Bainila zaporedun krema izozkiak eta landare-gantzezko izozkiak

Garestiak pisu handiagokoak dira, ez zaporetsuago

Oro har elikagai ona izanik, osasuntsuago gertatzen dira batzuk besteak baino Sei bainila-izozki aztertu dira oraingoan, izaeraren arabera berariazko izen komertziala dutenak
1 uztaila de 2000

Garestiak pisu handiagokoak dira, ez zaporetsuago

/imgs/20000701/analisisa01.jpgLehengo laurak esne-gantzez eginikoak dira eta beste hirurak, aldiz, landare-gantzez. Laginek litroa (lauk) eta litro erdia (hiruk) zuten eta prezio batetik bestera sekulako aldia zegoen: litroko 229 pezetatik (Frías) 1.470 pezetaraino (Häagen Dasz. Izozkia elikagai ona da: nutrigarria aski kopuru orekatsuan izatearren, biziki kalorikoa ez delako, ez baitu kolesterol ugari aportatzen eta, gainera, liserigarria izateagatik.

Kaloria gehien dituztenak (ehun gramoko 250 kaloria inguru) Häagen Dasz eta Tofutti dira; gutxien dauzkatenak, Frías, Tofutti eta Miko: 200 kaloria baino gutxiago, 100 gramoko. Gantzatsuenak Häagen Dasz eta Farggi dira (osotasunaren %15etik gora gantza baitute) eta “gihartsuenak”, Frigo, Frías eta Miko (%10etik behera dabiltza hirurak).Azkenik, kolesterol gutxienekoak Frigo, Tofutti eta Frías dira (hirurak ere, esnez bestelako gantzez eginikoak).

Dentsitate handienekoak Häagen Dasz eta Farggi ziren: litroko ia 900 gramo zituzten; Frías, Camy eta Frigo ez ziren iritsi, litroko, 550 gramotara. Alderdi honek izozkien prezioa erlatibo bihurtzen du.

Osasun-higiene alorretik, lagin guztien kalitatea, zuzen

Dastaketan itxura, ukitua, usaina eta zaporea baloratu ziren eta zaletasunak Camy-ko La Cremería (6 puntu) laginaren aldera agertu ziren krema izozkietan, eta Frigo-ko Carte D´Or laginaren aldera (6 puntu) landare-gantzezkoetan. Tofutti eta Frías (biak ere, esnez bestelako gantzez eginikoak) ez ziren aprobatura iritsi. Miko-ko “Etiqueta Negra” eta Farggi (krema izozkia) parean ibili ziren (6 puntu) eta Häagen Dasz (krema izozkia berau ere) 5 puntuan geratu zen. Kalitate-prezio erlaziorik egokiena Camy-ko “La Cremería” eta Miko-ko “Etiqueta Negra” laginek eskaini zuten, krema izozkietan, eta Frigo-ko “Carte D´Or” laginak, aldiz, landare-gantzezkoetan.

Antzekoak, ez berdinak

Aztertu diren Miko, Camy, Farggi eta Häagen Dasz marketako izozkiak esnez (esne osoa Farggi markakoak, gaingabetua gainerakoek) eta esnegainez eginak dira. Frigo eta Frías markakoak esne gaingabetu eta landare-gantzez, esneki solidoez edota esne-proteinez egiten dira. Häagen Dasz eta Farggi markakoek arrautza-gorringo dute gehitua eta Farggi markak esne kondentsatu gaingabetua ere jartzen du produktuan. Miko eta Camy markakoen esnekien zerrendan ere esneki solidoak azaltzen dira. Tofutti esnerik gabe moldatzen da, bertako gantz-osagaia soia-, koltza- eta kotoi-oliozkoa delako, eta bertako proteinak soia eta tofukoak. Azukreez ari garela, izozkiok azukrea bakarrik (Häagen Dasz, Farggi) edo azukrea eta glukosa, destrosa eta bestelako siropeak dauzkate (Miko, Camy, Frías, Tofutti). Etiketek diotenez, denek (Farggi eta Häagen Dasz laginek izan ezik) dituzte emultsionatzaile, lodikari edota egonkortzaile eta koloratzaileak. Izozkia bainila-zaporeaz apaintzen duen osagaiari dagokionez, Miko eta Frigo markakoek bainila-lekak baliatzen dituztela diote; Farggi, Häagen Dasz, Tofutti eta Camy marketako laginek, bainila edo bainila-usainki naturala, eta Frías markakoak bainila-usainkia darabil.

Izozkiaren pisuaz ari garela eta gutxi gora-beherako datuen arabera, Farggi eta Häagen Dasz dira astunenak, hauen litroak ia 900 gramo dituelako. Arinenak, berriz, Frías eta Camy dira: 530 gramo baino ez. Denak daude, honelako izozkien pisuari dagokionez, arauek xedatutako mugen barnean (430 gramo litroko, gutxienez). Ura dute izozkiok osagai nagusia eta, halakotzat, produktuaren %61era iristen da, batez beste. Karbohidratoak, CONSUMER-ek eginiko azterketan, %23ra iristen dira (alderik ere hauteman den arren: Häagen Dasz laginak guztirako edukiaren %17a duen arren, Frigo-ko Carte D’Or lagineko karbohidratoak %28ra iristen dira, kasik. Proteinak osotasunaren %3ra iristen dira ozta-ozta, balio biologiko handikoak badira ere. Gantzak, izozkiaren izena, zaporea eta ukitua baldintzatzen dituelarik, %14 inguruko agerpena du krema izozkietan, eta %10 inguru esnez bestelako gantzezkoetan (Tofutti barne). Lehen multzoan Farggi eta Häagen Dasz dira nabarmenenak, gantz eduki handiagoa dutelako (%16 eta %19, alegia); bigarrenean, Tofutti da gantzatsuena (%14). Krema izozkietan landare gantzik hauteman ez izanak egoeraren zuzenaren seinale da. Honelako izozkien gantza saturatua da, batik bat. Krema izozkietan, esate baterako, gantz-azido saturatuak, batenaz beste, %69raino heltzen dira.

/imgs/20000701/analisisa02.jpg Paradoxa bada ere, Frigo eta Frías marketako landare-gantzezkoen gantza saturatuak %90 inguruan dabiltza. Tofutti bertatik urruti dabil, saturatua gantz osoaren %14 baizik ez duelarik. GAI/GAS (gantz-azido insaturatuak/gantz-azido saturatuak: zatidura zenbat eta handiago izan, orduan eta osasuntsuagoa da elikagaia) erlazioari erreparatuz, krema izozkietan 0,41 inguruan dabil; Frigo eta Frías laginetan 0,10 eta Tofutti markakoan, azkenik, 6,0 izan zen emaitza. Krema edo esnez egindako izozkiak eta landare-gantzez eginikoen arteko beste alde bat kolesterol-edukiak adierazten du. Tofutti, Carte D’Or eta Frías laginena hutsaren hurrena den bitartean, krema izozkien batez besteko kolesterol-agerpena 48 mg-koa da, ehun gramoko. Eduki apalena Miko-k azaldu zuen (24 mg/100 g) eta zerrendaren beste muturrean Farggi laginaren ehun gramoko 83 miligramoak agertzen dira, nabarmen. Nahiz eta lagin guztietan edukiak aski apalak diren, Farggi markakoa gogoan hartu beharrekoa da. Kolesterol horren sorburuak esnea, esnegain freskoa eta arrautza-gorringoa omen dira, seguruenik. Zapore gozoak eta ukitu krematsuak adieraz lezakeen bezain kalorikoak ez dira, izan, izozkiok: ehun gramoko 217 kaloria aportatzen dituzte, batenaz beste.

Kremazkoek 230 kaloria dituzte, Miko dezente azpitik geratzen da 199 kaloria besterik ez baitu, eta Häagen Dasz agertzen da gailur horretan, zazpietan kaloria gehienekoa bera delako. Landare-gantzezkoetan, Frigo eta Frías laginek 170 eta 180 kaloria bitarteko ekarpena duten bitartean, Tofutti da energia gehien eman dezakeena (244 kaloria ehun gramoko), gantz-eduki handiagoa duelako, noski. Azpimarratzekoa, Tofutti postre izoztuak laktosa-aztarnarik ez izatea: horri esker, laktosaren aurrean intolerantzia nozitzen dutenek ere, postre hori hartzeko moduan daude. Beste aldetik, kontserbakarien agerpena aztertu zuen CONSUMER-ek: aurkitu zuen arrasto bakarra, azido benzoikoa Farggi laginean. Lagin horren etiketan kontserbakaririk erabili ez duela dion arren, osagaietako batek (arrautza-gorringoa) benzoikoa dauka. Indarrean dagoen legeriak xedatutakoaren arabera, elikagaien aditiboak ez dira zertan etiketan adierazi, baldin eta ondorio teknologikorik eragiteko bezainbesteko proportzioan agertzen ez bada produktu amaituan. Izozki honetan aurkitu den kopurua, bestelako elikagaietan azido benzoikoa onartzen den kopuruez dezente azpitik dagoenez, ez dirudi tamaina horretan eragin kontserbatzailea izan dezakeenik.

Osasun-egoera onean

Osagaien (esnea, esnegaina, arrautzak, etab) kalitatea ez ezik, izozkien fabrikazio-prozesuko urrats batzuk kritiko izan daitezke egoera mikrobiologikoaren ikuspegitik: izoztu ondoren, izan ere, mikroorganismo gehienak desagertu ordez, bertan iraungo lukete, lozorroan. Esaterako, krema edo esnezko izozkietan nahaskia behar bezala pasteurizatzeak eta azkar hozteak garrantzi handia dute. Zazpi izozkien egoera mikrobiologikoa zuzena zela argi eta garbi gaztigatu zuen azterketak. Beste alde batetik, izozkien kontserbazioa faktore behinena da, ikusten den bezala. Biltegian dauden bitartean tenperatura-aldaketek (oso bortitzak ez badira ere) produktuak partzialki desizoztu eta berriro izoztea ondoriozta dezakete: hauek, era berean, ukituaren oreka delikatuan galerak eragin ditzakete. Kontserbatzeko tenperatura egoki-egokia -18º C baino hotzagoa da.

Informazio orokorra (lotea, iraungitze-data, kopuru garbia, osagaien zerrenda etab.) ez ezik, etxean produktua egokiro kontserbatzeko argibideak ere adierazi behar dituzte izozkien etiketek. Tofutti laginak izan ezik, denek adierazten dute elikagaia -18º C baino tenperatura hotzagoan kontserbatu behar dela eta, era berean, hozkailuko izozkailuan (izozkiaren ezaugarrien arabera) gehienez ere iraun dezakeen epea. Garrantzi handia duelako, izen komertzialak bereizteak ere garrantzi handia du: krema izozkiak (Miko, Häagen Dasz, Camy eta Farggi) eta bainilazko edo bainila-zaporedun izozkiak (Frigo eta Frías), alegia. Tofutti, bere aldetik, postre izoztua litzateke. Osagaien zerrendaz pare bat hitz. Farggi laginean, adierazi gabeko kontserbakari baten (azido benzoikoa) arrastoak kausitu ziren. Baina atzemaniko kopuruan ondorio kontserbatzailea eragiteko aski ez denez, legez, behintzat, ez du etiketan adierazteko obligaziorik. Bukatzeko, nutrizioaren ikuspegitiko informaziorik eza nabarmentzen da: Tofutti laginak bakarrik ezarri du bere etiketan.

Zer den izozkia

Izozkiak, hainbat lehengaik osaturiko nahasiak izoztuz moldatzen diren elikagai prestatuak dira eta, izozki diren neurrian, kontsumitzaileaganaino iritsi arte behar bezalako tenperatura egokian mantendu behar dira. Osagaien eta maneiaketen arabera, hurrengo motak bereizten dira: krema izozki, esne izozki, esnez bestelako gantzezko izozki, ur izozki, sorbete eta postre izoztuak. Izozkiei zernahi erants dakieke: txokolatea, kafea, fruitu lehorrak, frutak, zukuak, siropeak, etab. Izozkigintzan lehengai ugari baliatzen da: esnea, esnegaina, gurina, arrautzak, landare-gantzak eta azukreak, emultsionatzaile eta egonkortzaileak, aromak eta bestelako produktuak ere.

Denek laguntzen dute azken produktuaren ezaugarriak zehazteko edota hobetzeko garaian. Krema edo esne izozkiek 170 – 250 kaloria aportatzen dute 100 gramoko, gantz edukiaren arabera. Esate baterako, kremazkoak osotasunaren %8 gutxienez esne-gantza izan behar duen bitartean, esnezkoak gutxienez %2,5 eduki behar du esne-gantza. Gantz-eduki handiagoak izozkia ezaugarri organoleptiko hobeez janzten du. Karbohidratoak %17-%25 bitartean dabiltza eta gehientsuak ekoizpen prozesuan zehar eransten dira. Sakarosa eta arto-almidoizko produktuak (destrosa, adibidez) baliatzen dira izozkigintzan. Gainerako nutrikariak kopuru txikiagotan agertzen dira. Izozkiak %3 eta %5 bitarte proteina ditu, balore biologiko handikoak. Mineral eta bitaminei dagokienez, kaltzioa eta B1, B2, B3, A eta D ditugu azpimarratzekoak.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Oraingoan, lau krema izozki (Miko, Häagen Dasz, Farggi eta Camy markakoak), bi izozki (Frigo eta Frías), eta postre izoztu bat (Tofutti) aztertu dira, denak ere bainila-zaporedunak. Lehen laurak esne-gantzez eginak dira eta beste hirurak, berriz, landare-gantzez. Prezioak, litroko, 229 pezetatik (Frías) 1.470 pezetaraino zihoazen (Häagen Dasz).
  • Izozkien gantza saturatua da, batez ere; baina Frigo-ko Carte D´Or eta Frías-eko Extra-k (landare-gantzezkoak), lehengaia esnea duten kremazkoek baino gantz saturatuagoa daukate.
  • Elikagai ona izaki, ehun gramoko 200 eta 260 kaloriaren ekarpena du izozkiak
  • Kaloria gutxienekoak Frías, Tofutti eta Miko dira. Gantz gehienekoak, aldiz, (krema izozki batean gantz-kopuru handiagoa kalitate hobeagoaren seinale da, printzipioz) Häagen Dasz eta Farggi dira, edukiaren %15 baino gehiago gantza dutela, eta gantz gutxienekoak, Carte D´Or, Frías eta Miko (%10etik behera dabiltza).
  • Pisuz, astunen edo litroko gramo gehien dutenak: Häagen Dasz eta Farggi (litroko ia 900 gramo). Arinenak, ordea, Frías, Camy eta Frigo, 550 gramotara iristen ez direlarik.
  • Dastaketan hoberenak: Camy (6 puntu), krema izozkietan; Frigo (6 puntu) landare-gantzezkoetan. Tofutti eta Frías laginek ez zuten aprobatu.
  • Kalitate-prezio erlazio egokiena: Camy eta Miko, krema izozkietan; Carte D´Or (Frigo) landare-gantzezkoetan.

Bannan-bannan

Izozkiak, banan-banan

La Cremeria (Camy)

  • Bainila zaporedun krema izozkia. Litroko ontzia, 487 pezeta litroko.
  • Merkea. Kalitate-prezio erlazio egokia. Bigarren arinena (523 gramo litroko) eta laktosa gehien daukan bigarrena (%6).
  • Dastaketan, kalifikazio hoberena lortu duena: 6 puntu. Ukitu atsegina, krematsu eta harroa; bainila-zapore naturala, ongi asmatua, orekatua; itxura ez da erakargarria puntu beltzak agertzeaz gainera, bere kolore horia oso naturala ez baita.

Etiqueta Negra (Miko)

  • Krema izozkia bainila-pusketak dituena Litroko ontzia, 462 pezeta litroko.
  • Merkea. Kalitate-prezio erlazio ona. Kaloria eta kolesterol gutxien duen izozkia. Laktosa gehien daukana. Dastaketan, 6 puntu.
  • Itxura eta kolorea, trinkotasuna eta bainila-lurrinaren intentsitatea nabarmentzen dira, baina epaileak ez datoz bat hainbat alderditan: itxura erakargarria/ ez da oso naturala; trinkotasun krematsu eta atsegina/ trinkotasun koipetsua, krematsuegia. Zapore zuzena/bainila-zapore ahulegia

Farggi

  • Bainila krema izoztua Litro erdiko ontzia, 1.380 pezeta litroko.
  • Garestia. Dentsitate handieneko bat (874 g litroko). Gantz ugari (%16) eta kolesterol gehien duena. Kontserbakari bat (azido benzoikoa) du, oso gutxi, dena den.
  • Dastaketan, 6 puntu. Epaileen iritziak ez datoz bat hainbat alderditan: trinkotasunean (krematsua/gantzatsua), zapore gozoaren eta bainila-usainaren intentsitatean (egokia/gozoegia eta bainila-usain motela) eta kolorean (zuzena/hitsegia, ez da oso erakargarria).

Häagen Dasz

  • Bainilazko krema izozkia Litroko ontzia, 1.470 pezeta litroko.
  • Garestiena. Bigarren astunena (896 gramo litroko), gantz (%19) eta proteina (%4,2) gehien dauzkana. Kaloria gehien dituena, halaber: 257 kaloria 100 gramoko.
  • Dastaketan, 5 puntu. Trinkotasun krematsua, zuzen. Bainila-usain motelegia.

Carte D´or

  • Bainila-lekadun izozkia Litroko ontzia, 567 pezeta litroko.
  • Kalitate-prezio erlazio ona. Landare-gantzaz egina. Gantz gutxien (%7) eta karbohidrato gehien (%28) dituena.
  • Baina gantz guztiekiko, saturatu gehien daukana ere bai (%91,4). Dastaketan, 6 puntu. Trinkotasun krematsua, atsegina. Kolore hitsa, ez oso naturala, puntu beltzak ditu.

Tofutti

  • Madagaskarreko bainila. Postre izoztua Litro erdiko ontzia, 1.390 pezeta litroko.
  • Garestia. Landare-gantzez egina. Hezetasun (%56) eta proteina (%2,3) gutxien dituena. Gantz (%14) eta kaloria (244, 100 gramoko) ugari dauzkana.
  • Kolesterol-eduki atzeman ezina, laktosarik gabea. Gantz saturatuen proportzio txikienekoa (%14).
  • Dastaketan, 4 puntu: kolore hitsekoa, usain motel-motela, bainila-zapore artifizial, zehaztugabe, motelegia.

Isdin

  • Bainila zaporedun landare-gantzezko izozkia Bainilazko krema izozkia Litroko ontzia, 229 pezeta litroko.
  • Merkeena. Arinena (504 gramo litroko) eta hezetasun gehien duena (%69); proteina (%2,3) eta kaloria gutxien dituena, halaber: 171 kaloria 100 gramoko.
  • Gantz-azido saturatuen proportzioa, handia (%90). Dastaketan, 4 puntu: kolore on, atseginekoa. Zapore gozoegia, ez oso naturala, oso bizia eta oreka eskasekoa.