Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Tatuajeak eta 'piercing'-ak egiten dituzten 160 zentro aztertu ditugu 18 hiriburutan : Ezinbesteko informaziorik gabe egiten dira oraindik ere tatuajeak eta 'piercing'-ak

Higiene eta garbitasun baldintzak hobetu dira, baina ez behar adina

Higiene eta garbitasun ona, baina gabeziak ere bai

/imgs/20081001/temaportada6.jpgTatuajeak eta piercing-ak egiten aritzen diren zentroetan, lehentasunezkoa da higienea eta garbitasuna ongi zaintzea, bezeroen osasuna arriskuan jarriko baitute bestela. Gai horretan, oro har, emaitza ‘ona’ lortu dute guk aztertu ditugun zentroek, baina, hala ere, zenbait alderdi hobetu beharra daukate.

Araudi autonomikoek esaten dute, besteak beste, zentro horiek eremutan banatuta egon behar dutela, bezeroari ahalik eta arreta eta zerbitzu onena eskaintzeko. Zentro guztietan ikusi dugu eremu bereiziren bat, baina % 30ek, adibidez, esterilizatze eremua ez dute bereizia besteetatik.

Itxaroteko, lan egiteko eta bezeroak garbitzeko lekuek txukun egon behar dute, desinfektatuta eta ongi zainduta. Egunean behin garbitu behar dituzte, gutxienez, baina maizago ere egin beharra dute hala komeni bada (zikintzen diren aldiro). Gainera, gainazal guztiak desinfektatu behar dituzte, sarri-sarri.

Aztertu ditugun 160 zentroetan, harrera-lekua ongi zainduta eduki dute % 82k, garbi eta gauzak bere lekuan jarrita. Lan-lekua ere txukun ordenatuta eduki dute % 75ek, eta lan tresna guztiak armairu batean gordeta. Arau guztiek behartzen dute horretara, alegia, lanerako tresnak eta materialak armairu itxietan gordetzera, eta, gainera, erraz garbitzeko eta desinfektatzeko moduko materialez eginak egon behar dute armairu horiek. Zentroen % 86tan baino gehiagotan, tresnak armairu itxi eta ongi garbituetan egon dira gordeta, eta zorua, paretak eta altzariak gainazal leunekoak izan dira, errazago garbitu ahal izateko. Arauak ere halaxe eskatzen du, gainera: lan-lekuetako zoru-paretek leunak eta lauak izan behar dute, pororik gabeko materialen bat dutela gainean, behar bezala garbitu eta desinfektatu ahal izateko. Zikinkeriarik ez dugu ikusi, eta odol arrastorik ere ez.

Zentro gehien-gehienek ongi bete dituzte higiene arauak, baina gutxi batzuek ez dute gainditu proba hori. Kordobako, Malagako eta Valladolideko hiru zentrotan, ordena hobeto zaindu beharra daukate, eta Kordobako, Iruñeko eta Alacanteko beste hirutan, orbanak eta zikin arrastoak aurkitu ditugu. Ondorio horiek atera ditugu lan-lekuetan ikusi ahal izan dugunetik, baina ikusi gabe ere geratu zaizkigu batzuk: zentroen % 8tan, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek ez dute izan lan-lekura sartzerik.

Gorputzean zulotxo bat edo tatuaje bat egiteko, erabateko pribatutasuna behar da, eta zentro gehienek ongi zaindu dute hori (% 85ek, hain justu); beste % 13k, ordea, huts egin dute arlo horretan: ez dute proba gainditu A Coruñako batek, Almeriako bik, Bartzelonako batek, Kordobako hiruk, Granadako batek, Madrilgo batek, Malagako batek, Murtziako hiruk, Oviedoko batek eta Valladolideko bik.

Zentro horiek osasun eta higiene arloan dituzten betebeharren artean, bat nabarmentzen da guztien gainetik: azala, mintzak edo bestelako ehunak zulatzeko erabiltzen diren orratzak edo bizar labanak hermetikoki itxita eta esterilizatuta egon behar dute, eta, behin erabilita, bota egin behar dira. Bisitatu ditugun zentro gehienetan hermetikoki itxita egon dira (% 87,5). Iruñeko zentro batean ez dira hala egon, eta zentroen % 12tan gure teknikariek ezin izan dituzte tresna horiek ikusi.

Azala ukitu bai, baina zulatzen ez duten tresnak ere esterilizatu egin behar dira erabili bakoitzean (pistola, adibidez). Aipagarria da, berriz ere, zentroen % 11tan ezin ikusi izatea tresna horiek (Bartzelonako seitan, Almeriako batean, Kordobako batean, Malagako hirutan, Oviedoko batean, Gasteizeko batean eta Zaragozako bostetan).

Esterilizatze gela bereizita egon da zentroen % 60tan, baina ez % 16tan (Alacant, Valladolid eta Oviedo nabarmendu dira horretan ere); beste % 25etan, gure teknikariek ez dituzte ikusi, ezin izan dutelako edo erakutsi nahi izan ez dizkietelako. Esterilizatze gelen % 73 txukun ordenatuta eta garbi aurkitu ditugu (A Coruñan, Bilbon, Madrilen eta Donostian, batik bat), baina ez Alacanteko, Malagako eta Iruñeko hirutan. Zentroen ia erdietan, ordea, eskuohea zikin egon da eta izarak ere ez dira izan behin erabili eta aldatzekoak.

Azkenik, profesionalaren janzkerak nolako behar duen ere esaten du arauak: bata zuria edo argia eraman behar du lanerako. Teknikariek txosten honetarako egin dituzten bisiten erdietan, ezin izan dute ikusi profesionala lanean, baina haiek jardunean ikusteko aukera izan dutenetan, honako emaitza hauek atera dituzte: % 26k ez dute jantzi maska, % 30 ez dira egon behar bezala jantzita, eta % 4k ez dituzte eskuak garbitu ez lanean hasi aurretik, ez lana bukatu ondotik, eta ez lana eten izan duten bakoitzean ere.

'Piercing' edo tatuaje zentroen kalitatea neurtzeko irizpideak

Tatuaje edo piercing bat baldintza txarretan eginez gero, gaixotzeko arriskua ere izan dezake bezeroak, eta, beraz, oso garrantzitsua da lekua ongi aukeratzea. Hona hemen arrasto batzuk, zenbait irizpide kontuan hartzeko:

  1. Eremu zabalak: Ongi bereizita eduki behar ditu bata bestetik harrera-lekua, lan-lekua eta materialak esterilizatzeko lekua. Gainera, eremu bakoitzak handi samarra izan behar du, eta egoki argiztatua egon behar du, profesionalak eroso lan egin ahal izateko.
  2. Zikin arrastorik ez: Garbitasuna eta higienea zaindu behar dute gauza guztien gainetik, batik bat tatuajea edo piercing-a egiten duten eremuan. Zikin orbanik ez dute eduki behar inon, eta material eta tresna guztiek bere lekuan egon behar dute, ongi eta txukun ordenatuta.
  3. Jendearen bistatik gordea: Lan-lekuak ez du egon behar jendearen bistan; piercing-a edo tatuajea egitera joan denaren intimitatea errespetatu behar dute.
  4. Lan tresnak: Materialak armairu itxi batean egon behar du gordeta, bakoitza bere zorroan, behin bakarrik erabiltzekoak baitira. Erabiltzeko ordua iristean, bezeroaren aurrean ireki behar dituzte, eta tresna guztiak esterilizatu egin behar dira norbaitekin erabili ondoren (pistola, adibidez). Eskuohearen gainean jartzen den paper edo izarak ere behin erabili eta botatzen den horietakoa izan behar du, eta berdin bizar labanak ere (tatuatu nahi den ataleko ileak kentzeko erabiltzen da).
  5. Profesionala: Tatuaje edo zulo egileak berak ere egoki jantzita joan behar du, arauak eskatu bezala: bata zuria eta lanerako oinetakoak eramango ditu, maska, eta erabili eta botatzen diren eskularruak (bezeroaren aurrean jantzi eta erantzi beharko ditu). Gainera, eskuak garbituko ditu lanean hasi aurretik, lana bukatu ondotik, eta lana eteten duen bakoitzean.
  6. Informazioa: Tatuajea edo piercing-a egin aurretik, profesionalak informazioa eman behar dio bezeroari hainbat alderdiri buruz: zein arrisku dituen jakinarazi behar dio (alergiak agertzea, orbaintzeko orduan arazoak sortzea…); zein baldintzatan agertu behar duen tatuajea edo piercing-a egitera (aurreko egunetan alkoholik, drogarik eta aspirinarik hartu gabe, eta baraurik); zein faktorek eragiten duten tatuaje edo piercing bat gorputzeko atal batean edo bestean egiten denean; eta, azkenik, tatuajea edo piercing-a egin ondoren nola zaindu behar duen azaldu behar dio (pomadak eman behar dituela, gasak erabili, kontu handiarekin garbitu behar duela, denbora batez bainurik ez duela hartu behar igerilekuan edo itsasoan, krema hidratatzaileak erabili behar dituela…).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak