Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Txostena: Hezkuntza berezia : Gaitasunak integratu, elkarrekin ikasi

Premia bereziak dituzten 140.000 ikasle daude Espainian, eta horiekin ere lanean ari da hezkuntza sistema

Hezitzaileen prestakuntza

Lehen Hezkuntzako ikastetxe arruntetan, ohiko irakasleak aritzen dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen integrazio bideak lantzen, baina ondoan izaten dituzte irakasle laguntzaileak, fisioterapeutak, logopedak eta hezkuntza-laguntzaile teknikoak. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek orientazio zerbitzua edo departamentua eduki behar dute, eta psikopedagogoarekin batera, hainbat irakasle laguntzailek osatu behar dute taldea: pedagogia terapeutikoan espezializatutakoa izango da bat, entzumenean eta lengoaian espezializatua beste bat, zientzia-teknologia arloan beste bat eta alderdi linguistiko-sozialean bestea. Talde horiek funtzio eta zeregin ugari izaten dituzte, baina hauek dira nagusiak: ebaluazio psikopedagogikoa behar izaten duten ikasleei erantzun eta arreta egokia ematea; ikasleren batek garapen pertsonalean edo ikaskuntza prozesuan izan ditzakeen arazoak ahalik eta adin goiztiarrenean antzemateko elkarlanean aritzea; eta premia bereziak dituzten ikasleei jarraipena egiteko orduan, haien tutoreekin eskuz esku lan egitea.

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, berriz, funtzio jakinak beteko dituzten irakasleen titulu eta prestakuntzak horretara bideratua izan behar du: hezkuntza bereziko espezialitatea egina duten maisu-maistrak beharko dituzte, edo, bestela, entzumen eta lengoaian espezialistak direnak, eta horiez gain, fisioterapeutak, logopedak, hezkuntza-laguntzaile teknikoak, psikologo/pedagogoak eta gizarte langileak.

Ikaskuntza arazoak

Hezkuntza premia bereziak dituzten neska-mutilen artean, ikaskuntza arazoak izaten dituzte batzuek; hau da, atzeratuta geratzen dira eskolak oinarrizko jotzen dituen alderdi batzuetan (irakurtzen, idazten eta kalkuluak egiten). Eskolako emaitzetan eta neska-mutilen arteko harremanetan eragina izaten du horrek, eta diagnostiko egokia egin ezean eta behar bezala esku hartu ezean, arazo gehiago ere ekar ditzake: eskolan porrot egin eta ikasketak uztea, adibidez.

Hamar haurretatik batek dauka ikaskuntza arazoren bat. Gerta daiteke arlo jakin batean bakarra edukitzea zailtasunak, edo arlo bati baino gehiagori eragitea. Horiek antzematea izaten da gauzarik zailena, beti ez direlako izaten begi bistakoak, eta kasu guztiak ez direlako berdinak; bakoitzak ditu bere ezaugarriak, eta, beraz, bereiz aztertzekoa izaten da horietako bakoitza. Haur horiek, hala ere, ez dute izaten inolako buru atzeratasunik; horien adimena, entzumena, ikusmena, mugimendu gaitasuna eta oreka emozionala batez bestekoaren barruan daude, nahiz eta emaitzak ez izan koefiziente intelektual bera duten beste haur batzuenak bezainbestekoak.

Ikaskuntza arazorik ohikoenak

Irakurketa arazoak

Dislexia. Hau izaten da ikaskuntza arazorik ohikoena. Haurrari zail gertatzen zaio hitzak, esaldiak edo paragrafoak ulertzea, ez baita ongi moldatzen hitz idatziak dekodetzeko orduan. Ondorioz, ez ditu hitzak egoki ahoskatzen, motel irakurtzen du eta ulertzeko zailtasunak izaten ditu. Ahozkoa jasotzeko, ordea, ez du inolako arazorik, eta testu bera beste norbaiten irakurtzen dionean, oso ongi ulertzen du.

Idazketa arazoak

  • Disgrafia. Haurrari kosta egiten zaio letrak egoki irudikatzea edo orri tarte jakin baten barruan idaztea; batzuetan ezin izaten da irakurri zer idatzi duen.
  • Disortografia. Haurrarentzat oso zaila izaten da hizkuntzaren egitura gramatikala errespetatzea; ortografia akatsak egiten ditu eta, kasurik nabarmenenetan, silaba osoak falta izaten dituzte hitzek, okerreko letrekin idazten dituzte edo letra bat bestearekin trukatuta.

Kalkulu arazoak

Diskalkulia. Problemak ebazteko zailtasunak eduki ohi ditu haurrak, eta kontzeptu matematikoak ulertzea kostatzen zaio. Ez da izaten oso ohikoa, eta, ondorioz, ez da erraz antzematen. Diskalkulia duten haurrek bestelako ikaskuntza arazo batzuk ere izaten dituzte, disgrafia eta dislexia, adibidez.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak