After shave baltsamoak

Gehiago ordaintzea ez da kalitate hobea erostea

Denetan garestienak ez zuen ia substantzia aktiborik eta, gainera, egindako proban larruazala hidratatu ez zuten bietako bat da
1 apirila de 2004

Gehiago ordaintzea ez da kalitate hobea erostea

Bizarra ebaki ondoren baliatzeko zortzi lozio-baltsamo (after shave) aztertu dira oraingoan. Denetan garestiena (Gillette, ia 65,04 euro litroko) merkeenaren prezioaren (Lea, 16,76 euro litroko) lau halako kostatzen da.

Kontsumitzaileekin erabilera probak eta laborategiko saiakuntzak egin ondoren, ondorioztatu da kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Sanex Men laginak eskaintzen duela (36,54 euro litroko), orokorrean kalitate onekoa izanik, ahalmen hidratatzaile egokia eta prezio ertaina duelako.

Egunero bizarra egiteak larruazala lehortu eta aurpegian mikro-ebakiak sortarazten dituenez, mozketa amaitutakoan azala hidratatu eta freskatuko, narritadura lasaituko eta zauriak orbaintzeko prozesua azkartuko duen produktua aplikatzea komeni izaten da. “After shave” izeneko produktuak lozio, gel eta baltsamo gisa komertzializatzen dira. Biskositate egokia duen heinean, azken hori da dosifikatzeko errazena.

After shave horiek “olioa uretan” motako emultsioak dira eta eragile hidratatzaileak, birsortzaileak eta leuntzaileak dituzte. Formulako ur ugariak larruazala hidratatu ordez lehortzea ondorioztatzen duenez, produktuen printzipio eragileen artean urari atxikitzen dioten substantzia hezegarriak eransten zaizkie, hala nola glizerola, sorbitola edota propileno glikola. Beste aldetik, ur ugaria mikroorganismoak ugaltzeko bitarteko aproposa den neurrian (bakterio eta onddoak), after shaveek hainbat osagai kontserbatzaile eduki behar dute, hala nola fenoxietanola, parabena edota klorfenesina.

Alkoholik bai ala ez?

Zortzi after shave horiek, baltsamoaren biskositatea areagotzeko substantzia biltzaileak baliatzen dituzte. Horrelakoak ez ezik, lurrintzaileak, lasaigarriak, antiinflamatorioak, zimurren kontrakoak, larruazalaren konpontzaileak eta, areago, aurpegia eguzki printzetatik babesteko, filtro ultramoreak ere bai.

Nivea, Sanex eta Gillette laginek izan ezik, denek alkohola darabilte (desinfektatzaile eginkizunak bete ditzan), baina alkohola edukita ere, after shave bat ez da horregatik besteak baino hobea, ezta kaskarragoa ere: erabiltzaile batzuek aurpegian freskotasuna eskertzen duten bitartean, beste hainbatek alkoholaren eragina okerrago pairatzen dute. Baltsamo guztiak kolore zurikoak dira, Williams (urdina) izan ezik.

Aurpegiko larruazala berezko geruzatxo batez estalita egoten da (izerdi, bilgor eta zelula-hondakinez osatua), eta horren pH faktorea azido samarra dela kontuan izaki (5,5) , bizarra egin ondoren emateko lozioa aurpegiaren pH faktoretik zenbat eta gertuagokoa izan orduan eta hobea izango da. Egokitzat hartu dira 4,8 eta 5,9 bitarteko balioak. Hortik kanpora daude Nivea (6,4), Williams (6,3) eta Kinesia (6,1); baina, gainerakoak baino basikoagoak izanik ere, ez diote erasotzen larruazalari.

Biskositatea ere neurtu da, ez bakarrik baltsamo likidoegia nekez dosifika litekeelako (hatz tartean ihes egingo liguke eta), lodiegia balitz deseroso gertatuko litzatekeelako baizik. Egokienak 3.000 cps eta 8.000 cps bitarteko balioak dira; hortik gorakoak, berriz, ontzat hartu dira. Niveak huts egin zuen, dentsitate eskasagatik, (2.535 cps); Gillette (8.548 cps), Lea (11.175 cps), Floid (23.375 cps) eta Williams (38.075 cps) batez ere, egokiagoak dira. Floid eta Williams laginen biskositate handia konpentsatzeko ontziak malgu-malguak dira eta, gainera, ontziaren ohiko posizioa buruz beherakoa izateaz ere dosifikazioa errazten du.

Egiazko edukia

Ura eta gai lurrunkorrak (perfumea, adibidez) eliminatuz gero geratzen diren substantzia organiko eta mineralek estraktu lehorra osatzen dute. Horren kopuruak ez du lotura zuzena produktuaren kalitatearekin, baina kontsumitzaileari bide ematen dio baltsamoak zenbat ur daukan jakin dezan. Lea lagina da estraktu lehor gutxien daukana (%2,2) eta Floid gehien daukana (%8,6). La Toja laginak urea daukala dio baina, laborategiak horrelakorik atzeman ez zuenez, baldin badauka ere oso proportzio txikian du: urea horrelako portzentajeetan ez da eraginkorra.

Nivea For Men da substantzia aktibo gehien dauzkan lozioa (aztertutako sei gaietatik bost: glizerol, bisabol, E bitaminaren azetatoa, pantenol eta alantoina, alegia). Gillette Series eta Lea izan dira denetan kalifikazio txarrenak atera dituztenak, glizerola baizik ez dute (eta gainerako laginek baino gutxiago, gainera).

Atal honetan, gai batez baino gehiagoz osaturiko hainbat substantzia hidratatzaile alboan utzi dira: gai guzti-guzti horiek ez dira ezagunak, ezta bereizteko modukoak ere, baina kalitate orokorrean eragina izan dezakete. Formulazioak, izan ere, hidratatzeko ahalmenean ere eragina izan dezake: oinarrizko osagaietako batzuek (larruazala leuntzen duenak, adibidez) moldatzen duten geruza babesleak ura zeharo lurruntzea galarazten dutenez, larruazala luzaro hidrataturik mantentzen dute.

Narritatzeko ahalmena neurtzeko larruazalaren tolerantzia hartu zen aintzat, eta ez begiena, produktua aurpegiaren behealdean aplikatzen delako (aditu batzuek aurpegi guztian zabaltzea aholkatzen duten arren, hidratatzeko ahalmena uniformeki baliatzeko). Horretarako, osasun oneko hamar boluntarioren bizkarrean produktu bakoitzetik 0,02na ml. aplikatu ziren. Partxe erdi-herskari baten azpian produktuak larruazala ukituz bi egun eman ondoren (eta aldamenean beste partxe bat jarrita, produkturik gabe, konparatu ahal izateko), dermatologoak begiratu zuen lozioa aplikatu zen gunean eritremak, edemak, lehordurak edo babak sortu ote ziren. Lagin bakar bat ez da narritagarria, larruazalak denak onartzen ditu.

Den-denek ez dute hidratatzen

Bizarra moztu ondoren aplikatzen diren baltsamo hauek guztiek diote larruazala hidratatzen dutela. Hori egia den frogatzeko, 45 gizonezko heldu hartu, horiei laginak aplikatu eta korneometroa erabili zen, azalaren goialdeko geruzetako hidratazioa neurtzeko. Hiru aldiz begiratu zen hidratazioa: lehena, after shavea eman aurretik, bigarrena eman eta handik 30 segundora eta hirugarrena, azkenik, handik bi ordura.

Nivea, Kinesia, Lea, Floid, Sanex eta Williams laginek eragin hidratatzailea frogatu zuten, argi eta garbi, aplikatu ondorengo bi neurketetan. Gillette eta La Toja markakoek, aldiz, ez zuten larruazala hidratatu, nahiz etiketan kontrakoa adierazi.

Parametro horiek aintzat izaki, Nivea da “oso ona” kalifikaziora iritsi den bakarra. Gillette Series eta La Toja laginek “zuzen” baino ez dute lortu, ahalmen hidratatzaile urriagokoak direlako, eta gainerakoak “ongi” kalifikazioa lortu zuten.

Zortzi baltsamoak CONSUMER-ek 18 eta 65 urte bitarteko 56 kontsumitzaileri eman zien probatzeko. Atal bakoitza 1 eta 9 puntu bitartean kalifikatu zuten. Dena den, ez atalez atal, ez balorazio orokorrean alde nabarmenik ez zen hauteman, eta puntuazio guztiak oso antzekoak izan ziren. La Toja (7,1 puntu, 9tatik) eta Gillette (7 puntu) pittin bat hobeak izan ziren eta Nivea (6,2 puntu) eta Lea (6,3 puntu) nota apalenekoak, baina ongi, dena den.

Substantzia aktiboak

Larruazala hidratatu, tonifikatu eta konpontzeko substantzia berberak baliatzen dituzte after shave gehienek.

Glizerol edo glizerina: hidratatzaile ezagunena dugu; lozioan hau beste substantzia aktiboak baino ugariago agertzen da eskuarki. Nivea, Lea, Sanex eta Gillette laginek daukate glizerol edo glizerina.

Urea: ahalmen hidratatzailekoa hau ere, Sanex laginean bakarrik hauteman zen.

Bisabola: eragin anti-inflamatoriokoa; Nivea, Kinesia, Floid, Sanex eta Williams laginetan erabiltzen da.

E bitaminaren azetatoa: zimurren kontrako, lasaigarri, orbaintzaile eta hidratatzailea. Nivea, Kinesia eta Williams laginetan aurkitu zen.

Pantenola (B5 probitamina): azala konpondu, nutritu eta hidratatzen duena, Nivea eta La Toja markakoek erabili dute.

Alantoina: mikroebakiak orbaintzen dituelarik, Nivea, Sanex, Kinesia, Williams, Floid eta La Toja laginen formuletan agertzen da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Baltsamo motako zortzi after shave aztertu dira. Prezioek gorabehera handiak dituzte: litroko 16,76 eurotik (Lea) 65,04 eurora arte (Gillette Series).
  • Lozio horiek kolore zurikoak eta perfumatuak dira Williams izan ezik (urdina baita). Laginen pH faktoreak larruazalarenetik gertukoak dira Nivea markakoarena izan ezik; Kinesia eta Williams, berriz, altuxeagoak (beraz, okerragoak).
  • Biskositatez, Nivea likidoegia da eta Lea, Floid eta Williams denetan lodienak, baina dosifikatzeko ontzi egokiak dituzte. Nivea da substantzia aktibo gehien dituen lagina eta Gillette eta Lea, aldiz, gutxien dauzkatenak.
  • Lagin denak arazorik gabe onartzen ditu larruazalak eta bakar batek ere ez du narritadurarik eragiten. Hidratatu denek egiten dute Gillette eta La Toja laginek izan ezik, hauen etiketan kontrakoa iragarri arren. Erabilera proban ez zen atzeman alde nabarmenik lagin batetik bestera.
  • Osoko kalitatean “oso ongi” kalifikaziora iritsi den bakarra Nivea da. Lea, Floid, Kinesia, Sanex eta Williams laginek “ongi” irabazi zuten eta Gillette eta La Toja “egokia” baino ez ziren gertatu.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Sanex Men da: kalitate onekoa izaki, asetzeko moduko ahalmen hidratatzailea du (aplikatu eta handik bi ordutara) eta batez bestekoak baino prezio apalagoa du. Nivea ere aukera polita da: bigarren garestiena bada ere, kalitate orokor onenekoa bera delako.
Marka
Izen-
dapena
SANEX MEN
“After shave baltsamoa”
NIVEA FOR MEN
“After shave baltsa-
moa sensitive”
KINESIA ARTIC
“After shave balm”
LEA
“After shave bálsam”
Prezioa (euro litroko) 36,54 55,38 24,52 16,76
Formatua (ml) 100 100 150 125
Produktuaren itxura
Itxura Emultsioa Emultsioa Emultsioa Emultsioa
Kolorea Zuria Zuria Zuria Zuria
Usaina Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Ezaugarri fisiko-kimikoak
pH-a 5,7 6,4 6,1e 5,9
Biskosi-
tatea 1
4.332 2.535 5.520 11.175
Estraktu lehorra (%) 2 7,5 6,4 4,9 2,2
Alkohola (%) 3 Ez Ez 14,1 10,3
Substantzia aktiboen edukia
Glizerola (%) 4 0,9 2,1 Ez 0,64
Bisabola (%) 5 0,04 0,2 0,1 Ez
E bitaminaren azetato (%) 6 Ez 0,48 0,19 Ez
Pantenola (%) 7 Ez 1,1 Ez Ez
Alantoina (%) 8 0,22 0,08 0,14 Ez
Urea (%) 9 0,02 Ez Ez Ez
Larruazala-
ren tolerantzia
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ahalmen hidrata-
tzailea
Hidrata-
tzaileagoa
Hidrata-
tzaileagoa
Ez besteak bezain hidratatzailea Hidrata-
tzailea
Kalitate orokorra Ongi Oso Ongi Ongi Ongi
Erabilera proba
(1 – 9) ep
6,4 6,2 6,6 6,3
Marka
Izen-
dapena
WILLIAMS
“After shave baltsamo freskoa”
FLOID (REVLON)
“After shave baltsamo babeslea”
LA TOJA
“After shave baltsamoa”
GILLETTE SERIES
“After shave baltsamo larruazal sentsible-
entzat”
Prezioa (euro litroko) 24,97 37,87 36,90 65,04
Formatua (ml) 150 125 100 75
Produktuaren itxura
Itxura Emultsioa Emultsioa Emultsioa Emultsioa
Kolorea Urdina Zuria Zuria Zuria
Usaina Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Perfuma-
tua
Ezaugarri fisiko-kimikoak
pH-a 6,3 5,9 4,8 5,9
Biskosi-
tatea 1
38.075 23.375 4.191 5.548
Estraktu lehorra (%) 2 4,2 8,6 7,9 8,1
Alkohola (%) 3 9,9 13,3 13,9 Ez
Substantzia aktiboen edukia
Glizerola (%) 4 Ez Ez Ez 0,5
Bisabola (%) 5 0,05 0,1 Ez
E bitaminaren azetato (%) 6 0,05 Ez Ez
Pantenola (%)7 Ez Ez 0,38
Alantoina (%)8 0,2 0,2 0,2
Urea (%)9 Ez Ez N.D
Larruazala-
ren tolerantzia
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ez da narrita-
garria
Ahalmen hidrata-
tzailea
Hidrata-
tzailea
Hidrata-
tzailea
Ez hidrata-
tzailea
Ez hidrata-
tzailea
Kalitate orokorra Ongi Ongi Zuzen Zuzen
Erabilera proba
(1 – 9) ep
6,5 6,5 7,1 7,0

N.D.: Ez da nabari

1 Biskositatea: hurrengoen arabera balioztatu da: < 3000 (txarrena), 3000-8000, >8000 (hoberena)

2 Estraktu lehorra: ura eliminatuz gero geratzen diren gai organiko eta mineralen kopurua

3 Alkohola: propietate freskagarri eta tonikoak dituena

4 Glizerola: substantzia hidratatzailea

5 Bisabola: propietate larruazalaren hanpaduraren kontrakoa.

6 E bitaminaren azetatoa: zimurren kontrakoa, lasaigarria, orbaintzailea eta hidratatzailea

7 Pantenola: larruazalaren konpontzaile, nutritzaile eta hidratatzailea

8 Alantoina: orbaintzailea

9 Urea: hidratatzailea

ep Erabilera proba: balioztatu diren alderdietan ez da alde esanguratsurik aurkitu

Banan-banan

Zortzi baltsamoak, banan-banan

SANEX MEN "After shave baltsamoa"

  • 36,54 euro litroko
    Kalitate orokorra: ongi
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Bai emultsioaren pH-a, bai biskositatea ere, egokiak dira. Substantzia aktiboen aldetik, eduki osatuenetakoa duena. Alkoholik gabea. Aplikatu eta handik bi ordura, gehien hidratatzen duen baltsamoetako bat.
  • Erabilera proban: 6,4 puntu, 9tatik.

NIVEA FOR MEN "After shave baltsamo sesitive"

  • 55,38 euro litroko
  • Kalitate orokorra: oso ongi
  • Aukera polita, hau ere. Emultsio hau likidoena da. Bere pH-a larruazalarena baino altuxeagoa da baina, substantzia aktiboen aldetik, eduki osatuenetakoa duena. Alkoholik gabea. Aplikatu eta handik ordu erdira zein bi ordura, gehien hidratatzen duen baltsamoa da.
  • Erabilera proban: 6,2 puntu

KINESIA ARTIC "After shave balm"

  • 24,52 euro litroko, bigarren merkeena
  • Kalitate orokorra: ongi
  • Emultsioaren biskositatea zuzena da baina pH-a larruazalarena baino altuagoa da. Alkohol gehien daukana (%14,1). Larruazala eguzkitik babesteko filtro ultramorea. Hidratatzaile eskasa, baina eraginkorra.
  • Erabilera proban: 6,6 puntu.

LEA "After shave baltsamoa"

  • Albergue de bolea
    16,76 euro litroko, denetan merkeena
  • Kalitate orokorra: ongi
  • Bai emultsioaren pH-a, bai biskositatea ere, egokiak dira. Substantzia aktiboen aldetik, eduki eskasenetako bat duena. Estraktu lehorraren portzentajeetan bigarren txikiena; etanol (alkoholik) gutxien duen bigarrena. Hidratatzaile eraginkorra.
  • Erabilera proban: 6,3 puntu.

WILLIAMS "After shave baltsamo freskoa"

  • 24,97 euro litroko
  • Kalitate orokorra: ongi
  • Kolore urdineko baltsamo bakarra. Emultsioaren biskositatea egokia da; pH faktorea, berriz, larruazalarena baino altuxeagoa. Alkohol gutxi daukana. Hidratatzaile eraginkorra.
  • Erabilera proban: 6,5 puntu.

FLOID (REVLON) "After shave baltsamo babeslea"

  • 37,87 euro litroko
  • Kalitate orokorra: ongi
  • Bai emultsioaren pH-a, bai biskositatea ere, egokiak. Estraktu lehorrik gehien Hidratatzaile eraginkorra. Alkoholik gehien dutenetako bat.
  • Erabilera proban: 6,5 puntu, 9tatik.

LA TOJA,"After shave baltsamoa"

  • 36,90 euro litroko
  • Kalitate orokorra: zuzen
  • Biskositate eta pH egokiak. Alkohol gutxien dutenetako bat. Ez du hidratatzen. Erabilera proban,: 7,1 puntu.

GILLETTE SERIES "After shave baltsamoa, larruazal sentsibleentzat"

  • 65,04 euro litroko, denetan garestiena
  • Kalitate orokorra: zuzen
  • Biskositate eta pH egokiak baina substantzia aktiboen edukia, eskasenetako bat.. Alkoholik gabea. Larruazala eguzki izpietatik babesteko, izpi ultramoreen filtroduna. Ez du hidratatzen.
  • Erabilera proban, 7 puntu.