Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Eguberrietako oporrak : Gabonak eta haurrak: opariak, telebista... eta zerbait gehiago

Eguberrietako oporrak pozez hartzen dituzte haurrek, baina kezka ere ekartzen dute hainbat familiatara, gurasoei zail gertatzen baitzaie lana eta etxea bateratzea

Eguberriak familiarekin gozatzeko zenbait ideia

Gabonak bereziak izaten dira, baina ez opari eta opor garaia delako soilik. Familiak elkartzea, zinemara joatea, Olentzero eta Errege Magoak ikustera joatea, haurrentzat antolatu dituzten erakusketa eta azoketan ibiltzea… ez da falta izaten aisialdiko eskaintzarik, eta haurrek eta gurasoek elkarrekin egiteko modukoak izaten dira, gainera.

Haurrentzako jaialdiak eta erakusketak

Egun hauetan, hainbat azoka egiten dira, eta ekitaldi asko izaten dituzte: antzerkiak, zine forumak, xake eta argazki lehiaketak, eta kirol lehiaketak ere bai. Hona hemen azoka esanguratsuetako batzuk.

  • Juvenalia (Madril). Abenduaren 19tik 28ra izaten da, IFEMAko 2, 4 eta 6 pabiloietan, eta zientzia gaiak, kirola, musika… izaten da goizeko hamarretatik iluntzeko zortziak arte. Sarrera doakoa da.
  • Juveándalus (Granada). Haur eta Gazteentzako azoka izaten da, abenduaren 15etik 28ra bitarte, eta askotariko eskaintza izaten du: kirol ikastaldiak, jolasak, ikastaro hezigarriak… Taldeek 5 euro ordaindu behar dute sarrera (ikastetxeek, elkarteek, klubek) eta norbanakoek, 6 euro.
  • PIN (Bilbo). Eguberrietako Haur Parkea da, haur eta gazteentzat antolatua, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era. Hainbat jolas eta ikastaldi egin ditzakete haurrek, atrakzioetan ibili, skatean aritu, minigolfean, eta abar. Hiru urtez azpikoentzat, doakoa da sarrera, eta besteentzat, 5 eta 7 euro artean ibili ohi da.
  • Expojove (Valentzia). Abenduaren 24tik urtarrilaren 4ra, hainbat kiroletan parte hartu ahal izaten dute haurrek, eta hainbat ikastaldi egin: egurra zizelkatzen ikasteko, zeramika lantzen, irrati programak egiten… Bikingoen galeoi bat ikusteko aukera ere izaten dute, eta Leonardo da Vinciren asmakuntzak begiztatzeko ere bai. Euro batetik lau euro bitartean balio du sarrerak. Bost urtez azpikoak doan sar daitezke.
  • Haur Jaialdia (Bartzelona). Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra, musika ikuskizun ugari izaten dira haurrentzat, ikastaldiak, eskulanak eta kirol jarduerak. Egun guztirako sarrera 8 euro ordaindu behar da, eta 16:00etatik aurrera joanez gero, 5 euro.
  • Gabonetako Haur Azoka (Zaragoza). Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia honako hau da: Espazioa. Abenduaren 26tik 30era, jauzi-piloten ikastaldia egin ahal izango dute 2 urtetik 12 urtera bitarterako haurrek, Miranda astronautarekin egon ahal izango dira, Mariano martetarrarekin, edo espazio ontzi berezi-berezi bat ikusi ahal izango dute. Helduek 2 euro ordaindu behar dute sarrera, eta haurrek, 8 euro.

Jaiotza bizidunak eta erakusketak

Gabon jaiak nondik datozen ikasteko modu entretenigarria izan daiteke, eta beste zenbait tradizioren berri jakiteko ere bai. Hiri eta herri askotan antzezlanak ematen dituzte, jai erlijioso hau nondik datorren oroitarazteko.

  • Buitrago de Lozoyako jaiotza biziduna (Madril). abenduaren 20, 21, 25 eta 27an, 18:30ean.
  • Arcos de la Fronterako jaiotza biziduna (Cadiz). Abenduaren 20an, 18:30ean.
  • Báscarako jaiotza (Girona). Abenduaren 23, 25, 26, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 1ean eta 6an, 19:00etan.
  • Errege Eguneko Misterioa (Zangoza, Nafarroa). Urtarrilaren 5ean.
  • Jainko Haurraren Kofradia (Galisteo, Caceres). Abenduaren 24an eta 25ean.

Haurrentzako ikastaldiak

Ludotekek, liburutegi publikoek, saltoki handiek eta beste gune espezializatu batzuek ere egiten dute beren eskaintza, haurrek zer egina eta zer ikasia eduki dezaten aisialdiko orduetan. Gabon ipuinen irakurraldiak izaten dira batzuetan, txotxongiloak nola egin jakiteko ikastaldiak besteetan, marrazketa eta eskulan ikastaldiak zenbaitetan…

Telebista ez da gure haurtzaina

Gabon jaietan, 3 ordu baino gehiago ematen dituzte telebista aurrean 4 urtetik 12 urte bitarteko haurrek, eta 13tik gorakoek, lau ordu, batez beste. Haurrak gero eta lotuagoak daude telebistari, eta, itxuraz, ahaztu egin zaigu zer den telebistarekin arduraz jokatzea eta oinarrizko printzipio batzuk finkatzea. Ez dugu zertan haurrei telebista kendu, baina arautu egin behar da zer eta zenbat ikusten duten, eta, gauza guztien gainetik, sekula ez da erabili behar telebista gure haurrak geldi eta zainduta edukitzeko. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait ohar:

  • Ahal dela, haurrak ez ditugu bakarrik utzi behar telebista ikusten. GECA enpresak urtero egiten duen txostenak dio haurrek telebistan ematen duten denboraren % 28 bakarrik ematen dutela. Haurrentzako egokiak diren programak ari badira telebistan, utz daitezke bakarrik, baina orduan soilik. Zalantzaren bat izanez gero, film egoki bat jar dezakegu DVDan.
  • Haurren garapen mailari egokitzen zaizkion programak aukeratu behar ditugu.
  • Telebista elkarrekin ikusten dugunean, haurrari hitza ematen saiatu behar dugu, eta ikusten ari garenari buruz mintzatzen.
  • Ongi neurtu behar da haurrek zenbat denbora ematen duten telebista aurrean. Ez da komeni egunean ordu bat edo bi ordu baino gehiago egotea.
  • Telebista ez da etxea girotzeko tresna, eta, ez dugu egin behar piztu eta ahotsa kendu, edo soinua utzi eta irudia kendu.
  • Haurrei erakutsi behar zaie eurek ikusi nahi duten programa hastear denean soilik piztu behar dutela telebista, eta komeni ez zaien programaren bat egokituz gero, katea aldatu edo telebista itzali behar dutela. Ikusten ari direna bukatzen denean, berriz, telebista itzali behar dutela jakin behar dute.
  • Otordu garaian eta ikasteko orduetan, telebista itzali egin behar da.
  • Telebistaren ordezkoak eman behar dizkiegu haurrei, denbora librea bestelako jarduerak eginez igaro dezaten.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak