Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Familien gastua aztertu dugu 17 autonomia erkidegotan, baita zenbateko errenta jasotzen duten batez beste eta etxeetan zer-nolako gabezia materialak dituzten ere : Familien gastua igo egin da zertxobait, azken sei urteetan lehen aldiz

Etxe bakoitzak, batez beste, 27.000 euro gastatu zituen 2014. urtean, eta %59a etxebizitza, elikagaiak eta garraioa ordaintzera bideratu zuen

Familien diru-sarrerak, zailtasunak eta estualdiak

Diru sarrerak beherantz

Etxe bakoitzean, batez beste, 26.154 euro sartu ziren 2013. urtean, aurreko urtean baino %2 gutxiago (batez besteko errenta 26.700 eurokoa izan zen orduan) eta 2006an baino %13 gutxiago (batez beste, 30.000 euro iristen ziren etxe bakoitzera).

Ildo horretan, diru sarrera handienak izan dituzten familiek egitura hau izan dute: bi heldu eta haien mende dagoen haur bat edo gehiago (18 urtetik beherakoak eta 18 eta 24 urte artekoak, ekonomikoki jarduerarik gabeak direnak eta gurasoetako bat, gutxienez, etxeko kide dutenak). Guztira, 31.200 euroko diru sarrerak izan dituzte; beste muturrean, pertsona bakarreko familiak ageri dira, 14.500 euroko diru sarrerekin. Batez besteko errenta orokorra bezala, diru sarrera horiek ere jaitsi egin dira etxe mota guztietan 2008. urtetik aurrera; zehazki, %7 eta %10 artean.

Autonomia erkidegoak aintzat hartuta, EAEko etxeek izan dituzte diru sarrera handienak: 34.240 eurokoak. Txikienak, berriz, Extremadurakoek: 19.300 euro pasatxokoak. Bien arteko aldea %77koa da.

Urtebetean (2012 eta 2013 atean), Extremadurako eta Murtziako etxeetan apaldu da gehien batez besteko errenta. Bestalde, 2008 eta 2013 bitartean, jaitsiera handiagoa izan zuten Kantabriako familien diru sarrerek (%23koa) eta, berriz ere, Murtziako familienek (%20koa).

Hilabete bukaerara heltzeko zailtasunak

Hiru familiatatik bik onartu dutenez, 2014. urtean kostata iristen ziren hilabete bukaerara, eta %37k esan dute asko kostata eta zailtasun handiekin iristen zirela. Arazo gehien izan duen etxe mota heldu bakar batek eta haren mendeko haur batek edo gehiagok osatzen dutena izan da (%81ek aitortu dituzte zailtasunak).

Autonomia erkidegoka, iaz Kanarietako eta Andaluziako etxeek izan zuten neke gehien ildo horretan (%80 inguruk onartu dute kosta egin zitzaiela hilabete bukaerara heltzea); zailtasun gutxien, berriz, Nafarroako familiek azaldu dute (%35ek).

Zortzi urtean, egoera ez da askorik aldatu. 2006. urtean, etxeen %61ek zailtasunak zituela onartzen zuten. Eta orduan ere, heldu batek eta haien mende zegoen haur batek edo gehiagok osatutako familiek zuten arazo gehien.

Oso deigarria da azken urtebetean 10 puntu handitu izana heldu batek eta haren mendeko haur batek edo gehiagok osatutako familien artean hilabete bukaerara heltzeko zailtasunak dituztenen ehunekoa: %48 ziren 2013an eta %58 izan dira 2014an.

Bidaiarik eta ustekabekorik gabe

Kontsumoa zertxobait suspertu den arren, familiek oraindik ere murrizketa handiak egiten dituzte. Adibidez, etxeen %45 ez daitezke oporretan joan urtean astebetez ere (2006an baino %6 gehiago da hori), eta beste %42k ez dute gaitasunik ustekabeko gastuei aurre egiteko (orain dela 8 urte baino %9 gehiago da hori). Horretaz gain, %7 inguruk ez dute modurik ordenagailu pertsonal bat izateko (2006an baino %3 gutxiago) edo ibilgailu bat izateko (ia ez da aldatu 8 urtean).

Baina badira gabezia larriagoak ere: %11k ez dezakete etxea tenperatura egokian eduki (ez da aldatu 2006arekin alderatuta), beste %10ek atzeratu egin behar izan dituzte etxebizitza nagusiarekin zerikusia duten ordainketak azken 12 hilabeteetan (hipoteka edo alokairua, gasa, etxejabe elkarteko faktura…; ehuneko %5etik %10era igo da zortzi urtean), eta %3k ez dezakete haragia, oilaskoa edo arraina jan astean bitan gutxienez (ehunekoa %1 murriztu da).

Familia moten arabera, heldu batek eta haren mende dagoen haur batek edo gehiagok osatzen dutenak nabarmentzen dira beste guztien gainetik. Horien arteko %62 ez daitezke oporretan joan eta ez dute gaitasunik ustekabeko gastuei aurre egiteko. Beste %22k atzeratu egin behar izan dituzte etxebizitza nagusiarekin zerikusia duten ordainketak azken 12 hilabeteetan, %16k ez dute modurik ibilgailu bat izateko eta %13k ordenagailu pertsonal bat ere ez. Horretaz gain, ia %7k ez dezakete haragia, oilaskoa edo arraina jan astean bitan gutxienez.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak