Familiek zertan eta zenbat gastatzen duten aztertu dugu 17 autonomia erkidegotan

Familien gastuak % 20 egin du behera sei urtetan

Etxe bakoitzak, batez beste, 28.100 euro baino gehiago gastatu zituen 2012. urtean, eta etxea mantentzeko eta zaintzeko lanak egiteko erabili zen diru horren herena
1 martxoa de 2014
Img tema de portada listado 104

Familien gastuak % 20 egin du behera sei urtetan

Garai txarra izaten jarraitzen du Espainiako Estatuko familia askorentzat. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) Bizi-baldintzei buruzko Inkesta egin du 2013. urtean, eta han ageri denez, familien %17 oso nekez iristen dira hilabete bukaerara, eta beste %9k aitortu dute atzeratu egin behar izaten dituztela etxebizitza nagusiarekin zerikusia duten zenbait ordainketa.

Sei urte izango dira krisiak bete-betean harrapatu gintuenetik, eta gogor astindu gaitu egunez egun. Horren eraginez, bost familiatatik bik ez dute gaitasunik ustekabeko gastuei aurre egiteko eta are gutxiago urtean astebetez oporretara joateko. Eta ez dirudi izango dutenik ere, datu horiek okertuz eta okertuz joan baitira azken hiru urteetan. Egoera zer-nolakoa den jakinik, EROSKI CONSUMERek azterketa bat egin nahi izan du Estatuko familiek zenbat diru eta zertan gastatzen duten jakiteko, eta gastu horrek zer-nolako bilakaera izan duen ere ikusi nahi izan du; horretarako, 2006. urtetik 2012rako aldiari erreparatu dio. Datuak erkidegoz erkidego ere aztertu ditugu. Familien Aurrekontuari buruzko Inkestatik atera dugu informazio guztia, zeina urtero-urtero argitaratzen baitu Espainiako Estatistika Institutuak.

Familien urteko gastua: 28.100 eurokoa

2012. urtean, Estatuko familia bakoitzak 28.151 euro gastatu zituen, batez beste. Urte batzuk lehenagoko datuari begiratzeak zer pentsatua ematen du, egia esan: 2007. urtean, adibidez, 32.000 eurokoa izan zen batez besteko gastua. Sei urteetako bilakaera aintzat hartuta, gastua %12 apaldu dela ikusten da, baina KPIak urtero izaten duen eragina kenduko bagenio, are handiagoa litzateke jaitsiera: %20koa, hain zuzen.

/imgs/20140301/tema-portada-manos.jpg
Horrek guztiak argi erakusten du krisiak eragin bortitza izan duela herritarren diru zorroan. Egoera, dena den, ez da berdina autonomia erkidego guztietan. Madrilen, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, adibidez, 30.000 eurotik gorakoa izan da, batez beste, etxe bakoitzaren gastua, eta Kanarietan eta Extremaduran, 23.000 eurokoa. Erkidego guztietan egin du behera urteko gastuak, baina bereziki deigarria da Kanarietan izan duen beherakada: %18 apaldu da.

Gastu hori etxe motaren arabera neurtuz gero, argazki hau ageri zaigu: gehien gastatzen dutenak 3 seme-alaba edo gehiago dituzten bikoteak dira (38.000 euro baino gehiago), eta gutxien kide bakarreko familiak dira, 65 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi diren pertsonak (17.000 euro inguru).

Zertan joaten da herritarren dirua? Batez ere, etxebizitza mantentzeko eta zaintzeko lanetan eta etxebizitzarekin zerikusia duten beste zenbait gastutan (argindarrean, esaterako). Etxebizitzak ‘jaten’ du diru gehien urteko aurrekontutik: 9.000 euro inguru.

Elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak erostera, berriz, 4.000 euro baino gehiago joaten dira. Eta ondotik datoz garraioa (3.320 euro urtean), ostalaritza (hoteletan, kafetegietan eta jatetxeetan 2.400 euro gastatzen ditugu urtean); aisialdia, ikuskizunak eta kultura (1.600 euro urtean); arropak eta oinetakoak; eta, azkenik, etxerako altzariak eta tresnak. Mila euroen azpitik gastatzen da osasunean, komunikazioetan, edari alkoholdun, tabako eta narkotikoetan, eta irakaskuntzan.

Diru gutxiago arropa erosteko

Sei urtetan (2006tik 2012ra) asko aldatu da egoera familientzat. Orain ez dute hainbeste gastatzen arropa eta oinetakoetan, ezta etxerako altzari eta tresnetan ere: bi atal horietan %30 inguru murriztu da gastua. Era berean, aipatzekoa da garraioen atalak izan duen jaitsiera ere: %26koa. Aitzitik, familiek ez dute modurik izan beste gastu batzuk kontrolatzeko. Sei urtean %34 igo da beste atal honetakoa (inflazioa kontuan hartuta): etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk.

Hiru eurotik bat etxebizitza mantentzera

Familia bakoitzaren sakelatik irteten diren hiru euro bakoitzeko, etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk ordaintzeko izaten da euro bat, baita etxerako altzariak eta tresnak erosteko eta etxeko ohiko gastuak ordaintzeko ere. Guztira, 10.300 eurokoa izaten da batez besteko faktura. Pentsatzekoa den bezala, erkidego guztietan ez da berdin gastatzen. Madrilgo eta EAEko etxeek askoz gehiago gastatzen dute (11.500 euro baino gehiago) Extremadurako eta Kanarietako etxeek baino (6.700 euro inguru). Sei urte luzeotan, krisiak krisi, handitu egin da familiek atal horretan egin beharreko gastua. INEk gastuaren arloan aztertzen dituen hamabi ataletatik, etxebizitzari eta hura mantentzeko lanei dagokiena igo da gehien: %34, KPIak urtero izaten duen eragina kontuan hartuta.

Izan ere, etxebizitza bat mantentzeko eta zaintzeko, gastu handiak egin behar izaten dira: alde batetik, hipotekak eta alokairuak, etxebizitzari lotuta doazen zergak (OHZ, garbiketa, zaborra, estolderia…), ohiko gastuak (ura, argindarra eta berokuntza), konponketa lanak eta beste hainbat.

Gehien igo den atala zerbitzuen hornidurari dagokiona izan da: uraren hornidura, estolderia, etxejabe elkarteko gastuak eta zaborra. Sei urtean %32 igo dira. Argindarraren gastua ere nabarmen handitu da 2006. urtetik, bereziki krisia agertzearekin batera: 2009an %21 handitu zen gastua, 2010ean %35 eta 2011n %45. Hain zuzen ere, energia iturrien artean, argindarra da familiei buruhauste gehien sortzen dienetakoa (gehien erabiltzen dutenetakoa ere bada). Krisia hasi zenetik argindar eskaria apaldu egin den arren, argiaren faktura ez da jaitsi. Zortzi urtean, gutxienez %70 igo da. 2001. urtean, esate baterako, kontsumoa %2 murriztu zen, baina etxeko kilowattaren prezioa, zergarik gabe, %13 inguru igo zen.

Oinarrizkoa: elikagaiak, arropa eta osasuna

Jatea, janztea eta osasuna zaintzea oinarrizko beharrak dira, eta etxe bakoitzak urtean 6.400 euro bideratzen ditu horietara; hau da, etxean sartzen diren lau eurotatik bat. Autonomia erkidegoka, Galiziako etxeek gastatzen dute gehien elikagaietan (4.600 euro urtean) eta osasunean (1.070 euro); arropa eta oinetakoetan, berriz, madrildarrak ageri dira buruan (1.660 euro). Beste muturrean, Extremadurakoek gastatzen dute gutxien elikagaietan eta edari ez-alkoholdunetan (3.500 euro) eta osasunean (590 euro); arropa eta oinetakotan, berriz, kanariarrek (910 euro).

Azken sei urteetan, joerak aldatu egin dira. Familia bakoitzak elikagaietan eta edari ez-alkoholdunetan gastatzen dutena %4 jaitsi da.

Krisiak aldarazi egin ditu herritarren kontsumo ohiturak, eta orain, familiek prezio hobea duten elikagaiak erosi nahi izaten dituzte: erdiek onartu dutenez, nahiago dute elikagai merkeagoak erosi.

Jaitsierarik handiena, dena den, arropa eta oinetakoetan egiten den gastuak izan du: ia %32 apaldu da. 2006an, urtean 2.000 euro gastatzen zituen familia bakoitzak batez beste, eta sei urteren buruan 1.400 eurotara etorri da gastu hori.

Azkenik, etxe bakoitzak osasunean egiten duen gastua %2 handitu da sei urtean. Erkidegoka, Extremadura da gutxien gastatzen duena eta Galiza gehien. Bien arteko aldea, nabarmena: %81.

Krisia indartu, joan-etorriak murriztu

Garraioak erabiltzea eta elkarrekin komunikatzea funtsezko elementuak dira gure gizartean. Baina horrek dirua eskatzen du: etxe bakoitzak, batez beste, 4.500 euro gastatzen ditu urtean (gastu guztiaren %16).

Zerbitzu horietan, garraioak du pisu eta eragin handiena. 2012. urtean, etxe bakoitzak, batez beste, 3.320 euro gastatu zituen. Erkidegoei erreparatuta, Kantabrian (4.200 euro) eta Madrilgo Erkidegoan (3.900) ageri dira zenbaki handienak.

Garrantzi handiko alderdia den arren, joan-etorrietarako izaten den dirua ia %26 murriztu da sei urtean, nahiz eta beherakadarik handiena 2007. eta 2008. urteetan gertatu: %17 apaldu zen.

Datuek erakusten dutenez, herritarrak gero eta gutxiago mugitzen gara, gero eta bakanago erabiltzen dugu gure ibilgailua eta gero eta gehiago garraio kolektiboak.

Aisialdiak ere sumatu du

Aisialdian, kulturarekin gozatu nahi dugu, kafetegietan eta jatetxeetan ibili, irteerak egin… Gainera, gure gizarte ekintzetan, edari alkoholdunak eta tabakoa ere sartzen dira. Etxe bakoitzak, batez beste, 4.700 euro gastatu zituen horretan, urteko aurrekontuaren %16. EAEko, Madrilgo eta Nafarroako etxeek gastatzen dute gehien aisialdian: 3.000 euro kafetegietan, jatetxeetan eta hoteletan, eta 2.000 inguru kulturan. Gutxien gastatzen dutenak, Extremadura eta Kanariak (2.000 eurotik behera). Alkohola eta tabakotan gehien gastatzen dutenak Madril eta Andaluziako etxeak (urtean 640 euro baino gehiago).

Erkidegoz erkidego

Familia bakoitza mundu bat da, eta leku batean edo bestean bizitzeak ere eragiten du urteko gastuan. Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako bilakaera izan duen urteroko gastuak autonomia erkidego bakoitzean 2006. urtetik 2012. urtera, KPIak urtero izaten duen eragina kontuan hartu gabe:

  • Andaluzia: Andaluziako etxeetan, batez beste, 25.615 euro gastatu zituzten 2012an. Gastu apalenetakoa izan zuenetakoa da, Extremadura, Kanariak, Gaztela Mantxa eta Gaztela eta Leonekin batera. Sei urtetan, Andaluziako familien gastuak %23 egin du behera, batez ere 2008. urtetik aurrera.
  • Aragoi: Batez beste, Aragoiko familien gastua 28.003 eurokoa izan zen 2012an, erkidego guztien arteko batez bestekoaren mailakoa, beraz (28.151 eurokoa da batez besteko orokorra). Sei urtean, aurrekontu hori %17 murriztu da, nahiz eta jaitsierarik handiena 2008tik 2009ra gertatu zen.
  • Asturias: Batez besteko gastua 26.096 eurokoa izan zen Asturiasen; batez besteko orokorraren (28.151) azpitik ibili ziren, eta zazpi erkidegotan soilik gastatu zuten Asturiasen baino gutxiago. 2006. urtetik 2012ra, %20 apaldu da gastua, baina beherakadarik handiena 2010etik 2011ra bitartean gertatu zen.
  • Balearrak: Gastu handiena egin duten herrialdeen artean daude balerrak: 2012an 28.459 euro gastatu zituzten. Batez besteko orokorraren gainetik ibili ziren, beraz. Nabarmentzekoa da, dena den, 2006. urtean 32.181 eurokoa izan zela gastua, eta sei urtean %23 jaitsi dela. Bereziki handia izan zen 2008a eta 2009a artean gertatu zen beheraldia.
  • Kanariak: Kanariar uharteak dira gasturik apalena izan dutenetakoak: 22.793 euro gastatu zituzten 2012an, eta Extremadura soilik ageri da atzetik (22.218 euroko gastua). Aurrekontua murriztuz joan da 2006. urtetik aurrera. 2012a bitarteko sei urteetan, %31 apaldu da gastua, gainerako erkidegoetan baino gehiago.
  • Kantabria: Batez beste, 28.935 euro gastatu zituzten Kantabriako etxeek 2012. urtean. Batez besteko orokorraren gainetik ageri dira (28.151), eta gehien gastatu dutenen sailkapenean, bosgarren lekuan. 2006tik 2012ra, %15 murriztu da familien aurrekontua, nahiz eta 2009. urtean hasi zen jaisten: urte hartan, batez beste, 32.270 euro gastatu zituzten.
  • Gaztela eta Leon: Sei urtean %19 jaitsi da erkidego horretako familien gastua. 2012. urtean 25.444 eurokoa izan zen. Batez besteko orokorraren azpitik ibili ziren, eta gutxien gastatu zutenetakoa izan zen (Gaztela Mantxa, Kanariak eta Extremadura soilik ditu atzetik).
  • Gaztela Mantxa: Erkidego guztien artean gutxien gastatzen duenetakoa da: batez beste, 24.320 euro. Extremadurak eta Kanariek soilik gastatzen dute gutxiago. 2007. urtetik aurrera, maila bertsuan apaldu da aurrekontua urtero, nahiz eta 2009tik 2010era zertxobait igo zen. Ondoren, 2011 eta 2012a bitartean, nabarmen egin zuen behera.
  • Katalunia: Kataluniako etxeek %22 murriztu dute gastua sei urteotan. 2008an, etxe bakoitzak 34.511 euro gastatu zituen, batez beste, baina ordutik aurrera jaitsiz joan da, eta 2012. urtean 29.960 eurokoa izan da.
  • Valentziako Erkidegoa: 2007. urteaz geroztik, Valentziako etxeen batez besteko gastua apaldu egin da etengabe. Sei urtean, guztira %22 egin du behera. 2006. urtean, 30.872 eurokoa izan zen gastua, eta 2012an 26.037 eurokoa.
  • Extremadura: Erkidego horretako etxeek gastatu zuten gutxien 2012an: batez beste, 22.218 euro. Batez besteko orokorraren azpitik ibili ziren oso (28.151 euro). Sei urtean, %22 murriztu da gastua; 2007az geroztik ari da jaisten, eta beheraldirik handiena 2011 eta 2012a bitartean izan zuen.
  • Galizia: Batez besteko orokorraren mailan dabiltza Galiziako etxeak urteko gastuari dagokionez (zertxobait azpitik). 2012. urtean, 27.205 eurokoa izan zen, nahiz eta izan dituzten dezente diru gehiagoko urteak ere: 2008an, adibidez, etxe bakoitzak 30.149 euro gastatu zituen, batez beste. Sei urteko epea hartuz gero, familien aurrekontua %17 murriztu da Galizian.
  • Errioxa: Sei urtean, Errioxako etxeek %16 jaitsi dute gastua. 2012. urtean 26.176 eurokoa izan zen, batez besteko orokorraren azpitik (28.151 euro), eta hamar erkidego izan zituen aurretik.
  • Madrilgo Erkidegoa: Batez beste, 34.766 euro gastatu zituen familia bakoitzak 2012. urtean. Erkidego guztien gainetik ageri da atal horretan. Edonola ere, sei urtean %15 apaldu da gastua. Aldi horretako bilakaeran, hala ere, gorabeherak izan dira; beheraldirik handiena 2008a eta 2009a bitartean izan zen.
  • Murtzia: 2012. urtean etxe bakoitzak, batez beste, 27.372 euro gastatu zituen (batez besteko orokorraren azpitik ibili ziren). Sei urtean %20 jaitsi da gastua, nahiz eta azken urteetan (2011 eta 2012) igo egin den zertxobait, ez, ordea, 2007. urteko mailaraino: urte hartan 32.219 euro gastatu zituzten.
  • Nafarroa: Sei urtean ia %20 murriztu da Nafarroako familien gastua. 2008an jo zuen goia (36.036), eta ordutik jaisten ari da. 2012. urtean 31.646 eurokoa izan zen. Gehien gastatzen dutenetakoak dira, hala ere, Madrilgo eta Euskal Autonomia Erkidegoko familien atzetik.
  • Euskal Autonomia Erkidegoa: 2012an 33.118 euro gastatu zituzten EAEko familiek; batez besteko orokorraren oso gainetik dabil zifra hori, eta Madrilgo Erkidegoa soilik dauka aurretik. Sei urtean, %13 murriztu da familien gastua, nahiz eta epe horretan gorabehera batzuk izan diren.