Galtza bakeroak

Garestiena bat, hoberena beste bat

Badira on-onak oso prezio modukoan, denetan bi merkeenek ez dute proba gainditu eta goi-gamakoa ez da nabarmentzen bere kalitateagatik
1 urtarrila de 2005

Garestiena bat, hoberena beste bat

/imgs/20050101/img.analisis-2.01.jpg
Oraingoan gizonezkoentzako bederatzi galtza bakero urdin aztertu dira; prezio batetik bestera alde handiak daude: 18 eurotik (Carranza) hasita, 120 euroraino (Polo Ralph Lauren) doaz, gehienak 60 euro inguruan dabiltzan arren. Galtza bakero bat aukeratzean irizpide subjektiboek eragin handia (politak izatea, gorpuzkerari graziaz egokitzea edo markaren irudia, adibidez) duten arren, CONSUMER-ek eginiko azterketako datuak bakarrik kontuan izaki, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Solido lagina da, hots, kalitate hobereneko hiruetatik merkeena. Erabiltzaileak bakero zaharkitua nahi badu, berriz, aukera polita Lee Cooper da, hots, prezio merkeeneko hiruretako bat, osoko kalitate onekoa.

Galtza bakeroak 131 urte beteak ditu dagoeneko. Hastapenetan meategi eta laborantza lanetarako sortuak, benetan iraunkor eta gogorrak diren galtza hauek aspaldiko partez toki polita betetzen dute armairu gehienetan.

Bakeroak sarga sistemaz lantzen den kotoizko denim izeneko ehun gogorrez egiten dira: bertan, luzerako hariak (irazkia) indigo urdinez tindatuak daude eta zeharkako hariak (bilbea) zuriak dira. Horregatik dute galtza bakeroek kolore bat kanpoaldean eta beste bat barrualdean.

Indigo landarea (indigofera) urria denez (mundu zabalean dauden aleak ez dira aski egun fabrikatzen diren mila milioi galtza bakeroak tindatzeko) ohiko kontua da koloratzaile artifizialak baliatzea (indigo sintetikoa). Bakero guztiak modu berean tindatzen dira; hurrengo prozesuan (entzimen bidez, harrien kontra igurtziz, laserra edo bestelakoak aplikatuz), berriz, galtza bakoitzari emango zaio zaharkitze tonua edo nahi dena.

Osaketa

Azterturiko bederatzi bakeroetan baliatu den ehun bakarra kotoi hutsa den arren, kotoi guztiak ez dira berdinak: badira kardatuak (eskasagoak) eta orraztuak (hobeak, zikinkeriak suntsitzeko berariazko prozesua aplikatu zaielako). Aztertutako laginetatik bakar batek (Liberto) baliatu du ehun orraztua. Haria erdiesteko erabili den sistemari (irutea) dagokiola, uztaiena (Liberto, Solido, Bonaventure eta Polo Ralph Lauren laginek baliatutakoa) omen da sistema hoberena. Metro karratuko zenbat eta kotoi gehiago eduki orduan eta erresistentzia handiagoa agertuko du galtzak. Araua bederatzi laginek betetzen dute (denen gramajea 440 eta 510g/m2 artean baitago). Harrigarria bada ere, zaharkitua izan ez den bat da denetan txarrena (Bonaventure, 418 g/m2) eta hoberena, aldiz, higatuena (Lee Cooper, 470 g/m2), logikoena alderantzizkoa litzatekeen arren (zaharkitze prozesuan gramajetik galdu egiten baita). Ehunaren trinkotasuna (dentsitatea) kalkulatzeko, ehunak zentimetro karratuko dituen luzerako eta zeharkako harien kopuruak zenbatu behar dira. Proba hau ere bederatzi galtzek gainditu dute, emaitza guztiak antzekoak izaki. Bukatzeko, hariak gurutzatzeko sarga sistema (arruntena) darabilte denek.

Bakero baten funtsezko ezaugarrietako bat, erabilera egoera onean luzaro irautea da. Hori kasuz kasu egiaztatzeko, galtzei ekarpen-indar bat noziarazi zitzaien, ehuna hautsi arte. Proba gainditzeko luzeran 736 Newton gutxienez jasan behar izan zituzten, eta zabaleran 589 Newton. Solido izan zen hoberena, Carranza, Lee Cooper, Bandolli Jeans, Polo Ralph Lauren eta Levi’s laginak behar baino lehenago urratu zirelarik. Proba gainditzeke geratu direnak zaharkitutakoak dira; dena den, zaharkitze prozesu horrek ez du aitzakia izan behar: arauak bakero guztientzat xedatua duen gutxieneko iraunkortasuna bermatu behar du fabrikatzaileak nolanahi ere. Urratzearen aurreko erresistentzia proban ere Solido izan ere onena Bonaventure ondo-ondotik zetorkiola. Carranza, Lee Cooper, Bandolli Jeans eta Levi’s laginek proba hau ere gainditzeke utzi zuten. Batean eta bestean Levi´s galtzak ia-ia gainditu zuen, baina horretan gelditu zen. Josturen erresistentzia proba ere ez zuten gainditu Carranza eta Bandolli Jeans laginek.

Ikuztean

Bakero guztiek erabat kotoiz eginak daudela adierazi arren, uretan ikuzteko aholkuak aldatu egiten dira lagin batetik bestera. Gauza bitan bakarrik datoz denak bat: garbitzeko lixibarik ez dela erabili behar eta, lehorrik, perkloroetilenoz ere ikuz daitezkeela galtzak. Aholkaturiko tenperaturak 30ºC-tatik (Liberto) 60ºC-tara arte doaz (Solido, Lee Cooper eta Lee), 40ºC-tan barrena (Levi’s, Carranza, Bandolli Jeans, Bonaventure eta Polo Ralph Lauren). Lisatzeko tenperaturari goazkiola, Liberto eta Carranza laginek 110ºC aholkatzen dute, Solido eta Lee Brooklyn-entzat egokiena 210ºC da eta gainerakoen iritziz, galtzak 150ºC -180ºC tartean lisatu behar dira.

Lehorgailuaren erabileraz ere aholku desberdinak ematen dituzte: Liberto eta Bandolli Jeans-ek lehortzeko aparatuan ez sartzea nahiago dutelarik, Solido, Levi’s 501, Lee Cooper eta Polo Ralph Lauren laginek bidezkotzat jotzen dute, marka bakoitzak potentzia desberdin bat aholkatzen badu ere. Carranza eta Bonaventure laginek ez dute informazio garrantzitsu hori ematen; Lee Brooklyn-ek informazioa eman bai, baina ikur desegokiaren bidez egin du. Liberto, Carranza eta Bonaventure-k ez dute galtza barrukoz kanpora ikuztea aholkatzen; Levi´s, Lee Cooper, Lee eta Polo Ralph Lauren laginek, aldiz, beren produktuak banan-banan ikuzi eta lehortzea gomendatzen dute.

Nolanahi ere, galtza hauek ikuzi, lehortu eta lisatzeaz hainbeste aholku ematen direnez, bakero bakoitzari dagozkionak bereziki eta arreta handiz irakurtzea komeni da, arazorik ez izateko.

Laborategian eginiko proba guztiak aintzat hartuta, kalitate hobereneko galtzak Liberto, Bonaventure eta Solido dira. Ondotik Lee Brooklyn, Lee Cooper, Levi’s 501 eta Polo Ralph Lauren datozkie (“ongi”). Carranza eta Bandolli Jeans, merkeenak izaki, “onargari” baizik ez dira. Hiru lagin hoberenek hariak fabrikatzeko uztaien sistema baliatzen dute baina, jakina denez, sistema horrek bakarrik ez du bermatzen emaitza on-onik: gogoan izan Polo Ralph Lauren laginaren hariak fabrikatzeko sistema hori erabili dela eta, halaz ere, “ongi” apal batean gelditu dela, prezioa gorabehera (merkeena baino sei aldiz garestiagoa).

Igurztearen aurrean

Abrasioaren aurreko erresistentzia, galtza ehun abrasibo baten kontra igurtziz frogatzen da, kontua baita ehun horretako bi hari gutxienez hausteko beharrezkoak diren igurzte-zikloen kopurua zehaztea. Bakeroak osatzeko baliatzen den denim ehunak 30.000 ziklo jasan behar ditu, bederen. Proba hau lagin guztiek gainditu zuten arren, Bonaventure izan zen denetan hoberena eta Polo Ralph Lauren eskasena (baimendutako gutxieneko kopurutik gertu ibili zen), ondotik Levi’s, Lee Cooper eta Lee zetozkiola (emaitza apalekin denak ere).

Ikuzi ondoren bakeroak ez du %2 baino gehiago bildu, txikitu, behar. Liberto eta Solido (%3,6 eta %2,4) behar baino gehiago bildu ziren luzeran eta Bandolli Jeans (%2,6), berriz, zabaleran: kasu hau larriagoa da, oso litekeena baita, galtza ikuzi ondoren, gerrira ere ez egokitzea. Dena den, hobe da galtza ikuztea behealdea moztu edo hartu aurretik. Azterturiko lagin bakar batek ez du ohikoa baino kolore gehiago galdu ez lehorrean (igurtzika) ezta uretan ere (ikuztean, alegia).

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Gizonentzako bederatzi galtza bakero urdin aztertu dira oraingoan; prezioak 18 eurotik (Carranza) 120 euroraino doaz (Polo Ralph Lauren).
  • Denak kotoi hutsez eginak badaude ere, lagin batetik bestera kalitatea aldatu egiten da.
  • Intentsitate handiko zaharkitze prozesua nozitu duten galtzak (Levi’s, Carranza, Lee Cooper, Bandolli Jeans eta Polo Ralph Lauren) kalitate apalagoa agertzen dutenak dira, oro har, trakzioaren eta urratzearen aurreko erresistentzia mekanikoari dagokiola, bereziki.
  • Ikuzi eta lehortu ondoren, Liberto, Solido eta Bandolli Jeans laginak behar baino gehiago biltzen (uzkurtzen) dira.
  • Laborategiko proba guztiak Bonaventure eta Lee Brooklyn laginek bakarrik gainditu dituzte. Liberto, Solido eta Bonaventure laginak kalitate on-onekoak dira; Carranza eta Bandolli Jeans (merkeenak) laginek ez dute osoko proba gainditu eta gainerakoak “ongi” huts batean geratu dira.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Solido da, azterketako kalitate hobereneko hiru galtzetatik merkeena (51 euro). Lee Cooper ere aukera polita da: osoko kalitate onekoa izaki, hirugarren merkeena (42 euro).
MARKA SOLIDO LEE COOPER LIBERTO BONAVENTURE LEE
Modeloa Q-5-Best Urbans Doublestone Cody Rolling Broklyn
Prezioa (euroak) 51 42 65,98 69 55,07
Zaharkitzea Jatorrizko kolorea Zaharkitua +++ Jatorrizko kolorea Jatorrizko kolorea Zaharkitua +
Egintzaren kalitatea
Oihalaren osaketa Kotoia %100ean Kotoia %100ean Kotoia %100ean Kotoia %100ean Kotoia %100ean
Kotoi mota 1 Kardatua Kardatua Orraztua Kardatua Kardatua
Irute mota 2 Uztaiak Errotorea Uztaiak Uztaiak Errotorea
Azalera-unitatearen pisua 3 433 470 455,5 418 461
Trinkotasuna 4 Onargarri Ongi Ongi Onargarri Ongi
Gurutzaketa 5 Sarga Sarga Sarga Sarga Sarga
Jokaera mekanikoa
Trakzioaren aurreko erresistentzia Oso Ongi Gaizki Ongi Ongi Ongi
Urratzearen aurreko erresistentzia Oso Ongi Gaizki Ongi Oso Ongi Ongi
Trakzioaren aurreko erresistentzia josturetan Ongi Ongi Oso Ongi Oso Ongi Ongi
Jokaera erabileran
Abrasioaren aurreko erresistentzia Ongi Onargarri Ongi OsoOngi Onargarri
Igurzte lehorraren aurreko irmotasuna Oso Ongi Oso Ongi Onargarri Ongi Oso Ongi
Jokaera ikuztean
Ikuztean eta lehortzean, dimentsioen egonkortasuna Gaizki Ongi Gaizki Oso Ongi Ongi
Ikuztean irmotasuna Onargarri Oso Ongi Ongi Ongi Ongi
Igurzte hezearen aurreko irmotasuna Onargarri Ongi Onargarri Onargarri Ongi
OSOKO KALITATEA Oso Ongi Ongi Oso Ongi Oso Ongi Ongi
MARKA LEVI?S POLO RALPH LAUREN CA RRANZA BANDO LLI JEANS
Modeloa 501 East 1967 550
Prezioa (euroak) 68,26 120 18 27
Zaharkitzea Zaharkitua ++ Zaharkitua ++ Zaharkitua ++ Zaharkitua ++
Egintzaren kalitatea
Oihalaren osaketa Kotoia %100ean Kotoia %100ean Kotoia %100ean Kotoia %100ean
Kotoi mota 1 Kardatua Kardatua Kardatua Kardatua
Irute mota 2 Errotorea Uztaiak Errotorea Errotorea
Azalera-unitatearen pisua 3 461,5 422,5 423 454
Trinko tasuna 4 Ongi Onargarri Onargarri Ongi
Guru tzaketa 5 Sarga Sarga Sarga Sarga
Jokaera mekanikoa
Trakzioaren aurreko erresis tentzia Gaizki * Gaizki Gaizki Gaizki
Urratzearen aurreko erresis tentzia Gaizki * Ongi Gaizki Gaizki
Trakzioaren aurreko erresis tentzia josturetan Ongi Ongi Gaizki Gaizki
Jokaera erabileran
Abrasioaren aurreko erresis tentzia Onargarri Onargarri Ongi Ongi
Igurzte lehorraren aurreko irmotasuna Oso Ongi Oso Ongi Oso Ongi Oso Ongi
Jokaera ikuztean
Ikuztean eta lehortzean, dimentsioen egonkor tasuna Oso Ongi Oso Ongi Ongi Gaizki
Ikuztean irmotasuna Oso Ongi Onargarri Oso Ongi Oso Ongi
Igurzte hezearen aurreko irmotasuna Ongi Ongi Onargarri Onargarri
OSOKO KALITATEA Ongi Ongi Gaizki Gaizki

(1) Kotoi mota: orraztua edo kardatua izan daiteke. Orraztutako kotoia kardatutakoa baino kalitate hobekoa da

(2) Irute mota: hariak eratzeko erabilitako sistema adierazten du. Azterlan honetako sistemetan, uztaiena errotorearena baino kalitate hobekoa da.

(3) Azalera-unitatearen pisua: metro karratuko azaleran dagoen kotoi kopurua adierazten du

(4) Trinkotasuna: oihaleko zentimetro bakoitzeko hari kopurua adierazten du

(5) Gurutzaketa: luzerako eta zeharkako hariak gurutzatzen diren forma adierazten du

* Atal hau gainditu ez badu ere, gertu-gerturik geratu da

Banan-banan

Banan-banan

SOLIDO

  • /imgs/20050101/solido.jpg 51 euro
  • Ehun-kalitate on-onekoa.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Hariak uztaien sistemaz (hoberena) eginak daude, baina kotoia kardatua dago (txarrena). Oihalak trakzioaren, urraketaren eta kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia on-ona agertzen du. Ikuzi ondoren, ordea, baimendutakoa baino gehiago bildu da (luzeraren %2,4).

LEE COOPER

  • /imgs/20050101/lee.jpg 42 euro
  • Ehun-kalitate ertainekoa.
  • Aukera polita, hau ere. Intentsitate handiko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Hariak errotore sistemaz (txarrena) eginak daude eta kotoia kardatua dago (txarrena). Metro karratuko kotoi gehien daukana (470 g/m2). Oihalak kolorgetze lehorraren eta ikuzketaren aurreko erresistentzia on-ona agertzen du baina ez ditu gainditu trakzioaren eta urratzearen aurreko erresistentzi probak.

LIBERTO

  • /imgs/20050101/liberto.jpg 65,98 euro
  • Ehun-kalitate on-onekoa.
  • Kotoi zuntz orraztuak baliatzen dituen bakarra (kalitate hobekoak); hariak uztaien sistemaz egin dira (hoberena). Josturen erresistentzia on-ona da, baina galtza ikuzi eta lehortu ondoren baimendutakoa baino gehiago bildu da (luzeraren %3,2).

BONAVENTURE

  • /imgs/20050101/bonaventure.jpg 69 euro
  • Ehun-kalitate on-onekoa.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Hariak uztaien sistemaz (hoberena) eginak daude, baina kotoia kardatua dago (txarrena). Laborategiko proba guztiak gainditu ditu. Metro karratuko kotoi gutxien daukana (418 g/m2). Josturen eta oihalaren erresistentzia trakzioaren, urratzearen eta abrasioaren aurrean on-ona da, bi dimentsioetako egonkortasuna bezala.

LEE BROOKLYN

  • /imgs/20050101/brooklyn.jpg 55,07 euro
  • Ehun-kalitate ertainekoa.
  • Intentsitate apaleko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Hariak errotore sistemaz (txarrena) eginak daude eta kotoia kardatua dago (txarrena). Laborategiko proba guztiak gainditu ditu. Oihalak kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia on-ona agertzen du.

LEVI´S

  • /imgs/20050101/levi.jpg 68,26 euro
  • Ehun-kalitate ertainekoa.
  • Intentsitate ertaineko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Hariak errotore sistemaz (txarrena) eginak daude eta kotoia kardatua dago (txarrena). Oihalak kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia, ikuztearen aurreko irmotasun eta bi dimentsioetako egonkortasuna on-onak agertzen ditu. baina ez ditu gainditu trakzioaren eta urratzearen aurreko erresistentzi probak.

POLO RALPH LAUREN

  • /imgs/20050101/polo.jpg 120 euro, denetan garestiena
  • Ehun-kalitate ertain apalekoa.
  • Intentsitate ertaineko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Hariak uztaien sistemaz (hoberena) eginak daude, baina kotoia kardatua dago (txarrena). Oihalak kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia eta bi dimentsioetako egonkortasuna on-onak agertzen ditu, baina ez ditu gainditu trakzioaren aurreko erresistentzi probak.

CARRANZA

  • /imgs/20050101/carranza.jpg 18 euro, denetan merkeena
  • Ehun-kalitatea, galdatzen den apalena baino kaskarragoa.
  • Intentsitate ertaineko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Hariak errotore sistemaz (txarrena) eginak daude eta kotoia kardatua dago (txarrena). Oihalak kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia eta ikuztearen aurreko irmotasun on-onak agertzen ditu, baina ez ditu gainditu trakzioaren eta urratzearen aurreko erresistentzi probak eta josturak ez dira behar bezain erresistente.

BANDOLLI JEANS

  • /imgs/20050101/bandolli.jpg 27 euro, bigarren merkeena
  • Ehun-kalitatea, galdatzen den apalena baino kaskarragoa.
  • Intentsitate ertaineko zaharkitze-prozesua aplikatu zaio. Hariak errotore sistemaz eginak daude eta kotoia kardatua dago (bietan ere, kalitate apal-apalez). Oihalak kolorgetze lehorraren aurreko erresistentzia eta ikuztearen aurreko irmotasun on-onak agertzen ditu baina ez ditu gainditu trakzioaren eta urratzearen aurreko erresistentzi probak eta josturak ez dira behar bezain erresistente. Ikuzi ondoren, gainera, baimendutakoa baino gehiago bildu da (zabaleraren %2,6).