekoa (10koa da batez beste gizonetan eta 15ekoa emakumeetan) eta berdin gertatzen zaio GAI gorputz adipositatearen indizeari ere (%18ekoa gizonetan eta emakumeetan).

Eta gauza bera gertatzen da gerrialdea-aldaka eta gerrialdea-luzera indizeekin ere. Gizonetan bezala emakumeetan ere, handitu egiten dira adinarekin. Aldakakoa, %6 gizon eta emakumeetan, eta gerrialdea-luzera %16 gizonetan eta %18 emakumeetan.

Peso eu