Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Pazientearen eskubideak : Garrantzi handikoak direnez, horien berri izatea komeni zaigu

Ez dakigu hainbat kontzepturen esanahia, hala nola "onespen informatua", askatasunez edo konfidentzialtasunez aukeratzeko eskubidea, etab.

Osasuna, eskubide

Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak xedatua du hiritarrak bere osasuna babesteko eskubidea duela eta, era berean, beharrezkoak diren neurri, prestazio eta zerbitzuen bitartez, herri osasuna antolatu eta babestea obligazio dutela botere publikoek, eskubide konstituzional hori 14/1986 Lege Orokorrak horrelaxe arautu baitzuen. Bi arauek ere osasuna babestea hiritarraren eskubidetzat jotzen dute, ez betebeharreko gisa; epidemien kontrola edota kolektibitate osoaren arriskuen prebentzioa, berriz, botere publikoentzat betekizun aktiboa eta hiritarrentzat betekizun pasiboa dira.

Horiek ez ezik, gizakiaren eskubide eta biomedikuntzari buruz Europar Batzordeak izenpeturiko Hitzarmena 2000 urteko urtarrilean indarrean sartu zen Espainian: bertan, biologia eta medikuntzaren aplikazioan, gizakiaren duintasun eta eskubideak babesteko markoa ezarri zen. Nolanahi ere, gai honi buruzko lege-multzoa ugari-ugaria izan arren, osasunarekin zerikusia duen orok buruko minak sortarazten dizkio oraindik ere herritarrari. Adibidez, 2002 urtean, Espainiako Pazientearen Defentsarako Elkarteak (ADEPA) eta Osasun Arduragabekeriek Kalteturikoen Elkarteak (AVINESA), medikuntza alorrean gertaturiko axolagabekeriak, gutxieneko arreta ez jasotzea, itxarote-zerrenda edo anbulantzi zerbitzuaren okerreko funtzionamendua eta antzekoak medio, 11.300 salaketa eta erreklamazio jaso zituzten. ADEPA elkartearen iritziz, kopuru hori 55.000 erreklamaziotara iristen da, Espainiako Herri-Defendatzailearen, Osasun Ministerioaren edota autonomi erkidegoetako osasun kontseilaritzen aurrean eginikoak ere kontuan hartuz gero. Hala eta guztiz ere, irregulartasun horiek Espainian askoz ere gutxiago salatzen dira Europan baino, eskubide hori praktikan jartzen dutenak kaltetuen %25 edo %30 baizik ez direlako. ADEPA-ren aburuz, pazientearen eskubideak ez dira beti errespetatzen, are gutxiago zaharren edo ezinduen kasuetan. Horrelakoak harik eta larriagoak dira, pertsona horiek ez baitute izaten salaketa edo erreklamazioa jartzeko gaitasunik, ezta asmorik ere, Larrialdi Zerbitzuetan batez ere.

Zer da onespen informatua?

Onespena ematea pazientearen eskubidea da eta informazioa ematea sendagilearen obligazioa, agiri batean agertu beharrekoa. Onespen informatua egintza bat da: sendagileak pazienteari azaltzen dizkio gaixotasunaren izaera, eragina eta ondorioak, eta osasuna suspertzeko aurreikusita dituen prozedura terapeutikoen arrisku eta onuren berri ematen dio; hori horrela izan dadin, prozedura horiek praktikan jarri ahal izateko onespena eskatzen dio sendagileak pazienteari.

Informazio hori agiri batean jasotzen da, hainbat datu azalduz: pazienteak sendagilearen esku hartzea onartzen duela eta esku hartze horren xehekapenak: arriskuak, diagnostikoa, pronostikoa, alternatibak, etab. Agiria pazienteak (bere DNI agertuz) eta sendagileak (bere kolegiatu zenbakia azalduz) sinatzen dute. Onespen informatua bete beharrekoa da hainbat kasutan: abortua, transplantea, organo emakida, saiakera klinikoak eta, oro har, pazientearentzat arriskurik izan dezakeen teknika inbasiboak aplikatzean.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak