GAILETAREN ERRADIOGRAFIA

GUTIZIA BAT DA TXIKIENENTZAT ETA BEKATU BAT NAGUSIENTZAT. BAINA TENTUZ IBILI HAUTATZEKO GARAIAN. ONGI ASMATZEKO, KONTUAN HARTU BEHAR DA ZENBAT AZUKRE DUTEN, LIPIDOEN PROFILA NOLAKOA DEN ETA BESTE ZENBAIT ALDERDI ERE NEURTU BEHAR DIRA, ADIBIDEZ GATZA ETA ZUNTZA.
1 urria de 2018
Img tema de portada listado 273

GAILETAREN ERRADIOGRAFIA

Pertsona bakoitzak urtean 5,8 kilo gaileta jaten ditu Espainiako Estatuan, datu hori eman du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA). Ia etxe guztietan izaten dira, bai haurrak daudenetan eta bai haurrik ez denetan ere. Askotarikoak daude, prezio ona dute (kiloak, batez beste, 3,49 euro balio du), eta horrek oso erakargarri egiten ditu. Hori dela eta, edozein herritako edozein etxetan sartu eta sukaldeko armairuren bat ausaz irekiko bagenu, gaileta kaxa bat aurkituko genuke. Seguru. Gosaritarakoak ez badira, askaritarakoak, edo noizbehinka mokadutxo bat egiteko balio duten horietakoak.

Baina Elikadura Osasungarriaren Piramideari begiratzen badiogu (Mediterraneoko dietan oinarritua dago, eta hor ageri da elikagai mota bakoitza zein kopurutan eta zer-nolako maiztasunarekin jatea komeni den), ikusiko dugu gailetak gorengo aldean daudela. Horrek esan nahi du, beraz, oso noizbehinka jatekoak direla, ugari ematen dituztelako azukreak (baita erantsiak ere, denetan kaltegarrienak) eta gantzak ere bai (askotan, gainera, kalitate apalekoak izaten dira); gainera, irin finduekin eginak izaten dira gehienean (oso gutxitan izaten dira osokoak). Eta nagusiki produktu gozoa den arren, gatzari ere erreparatu behar zaio, uste baino gehiago izaten du eta.

Nutrizio arloko ezaugarri horiek edukita, opilen pare-parean jartzekoak dira gailetak, nahiz eta ohiko kontsumitzaile batek pentsa dezakeen oso bestelakoak direla bata eta bestea. Eredugarritzat jotzen diren erakundeek diote, adibidez Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aecosan) eta beste zientzia elkarte batzuek, berdin-berdinak direla nutrizioaren ikuspegitik. Erosketa Gida hau egiteko, erosketa saskian ohikoenak izaten diren 15 gaileta mota hautatu ditugu, merkatuan aurki daitezkeen guztien adierazgarritzat hartuta. Honako hauek dira: Chiquilín, Marbú 0% Azukre eta Dinosaurus, Artiach etxearenak; Gaileta Gorritu Biribila eta Maria Osokoa, Eroskirenak; Oloz egindako Digestive gaileta txokolateduna eta Active Osokoa, Gullón etxearenak; La Buena María, Fontanedarena; Avenacol Digestive, Tosta Rica eta Choco Flakes, Cuétararenak; Txokolate zuriz estalitako gailetak eta Mini erakoak, Oreorenak; Príncipe Txokolatez Betea, LUrena; eta Chips Ahoy, izen bereko etxearena. Guztietan aztertu dugu zer-nolako kopuruetan ematen dituzten azukreak, gatza eta zuntza, nolako gantza darabilten, osoko zerealarekin eginak dauden edo ez, eta zenbat balio duten.

ERRAZIOAN DAGO KOSKA.

Arduraz aukeratzeko garaian, errazioarena izaten da gainditu beharreko lehenbiziko koska. Ez dago ongi aukeratzerik batzuk eta besteak alderatu gabe, eta ez dago datuak zehaztasunez alderatzerik ekoizle bakoitzak kontsumo errazio desberdin bat gomendatzen badu. Datua 100 gramo bakoitzeko eman behar dela agintzen du legeak, baina beti ez da erraz aurkitzen (letra txikia dute, ontziaren atzealdean dago…). Gainera, Espainiako Estatuan batez beste jaten den kopurua oso urruti gelditzen da 100 gramoetatik, halaxe dio Nutrizioko eta Dietetikako Goi Ikastegiak (Cesnid).

Hain zuzen, adostasun zientifikoak dio 50 gramo ingurukoa dela kopuru eredugarria gailetetarako, eta gida honetan horixe erabili dugu alderatzeak errazago egiteko. Marka batzuek nutrizio arloko informazioa emateko darabilten moduak nahasi egin ditzake kontsumitzaileak eta ondorio okerrak atera ditzakete produktu horrek egiaz beren dietan daukan eraginaren inguruan. Adibidez, bai Chiquilín gailetak eta bai La Buena María izenekoak, Fontaneda etxearenak, aurreko aldean honako aipu hau dakarte: “Sugerencia de consumo” (kontsumo gomendioa), eta ale batek nutrizioaren ikuspegitik zer dakarren adierazten dute. Chiquilín gaileta batek (8,8 gramo) 42 kcal dauzka (Erreferentziazko Kopuruaren %2). La Buena Maríak, berriz (6,1 gramo), 27 kcal ematen ditu (EK-ren %1).

Baina nork uste du, behin hasita, gaileta bakarra jaten dela? Adituek emandako errazioa (batez bestekoa) 50 gramo ingurukoa da; hau da, Chiquilín gailetetan bost eta sei arteko, eta La Buena Marían zortzi ingurukoa. Zifra errealistago horiekin, EK-ren %12ra eta %11ra iritsiko ginateke hurrenez hurren, eta horrek ez du zerikusirik ontziek kontsumitzaileei aditzera ematen dietenarekin. Beste gaileta batzuek, adibidez Marbú 0% delakoak eta Tosta Ricak askoz datu hurbilagoak ematen dituzte errazio errealista horretatik (6 eta 7 gailetari dagozkionak, hurrenez hurren).

ENERGIAZ BETETA… EDO KALORIAZ?

Gailetak oso produktu energetikoak dira, hau da, kaloria askokoak. Kontuz ibili behar da, hortaz, zenbat jaten den, eta beste produktu batzuekin txandakatzea komeni da: adibidez, gosaritan 50 gramo ogi eta banana bat janda kaloria gutxiago hartzen da aztertu diren marka gehienetatik 50 gramo gaileta hartuta baino. Baina gailetazaleek ere badituzte kaloria gehiago edo gutxiago ematen duten aukerak. Alde nabarmena dago marka batzuetatik besteetara: kaloria gehien eta gutxien ematen dutenen artean 38 kcal-eko aldea dago (mandarina batek ematen duen kaloria kopurua da hori).

Baina kalorien auzian, ez da kontuan hartu behar kopurua bakarrik. Kaloria horiek zer-nolako osagaietatik datozen ere aztertu behar da. Adibide bat: oliba olioak eta palma olioak kaloria kopuru bera daukate, baina lehenbizikoa askoz osasungarriagoa da bigarrena baino. Gaileten kasuan, osaerari begira jartzen garenean, beste oztopo bat sortzen da: nola jakin osagai bakoitza zein kopurutan ematen duen guk hautatu dugun gailetak. Araudiak dioen bezala, osagaiak kantitatearen arabera ordenatuta azaltzen dira etiketan (gehien duenetik gutxien duenera). Egokiena litzateke bakoitzaren ehunekoa ere adieraztea, baina hori ez da nahitaezkoa legez.

Informazio hori nahi duen eran ematen du marka bakoitzak, bere interesen mesedetan.

Adibidez, Mini Oreo gailetek esaten digute osagaien artean %4,5 daramatela kakao giharraren hautsa (kakaoz egindako gailetak izaki, aipatzeko moduko datua da hori), baina ez dute zehazten zenbateko portzentajean daukaten palma gantza edo nabina olioa. Bigarrena askoz osasungarriagoa da, baina ontzian ageri diren datuekin, gutxiago duela baino ez dezakegu jakin, baina ez zenbat zehazki. Aldiz, Oloz egindako Digestive gaileta Txokolatedunetan (Gullón etxekoak dira), nahitaez eman beharreko nutrizio taularekin batean, osagai jakin batzuei buruzko informazio gehigarria ere ageri da. Horri esker, badakigu olo malutak %34 direna, osoko gari irina %22, txokolate beltzaren tantak %15 eta oleiko ugariko ekilore olioa %14,5. Badirudi markek gardentasun gehiagorekin jokatzen dutela osagaiak osasungarriak direnean.

Kalorien sailkapena
  • Oreo, txokolate zuriz estalia: 255
  • Chips Ahoy: 250
  • Chiquilín: 244
  • Gaileta gorritu biribila, Eroski: 240
  • Mini Oreo: 239
  • Oloz egindako Digestive txokolateduna: 238
  • Dinosaurus: 238
  • Tosta Rica: 232
  • Príncipe, txokolatez betea: 232
  • Active Osokoa: 227
  • Choco Flakes: 225
  • Marbú 0%: 224
  • Avenacol Digestive: 222
  • La Buena María: 220
  • Maria osokoa, Eroski: 217

Kaloriak 50 g bakoitzeko.

AZUKRE GEHIEGI.

Azukrea ezinbestekoa da gailetetan. Ez alferrik, bigarren eta hirugarren osagai gisa ageri da marka guztietan. Baina hor ere alde handiak daude marka batzuetatik besteetara. Osagaien artean azukrea irakurtzen dugunean, sakarosari buruz ari da, hau da, mahaiko azukre zuriari buruz. Osagaien zerrendan, ordea, beste hainbat osagai ere agertzen dira, beste izen batekin, nahiz eta funtsean azukre erantsiak baino ez diren: glukosa, glukosa ziropa, eztia, ziropak, kanabera azukrea, kanabera eztia, azukre beltza, panela, fruta zukuen kontzentratuak, nektarra… Osotara zenbat azukre duten jakiteko, beraz, osagai horiek guztiak batu beharra dago, izen batekin edo bestearekin agertu.

Bereizita agertzen direnean, badirudi azukre kopuru osoa txikiagoa dela. Egiaz zenbat duten jakiteko, nutrizio taulara jo beharra dago (informazio horrek nahitaez agertu behar du ontzian, halaxe agintzen baitu legeak). Alde handiak daude guk aztertu ditugun marken artean. Txokolate zuriz estalitako Oreo gailetek, adibidez, erruz daukate azukrea: bi gailetak 20 gramo azukre egiten dute, eta hori asko da: gomendio ofizialek diotenez, egunean 25 gramo hartzea litzateke egokiena, eta gehienez ere 50 gramo. Aztertu dugun gaileta mota batek ohar hau ageri du ontzian azukrearen inguruan: “0% Azúcares” (%0 azukre). Informazio hori jarri ahal izateko, ekoizleak bermatu egin behar du, elaborazio prozesuan, ez zaizkiola erantsi ez monosakaridoak (glukosa, glukosa ziropa, fruktosa, fruktosa ziropa, maltodextrina, maltosa, isoglukosa, dextrosa, trehalosa…) ez disakaridoak (sakarosa eta laktosa), eta ez ezaugarri eztitzaileengatik erabiltzen den beste ezein elikagai ere, adibidez eztia.

Gehien-gehienetan, gaileta mota birformulatu horiek eztitzaile kaloriagabeak erabiltzen dituzte azukre erantsien ordez. Substantzia horiek ez diote eragiten odoleko azukre mailari, eta, ondorioz, diabetesa duten pertsonen dietan ere sar daitezke. Baina erne, zenbait ikerketaren arabera, eztitzaile horiek kalte egin diezaiokete hesteetako florari, eta ahosabaia ohitu egin dezakete oso zapore gozoetara; ondorioz, komeni baino azukre gehiago hartzera irits gaitezke beste produktu batzuek bidez. Marbú 0% Azukre izeneko gailetetan (Artiach etxekoak dira), malitol ziropa erabili dute azukrearen ordez; eztitzaile bat da, eta gehiegi hartuz gero, eragin lasaigarri desatseginak sorraraz ditzake, eta ekoizleak ere halaxe adierazten du ontzian, legeak behartu egiten du eta.

Laginean azukre gehien eta gutxien duten markak
  • Marbú 0% Azukre ARTIACH: 0,4%
  • OREO, txokolate zuriz estalia: 24,5%
  • Marka guztien batez besteko azukrea: 12,2%

% Azukrearen %a, errazio bakoitzeko.

GANTZA: KANTITATEA ETA KALITATEA.

Gantzak dira kaloria iturririk garrantzitsuenetakoak. Askotan, gainera, oso ospe txarra izaten dute. Baina mota batzuk ezinbestekoak dira osasunerako: gantz azido esentzialak eduki ohi dituzte (nahitaezkoak dira organismoak egoki funtziona dezan), bitamina lipodisolbagarrien garraiobide dira (A, D, E eta K) eta funtzio biologiko garrantzitsuak dituzten molekulen aurrendariak. Osatzen dituzten gantz azidoen arabera, hiru mota bereizten dira: saturatuak (lipidoen profil kaskarragoa daukate), saturatugabeak (monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak, osasunari mesede egiten diotenak) eta trans erakoak (zerikusia dute bihotz-hodietako gaixotasunekin).

Oro har, gantz azido saturatuak profil kaskarragoko lipidoei lotuta daude (kolesterol osoa eta LDL kolesterola, hau da, kolesterol txarra) eta, ondorioz, bihotzeko gaixotasunak izateko arrisku handiagoari lotuta. Gaileta batean, gantz kopurua bezain garrantzitsua da, edo are garrantzitsuagoa, gantz mota. Erosteko garaian, saturatuei erreparatu behar diegu batez ere, eta gutxien dutenak hautatu. Aztertu ditugun horietan, alde aipagarriak daude erraziotik erraziora, eta horrek esan nahi du aukera batzuk dezente hobeak direla beste batzuk baino. Gaileta batzuek kopuru handietan dauzkate gantz saturatuak eta gantzak oro har (biak konbinatuta), eta esan beharrik ez dago kaloriaz ere bete-beteak daudela.

Chips Ahoy izenekoek, adibidez, 12 gramo gantz ematen dute osotara errazio bakoitzeko; ehunekoetan neurtuta, produktuaren %24 dira gantzak. Beste muturrean, La Buena María gailetak daude, Fontaneda etxekoak: erdia baino gutxiago dute, 5,3 gramo. Kezkagarria al da gailetetan edo gaileta batzuetan ageri den gantz saturatu kopurua? Egin ditzagun kalkuluak. Badakigu erreferentziazko kopurua 20 gramokoa dela egun eta pertsona bakoitzeko gantz saturatuarentzat (zertxobait gutxiago haurretan), eta gantz hori kopuru handi samarretan daramaten produktu prozesatuak maiz janda, oso erraz gaindituko dugu gehienezko muga hori. Pentsa dezagun, gainera, gantz saturatu guztiak ez direla berdinak; berriki egin diren ikerketek adierazi dute, adibidez, esnearen eta esnekien gantzak eta arrautzarenak hobeak direla nutrizioaren ikuspegitik beste elikagai prozesatu batzuetan ageri direnak baino, adibidez opil eta gailetetan.

Gogoan izan behar da gure dietan ohikoak diren eta dieta osasungarria egiteko beharrezkoak zaizkigun elikagai askok ere badituztela gantz azido saturatuak, eta baita interesgarriak diren beste mantenugai batzuk ere, adibidez kalitatezko proteinak. Hona hemen adibide batzuk: basokada bat esnek 5,5 g inguru ditu (esne osoak); 10 ml oliba oliok 1,4 g (kopuru hori erabiltzen da entsalada bat ontzeko); 125 g-ko jogurt natural batek 2,3 g; 150 g-ko xerra batek (txahalarena) 4,5 g; pare bat arrautza egosik 4 g; eta 100 g antxoak 3 g inguru. Oso erraza da egunero 20 g gantz saturatutara iristea ia ohartu ere egin gabe, gure dietan gailetek baino leku gehiago behar duten produktuak janez, gainera. Beste era batean esanda: dieta osasungarri batean gailetak ez daitezke izan maiz-maiz jateko produktuak. Oso noizbehinka jan behar lirateke.

Laginean gantz saturatu gehien eta gutxien duten markak
  • Maria osokoa, EROSKI: 3,3%
  • OREO, txokolate zuriz estalia: 36,5%
  • Gantz saturatuen batez bestekoa: 12,6%

% Gantz saturatuen %a, errazio bakoitzeko.

GANTZA: KANTITATEA ETA KALITATEA.(2)

/imgs/20181001/GettyImages-173805503.jpg

Interesgarria da ikustea ekoizleek landare oliorik erabiltzen ote duten beren errezetetan, adibidez ekilore olioa (oleiko ugarikoa bada, hainbat hobeto), olibarena edo koltza olioa (azken horrek beste izen batzuk izaten ditu, adibidez kanola olioa edo nabina olioa, izan ere laurogeiko hamarkadan hainbat intoxikazio eragin zituen koltza olio faltsutuak, eta orduz geroztik oso izen txarra gelditu zaio). Nutrizioaren ikuspegitik, osagai horiek profil hobea dute beste gantz mota batzuek baino, adibidez palma edo koko olioek baino, zeinak ugari izaten dituzten gantz saturatuak. Hori dela eta, ontzian nabarmenduta agertu ohi dira.

Aztertu ditugun marken artean, bakar batek ere ez du adierazten oliba olioa duenik; ekilore olioari dagokionez, oleiko ugarikoa kopuru aipagarrietan daukate (%13 eta %18 artean) Chiquilínek, Oloz egindako Digestive Txokolatedunek, Marbú 0% Azukre gailetek, Eroskiren Maria Osokoak, Gullón etxeko Active Osokoek, Avenacol Digestive izenekoek, Tosta Ricak, Dinosaurus direlakoek eta Choco Flakes’ek. Koltza olioa, berriz, Príncipe gailetek daramate, txokolatez betetakoek, nahiz eta kopuruz palma gantza gehiago duen; azken hori beste hauetan ere ageri da: Eroskiren Gaileta gorritu biribiletan, La Buena María izenekoetan, Choco Flakesen eta Chips Ahoy markakoetan. Ekoizlerik gehienak lanean ari dira bestelako errezeta batzuk bilatu eta gailetei palma olioa kentzeko, ezaugarriei bere horretan eusten dietela (zaporea, testura, kontserbazioa…). Oraingoz gaileta mota batzuekin baino ez dute lortu (zailtasunik handiena txokolatez estalita daudenekin izaten da).

Azukrea eta gantza dira gailetei zaporea emateko erabiltzen diren bi mantenugai nagusiak, eta zentzuzkoa da, hortaz, biak batera hartuta ateratzea ondorioak. Marka horiek guztiak aztertu ondoren, ikusi dugu elaborazio prozesu handiena dutenak daudela azukrez eta txokolatez hornituenak (beteak, txokolatedunak, estaliak), adibidez Oreo etxekoak, txokolate zuriz estaliak (gaileta bakoitzaren %75 dira azukreak edo gantzak) edo Chips Ahoy direlakoak (%58). Gainerakoetan, nahiko antzekoa da profila, nahiz eta badiren “arinxeago” batzuk ere (horrek ez du esan nahi osasungarriagoak direla, baina bai aukera hobeak): La Buena María da horietako bat, edo Eroski Basic saileko Maria Osokoak (horiek dute gantz sauratu gutxien). Marbú 0% Azukre gailetek eztitzaileekin orekatzen dute azukre falta, ikusi dugun bezala, baina baita gantz kantitate aipagarriekin ere.

GATZA: GOZOAK EZ GAITZALA ENGAINATU

Deigarria da gailetek hainbeste gatz edukitzea, berez elikagai gozoen sailekoak dira eta. Aztertu dugun laginean, badira 0,1 gramo dutenak errazio bakoitzeko (Chiquilín) eta badira, beste muturrean, 0,6 gramo dutenak ere (Dinosaurus), eta azken kopuru horrek gainditu egiten du egunean gehienez hartu behar litzatekeenaren %10a. Oro har, gatz gehiago daukate osoko irinekin eginda daudenek (Eroski Basic saileko Maria osokoak edo Oloz egindako Digestive txokolatedunak) edo azukrerik ez dutenek (Marbú 0% Azukre). Gaileta horiek zuntz gehiago izaten dute edo azukrea falta dute, eta faktore horiek urritu egiten dute zaporea; hortaz, litekeena da ekoizleek ohi baino gatz gehiago erantsiz berdindu nahi izatea gabezia hori. Ez da ahaztu behar, halaber, gatza kontserbatzaile gisa ere erabiltzen dela, eta harrotasuna eta testura hobetzeko ere bai. Baina orokorrean, eta dieta arloko beharrizan berezirik tartean ez badago, nutrizioaren ikuspegitik bigarren mailako ezaugarritzat hartu behar dugu azukreak/gantzak binomioaren aldean.

“EGIAZ” OSOKOAK?

Lehenik eta behin, hitzak zer esan nahi duen jakin behar da. Araudiaren arabera, bi elikagai mota izendatu daitezke “osokoak”. Alde batetik, era horretako irinekin eginak daudenak, hau da, zereal baten ale osotik datozenak (hozia eta azala barne) proportzio jakin batean (gutxienez %50ekoa izan ohi da). Bestetik, ale osotik ez datorren irinarekin egindako produktuak ere osokoak dira baldin eta zuntza erantsi badiete (beste osagai bat gehiago balitz bezala). Etorkizuneko araudiak segur aski bereizi egingo ditu bi produktu mota horiek, eta lehenbizikoei bakarrik deitu ahalko zaie osokoak (egia esan, hori albiste bikaina da kontsumitzaileentzat). Hori iristen den arte, “egiaz” osokoa den produktua zein den jakin nahi duenak osagaien zerrendan begiratu beharko du, eta egiaztatu egin beharko du irinik gehiena osokoa dela (gariarena edo beste zereal batena) edo ale osoarekin egindako irina daramala (gariarena edo beste zereal batena).

Aztertu ditugun markei dagokienez, sei erreferentziak iradoki dute osokoak direla. Horien artean, Active osokoak dauka zuntz gehien (7 g baino zertxobait gehiago 50 g bakoitzeko, eta gehiena erantsia: olo eta zekale irin finduak); nahiz eta osagai nagusia osoko gari irina den, landare jatorriko zuntza beste osagai bat gehiago bezala ageri da. Eta, hain zuzen, horrexegatik dauka hainbeste zuntz, erantsi egin diotelako. Bere burua osoko gisa aurkezten duten gainerakoen artean, nabarmendu behar da Avenacol Digestive gaileten zuntz guztia erantsia dela (olo zahia eta gari zahia), baina besteetan ez da berdin gertatzen. Egiaztatu dugu gailetarik sinpleenek daukatela profilik komenigarriena nutrizioaren ikuspegitik. Eta orain ikusten dugu elaboraziorik gutxien dutenak direla merkeenak ere.

Batzuetan badirudi marka ordaintzen ari garela produktua bera baino gehiago. Alderdi guztiak kontuan hartuta emaitza onenak eman dituzten hiru markak hauek izan dira: Gullón etxeko Active osokoa, Cuétara etxeko Avenacol Digestive eta Eroski Basic saileko Maria osokoa. Hiru horiek daukate azukre eta gantz saturatu gutxien, hirurek ekilore olioa baitarabilte, oleiko ugarikoa. Bereziki nabarmentzekoa da Eroski Basic saileko Maria osokoa, beste biak ez bezala, irina osokoa delako gehienbat eta kiloaren prezioa ere beste biena baino hobea. Nolanahi ere, ez dezagun ahaztu gailetak noizbehinka jatekoak direla, eta hautatzen hasita, azukre gutxien dutenak aukeratu behar direla beti, kalitate oneneko gantzak dituztenak eta egiaz osokoak direnak.

GAILETAK EZ DIRA HAURREN KONTUA

Haurrei zuzentzen zaizkien gaileta motak garestiagoak izaten dira, oro har. Ezaugarri hori ez dago osagaiei lotuta, haurrek produktu horiek erosarazteko duten ahalmenari baizik. PAOS kodeak arautu egiten ditu adingabeei zuzentzan zaizkien elikagai eta edarien iragarkiak, eta dei egiten du haurrentzako produktuen iragarkiak zintzoak eta egiazkoak izan daitezela, eta ez daitezela baliatu neska-mutilen xalotasunaz eta sineskortasunaz. Ildo horretan, ez zaio egokia iruditzen sariak eta opariak erabiltzea, ezta marrazki bizidunetako irudiak eta pertsonaia ezagunak ere, marketin tresna horien ondorioa izaten baita mezu horiengatik erosten direla, eta ez produktuagatik beragatik.

Publizitatean edo ontzian ikusten dutenari jarraituz aukeratzen dituzte haurrek gailetak, barrenean zer dagoen jakin ere egin gabe. Eta ekoizleek ematen duten informazioan nabarmendu egiten dute zerealak, bitaminak, burdina, kaltzioa eta fosforoa mantenugai garrantzitsuak direla haurren garapenerako. Horrek guztiak irudi hobea ematen dio produktuari eroslearen begietara, nahiz eta nutrizioaren aldetik berez ez den elementu bereizgarri bat beste gaileten aldean (gainera, ez da kontuan hartzen dieta osasungarri batek lehendik ere ematen dituela haurrek behar dituzten mantenugaiak, eta dieta eredu horretan, gainera, oso noizbehinka jatekoak dira gailetak). Iragarki mota horiek, produktuen alderdi jakinak nabarmentzen dituztenak osasunerako hobeak balira bezala ikus ditzagun, ohikoak eta legezkoak dira. Halakoetan, kontsumitzaile arduratsuen zeregina da informazio hori tentuz hartzea eta kritikotasun zorrotzez jokatzea.